99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

111/2023 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2022-2023 ikasturtean goi mailako arte ikasketak egiteko nazioarteko mugikortasunerako programen laguntza osagarrien deialdia egiten duena. DDBN identifikazioa: 687613.

Arte Ikasketen Ataleko buruak, 2023ko martxoaren 29ko txostenaren bidez, proposatu du 2022-2023 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onetsi eta argitaratzea. Deialdia goi mailako arte irakaskuntzetako ikastetxeek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022-2023 ikasturtean goi mailako arte irakaskuntzetan ari diren ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri da.

2. 6.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorren "Goi mailako arte irakaskuntzetan ari diren ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak" izeneko 420001 42400 4800 322500 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Arte Ikasketen Atalera, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara eta "Creanavarra" diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimendura.

Iruñean, 2023ko apirilaren 12an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–GOI MAILAKO ARTE IRAKASKUNTZETAN ARI DIREN IKASLEEN NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNERAKO LAGUNTZA OSAGARRIEN DEIALDIA. 2022-2023 IKASTURTEA

Oinarriak

1. Xedea.

Nazioarteko dimentsioaren garapena gakoetako bat da unibertsitateko ikasketak hobetzeko orduan. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek eta unibertsitatetik kanpoko goi mailako irakaskuntzetako ikastetxeek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarriak Nafarroako Gobernuak egiten duen ekarpen zuzena dira, goi mailako arte irakaskuntzetan ari diren ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen hartzaileak.

Laguntza hauek goi mailako arte irakaskuntzetan ari diren ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako goi mailako arte irakaskuntzetako ikastetxeek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei esleituko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen zenbatekoa.

Arte Ikasketen Atalak ezarriko du laguntzei aplikatu beharreko hileko modulua. Hori kalkulatzeko, 2023ko aurrekontuko partidan erabilgarri dagoen diru kopuru osoa banatuko da baliozkoak diren eskaeretako hilabete guztien artean. Deialdi honetako aurrekontu esleipena 6.000 eurokoa da graduko edo masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako.

Azaroaren 30a hartuko da jaso beharreko laguntza kalkulatzeko azken eguntzat. Ez da laguntzarik emanen hiru hilabetetik beherako egonaldietarako.

4. Eskatzaileek bete beharrekoak.

a) 2022-2023 ikasturtean goi mailako arte irakaskuntzetako ikastetxe batean matrikulaturik egotea.

b) Goi mailako irakaskuntzetako ikastetxeen arteko nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Egoera hauetako batean izatea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko bi urteetan, gutxienez, etenik gabe.

d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

5. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laguntzaren eskaera eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetako edozeinetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoan.

6. Dokumentazioa.

a) Laguntza eskabidea, deialdiaren II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera, banku-entitateak behar bezala betea eta zigilatua. Kontuaren titularra eta laguntzaren onuraduna pertsona bera izanen dira. Kontuak aktibo egon beharko du laguntza jaso arte.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik.

d) Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztuko dute, azken bi urteotan Nafarroan bizi izan direla frogatzeko.

e) 4. oinarriko a) eta b) atalak frogatzeko agiria:

–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan matrikulaturik dauden ikasleen kasuan, ikastetxeek beraiek aurkeztuko dute ofizioz ziurtagiri hori.

–Goi mailako arte irakaskuntzetako beste ikastetxe batzuetan matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, ikastetxe horretan matrikulaturik dagoela ziurtatzen duen eta eskatzailea partaide den truke-programaren edo hitzarmenaren gaineko datu hauek biltzen dituen ziurtagiria aurkeztuko da: destinoko ikastetxea eta egonaldiaren hasiera eta amaiera egunak.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabidea aurkeztuta eginen da adierazpen hori (II. eranskina).

g) Nafarroatik kanpo dauden goi mailako arte irakaskuntzetako ikastetxeetan ari diren ikasleen kasuan: erantzukizunpeko adierazpena, aditzera ematen duena ez duela beste laguntza osagarririk hartu, nazioarteko mugikortasunerako programetarako, ikastetxea non dagoen kokatuta, bertako autonomia erkidegoaren eskutik. Eskabidea aurkeztuta eginen da adierazpen hori (II. eranskina).

h) Egonaldia eskabidea aurkeztu baino lehen amaitu bada, "Egonaldiaren amaierako agiria" (III. eranskina) ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.

7. Laguntzak emateko irizpideak.

Onartzen den eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa esleituko zaio, kontuan hartuta egonaldiaren hilabete kopurua eta deialdian guztira erabilgarri dagoen zenbatekoa.

8. Ebazpena.

Arte Ikasketen Atalak onartu diren eskatzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko du www.nafarroa.eus atarian, zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan, baita baztertutako eskatzaileen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak azalduta. Baztertutako eskatzaileek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoia zuzendu dezakeen dokumentazioa aurkezteko. Arte Ikasketen Atalari igorriko zaio dokumentazioa, eta ebazpen honen 5. oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko da.

Atal horrek izan daitezkeen erreklamazioei erantzunen die eta, ondoren, eskatzaile onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa egiteko organo eskuduna Arte Ikasketen Atala da, zeinak eskaerak ebaluatuko baititu eta ebazpen proposamena Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari igorriko baitio.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.nafarroa.eus atariko zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek "Egonaldiaren amaiera" izeneko agiria aurkeztu behar dute (deialdiaren III. eranskina), behar bezala beteta eta destinoko ikastetxeak zigilatuta. Agiri hori "nafarroa.eus" atariko zerbitzuen katalogoan ere eskuratzen ahal da.

Azaroaren 30etik aurrera bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, egun hori hartuko baita egonaldiaren azken eguntzat, laguntza justifikatu eta ordaintzeko ondorioetarako.

"Egonaldiaren amaiera" agiria ezinbestekoa da laguntzak ordaintzeko. Arte Ikasketen Atalari zuzenduko zaio, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko erregistroaren, erregistro elektronikoaren edota edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako baten bitartez. Aipatu agiria igorri baino lehen, eskaneatuta helaraziko da helbide elektroniko honetara: ensearti@navarra.es.

10. Uko egitea.

Laguntzei uko eginez gero, horren berri emanen zaio Arte Ikasketen Atalari ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, eta itzuli egin beharko da jasotako dirua.

11. Ez-betetzeak.

Arrazoi hauetako bat gertatzen denean galduko da laguntza:

a) Egonaldia ez egitea edo hori egin dela egiaztatzen duen "Egonaldiaren amaiera" agiria ez aurkeztea. Kasu horretan, laguntza ez da ordainduko.

b) Egiten den egonaldia eskatutakoa eta onartutakoa baino laburragoa izatea, egindako egonalditzat hartuta "Egonaldiaren amaiera" agirian agertzen dena. Kasu horretan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela azaroaren 30etik haratago joan, eta betiere egonaldiaren iraupen osoa gutxienez hiru hilabetekoa izan bada.

12. Laguntzaren ordainketa.

Laguntzen onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute zenbateko osoa.

Laguntzak ordainketa bakarrean emanen dira, behin onuradun guztiek "Egonaldiaren amaiera" agiria aurkeztuta.

Egonaldia azaroaren 30etik aurrera bukatzen duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute "Egonaldiaren amaiera" ziurtagiria.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da ordainketa.

13. Laguntzaren bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

14. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

15. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

16. Informazioa eta harremanak.

Eskabide-orria eta "Egonaldiaren amaiera" ziurtagiria oinarri hauekin batera argitaratuko dira, "nafarroa.eus" atariko zerbitzuen katalogoko atal honetan: Zerbitzuak-Laguntzak eta bekak.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek hona jotzen ahalko dute:

–Arte Ikasketen Atala:

Hezkuntza Departamentua.

San Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña (Nafarroa).

Telefono zenbakiak: 848 426973 – 848 426218

Helbide elektronikoa: ensearti@navarra.es

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabide-orria.

III. eranskina.–"Egonaldiaren amaiera" agiria.

Deskargatu II. eta III. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2305868