99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

64E/2023 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, gizarte erantzukizunaren arloko proiektuetarako dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 687452.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen iritziz, enpresek haien jarduerek gizartean eragin positiboa izan dezaten kontuan hartzen dituzten ekintzen multzoa da enpresaren gizarte erantzukizuna. Jarduera horiek enpresaren printzipioak eta balioak berresten dituzte, bai bere metodo eta barne prozesuetan, bai gainerako jarduleekin dituzten harremanetan. EGEa borondatezko ekimena da.

Administrazio publikoek, gizarte erantzukizunak enpresen lehiakortasunean eta, oro har, gizartean duen eragin positiboa ikusita, beharrezkotzat jotzen dute hura sustatzeko politika publikoak egitea.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak dituen eskumenen artean "Enpresaren gizarte erantzukizuna eta enpresetako berdintasun eta bateragarritasun politikak sustatzea eta bultzatzea" dago, halaxe xedatua baitago Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren 26.e) artikuluan.

Gobernuaren 2021eko irailaren 22ko Erabakiaren bidez, Ekonomia Sozialaren 2021-2024ko II. Plan Integrala (aurrerantzean, ESPI) onetsi zen. Planak zenbait ildo estrategiko ezartzen ditu, eta ildo horien barruan jarduerak eta ekintzak finkatzen dira. 2. ildo estrategikoa "enpresei eta entitateei" zuzenduta dago, eta horren barruan L.2.2 jarduera ezartzen da ("Ekonomia sozialaren kudeaketa ereduak"). Horren barruan, gizarte erantzukizunarekin lotutako ekintza bat aurreikusten da: "2.2.2 ekintza. GJHk ekonomia sozialeko enpresen eta entitateen estrategian sartzea".

Horregatik, laguntzen deialdi honen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte erantzukizuna sustatzen eta ezartzen lagundu nahi da, zehazki, ekonomia sozialeko enpresa eta entitateetan.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Gizarte erantzukizunaren arloko proiektuetarako dirulaguntzaren deialdia onestea 2023. urterako.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 30.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu-aurrekontuetako "Gizarte erantzukizunaren arloko proiektuak (ESPI)" izeneko 810012-81500-4819-494102 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko apirilaren 11n.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Europako Batzordearen arabera, gizarte erantzukizuna "enpresen erantzukizuna da, gizartean duten eragina dela eta". Gizarte erantzukizuna guztiz bereganatzeko, enpresek haien enpresa-estrategian sartu behar dituzte, legeak eskatzen duenaz haratago, gizarte, ingurumen eta ekonomia arloko alderdiak hobetzeko behar diren jarduketak.

Ekonomia Sozialaren 2021-2024ko II. Plan Integralak hiru helburu ezartzen ditu: 1. Gizarte- eta lurralde-kohesio handiagoa lortzen laguntzea, ekonomia sozialaren eredua aplikatuz, eta txertatuz 2030 Agendaren (GJH), Europako politiken eta berreskuratze-planen erronkak eta xedeak. 2. Enplegu ekitatibo, inklusibo eta jasangarria mantentzen, berreskuratzen eta sortzen laguntzea, inor atzean ez uzteko. 3. Ekonomia soziala indartzea, eta sustatzea ekonomia sozialean eta, beraz, pertsonengan oinarritzen diren ereduen ezarpena.

Gainera, 2.2.2 ekintza ("GJHak ekonomia sozialeko enpresen eta entitateen estrategian txertatzea") GJHak ekonomia sozialeko enpresen eta entitateen estrategian txertatzera bideratuta dago, GJHak lortzeko lana errazteko helburuarekin.

Deialdi honetako laguntzen helburua da gizarte erantzukizunaren hiru alderdietako edozeinekin lotutako jarduera edo esperientzia pilotuak abian jartzen dituzten proiektuak finantzatzea, Nafarroako ekonomia sozialeko enpresa edo entitateek lehiakortasun eta jasangarritasun handiagoa lor dezaten.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako hauek dira laguntza hauek jaso ditzaketenak:

a. Ekonomia sozialeko enpresak eta entitateak, halakotzat jotzen badira kasuan kasuko erregistroetan eta honako kategoria hauetako batean badaude:

–Kooperatibak eta mikrokooperatibak.

–Lan sozietateak.

–Laneratzeko enpresak.

–Fundazioak.

–Enplegurako zentro bereziak.

b. REAS Nafarroa osatzen duten ekonomia sozial alternatibo eta solidarioko entitateak eta erakundeak.

c. Onuradunak izan daitezke, halaber, CEPES Nafarroan sartuta dauden ordezkaritza-entitateak, Ekonomia Sozialaren II. Plan Integralaren arabera.

2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den hitzarmen kolektiboak berdintasun planen arloan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik, edo enpresak hartutako erabakiengatik, horien oinarria izan bada sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egin izana, edo sexu jazarpena.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitate eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra bete, eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzekin, halakorik exijitzen ahal bazaie.

e) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, zehapena izan bada, zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatu behar da neurri horiek abian jarri direla eta bete dela neurriak aplikatzeko egutegia.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

3. 2. ataleko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, eta bertan baimena emanen zaio Lan Zerbitzuari adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

Orobat, eskatzaileek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar zerbitzu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Gizarte erantzukizunaren arloko proiektuek jasoko dute dirulaguntza, 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte gauzatzen badira.

2. Diruz lagungarriak izanen dira 2.1 oinarrian jasota daudenen artean lantokia Nafarroan duten ekonomia sozialeko enpresek eta entitateek garatutako gizarte erantzukizuneko proiektuak. Proiektuak bideratu beharko dira Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburu hauek lortzera, haiek integratuz enpresaren edo entitatearen kudeaketa estrategian.

a. 3. erronka: osasuna eta ongizatea.

b. 5. erronka: genero-berdintasuna

c. 7. erronka: energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea

d. 8. erronka: lan duina eta ekonomiaren hazkundea

e. 17. erronka: helburuak lortzeko aliantzak.

3. Xede bakartzat sentsibilizazioa eta/edo aholkularitza duten proiektuek bere baitan bildu beharko dute ikasitako edukiak martxan jarri direla erakusten duen esperientzia, inpaktuaren eta emaitzen adierazleekin.

4. Dirulaguntza honen xedeko proiektuen edukia ezin da izan enpresetan InnovaRSE edo TAMIRSE metodologiaren edozein fase ezartzea.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, betiere 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte fakturatzen badira:

a) Proiektua zuzenean gauzatzera bideratzen diren langileen gastuak, hartan diharduten bitartean.

b) Proiektuko ekintzak gauzatzeko aipatu langileen joan-etorrien gastuak, dagokion nominaren bidez ordainduko direnak.

c) Aurkeztutako proiektuko ekintzekin zerikusia duten edukiak hedatzea. Zabalkunde horretan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Entitateen publizitaterako egindako gastuak, publizitate horrek aurkeztutako proiektuaren edukiarekin loturarik ez badu.

b) Lokalak alokatzeko gastuak eta hornidura-gastuak (ura, argia, gasa, telefonoa...).

c) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitateak berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira; salbuespen hori berariaz adierazi eta frogatu beharko da, Ogasunak emandako egiaztagiri baten bidez.

3. Bigarren oinarrian aipatutako enpresa pribatuek, seigarren oinarriko balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren ondoren, ezin izanen dute, inolaz ere, dirulaguntza finantzatzen duen partidan dagoen aurrekontuaren %40 baino gehiago lortu.

4. Entitate edo enpresa bakoitzeko proiektu bakarra izanen da diruz lagungarria.

5. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa izanen da proiektu eta ekonomia sozialeko enpresa edo entitate bakoitzeko.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

3. Eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Gizarte erantzukizunaren arloko proiektua, alderdi teknikoak eta ekonomikoak behar bezala arrazoituta, laguntzen fitxan deskargatu daitekeen ereduaren araberakoa.

b) Eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, proiektuak 6. oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera baloratzeko.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

2. Hauek dira proiektuak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuaren kalitate teknikoa: 45 puntu:

I. Proiektuaren izena eta deskribapena (10 lerro gehienez). 5 puntu.

II. Proiektuaren helburuak. Helburuak berariazkoak, neurgarriak, errealistak eta proiektuaren iraupenerako mugatuak izanen dira. 10 puntu.

III. Ekintza-plana: helburuak lortzeko garatu gogo diren ekintzen deskripzioa eta kronograma. 20 puntu.

IV. Proiektuaren jarraipenerako eta ebaluaziorako adierazleak, lortu beharreko emaitzak baloratzeko. 10 puntu.

b) InnovaRSE edo TAMIRSE metodologia enpresan aplikatzea deialdiaren aurreko bost urteetan:

I. Plangintza bat, diagnostiko bat edo jarduketa plan bat egin badu: 5 puntu.

II. Jasangarritasunari buruzko memoria bat egin badu: 5 puntu.

III. Hobekuntza zikloren bat egin badu: 5 puntu.

IV. Metodologia aplikatzen jarraitu badu lehenbiziko 4 faseak egin ondoren: 5 puntu.

Atal honetan lortutako puntuak metagarriak dira, hau da, entitateak igaro dituen fase guztietako puntuak batuko dira, eta gehienez 20 puntu lortzen ahalko dira.

c) Ekonomia Sozialaren 2021-2024ko II. Plan Integralaren helburuetako batekin lerrokatzea (1. oinarrian deskribatzen dira). 5 puntu.

d) Eskaera aurkezten duen enpresak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak berdintasunarekin duen konpromisoa (20 puntu gehienez):

–Enpresak/entitateak berdintasunaren alde egindako ibilbidea (berdintasuneko bereizgarriak, Reconcilia, Nazio Batuen Itun Globala), gehienez 10 puntu.

–Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza organoetan, gehienez 5 puntu.

–Emakumeen parte-hartzea langileen legezko ordezkaritzan, gehienez 5 puntu.

e) Memoria ekonomikoaren eta aurrekontuaren kalitatea eta xehetasunak. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu behar da eta azaldu zein den haien zerikusia proiektuko ekintzekin; langileen zeregin teknikoak, kanpoko kolaborazioen parte-hartzea eta zabalkunde gastuak (komunikazio, marketin edo publizitate plana): 10 puntu.

3. Gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak ezin izanen dira onuradun izan.

4. Proiektuei esleitutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuaren edukia kontuan hartuta ebatziko da, honako ordena honen arabera: 3. oinarriaren 8. erronka, 3. erronka, 5. erronka, 7. erronka eta 17. erronka. Berdinketak badirau, ebatziko da Garapen Jasangarriaren Helburu kopuru handienean eragiten duten proiektuen alde. Berdinketak badirau, 6. oinarri honetako b) eta c) irizpideetan (ordena horrexetan) lortutako puntuak kontuan hartuko dira. Hala eta guztiz ere berdinketak jarraituz gero, hurrengo letretan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, a) letratik hasita, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Lan Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek 2023ko azaroaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute egindako proiektua, egun hori barne. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a. Memoria teknikoa, non justifikatuko baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua.

Zabalkunde gastuak baldin badaude, zabaldu den materialaren edukia aurkeztu beharko da, bai eta materiala zabaldu eta jaso dela frogatzen duen dokumentazioa ere.

b. Onuradunak 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean proiektua gauzatzeko egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

2. 2024ko otsailaren 28a baino lehen, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez:

a) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–2023ko azaroaren 30era arte egindako fakturak eta 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko otsailaren 28ra bitartean egindako ordainketen egiaztagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dutenak.

b) Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.

3. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan erredaktatu beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

3. 8.2 oinarriaren arabera aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak organo eskudunari aurkeztuko dio dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpen proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izana.

4. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpena, 8.2 oinarriko justifikazio dokumentazioa aurkezten denetik kontatzen hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Proiektuaren exekuzio teknikoa osorik edo zati batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza gutxitzen ahalko da, era honetan:

a) Proiektuko ekintza edo produktuetako bat gauzatzen ez bada edo kalitatea eskaeran aurreikusitako adierazleekin bat ez badator, emandako laguntzaren %20ra bitarte murriztuko da.

b) Bete ez dena proposatutako ekintzen %60 baino gehiago bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean www.nafarroa.eus.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–De minimis laguntza.

Deialdi honetako 3. oinarrian aipatzen diren enpresa pribatuentzako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2305889