88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

76E/2023 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako artisau enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2023ko deialdia. DDBN identifikazioa: 684976.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak, aintzat hartuz artisautza sektorearen berezitasuna, ezinbestekotzat ikusten du aurreko urteetan sektore honetan abiarazitako laguntza neurriei eustea, sektoreko ETE-ei egin dituzten inbertsioetan laguntzen jarraitzeko. Xedea da artisau lantegiak modernizatzea, horien ekipamendua hobetzea, beren produktuak merkataritza elektronikoaren bidez sal ditzatela sustatzea, eta, azken batean, enpresa horien lehiakortasuna bultzatzea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako artisau enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2023ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 35.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako 2023ko gastuen Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83100-7701-431400 partida, "Artisautzako enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Inbertsioak lantegietan" izenekoa.

Orobat, 20.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren aurrean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

Iruñean, 2023ko martxoaren 28an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2023ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute Nafarroako artisau enpresei dirulaguntzak emateko araubidea zehaztea, haien lehiakortasuna bultzatzearren. Horretarako, arlo hauekin zerikusia duten inbertsioak egiteko laguntzak emanen dira: artisau lantegiak modernizatzea eta egokitzea, horien ekipamendua hobetzea, artisautza sektoreko enpresen produktuak online saltzea ahalbidetzen duen teknologia garatzea eta enpresa txiki eta ertainaren kudeaketa hobetzen duten programa informatikoak ezartzea.

Laguntza honen xedea da artisau enpresak eta haien produktuak bultzatzea, sektorea dinamizatzeko eta suspertzeko; izan ere, beharra dago artisautzako jarduera bizirik mantentzeko eta dinamizatzeko, aberastasun kulturala ematen baitio gizarte guztiari, eta Nafarroako ondare ez-materialaren funtsezko atal bat baita. Sustatu nahi da artisautza behar den bezala aintzatestea, eta aitortzea hari loturik dagoen tradizioa eta kalitatea: produktu jatorrak, bakarrak eta originalak diseinatu eta eskuz egiten dira, beste produktu mota batzuk ez bezala, zeinak ekoizten baitira era industrialean, katean edo mekanizazioa baliatuz.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

35.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela zehaztuta, diruz laguntzen ahal diren jarduketa moten arabera:

JARDUKETA MOTA

ZENBATEKOA

1) Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea

14.000

2) Artisau lantegien ekipamendua

21.000

3) Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) inbertsioak

1. motako eskaerei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, kreditu hori 2. eta 3. motako eskaerei erantzuteko erabiliko da, lehen aipatutako baliabide ekonomikoen arabera, eta alderantziz.

20.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria ezartzen da. Zenbateko hori laguntzetan aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko, eta eraginkorra izateko kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzeagatik.

Baimendu daitekeen kredituaren zenbateko gehigarria diruz lagun daitezkeen jarduketa motei aplikatuko zaie, aurreko taularen arabera hasieran ezarritako proportzio berean.

3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.

1. Inbertsioak 2022ko azaroaren 4tik 2023ko azaroaren 6ra bitartean gauzatu beharko dira, egun horiek barne.

2. Fakturek eta ordainagiriek 2022ko azaroaren 4tik 2023ko azaroaren 6ra artekoak izan behar dute, biak barne.

4. oinarria. Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Pertsona fisiko edo juridikoen elkarte bat eratzen duten eskatzaileek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko egoeraren batean daudenek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

Gainera, berariazko betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.4. Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan izena emanda egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Erregistro hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari atxikirik dago.

1.5. Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisau enpresa bat dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea.

1.6. Hala badagokio, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik aurkeztu izana artisau enpresaren izaera berritzeko eskaera.

1.7. Eskaera aurkezten den egunean Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, artisautzako jardueran aritzeagatik dagokion araubidean.

1.8. Zer-nolako heldutasun digitala duten zehazteko autoebaluazioko galdetegia erantzutea. Galdetegi hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroan aurreikusitako jarduketa bat da, eta online plataforma honetan bete daiteke: https://autodiagnosticocomercio.navarra.es/gnautoevalua/

Autodiagnostiko horrek laguntzaren eskaera aurkezten den egunean egina beharko du, egun horretatik 10 egun balioduneko epean beranduenik, hala egin ezean laguntza ukatuko baita.

Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du baldintza hori betetzen den, eskatzaileak inolako agiririk aurkeztu beharrik gabe.

2. Berariazko betebeharrei eustea.

Artisau enpresa izateko eskatzen diren betebeharrak deialdiaren arabera diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko ezarritako epe osoan bete beharko dituzte enpresek. Horrenbestez, artisau enpresek baldintza horiek betetzen dituzten epean egindako inbertsioak baizik ez dira onartuko.

Halaber, enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda egondako epeen barruan egindako jarduketak baizik ez dira onartuko.

Dirulaguntzak jaso ahal izateko ezarritako epearen barruan Gizarte Segurantzan alta emanda egoteko gutxieneko epea 6 hilabete da.

3. Eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da eskatutako betebehar orokorrak betetzen direla, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du berariazko betebeharak betetzen direla.

5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Jarduketa diruz lagungarriak.

1.1. Honako jarduketa hauetatik heldu diren inbertsioak dira diruz lagungarriak:

a) Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea.

Lehendik dauden artisau lantegietan zein lokal berrietan horrelako lantegiak ezartzeko egiten diren obrek eta egokitze jarduketek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, beharrezkoak badira artisautzako ekoizpen-jarduera egiteko.

Horrez gainera, jarduketa horiek onartuko dira artisau enpresek beren produktuak saltzeko eta merkaturatzeko soilik erabiltzen dituzten lokaletan egiten direnean, kontuan hartu gabe lokal horietan artisautzako ekoizpen-jarduerarik egiten den ala ez.

Etxebizitza partikularrean eta artisau lantegian eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalak bakarrik jasoko du dirulaguntza.

Kontzeptu diruz lagungarrien artean, proiektu teknikoaren prestaketa eta obra zuzendaritza sartzen dira. Obrek etxebizitza partikularrean ere eragina izanez gero, kontzeptu horien zati proportzionala bakarrik onartuko da, hau da, artisau lantegiari egozten zaion inbertsioari dagokiona. Kontzeptu horiengatik, inbertsio onargarrien aurrekontuaren %20 onartuko da gehienez, diruz lagungarria izateko. Ehuneko hori bera izanen da kontzeptu horiengatiko dirulaguntza ordaintzeko orduan aplikatuko dena.

b) Artisau lantegien ekipamendua.

Artisautzan aritzeko berariazkoak, premiazkoak eta ezinbestekoak diren makinak, tresnak eta lanabesak eskuratu, muntatu eta instalatzeko emanen da dirulaguntza, artisautzako ekoizpen-jarduerarekin lotura badute, garraioaren kostuak barne, kasua bada. Halaber, dirulaguntza emanen da artisautzako ekoizpen-jarduera egiteko eta artisau produktuak merkaturatu eta saltzeko erabiltzen diren lokalak altzariz hornitzeko.

b.1) Makinak edo bigarren eskuko ekipoak erosteko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Enpresa hornitzaileak ekipoen fabrikatzailea edo merkaturatzailea izan behar du, edo bestela, ohiko jardueratzat bigarren eskuko ekipoen edo makinen salmenta duen enpresa.

–Ez da onartuko partikularrei edo beste artisau lantegi batzuei erostea.

–Instrukzio-organoak peritazioa aurkezteko eskatzen ahalko dio eskatzaileari, baldin eta ziur jakiterik ez badago ekipo horien prezioak ez duela gainditzen antzeko zehaztapen teknikoak dauzkan ondasun erabili edo berregokitu baten merkatuko balioa.

b.2) Altzari hauek eskuratzeko gastua baino ez da lagunduko diruz:

–Artisautzan aritzeko lan-mahaiak eta biltegiratze altzariak.

–Bezeroei arreta eskaintzeko eta produktuak saltzeko mahaiak eta produktuak erakusteko bitrinak, armairuak eta apalategiak.

c) Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) inbertsioak:

c.1) Online denda bat ezartzea:

Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak: merkataritza elektronikoko (e-commerce) web-orriak garatzea eta ezartzea, edo lehendik dauden web-orriak egokitzea funtzionalitate hori txertatzeko.

Merkataritza elektronikoa abian jartzea:

–Sistema estandarretan garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko du.

–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

c.2) Webguneen garapen ebolutiboak:

Diruz lagungarria izanen da merkataritza elektronikoa duten web-orrien garapen teknologiko ebolutiboa egitea, baldin eta jarduketa horrek hobekuntza eta bilakaera nabarmena badakar edo funtzionalitate berriak ekartzen baditu eta inbertsiotzat hartzen bada, ez gastu arrunt edo mantentze-lanetako gastutzat.

c.3) Enpresa txiki eta ertainaren kudeaketako programa informatikoak.

Diruz lagungarriak izanen dira tresna edo ekipo teknologikoak eta programa informatikoak ezartzeko inbertsioak eta bezeroen, hornitzaileen edo ordainketa-prozesuaren kudeaketa hobetzeko beharrezkoak diren software-inbertsioak.

1.2. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

–Lokala edo lantegia erosteko inbertsioak.

–Dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ezta eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jarduketaren emailea ere, edo antzeko kasuak, non autofakturazioa izan daitekeen.

–Ondasun suntsigarriak eta lehengaiak eskuratzea, edo produktuaren elaborazioan parte hartzen duten gastuak.

–Artisautza prozesuarekin zerikusia ez duten altzariak –oinarri hauetan onartutakoak salbu–, ekipoak edo tresnak erostea, non ez diren hartarako guztiz ezinbestekoak.

–Etxebizitza partikularrean eta artisau lantegian eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako ez diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta ez dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalari dagokion gastua.

–Etxebizitza partikularrean eta artisau lantegian eragina duten obren kasuan, proiektu teknikoaren idazketaren eta obra zuzendaritzaren zati proportzionalari dagokion gastua, artisau lantegiari ezin egotzi zaion inbertsioagatik.

–Ordenagailuak, eramangarriak, tabletak eta telefono mugikorrak erostea, salbu eta c3) ataleko inbertsioak ezartzeko beharrezkoak diren ekipo informatikoak.

–Web-orrien mantentze-lanak, domeinua, hosting-a edo antibirusa berritzea, etab.

–Edozein programa edo aplikazio informatiko mantentzeko lanak, sare sozialen kudeaketa, marketin digitaleko ekintzak, etab.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diruz lagungarria den inbertsioaren %50 (BEZik gabe) izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa. Hona jarduketa bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa:

JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIA

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA

a) Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea

5.000

b) Artisau lantegien ekipamendua

3.000

c) IKT inbertsioak

2.000

2.2. Jarduketa mota bakoitzerako, honako hau izanen da gutxieneko zenbatekoa (BEZik gabe):

JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIA

GUTXIENEKO INBERTSIOA

Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea

6.000

Artisau lantegien ekipamendua

500

IKT inbertsioak: online denda ezartzea

1.000

IKT inbertsioak: webguneen garapen ebolutiboak

500

IKT inbertsioak: kudeaketarako programa informatikoak

500

Enpresa eskatzaile bakoitzeko laguntzen zenbatekoa, guztira, ezin izanen da 7.000 eurotik gorakoa izan.

Enpresa baten zenbatekoa horretatik gorakoa bada, aurreko 2.1 atalean adierazitako diruz laguntzeko moduko hiru jarduera motetako bakoitzetik ateratzen diren dirulaguntzak batzearen ondorioz, eskatzaileari 3 egun balioduneko epea emanen zaio, dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik, adieraz dezan zer jarduketari emanen zaion lehentasuna, enpresa bakoitzari gehienez 7.000 euroko dirulaguntza emateko muga ez gainditzeko.

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/merkataritza-eta-artisautza (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da zuzenketaren eguna dela aurkezpen eguna.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran ezarritako moduan, edo bestela aurrez aurre, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetako edozein erabiliz.

3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

4.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) 4.1. oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabide-orrian dago.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta "de minimis" laguntzei buruzkoa (12. oinarrian aipatzen dira). Eskabide-orrian dago.

c) Lan bizitzari buruzko txostena edo Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, egiaztatzeko enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda dagoela eskabidea aurkeztu den datan.

4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Memoria teknikoa eta ekonomikoa, 2022ko azaroaren 4tik 2023ko azaroaren 6ra arteko epean, bi egun horiek barne direla, egindako edo aurreikusitako jarduketak deskribatuko dituena eta honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:

–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen kontzeptuak eta zenbatekoak, exekuzioaren faseak, zer egoeratan dauden dirulaguntza eskatzen den unean eta haiek gauzatzeko aurreikusten den egutegia.

–Zergatik den komenigarria inbertsio horiek egitea eta noraino diren baliagarriak artisau produktuak prestatzeko prozesuan.

–Artisau lantegirako erostea aurreikusi den makineria edo ekipamendua aktibo finko berriei edo bigarren eskuko ekipoei dagokien.

b) Fakturen kopiak (inbertsioak dagoeneko egin badira) edo aurrekontuak, proiektuak edo proformako fakturak, aurreikusitako inbertsioak justifikatzen dituztenak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

c) Diruz lagungarria den gasturen bat 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan (artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta hobetzea), edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo-ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan (artisau tailerren ekipamendua, COVID-19aren ondoriozko inbertsioak eta online dendak ezartzea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskabide-orrian dagoen "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" atalean.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu formularioan frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

4.3. Eskabide-orrian jaso beharreko informazioa.

Eskatutako laguntzaren xedea baldin bada aurretik zeuden web-orriak egokitzea online denda ezartzeko, edo online denda duten web-orrien garapen ebolutiboak egitea, web-orriaren helbidea adierazi beharko da.

4.4. Jarduketa baloratzeko dokumentazioa.

1. irizpidea baloratzeko, eskabide-orriaren inprimakian sartu den erantzukizunpeko adierazpena hartuko da kontuan.

Ez da dokumentaziorik aurkeztu behar 2. eta 4. irizpideak baloratzeko.

3. irizpidea baloratzeko, ez da dokumentaziorik aurkeztuko, baina irizpide hori soilik egiaztatuko da eskabide-orrian berariaz hala adierazten bada.

Irizpide honetan aurreikusitako puntuazioa lortzeko, eskatzaileak Nafarroako Gobernuaren Turismoaren webgunean (https://www.visitnavarra.es/eu/home) agertu behar du, eskaera aurkeztu den egunean. Horretarako, baldintzak bete behar dira, eta laguntzaren web-fitxan horri buruz agertuko den informazioa eta jarraibideak bete.

5. irizpidea baloratzeko, eskabide-orrian dagoen informazioa eta aurreikusitako inbertsioen memoria teknikoan eta ekonomikoan jasotakoa hartuko dira kontuan.

5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren jarduketa mota bakoitzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, jarduketa mota bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, beste jarduketa motako eskaerei erantzuteko erabiliko da.

Baimentzen den kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, kreditu aski ez dagoelako, laguntzak emateko ebazpena baino lehen 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin. Proposatutako dirulaguntzarekin ados agertzen diren onuradunei dirulaguntza osagarria onartzen ahalko zaie halako batean aurrekontu-baliabide gehiago sortuz gero (onartutako dirulaguntzak baino dirulaguntza txikiagoak ordaindu direlako edo onartutako dirulaguntzei uko egin zaielako), bakar-bakarrik baldin eta onartutako dirulaguntza aurrekontu nahikoa izan balitz legokiekeena baino %75 txikiagoa bada.

Gehienez ere bi dirulaguntza gehigarri ematen ahalko dira, bat 1. jarduketa motarako eta beste bat 2. eta 3. jarduketa motetarako.

Horretarako, 1. motako eskaerei erantzuteko kreditu erabilgarria jarduketa mota horri dagokion mozte espedientera bideratuko da, eta 2. eta 3. motetako eskaerei erantzuteko kreditu erabilgarria, aldiz, jarduketa mota horiei dagokien mozte espedientera.

3. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. irizpidea.–Enpresaren tamaina: enpresak eskaeran adierazitako tamaina hartuko da kontuan, eta puntuazio hau esleituko da:

ENPRESAREN TAMAINA

PUNTUAK

Mikroenpresa

8

Enpresa txikia

4

2. irizpidea.–Kontuan hartuko da ea 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetan laguntzarik eskuratu duen artisau enpresak Nafarroako artisau enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen deialdietan. Honela emanen dira puntuak:

HARTUTAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA

PUNTUAK

Ez zen dirulaguntzarik jaso

14

1.000 euro edo gutxiago

12

1.001 eurotik 2.000 eurora

10

2.001 eurotik 3.000 eurora

8

3.001 eurotik 4.000 eurora

6

4.001 eurotik 5.000 eurora

4

5.001 eurotik 6.000 eurora

2

6.000 eurotik gora

0

Ez dira jasotako dirulaguntzatzat hartuko ezarritako epeetan uko egin zaienak.

Enpresaburu indibidualak artisau enpresa gisa erregistratuta badaude eta artisau lantegi bera partekatzen badute, irizpide honen puntuazioa aplikatzeko, kontuan hartuko da zenbateko dirulaguntzak jaso dituzten, guztira, enpresaburu horiek artisau enpresen inbertsioetarako 2019tik 2022ra bitarte «artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta hobetzea» kontzeptuagatik lantegi horretarako.

3. irizpidea.–Artisau lantegia jendeari irekitzea, bisitariei harrera egiteko.

Artisautzako ekoizpen-jarduera egiten den artisau lantegian bisita orduak egotea baloratuko da, baita turistak, bisitariak eta bezeroak hartzeko aukera ematea ere. 3 puntu emanen dira informazio hori argitara emanda badago Nafarroako Gobernuaren Turismoaren webgunean (https://www.visitnavarra.es/eu/home), eskaera aurkeztu den egunean.

Irizpide hau ez zaie aplikatuko artisau produktuak erakutsi eta saltzeko baino erabiltzen ez diren lokalei.

4. irizpidea.–Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroan egindako prestakuntza-ibilbidea.

Merkataritza eta Artisautzaren Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroan gomendatutako prestakuntza amaitu izana eskaera aurkezten den egunean, 2 punturekin baloratuko da.

5. irizpidea.–Artisau lantegien ekipamendu jarduerak eta IKT inbertsioak:

ZER INBERTSIO MOTATARAKO ESKATZEN DEN DIRULAGUNTZA

PUNTUAK

a) Artisau lantegien ekipamendua

5

b) IKT inbertsioak

5

c) Baldin eta laguntzaren xede diren jarduketen guztizko zenbatekoa baino %25 handiagoak badira aurreko jarduketen barnean honako hauek erosteko sartzen diren inbertsioak: artisau lanbidea gauzatzeko lan-mahaietarako altzariak eta biltegiratze altzariak, bezeroei arreta emateko eta produktuak saltzeko erakusmahaiak, beira-arasak, armairuak eta produktuak erakusteko apalategiak (5.1.b.2 oinarria).

1

Eskaerek puntuazio bakarra izanen dute irizpide honetan.

4. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan lehenago inskribatu ziren eskatzaileak.

b) 2. irizpidean puntuaziorik altuena duten eskaerak.

c) Dirulaguntza eskaera aurkeztean inbertsioen zenbatekorik handiena eginda duten eskatzaileak.

8. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda jarduketa bakoitzeko, 7. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria. Inbertsioen justifikazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkezten ahalko dira egindako jarduketen frogagiriak, dirulaguntza onartzen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2023ko azaroaren 6an, egun hori barne.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 6.2 oinarrian aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Azken txostena, egindako jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFZ zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerarekin batera fakturak erantsita aurkeztea.

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan kargatu dela. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

e) Artisau lantegiaren edo artisau produktuak saltzeko eta merkaturatzeko erabiltzen den lokalaren kanpoko nahiz barneko argazkiak, aurreko egoera eta jarduketak egin ondokoa egiaztatzeko aukera ematen dutenak, edota diruz lagundutako aktibo finkoen argazkiak.

f) Dirulaguntza jaso dela agerian jartzeko erabili den webgunearen helbidea, edo, bestela, hori frogatzen duten agiriak edo argazkiak.

g) Etxebizitzan eragina duten obren kasuan, ziurtagiri tekniko bat aurkeztuko da, obra zuzendaritzak edo horren parekoak emana, frogatzeko egindako inbertsioetatik zer zenbateko egozten zaion artisau lantegiari.

h) Online denda ezartzen bada, edo online denda duen web-orri bat hobetzen bada, web-orriaren helbidea adierazi.

i) Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzko adierazpena: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, dirulaguntzaren xedeko jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

j) Lan bizitzari buruzko txostena edo Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, egiaztatzeko enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda egon dela gutxienez 6 hilabetez epe diruz lagungarriaren barnean.

10. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Justifikazio agiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2023ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak epe hauetan egitea:

Artisau lantegiak, beranduenez, 2024ko otsailaren 1ean egon beharko du martxan, egun hori barne. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinarazi behar zaio noiz jarri den martxan.

Gainerako inbertsioek 2023ko azaroaren 6an egon behar dute martxan beranduenez, egun hori barne.

d) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean, edo 2023ko urriaren 1era arte (egun hori barne), uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarriren bat edo guztiak ez badira ezarritako exekuzio aldian egin behar.

e) Diruz lagundutako inbertsioen azken gauzatze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari 2023ko urriaren 1erako, egun hori barne.

Komunikazio hori kontuan hartuko da oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatzeko orduan.

f) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.

g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, baldin eta beste diru-sarrera, dirulaguntza edo babesletza bat lortzen bada deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako.

h) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea etenik gabe enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, dirulaguntza ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epea gutxienez 7 urtekoa izanen da, eta epe horretan enpresak jarraitu beharko du Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan.

i) Agerian jartzea dirulaguntza jaso dela, onuradunaren webgunean testu hau jarriz: "Artisau enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, artisau enpresen inbertsioetarako 2023ko deialdian", eta horrekin batera, Nafarroako artisautza-marka, zeina laguntza fitxaren bidez eskuratzen ahalko baita. 2 urtez mantendu beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena ematen den egunetik aurrera.

Gainera, artisau lantegian, ikusteko moduko leku batean, kartel bat jarri beharko da, laguntza fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa, baldin eta artisau lantegia jendearentzat irekita badago, bisita egin badaiteke edo bere produktuak merkaturatzeko lokal bat badu, salbu eta IKT inbertsioen kontzeptuagatik soilik jaso badu dirulaguntza.

j) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

k) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari buruz (11.1.a) oinarrian ezarritakoa):

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Informazioa epez kanpo aurkezten badu, eta, betiere, 2023ko azaroaren 6ra arte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da, eta, aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Fakturak eta/edo ordainagiriak 2023ko azaroaren 7tik 2023ko azaroaren 23ra bitartekoak badira (biak barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %30 murriztuko da.

c) Justifikazio-dokumentazioa 2023ko azaroaren 7tik 2023ko azaroaren 23ra arte aurkezten bada, biak barne, %5 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza, aurreko atalean ezarritako murrizketa aplikatu ondoren, hala badagokio. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

d) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira, murrizketa hauek eginen dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Murrizketa horiek ez dira aplikatuko onuradunak ezarritako epean aurkezten badu oinarri honetako 1.e) atalean aurreikusitako jakinarazpena.

Gauzatze maila zehazteko, diruz lagundutako inbertsioaren zenbatekoa eta 2023ko azaroaren 23ra arte, egun hori barne, justifikatzen den inbertsio onartuaren zenbatekoa alderatuko dira.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat eginen ez dela jakinarazteko komunikazioa epearen barruan aurkezten bada, oinarri arautzaile honen 1.d) atalean adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko exekuzio maila zehaztearen ondorioetarako.

Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan 5.2.2 oinarrian eskatutako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

e) Oinarri honen 1.h) eta 1.i) apartatuetan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

f) Artisau lantegia edo online denda ez badira martxan jartzen horretarako ezarritako epean (11.1.c) oinarrian aurreikusitakoaren arabera), jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze-interesekin batera.

g) Diruz lagundutako epearen barruan Gizarte Segurantzan gutxienez 6 hilabetez alta emanda egoteko eskakizuna betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du.

12. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak jarduketa beretarako ematen dituen bestelako dirulaguntzekin.

Hala ere, bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuek, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.

14. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2305445