88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

73E/2023 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita toki erakundeei merkataritza arloko planak lantzeko dirulaguntzak emateko deialdia. DDBN identifikazioa: 684747.

Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren HE1 helburu estrategikoan (2022-2025) planteatzen da Nafarroako merkataritza sistemaren antolaketa eta oreka hobetzea, hurbileko txikizkako merkataritzak gaur egun dituen arazoei konponbidea emateko.

Beste alde batetik, L.1.2. ildo estrategikoak, "Estrategia ezartzea, Nafarroako merkataritza hazkunde adimentsua, orekatua eta jasangarria izateko oinarri gisa" izenekoak, bere helburu orokorren artean du planeamendu estrategikoaren kultura sustatzea eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, sektorea garatzeko oinarria izan dadin.

L.2.1. neurriak, berriz, "Plangintzaren sustapena merkataritzaren sektorean" izenekoak, aurreikusten du plangintzarako tresnak garatzea, haien bidez identifikatu ahal izateko sektorearekin lotutako arazoak eta abian jartzeko horiek bideratzeko jarduketak; horrez gain, jarduketa horiek gauzatzea zehazten du, merkataritza planak egiteko dirulaguntza deialdi honen bidez.

Horregatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren ustez funtsezkoa da aldez aurretik plangintza egokia egitea, merkataritzaren sektore ekonomikoa garatzeko Nafarroako toki erakundeek aurrera eramaten dituzten ekintzak efizienteagoak eta eraginkorragoak izan daitezen.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluari jarraikiz, deialdia banakako ebaluazioaren arabera ebatziko da, aurrekontuan behar adina diru dagoen bitartean. Eskaerak aurkezteko ordenari jarraituko dio dirulaguntzak onartzeko ordenak.

Gobernuak 2023ko otsailaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari tramita dezan dirulaguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki erakundeei merkataritza arloko planak lantzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 50.000 euroko gastua baimentzea, dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko; Nafarroako 2023ko gastuen Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: Merkataritzarako dirulaguntzak. Toki erakundeak. Dinamizazio planak izeneko 830001-83100-4609-432104 partida.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 28an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Toki erakundeei merkataritza arloko planak lantzeko dirulaguntzak emateko deialdia. Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen helburua da Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko araubidea arautzea, merkataritza arloko jarduketak egiteko planak landu ditzaten, bai antolamenduari dagokionez, bai merkataritza dinamizatzeari dagokionez ere.

Deialdiaren xedea da bultzada ematea merkataritza arloko jarduketak egin aurretik gogoeta, diagnostikoak, analisiak eta plangintzak egin daitezen, eta orobat, orain indarra duten merkataritza planetan aurreikusten diren neurriak eta jarduketa ildoak inplementatzeko, gauzatzeko eta aurrera eramateko erraztasunak eta laguntza ematea.

Era berean, sustatu nahi da merkataritza arloko Europako funtsak jasotzeko aukera duten proiektuak zehaztea eta prestatzea, merkataritza antolatzeko aurrez eginak diren planetatik sortutako proiektuak izan nahiz ez izan.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

1.–Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendutako kreditua 50.000 eurokoa da jarduketa diruz lagungarrien modalitateen arabera banatuta:

JARDUKETA MOTA

JARDUKETAREN IZENA

ZENBATEKOA

A

Merkataritzaren arloko planak egitea

30.000

B

Merkataritza arloko Europako funtsak jasotzeko aukera duten proiektuak zehazteko eta prestatzeko aholkularitza teknikoa, merkataritza antolatzeko aurrez eginak diren planetatik sortutako proiektuak izan nahiz ez izan.

20.000

GUZTIRA

50.000

2.–Baldin, A) motako eskaerei erantzun ondoren, kreditu erabilgarririk gelditzen bada, B) motako eskaerei erantzuteko erabiliko da, behar izanez gero, eta alderantziz.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

2022ko azaroaren 19tik 2023ko azaroaren 17ra bitartean, biak barne, gauzatu beharko dira jarduketak. Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin epe horretan egin, fakturatu eta ordaindu badira.

4. oinarria. Erakunde onuradunak eta betebeharrak.

1.–Entitate onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan aipatzen diren udalek eta gainerako toki erakundeek (aurrerantzean, toki erakundeak).

2.–Betekizun orokorrak.

Betekizun orokor hauek betetzen dituzten toki erakundeak izan daitezke onuradun:

2.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

2.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

2.3. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

5. oinarria. Diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak.

Diruz lagungarria da prestatzea, idaztea eta diseinatzea halako plan batzuk, tresna izanen direnak merkataritza planifikatzeko edo merkataritza dinamizatzeko neurriak gauzatzeko.

Era berean, diruz lagungarria da merkataritzaren arloan Europako funtsen laguntzak eskuratzeko baliagarriak izan daitezkeen proiektuak prestatzeko eta garatzeko aholkularitza teknikoa hartzea, barne dela laguntza eskaeren kudeaketa.

Bi kasu horietan, aholkularitza teknikoa erakunde eskatzailearekin loturarik ez duten kanpoko bulego, profesional edo entitate espezializatuen bidez egiteak eragindako gastuak onartzen dira, eta ez da onartzen erakunde eskatzaileko langileen gasturik.

Zehazki, honako hauek sortzeko lanak laguntzen ahal dira diruz:

5.1. Merkataritzako erakartze eta antolamendurako udal planak (MEAP).

Merkataritzako erakartze eta antolamendurako plan batek bere baitan bildu behar ditu merkataritza sektorea antolatzeko eta dinamizatzeko behar diren neurriak, orekatua eta efizientea izanen den merkataritza eredu bat lortze aldera, kontsumitzaileen eta tokiko garapenaren zerbitzura egonen dena. Horrelako planak udalen plan orokorretan sartzen dira, eta erantzuten diote Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 18.2.c) artikuluan ezarrita dagoenari.

Hirigintza antolamenduaren esparruan, horrelako planek aztertu behar dituzte bai merkataritza jarduera gauzatzen den espazio fisikoa, bai udalerriaren alderdi sozialak, ekonomikoak eta komertzialak, diagnostikatzeko zein den txikizkako merkataritzaren egoera, eta prestatzeko programa bat bere baitan izanen dituena behar diren jarduketa ildoak eta neurri zehatzak, lortu nahi diren helburuetara iristeko.

Plan horiek lantzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak badu gida bat, eskuragarri dagoena merkataritzaren sektoreak Nafarroako Gobernuaren web orrian duen atalean, esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/merkataritza-eta-artisautza

5.2. Merkataritzako erakartze eta antolamendurako udalerriaz gaindiko planak.

Toki erakunde bakoitzak egin behar du merkataritzako erakartze eta antolamendurako plana, baina nahitaezkoak diren azterketa batzuk (merkataritzako eskaintza eta eskaera, merkataritzako diagnostikoa, etab.) batera egin ditzakete zenbait toki erakundek.

Gerta daiteke halako planak idazteko denbora gehiago behar izatea deialdi honetakoa baino; horregatik, deialdi honetan onar daiteke proiektuaren fase bat partez egitea, baldin fase hori osorik egiten bada.

5.3. Merkataritza dinamizatzeko planak.

Merkataritza dinamizatzeko plana tresna bat da, bere baitan biltzen dituena epe laburreko neurriak, helburua dutenak herritarrak sentsibilizatzea tokiko kontsumoarekiko eta hurbileko merkataritzarekiko; orobat, bere baitan ditu hainbat neurri merkataritza sustatzeko, marketinerako, merkataritza biziberritzeko, komunikaziorako eta publizitaterako, hiriko merkataritzan kontsumoa sustatzeko eta pizteko.

5.4. Aholkularitza teknikoa 2023ko laguntza deialdietara aurkez daitezkeen proiektuak zehazteko eta prestatzeko, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak merkataritza sektorerako dituen laguntza lerro hauetan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan:

a) Merkatuei, merkataritza-hiriguneei, egonekoa ez den merkataritzari eta merkaturatze-bide laburrei laguntzea.

b) Landa-eremuetako merkataritza-jarduerari laguntzea.

c) Inguru turistikoetako merkataritza-jarduera indartzea.

Gastu horien barnean sartzen da laguntza eskaerak aurkezteko behar den dokumentazioaren eta bestelako edozein tramitazioren kudeaketa.

Gastu horiek diruz lagungarriak izan daitezen bete beharreko baldintza da arestian aipatutako laguntzen eskaerak deialdi horietan ezarritako epeen barnean aurkeztea.

6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko gastua.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondotik zehazten diren portzentajeak aplikatu behar dira gastu diruz lagungarriaren gainean.

JARDUKETA MOTA

KONTZEPTU DIRUZ
LAGUNGARRIAK

GUTXIENEKO
GASTU DIRUZ LAGUNGARRIA

DIRULAGUNTZA

GEHIENEKO
DIRULAGUNTZA

A

Merkataritza antolatzeko planak prestatzea

C1) Merkataritzako erakartze eta antolamendurako planak

6.000

%80

10.000

C2) Merkataritzako erakartze eta antolamendurako udalerriaz gaindiko planak, diagnostikoa eta guzti

10.000

%80

20.000

C3) Merkataritza dinamizatzeko planak

2.000

%60

4.000

B

Europako funtsen laguntzak lortzeko aukera duten proiektuak zehazteko eta prestatzeko aholkularitza teknikoa

Erakundeak badu merkataritza plan bat, C1), C2) edo C3) ataletan aipatu direnetakoa

1.000

%60

2.000

Erakundeak ez du lehen aipatu direnetako merkataritza planik

1.000

%30

1.000

Balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarria izanen da soilik erakunde eskatzaileak ezin duenean berreskuratu, kenkari gisa erabili edo konpentsatu.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2023ko urriaren 25ean, egun hori barne.

7.2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Eskaerak nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez; fitxa horretan esteka bat egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikora.

b) Dirulaguntza hau tramitatzearekin loturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat izatea.

c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatutakoa ez bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.

e) Toki erakunde bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztuko du diruz laguntzeko eskatzen dituen jarduketa guztietarako.

f) Merkataritza arloko planak lantzeko dirulaguntza eskatzen bada, eskaera banaka aurkezten ahal da, edo toki erakunde batzuek elkarrekin, eskaera bateratu batean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluarekin bat.

Proiektua zenbait toki erakundek batera gauzatu behar dutenean, aukera hauek izanen dira:

–Proiektu guztia gauzatzea bere gain hartzen duen toki erakundeak aurkeztea eskaera; halakoetan, sortzen diren gastuak eta ordainketak eginen ditu gauzatzea bere gain hartzen duen erakundeak. Hitzarmena erantsiko da, edo antzeko agiri bat, adierazten duena zer baldintzatan eratu den alderdien arteko elkarlana; horien legezko ordezkariek sinatu beharko dute.

–Eskaera aurkeztea proiektua gauzatuko duten erakunde guztien taldearen ordezkari eginkizuna hartzen duen toki erakundeak. Hitzarmena erantsiko da, edo antzeko agiri bat, adierazten duena zer baldintzatan eratu den alderdien arteko elkarlana eta gastuen zer zenbateko hartzen duen bere gain erakunde bakoitzak; horien legezko ordezkariek sinatu beharko dute. Kasu horretan, taldeko erakunde bakoitzari onartuko zaio dirulaguntza, eta ordainketak ere horietako bakoitzari eginen zaizkio, horietako bakoitzak bere gain hartutako gastuen arabera.

7.3. Eskaerak ez baditu adierazitako betebeharrak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria. Behar den dokumentazioa.

Laguntzak eskatzeko, berariazko eskaera-orria aurkeztu beharko da, toki erakundearen legezko ordezkariak sinatuta, honako dokumentazio honekin batera:

8.1. Erakunde eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, 4.2 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak betetzeari buruzkoa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, jarduketa bererako jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzkoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, balio erantsiaren gaineko zergari buruzkoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 28.8 artikuluan ezartzen dituen ondorioetarako. Adierazpen honetan zehaztu behar da kontzeptuak berreskuragarriak edo konpentsagarriak diren edo zati bat berreskuratzen ahal den; hala bada, hainbanaketa-ehunekoa zehaztu behar da (ez da diruz lagungarria izanen).

8.2. Dirulaguntza zer jarduketatarako eskatzen den, horiexei buruzko dokumentazioa.

a) Dirulaguntzaren xedeko jarduketak azaltzen dituen deskripzio-memoria, bilduko duena gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatz eta xehatua:

–Jarduketa horrekin lortu nahi diren helburuak.

–Jarduketaren interesaren justifikazioa.

b) Aurrekontua kontzeptuen arabera zehaztua, gastuak zenbatesteko bide ematen duten fakturak edo proformako fakturak; ez dira inoiz onartuko erakunde eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

c) Jarduketak gauzatzeko kronograma, jarduketa gauzatzeko faseak, eta dirulaguntza eskatzeko unean jarduketa zer gauzatze egoeratan dagoen.

d) Udalerriaz gaindiko merkataritzako erakartze eta antolamendurako planak egiten direnean:

–Hitzarmena, toki erakunde parte-hartzaileek sinatua, non frogatuko baitira horietako bakoitzak beren gain hartzen dituzten konpromisoak eta betebeharrak.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena zer toki erakunde den solaskide bakarra laguntza eskaera aurkezteko, egindako jarduketen justifikazioa aurkezteko, edo beste edozein izapide administratibotarako edo komunikaziotarako, dirulaguntzaren espedientearen kudeaketarekin loturik baldin badago.

e) Merkataritzaren arloko Europako funtsen laguntzak lortzeko aukera duten proiektuak zehazteko eta prestatzeko aholkularitza teknikorako dirulaguntzak:

–Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena laguntza eskatzeko xede den proiektua edo jarduketa jasoa eta aurreikusia dagoen indarreko merkataritza plan batean (5. oinarrian ezarrita daudenetakoak) edo, bestela, indarreko merkataritza planik ez duen.

–Kasua bada, gauzatzen ari den merkataritza planaren kopia, salbu eta dagoeneko plan hori administrazioaren esku badago; hala bada, dokumentua aurkeztu den administrazio prozedura eta unitate organikoa azaldu behar dira.

9. oinarria. Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

9.1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko kudeaketa organo eskuduna.

9.2. Dirulaguntza emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz gauzatuko da.

Eskaerak tramitatu eta ebatziko dira aurkeztu diren hurrenkera berean, aurrekontu kreditu egokia eta nahikoa dagoen bitartean, 2. oinarri arautzailean kontsignatutako kredituekin bat.

9.3. Laguntzen eskaerak aurkezteko epeak, 5. oinarri arautzaileko 5.4 zenbakian aipatutakoak, amaitu ondoren, eta B) motako eskaerei dagozkien dirulaguntza guztiak esleituta, kreditu erabilgarririk balego A) motako eskaerei erantzuteko erabiliko litzateke.

9.4. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiri.

Ez da inoiz 300 eurotik beherako dirulaguntzarik emanen.

Dirulaguntzak lehen adierazitakoari jarraituz esleitu ondoren, baldin aurrekontuan aurreikusitako baliabideak agortzen badira jarduketa motaren baten eskaerei erantzuteko, mota bereko gainerako eskaerak espresuki ezetsiko dira.

9.5. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, erakunde eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria. Aurrera eramandako jarduketak justifikatzeko epea, modua eta dokumentazioa.

10.1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2023ko azaroaren 17an, egun hori barne.

10.2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 7.2 oinarrian aurreikusitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Justifikazioko dokumentazioa aurkezteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

10.3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Dirulaguntzaren xede izan diren jarduketen memoria. Bertan adieraziko da aurreikusitako jarduketen betetze maila, eta, betiere, bertan bilduko dira prestatutako planaren araberako jarduketak, neurriak edo inbertsioak jasotzen dituzten planak.

b) Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturak izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen indarreko fakturazio erregelamenduaren araberakoak, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira.

c) Egindako ordainketak justifikatzeko banku-agiriak.

d) Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzko adierazpena: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, dirulaguntzaren xedeko jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

e) Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena Kontratu Publikoei buruz indarrean dagoen Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ) eta 28.3 artikuluetan aurreikusten diren ondorioetarako.

f) Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko jarduketen kontratazioan bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak.

g) Dirulaguntzaren xede den jarduketaren arabera:

–Merkataritzako erakartze eta antolamendurako udal planen kasuan, planaren kopia.

–Merkataritzako erakartze eta antolamendurako udalerriaz gaindiko planen kasuan, plan osoaren kopia, edo deialdi honetan dirulaguntzaren xede izan den fasearen agirien kopiak.

–Merkataritza dinamizatzeko planen kasuan, planaren kopia bat.

–Industria, Turismo eta Merkataritzako Ministerioaren laguntzak eskatzeko proiektuak prestatzeko aholkularitza teknikoaren kasuan, dirulaguntza eskaera aurkeztu izanaren ordezkagiriaren kopia.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Justifikazio agiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2023ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

12. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak eta ez-betetze mailak.

12.1. Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.

b) Laguntzen organo kudeatzaileari komunikatzea, hamabost egun balioduneko epean, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, edo 2023ko abuztuaren 31 baino lehen, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin diruz lagundutako jarduketak ezarritako epean ez badira egin behar, edo horietakoren bat ez bada egin behar.

c) Diruz lagundutako inbertsioen azken gauzatze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari 2023ko urriaren 20rako, egun hori barne.

Jakinarazpen hori egin ezean, dirulaguntzaren xede diren jarduketen gauzatze mailari buruz 12.2.b) oinarrian ezarritako murrizketak aplikatuko dira.

d) Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.

e) Behar bezala zabaltzea dirulaguntza honen xede diren jardueren finantzaketa publikoa dela. Gainera, laguntza eskuratzen duen jardueraren gaineko informazio eta iragarki guztietan adieraztea Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza dela, baita irratiko iragarki laburretan eta aurkezpenetan ere.

Zehazki, promoziorako euskarri guztietan, planetan, azterketetan, diagnostikoetan eta abarretan testu hau agertu beharko da: "Jarduketa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza eskuratu du, toki erakundeei merkataritzaren arloko planak egiteko dirulaguntzak emateko 2023ko deialdiaz baliatuta".

Merkataritza arloko Europako laguntzak jasotzeko aholkularitza teknikoagatiko laguntzak jaso badira, lehen aipatutako testua toki erakundearen webgunean jarriko da.

f) 2024ko azaroaren 1a baino lehen egitea eta aurkeztea merkataritzako erakartze eta antolamendurako udalerriaz gaindiko planak bukatzeko behar diren azterketak edo analisiak, baldin plan horiek ez badira guztiz bukatzen deialdi honetan aurreikusitako epean.

g) Kasua bada, Industria, Turismo eta Merkataritzako Ministerioaren deialdietarako laguntzen eskaerak aurkeztea, deialdi horietan ezarritako epeetan.

h) Dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko espedienteak indarreko Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat tramitatu direla justifikatzea.

12.2. Ez-betetzeen mailaketak.

Osorik betetzen ez badira dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Justifikazio agiriak aurkezten badira ezarritako epea iraganik baina 2023ko abenduaren 1a baino lehenago, %10 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez dela eginen jakinarazteko komunikazioa aurkezten bada epearen barnean, oinarri arautzaile honen 12.1.c) atalean adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko gauzatze maila zehaztearen ondorioetarako.

Gauzatze maila zehazteko, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa alderatuko da horretarako ezarritako epearen barruan onartutako gastu justifikatuaren zenbatekoarekin.

Era berean, onartutako gastu justifikatuak ezin dira izan baxuagoak 6. oinarrian ezarritako gutxieneko gastu diruz lagungarrien zenbatekoak baino. Eta, hala izanez gero, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Baldin ez badira 2024ko azaroaren 1a baino lehen egiten eta aurkezten merkataritzako erakartze eta antolamendurako udalerriaz gaindiko planak osatzeko behar diren azterketak edo analisiak, ez badira bukatzen deialdi honetan aurreikusitako epean, jasotako zenbateko guztiak itzultzeko eskatuko da, egoki diren berandutze-interesekin batera.

d) Industria, Turismo eta Merkataritzako Ministerioaren deialdietara aurkeztu izana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, deialdi horietan aurreikusten diren epeetan, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta berandutze-interesa eskatuko.

13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.

15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2305185