88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AMESKOAKO LIMITACIONES MENDIKO BATZARREA

Ikus-entzunezko produktuak grabatzeko eta/edo filmatzeko herri-lurrak okupatzeagatiko tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Ameskoako Limitaciones Mendiko Batzarreak, 2022ko azaroaren 24an egin bilkuran, legez eskatzen den gehiengoaren bidez, erabaki zuen hasiera batez onestea ikus-entzunezko produktuak grabatzeko eta/edo filmatzeko jarduerak egiteko herri-lurrak okupatzeagatiko tasak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Zudairin (Ameskoabarrena), 2023ko martxoaren 20an.–Batzarreko burua, Estibaliz Erdocia Ormazabal.

IKUS-ENTZUNEZKO PRODUKTUAK GRABATZEKO ETA/EDO FILMATZEKO HERRI-LURRAK OKUPATZEAGATIKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua.

Ordenantza hau ezarri da bat etorriz martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.4 artikuluarekin. Foru lege horrek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu zuen, tasei eta prezio publikoei dagokienez.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Ordenantza honen zerga-egitatea da herri-lurren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, Batzarrearen eskumeneko ondasun eta/edo zerbitzuei eragiten diena edo haiek behar dituena filmaketa edo grabaketa jarduerak aurrera eramateko, hala nola zinema-filmak, telebista programak, dokumentalak, publizitate iragarkiak, bideoak, argazki erreportajeak edo ikus-entzunezkoen sektoreko beste edozein produktu.

Subjektu pasiboak

3. artikulua.

1.–Herri-lurrak okupatzeagatik tasa ordaintzeko betebeharra dute herri-lurrak okupatzeko udal-lizentzien titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, edo nortasun juridikorik gabeko subjektuek.

2.–Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.

3.–Aprobetxamenduaz gehiago baliatu gabe Batzarreari haren baja aurkezten ez diotenak.

4. artikulua.

Honako hauek dira karga-oinarriak:

–Herri-lurretan argazki-erreportajeak, bideoak edo grabazioak egitea, baldin eta horretarako beharrezkoa bada Ameskoako Limitaciones Mendiko lurzorua, lurgaina edo lurpea okupatzea, eta horiek egiteko behar badira bi kamera eta haien tripodeak, bi soinu ekipo eta bi argiztapen ekipo baino gehiago, horiek guztiak eramangarriak eta hari gabekoak, edo ibilgailuentzako espazioa erreserbatu behar bada, edo drona erabili, edo kalteak sortzen badira ibilgailuen edo erabiltzaileen joan-etorriengatik; hori guztia, efektu berezirik erabili gabe eta Batzarrearen altzarietan eta azpiegituretan inolako esku-hartzerik egin behar izan gabe.

–Aurreko apartatuan xedatutakoaz gain, honako hauek eskatzen dituzten jarduerak: lantalde handiagoa; efektu berezien, animalien eta/edo aireko baliabideen erabilera; Batzarrearen altzarietan, natur ondasunetan eta azpiegituretan esku hartzeko beharra eta/edo Batzarrearen zerbitzu jakin batzuk erabili beharra. Orobat, honako hauetan sartzen ahal diren jarduera arautuak izanen dira karga-oinarriak:

  • Erabiltzaileen edo ibilgailuen joan-etorriak nabarmen kaltetzen ahal dituztenak.
  • Egiten direnak babes bereziko guneetan, edo egiten direnak pertsona bolumen handi batek kolektiboki erabiltzekoak diren guneetan, edo segurtasun publikoko arrazoiek ukituta daudenak, edo udal jabetzeko eraikinetan egiten direnak.
  • Ibilgailu edo garraio bereziak erabiltzea eskatzen duten jarduerak.
  • Egiten direnak eragin berezia izan dezaketen data jakin batzuetan, edo, nolanahi ere, gauez egiten direnak.
  • Batzarreko zerbitzuek berariaz hala erabakitzen duten kasu guztietan, eskaeraren inguruabarrak zein diren eta zer tokitan esku hartuko den, horren arabera.

Tarifak

5. artikulua.

Eranskinean ageri diren tarifak aplikatuko dira; tarifok indarrean jarriko dira ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Zerga-kuota

6. artikulua. Zerga-kuota zehazteko, karga-oinarriei dagozkien tarifak aplikatuko zaizkie.

7. artikulua. Batzarreak baimenak ematen dituenean sortuko dira ordenantza honetan arautzen diren tasak edo, baimenik gabe jardun bada, aprobetxamendua hasi zenetik.

8. artikulua. Sortutako kuotak ordainduko dira baimenean zehazten den lekuan, betiere hogeita hamar eguneko epearen barnean, aipatutako baimena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

Salbuespenak eta hobariak

9. artikulua. Honako kasu hauetan ez da tasarik ordaindu beharko:

–Argazki erreportajeak egiten direnean eskuzko kamera bidez edo bideoak grabatzen direnean kamera sorbaldan jarrita, horiek egiteko ez denean behar inolako instalaziorik, eta ez dakartenak espazioak mugatzea edo oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorria mugatzea.

–Telebistako albistegietarako irudiak grabatzea kamera sorbaldan jarrita edo tripode bidez, horiek egiteko ez denean behar inolako instalaziorik, eta ez dakartenak espazioak mugatzea edo oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorria mugatzea.

–Irabazi-asmorik gabeko lanak. Inguruabar hori behar bezala frogatu beharko da.

–Grabazioak edo argazkiak egitea hezkuntzan erabiltzeko edo dokumental bat sortzeko. Xede hori aldez aurretik frogatu beharko da.

–Ikus-entzunezko Komunikazioko edo baliokideak diren ikasketetako ikasleen lanak, baldin eta lanok balio badute pertsonen prestakuntza akademiko edo profesionalerako eta ikasketa horiek ematen dituen hezkuntza erakundearen ziurtagiria badute.

–Egoitza soziala eta jarduera-lizentzia partzuergoko udalerriren batean dutenak, irudiak erabili nahi badituzte komunikabideetan, web-orri propioetan, sare sozialetan edo antzekoetan, hirugarrenei laga gabe.

10. artikulua. Partzuergoko udalak tasen ordainarazpenetik salbuetsita egonen dira.

Kudeaketa arauak

11. artikulua. Ordenantza honetako 2. artikuluan jasotako instalazio edo jardueraren batekin herri-lurrak okupatu nahi dituzten interesdunek arau hauek bete beharko dituzte:

1.–Herri-lurrak aprobetxatu nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek edo nortasun juridikorik gabekoek eskaera aurkeztu behar diote Batzarreari. Eskaera horretan zehaztuko dute aprobetxamenduaren izaera, epea eta iraupena, zehazki non egin nahi den, mugatzeko sistema eta, oro har, egin nahi den aprobetxamendua zehatz-mehatz zehazteko behar diren jarraibide guztiak.

2.–Ez bada iraupena zehazten, Batzarreak likidazioak egiten jarraituko du tarifetan ezarritako prezioekin, zergadunak dagokion baja deklarazioa egin arte.

3.–Araututako aprobetxamenduek kalteak eragiten badituzte Batzarrearen azpiegituretan edo ingurune naturalean, eragin dituztenek nahitaez itzuli beharko dute kalteak berreraikitzeko edo konpontzeko gastuen kostu osoa, eta kostu horiek ordainaraziko dira Batzarreko Zerbitzu Teknikoek egindako balorazioaren arabera.

4.–Edonola ere, herri-lurrak okupatu beharko dira Batzarreko langileek, edo, bestela, Ingurumeneko Landazaintza Zerbitzuak adierazitako moduan.

12. artikulua.

Ordenantza honetako 2. artikuluko a apartatuan jasotako instalazioetako batekin herri-lurrak okupatu nahi dituztenek arau hauek bete beharko dituzte:

1.–Batzarreari aurkeztuko diote egin beharreko instalazioen deklarazio zehatza, dagozkien planoekin batera.

2.–Baimendutako aprobetxamenduetan egindako aldaketa oro Batzarreari jakinarazi beharko zaio, horrek dagokion likidazioa egin ahal izan dezan, gertakari horiek kuota handiagoak aplikatzea eragiten dutenean. Kuota handienaren eta jada ordaindutakoaren arteko aldea baino ez da likidatuko.

3.–Era berean, deklarazioak aurkeztu beharko dira emandako aprobetxamenduen baja osoa edo partziala gertatuz gero. Deklarazio horiek aurkezten diren lauhilekoaren ondokoan izanen dituzte ondorioak.

13. artikulua. Arau-hauste kasuak eta kalifikazioa.

1.–Arau-hauste arinak: a) Herri-lurrak okupatu eta horien aprobetxamendua egitea nahitaezko baimenik gabe. b) Baimena iraungita, aprobetxamendua egiten jarraitzea. c) Azalera handiagoa okupatzea edo elementu kopuru handiagoa erabiltzea, finkatutako mugak gaindituz.

2.–Arau-hauste astunak: aurreko puntuko a), b) eta c) apartatuetan adierazitako ez-betetzeekin jarraitzea, agintaritzaren agenteek edo Batzarreak behin jakinarazi ondotik.

3.–Arau-hauste oso astunak: aurreko puntuko a), b) eta c) apartatuetan adierazitako ez-betetzeekin jarraitzea, agintaritzaren agenteek edo Batzarreak bi aldiz jakinarazi ondotik.

14. artikulua. Zehapenak.

–Arau-hauste arinengatik: idatzizko ohartarazpena.

–Arau-hauste astunengatik: 300 euroko zehapena.

–Arau-hauste oso astunengatik: 500 euroko zehapena.

Zehapen ekonomikoak %50 murriztuko dira ordainketa egiten bada zehazpena jakinarazi eta ondoko hilabetearen barnean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da behar diren tramiteak bete ondotik eta ondorioak sortuko ditu 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, aldatu edo indargabetu arte izanen da indarrean.

TARIFAK

1. epigrafea.–Herri-lurretan argazki-erreportajeak, bideoak edo grabazioak egitea, baldin eta horretarako beharrezkoa bada Ameskoako Limitaciones Mendiko lurzorua, lurgaina edo lurpea okupatzea, eta horiek egiteko behar badira bi kamera eta haien tripodeak, bi soinu ekipo eta bi argiztapen ekipo baino gehiago, horiek guztiak eramangarriak eta hari gabekoak, edo ibilgailuentzako espazioa erreserbatu behar bada, edo drona erabili, edo kalteak sortzen badira ibilgailuen edo erabiltzaileen joan-etorriengatik; hori guztia, efektu berezirik erabili gabe eta Batzarrearen altzarietan eta azpiegituretan inolako esku-hartzerik egin behar izan gabe: 200 euro egunean.

2. epigrafea.–Aurreko apartatuan xedatutakoaz gain, honako hauek eskatzen dituzten jarduerak: lantalde handiagoa; efektu berezien, animalien eta/edo aireko baliabideen erabilera; Batzarrearen altzarietan, natur ondasunetan eta azpiegituretan esku hartzeko beharra eta/edo Batzarrearen zerbitzu jakin batzuk erabili beharra: 500 euro egunean.

Iragarkiaren kodea: L2305045