88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UITZIKO KONTZEJUA

Ordenantza, mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Uitziko Kontzejuko Batzarrak, 2022ko abenduaren 2an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2023ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 10ean.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Uitzin, 2023ko martxoaren 6an.–Kontzejuko burua, Ana Aroma Arandia.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA UITZIKO KONTZEJUKO MENDIKO PISTEN ETA BIDEEN ERABILERA

Uitzi Larraungo landa-bide publikoen sarea ibarreko herritar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da, halaber, herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Hitz batez, ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Gero eta gehiago erabiltzen baitira Uitzi Larraungo herri-basoko pista eta bide publikoak, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Uitzi Larraungo natura ondarea zaintzea; erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek orekatuki erabiltzea; erabiltzeko egoera onean mantentzea; eta paseatzaileen eta, oro har, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea.

Helburua horixe dela, Uitzi Larraungo Kontzejuak ordenantza hau onesten du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, arautuko du landabide publikoen sarearen erabilera Uitzi Larraungo mugartean.

2. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Uitzi Larraungo landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. Bi metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzoetako bideak: gehienbat herritar talde batek erabiltzen ditu, beren etxeetara joateko edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietara joateko.

b) Baserrietako bideak, gehienetan aurreko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek erabiltzen dituztenak, sartzeko baserrietan eta haien inguruko ustiategietan.

c) Pista nagusiak, batez ere daudenak herri-basoko mugarrien lerrotik kanpora, erabiltzen direnak mendiko zona handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko. Era askotako erabilerak izaten dituzte: nekazaritza, abeltzaintza, turismoa, ehiza, etab.

d) Bigarren mailako pistak: herri-basoetan egoten dira, sare nagusiaren osagarri dira, eta aukera ematen dute ailegatzeko mendietara, baso berrietara, belardietara eta beste zenbait tokitara.

e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute: oro har, baso-erabilera edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Askotan, noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ezin dira ibilgailuak sartu.

2. Bi metro zabal baino meharragoak diren bideak: orgabide zaharrak eta bidexkak, era askotako erabilerak dituztenak, barnean direla lasterbideak eta turismorako bidexkak.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Uitzi Larraungo Kontzejuak zainduko du 2.1.a), b), c), d) eta e) ataletan zehazten diren mendiko bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran.

Horrez gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan zirkulatzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduera batzuekin. Debeku da, baita ere, ibilgailua aparkatzea pistetatik kanpo eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpo.

5. artikulua. Baimen orokorra, zirkulatzeko auzoetako bideetan eta baserrietarako sarbideetan edo nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioetarako sarbideetan.

Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta baserrietako bideak), baimentzen da motozikletak eta 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea.

Hala ere, 3,5 tonatik goitiko pisua duten ibilgailuak ere ibiltzen ahalko dira, Kontzejuak baimena ematen badu, behar bezala seinalatutako lekuetan (zubiak eta abar) izan ezik.

6. artikulua. Baimena, motozikletentzat eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunentzat, pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

Motozikletek eta 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunek libre izanen dute zenbait pistatan barna ibiltzea; Kontzejuak onetsiko du garrantzitsuenen zerrenda.

Kontzejuak berak aldatzen ahal du zerrenda hori, kontuan hartuz momentu bakoitzeko gorabeherak, pisten egoera edo berak ikusten duen beste arrazoiren bat, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izanen ordenantza hau aldatzea.

7. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Uitzi Larraungo gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduera batzuekin.

8. artikulua. Nork duen eskumena baimentzeko ibilgailu motordunak salbuespenez pistetan ibiltzea.

Kontzejuburuak emanen du baimena Uitzi Larraungo pistetatik aurreikusitako kasuetatik kanpo ibiltzeko. Baimena eskatzen ahal dute Uitzi Larraungo bizilagunek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste batzuek ere, baldin eta arrazoitzen badute beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako, edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetatarako.

9. artikulua. 3,5 tonatik goragoko ibilgailuetarako baimena.

3,5 tonatik goragoko ibilgailu guztiek beharko dute baimena Uitzi Larraungo mendiko edozein landabide publikotan barna zirkulatzeko.

Kontzejuburuak emanen du baimen hori.

Baimen puntualak edo koiunturalak eskatzen direnean (esaterako, basoko jardueretarako, obrak egiteko lurzoru urbanizaezinean, etab.), eta ikusirik aurreikusitako erabileraren intentsitatea eta iraupena, Kontzejuak erabiltzaileari eskatzen ahal dio abal bat aurkez dezala, bermatuko duena erabili ondoren pista ongi geldituko dela.

10. artikulua. Egur-aprobetxamendu pribatuen garraioa.

Galarazi gabe aurreko klausulan xedatutakoa, mendi pribatuetako egur-aprobetxamenduen kasuan, Kontzejuak ezar dezake kanon bat ateratzen den egur tona bakoitzeko, pistak egoera onean mantentzeko. Kanon hori ordaintzearekin ez dira kitatuko egurra ateratzean eragiten diren neurriz kanpoko kalteak. Kalte horiek espediente independente batean exijitu daitezke, indarreko legeen arabera.

11. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunetan ari direnean.

12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Gehieneko abiadura 15 kilometro orduko izanen da Uitzi Larraungo mendiko pista guztietan.

13. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripu arriskuak apaltzeko, eta trabarik ez egiteko oinezkoei, txirrindulariei eta animaliei, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, behar adina mantsotuz maldetan eta toki arriskutsuetan, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

14. artikulua. Jarduera debekatuak.

Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta gidatzeko manera muturreko guztiak ere, arriskugarri gerta daitezkeenak paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat. Salbuespen gisa, Kontzejuak baimena ematen ahal du egin daitezen ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak.

15. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute pistetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna, ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik.

16. artikulua. Pisten inbentarioa.

Kontzejuak pista guztien eta dagozkien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu; nolanahi ere, oraindik ere egin gabe badago, arau-hausleak ezin izanen du hori arrazoi gisa erabili ordenantza honetatik salbuesteko.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat joko da ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar edo debeku ez betetzea.

18. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; gehienez ere 300 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarri bezala.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, administrazioko premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onetsi, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2305499