88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza fiskala, arautzen dituena lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobariak. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2023ko urtarrilaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobariak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2023eko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 9an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobariak arautzen dituen ordenantza, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Garesen, 2023ko apirilaren 3an.–Alkatea, Oihan Mendo Goñi.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA GARESKO UDALAREN LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN HOBARIAK

1. artikulua. Izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga zuzeneko tributu erreala da, ondasun higiezinen balioaren gainean kargatzen dena, eta arautuko da ordenantza fiskal honen bidez eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133tik 158ra bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoaren bidez (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Hobariak familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo gurasobakartasun egoeran daudenendako.

Zerga-kuotaren %50eko hobaria izanen dute etxebizitzek, baldin haietan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboak familia ugari baten, guraso bakarreko familia baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titular badira, eta erroldaturik egon badira etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik. Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobaria aplikatzeko, baldintza izanen da gehienez ere bost urte igaro izana udalerriko balorazio txosten osoa onetsi zenetik edo azken berrikuspena egin zenetik.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

a) Eskabide sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko hiri-unitatea, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, edo guraso bakarreko familia batena edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia batena.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

d) Udalarendako baimena, familiaren datuak kontsultatu ahal izateko ogasunaren eta gizarte zerbitzuen alorretan eskumena duten administrazioetan.

3. artikulua. Etxebizitzarako hobaria kotizazio gabeko pentsioak dituzten edo Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean.

Zerga-kuotaren %50eko hobaria izanen dute etxebizitzek, baldin haietan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboek kotizazio gabeko pentsioak badituzte edo Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen badute 2022ko urtarrilaren 1ean, eta erroldaturik egon badira etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik.

Hobari hori aplikatuko da baldin etxebizitzan bizi den familia-unitateak diru-sarrera horiek soilik jasotzen baditu.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren familia-unitatearen errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobaria aplikatzeko, baldintza izanen da gehienez ere bost urte igaro izana udalerriko balorazio txosten osoa onetsi zenetik edo azken berrikuspena egin zenetik.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

a) Eskabidea, non jasoko baitira katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea adierazirik, eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

c) Oinarrizko gizarte-zerbitzuaren txostena, ziurtatzen duena kontribuzioaren hobariari dagokion ekitaldiko urtarrilaren 1ean bete egiten direla hobaria izateko eskubidea dakarten inguruabarrak. Ezinen dute hobaririk izan kotizazio gabeko pentsioa, Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta aipatu dataz geroztik hartzen dutenek.

d) Udalarendako baimena, familiaren datuak kontsultatu ahal izateko ogasunaren eta gizarte zerbitzuen alorretan eskumena duten administrazioetan.

4. artikulua. Hobaria ohiko bizilekuaren gaineko kontribuzioan, eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuak dituzten subjektu pasiboendako.

Zerga-kuotaren %50eko hobaria izanen dute etxebizitzek, baldin haietan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboek aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuak badituzte bertan. Gainera, etxebizitzaren titularrak erroldaturik egon beharko du etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan egotea administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

a) Eskabidea, non jasoko baitira katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea adierazirik, eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

c) Sistema horiek ohiko bizilekuan instalatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Udalak egiaztatzen ahalko du ea instalazio horiek baimena duten, udal lizentzia bidez, eta hobaria ukatzen ahalko du instalazioa legeztaturik ez badago.

d) Udalarendako baimena, subjektu pasiboen datuak kontsultatu ahal izateko ogasunaren eta industriaren alorretan eskumena duten administrazioetan.

5. artikulua. Artikuluetako hobariei aplikatu beharreko baldintzak.

Subjektu pasiboaren errentak kalkulatzeko, diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiari dagokion zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak).

Hobari hauek izan ahal izateko errenta-muga zehazterakoan, kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da indarrean zegoena frogatu beharreko errentaren aitorpenei dagokien urtearen abenduaren 31n.

Hobari hauek eskatu egin behar dira, eta zerga-onura honen titularrak ondasun higiezin bakarrerako aplikatzen ahalko ditu. Hobaria eskatzeko epea izanen da urte bakoitzaren urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa. Hobariok ez dira metagarriak izanen. Etxebizitza batek lor dezakeen gehieneko hobaria %50 izanen da.

Udalak aukeran izanen du edo kontribuzioaren ordainagiriak hobaria aplikaturik igortzea, edo, bestela, kontribuzio osoaren ordainagiriak igorri, eta gero hobariaren zenbatekoa itzultzea subjektu pasiboari, ekitaldi bakoitzeko bigarren seihilekoan.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatzeko epearen barruan egin beharko da eskaera.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Udalak ofizioz egiaztatuko ditu erroldatze urteei dagozkien baldintzak.

Hobari hauek izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Baldin eta ordenantza hau argitaratzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2022ko abenduaren 31z geroztik, 2023ko ekitaldiko lurraren kontribuzioari dagozkion hobari eskaerak aurkeztuko dira hilabeteko epean, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2305467