88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GENEVILLA

Ordenantza, arautzen dituena eguzki-energia jasotzeko instalazioak. Behin betiko onespena

Genevillako Udalak, 2022ko martxoaren 15ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, arautzen dituena eguzki-energia jasotzeko instalazioak udal-mugartean, eta erabaki hori argitaratu zen 2022ko 172. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 15ean.

Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi da, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez). Hona hemen haren testua.

SARRERA

CO2 emisioak murrizteko helburua hartu du Europak, eta hori lortzeko oinarrietako bat da energia berriztagarriak ekoiztea eta erabiltzea. Xede horretara bideratutako ekintzen artean dago, bereziki, norberaren kontsumorako energia sortzeko eguzki-instalazioak bultzatzea eraikinetan.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: batetik, lurraldean modu antolatuan ezartzea eta, bestetik, natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzea.

Genevillako Udalak arautu nahi ditu eguzki-energia biltzeko udal-mugarteko instalazioak; horretarako, baldintzak ezarriko ditu autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak bultzatzeko, eta instalaziook ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak izateko.

Ordenantza idatzi da koherentzia gordez lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekin.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Genevillako udal-mugartean ezartzeko eguzki-energia biltzeko instalazioak, zelula fotovoltaikodun panelen bidez biltzeko edo panel kolektore termikoen bidez biltzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Genevillako udal-mugarte osoa da.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-plakak edo -panelak dira eguzkiaren erradiazioen energia biltzen duten gailuak, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dutenak:

–Eguzki-instalazio termikoek zuzenean baliatzen dute eguzkitik jasotzen dugun energia, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoak baliatzen dituzte argindarra sortzeko, eguzki-erradiaziotik abiatuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko nahiz termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruaren gaineko instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Eguzki-instalazioak baimenduko dira soilik baldin neurri batean edo osorik badira eraikinen energia beharrizana asetzeko, dela etxeko ur beroa izateko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, jarraikiz apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuari (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo "velux" motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan jarriz gero, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat edo gehiago.

–Ezin izanen dute okupatu estalkiaren azaleraren %25 baino gehiago, eta gutxienez metro bat bereiziko dira fatxada-planotik, mehelinetatik eta bizkar-lima eta limatxokonetatik. Gutxienez 0,50 metro bereiziko dira argi-zuloetatik eta terrazetatik.

–Terrazen, argi-zuloen edo "velux" motako leihoen eta eguzki-panelen azalerak, baturik, ezin izanen du hartu estalki inklinatuaren azaleraren %30 baino gehiago.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan, esaterako biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

2. Estalki lauetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.

4. Eguzki-panelak paratu nahi badira Vianako Printzea Erakundearen Intereseko Eraikinen Inbentarioan sartutako eraikinetan, panelak paratzeko eskaerak bidaliko zaizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.

–Panelak lurzoruan bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioak

7. artikulua. Aurretiazko baimenak.

1. Instalazioak ezartzea eguzki-energia aprobetxatzeko, lurzoru urbanizaezinean, eraikinen estalkietan ez beste batzuetan, bai eta instalazio horien sarbideak eta linea elektrikoak ere: berariaz arautua dago 64/2006 Foru Aginduan, zeina eman baitzuen Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak.

Ingurumen-eraginei buruzko txostena egin beharko da, jarraikiz 17/2020 Foru Legeari (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea), salbu oinarrizko araudia aplikatuz ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar bada.

2. Eraikin berriei lotutako instalazioen kasuan, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean.

3. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.

8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan. Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo "velux" motako estalkiko leihoen antzera. Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurialdearen perimetrotik.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan, estalkiaren karelek estali beharko dituzte panelak, eta horien gehieneko garaieraren azpitik gelditu beharko dute. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak egiteko eskatzen ahalko du.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

4. Eguzki-panelak paratu nahi badira Vianako Printzea Erakundearen Intereseko Eraikinen Inbentarioan sartutako eraikinetan, panelak paratzeko eskaerak bidaliko zaizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

IV. KAPITULUA

Izapidetzea

9. artikulua. Lizentzia eskatzea. Erantzukizunpeko adierazpena.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

Betiere, obretarako udal lizentzia beharko dute instalazioek, baldin behar badituzte beste administrazio publiko batzuen aldez aurretiko hirigintza baimenak edo bestelakoak, aplikatzekoa den legediari jarraituz. Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.

Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, baldin egin nahi badira hala behar duten obrak, jarraikiz indarrean den Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeari.

Gainerako kasuetan, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

Genevillan, 2023ko apirilaren 4an.–Alkatea, Alberto Arriaga Ruiz de Infante.

Iragarkiaren kodea: L2305553