88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

54E/2023 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedienteari, 7. eta 11. eraikin-sailei dagokienez. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa honen helburu nagusia da 7. eraikin-sailaren eta 11.1 lurzatiaren erabilera aldatzea. Gainera, 7. eta 11. eraikin-sailen eraikigarritasuna eta aprobetxamendua aldatu nahi dira, bai eta 11.1 lurzatiko lerrokadurak ere.

Bi eraikin-sail horiek Orkoienen daude eta bat datoz udalerri horretako katastroko 1. poligonoko 950., 1541. eta 1542. lurzatiekin.

Aurkeztutako agiriaren arabera, aldaketarako arrazoia da "7. eta 11.1 lurzatien egungo erabilerak –erabilera anitzekoa eta industriala, hurrenez hurren– trukatzea, kontuan hartuta egun eraikita dagoen 11.1 lurzatiaren errealitate fisikoa eta 7. lurzatiak industriarako erabiltzeko aukerak dituela".

Espedientean daude, orobat, Babes Zibileko Zerbitzuak eta Iruñerriko Mankomunitateak emandako aldeko txostenak. Era berean, Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak aldeko txosten bat eman du 2022ko urriaren 19an, bi baldintza hauek jarrita: plano normatiboen artean sartzea I. eranskinean jaso den planoa eta araudian aipamen bat gehitzea, Iruñeko Aireportuak sortzen dituen zortasun aeronautikoek eragindako mugaketei buruzkoa. Espedientea ebatzi aurretik agiri teknikoa egokitu beharko da Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak emandako txostena kontuan hartuta.

Ingurumen ebaluazioari dagokionez, Ingurumen Inpaktuaren Atalak 2022ko uztailaren 18an adierazi duenez, "ikusirik UGPSaren aldaketaren ezaugarriak eta helburuak, proposamena ez dago sartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio esparruan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezartzen diren baldintzetan".

Jaso gabe dago Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena, zeinaren ondorioak kontuan hartu beharko baitira.

Besteak beste, aldaketaren memorian honako atal hauek sartu dira: "Bideragarritasun ekonomikoa" eta "Jasangarritasun ekonomikoari buruzko txostena". Atal horietan honakoa neurtzen da: jarduketaren bideragarritasun ekonomikoa, ukitutako ogasun publikoetan izanen duen eragina eta lurzorua ekoizpen-erabileretarako nahikoa eta egokia den.

Bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, defendatzen da ez dagoela urbanizazio kosturik aldaketa honen xede diren lurzatien aldaketari loturik, eta beraz ez dela beharrezkoa bideragarritasun ekonomikoaren azterketarik egitea.

Horri dagokionez, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bateginak, urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, ezartzen du hiri-ingurunearen gaineko jarduketak antolatzeko eta gauzatzeko –hirigintza-eraldaketakoak izan edo ez–, memoria bat egin beharko dela jarduketa horien bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, errentagarritasunari, kontserbatzeko legezko eginbeharraren mugekin bat etortzeari eta jarduketatik eratorritako onura eta kargen arteko oreka egokiari dagokienez, jarduketa-eremuan sartutako jabeentzat.

Testuinguru horretan, bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterketaren beharrik ez izateari dagokionez, gehitu behar da aldaketak, kargei dagokienez, urbanizazio-obrarik ez eragiteaz gain, ez diola eragiten kontserbatzeko legezko eginbeharrari, eta eraikuntza-kostuak antzekoak edo txikiagoak direla uler daiteke, erabilera industrialeko eraikigarritasuna handitzen delako erabilera anitzaren kaltetan, eta, horretan, erreferentziazko eraikuntza-kostuak erabilera industrialekoan baino txikiagoak dira. Onurei dagokienez, aurreikusitako eraikigarritasun- eta aprobetxamendu-murrizketak oso txikiak dira eremuko guztizkoekin alderatuta (UGPSaren guztizko eraikigarritasunaren eta aprobetxamenduaren %2ko eta %0,5eko murrizketa dakarte, hurrenez hurren). Laburbilduz, esan daiteke aldaketa honek oso eragin txikia duela errentagarritasunean, kontserbatzeko legezko betebeharrean edo aldaketak jabeentzat dakartzan onuren eta kargen arteko orekan.

Bestalde, sustatzaileak ez ditu bete Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2022ko irailaren 28an egindako errekerimenduan adierazitako zenbait alderdi:

–Indarrean dagoen tresnaren egitura edo antolamendua errespetatzeko, eskatu zen lurzatiaren lerrokadura- eta altuera-planoak (O-1.1, O-1.2 eta O-1.3) kendu eta indarrean dauden O02 "Lurzoruaren kalifikazioa" eta O08 "Lerrokadurak" izeneko planoak aldatuko dituzten antolamendu-planoekin ordezteko, bertan industria-eremu osoa islatuta.

Horri dagokionez, dokumentuan honako hau justifikatzen da:

"Industria-eremu osoaren planoak gehitzeak berekin ekarriko luke ikertzea orain arte, eguneratze aldera, egin diren aldaketa guztiak –benetan indarreko antolamenduaren isla direnak–, bai eta proposamen berria ere, tresnak duen antzinatasunak zailduta, gainera, eta hori espediente honen xedetik askoz harago doa. Horregatik guztiagatik, eskatu bezala planoak kendu besterik ez dugu eginen".

Onartu egiten da aipatutako justifikazioa, baina, horrek dokumentua antolamendu-planorik gabe uztea dakarren neurrian, bidezkoa da ofizioz honako hauek sartzea, memorian jasotako aurkibidean duten erreferentzia erantsita.

O.01.1 LERROKADURAK ETA ALTUERAK 7. LURZATIAN

O.01.1 LERROKADURAK ETA ALTUERAK 11.1. LURZATIAN

O.01.1 LERROKADURAK ETA ALTUERAK 11.2. LURZATIAN

–I-2.1 eta I-2.2 planoetatik 8. eta 9. eraikin-sailetako atzeraemanguneak eta distantziak kentzeko eskakizunari dagokionez, honela justifikatzen da: "Xehetasun horiek ezin dira kendu, indarreko UPGSaren plano baten zati banaezina baitira".

Ofizioz kendu behar da.

Gainera, indarreko eraikin-sailen araberako fitxa xehatuak (hau da, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 1E/2023 Ebazpenaren bidez behin betiko onartutako UGPSaren aldaketa) eta proposatutakoak alderatuta, ikusten da proposatutako fitxetan adierazitako parametro bat, hots, "solairu garaietako gehieneko azalera eraikia" ez datorrela bat indarreko araudiarekin. Indarreko eraikin-sailen arabera xehatutako fitxetan, "solairuarteko eta solairu garaietako gehieneko azalera eraikia" terminoa erabiltzen da erabilera anitzeko eraikin-sailetarako, eta "solairuarteko erabilerarako gehieneko azalera eraikia", berriz, erabilera industriala duten eraikin-sailetarako.

Aldaketa honetan solairuartea eta solairu garaiak terminoen arteko baliokidetasunari buruz jasotako argibideak gorabehera, komeni da fitxak zuzentzea, indarrean dagoen araudiarekin koherenteak izan daitezen.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko martxoaren 17ko txostena, eta bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginarekin, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedienteari, 7. eta 11. eraikin-sailei dagokienez. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

2. Sustatzaileari adieraztea ebazpen honen azalpen-zatian jasotako oharrak kontuan hartu beharko dituela, espedientea ebatzi aurretik.

3. Jarraituko zaio espedientean eskatu diren txosten sektorialetan xedatutakoari, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hilabete iraunen dute.

Ondorio horietarako, aldaketaren dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web orrian kontsultatzen ahalko da, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; epe horretan halaber, egokitzat jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Orkoiengo Udalari, Oltza zendeako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Sustatzaileari igortzea eskatutako txosten sektorialak, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2023ko martxoaren 17an emandako txostena ere, horren berri izan dezan eta ondorioak izateko.

Iruñean, 2023ko martxoaren 29an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2305388