88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

38/2023 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aurretiazko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko "Serena Solar 4 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako.

1.–2020ko martxoaren 3ko eskaera.

2020ko martxoaren 3an Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen Mendigorriko udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko 29,991 MWp-eko "Serena Solar 4 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz.

2.–Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2021eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 8koan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Administrazio Publikoei eta interesdunei.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

3.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak 2021eko abuztuaren 11n bidali zizkion Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteetan jasotako txostenak eta alegazioak.

4.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera, 2022ko ekainaren 16koa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.1 artikulua betetzeko, 2022ko ekainaren 16an Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk dokumentazioa aurkeztu zuen ingurumen ebaluazio arruntaren hasiera eskatzeko, jendaurreko informazioari buruzko tramitean jasotako alegazio eta txostenei emandako erantzuna ere erantsita.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, 2020ko urriaren 20an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera igorri zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalera.

5.–Aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak dio behar bezala egin dela ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura.

Hala ere, Biodibertsitate Zerbitzuaren ustez, Serena Solar 4 eta Serena Solar 5 eguzki parke fotovoltaikoen proiektuek eta energia ateratzeko azpiegiturek ingurumen inpaktu handiak dituzte, eta horrek arriskuan jartzen du haien ingurumen-bideragarritasuna. Azkenik, adierazten du eguzki instalazio horiek eraikitzeak inpaktu kritikoak izanen lituzkeela biodibertsitatean eta konektibitatean, eta horrek nekazaritzako baso-matrizea suntsituko lukeela. Izan ere, funtsezko elementua da inguru horretan dauden hainbat fauna- eta flora-espezie kontserbatzeko, bizirauteko behar baitute habitat mota hori, paisaia-kalitate handia duena, gainera.

Aurrekoa ikusita, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 14ko 1011E/2022 Ebazpenaren bidez, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk sustatutako Serena Solar 4 eta Serena Solar 5 eguzki parke fotovoltaikoen eta haien ebakuazio-azpiegituren proiektuen aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen.

6.–Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.

Ingurumen inpaktuaren adierazpena aurkakoa dela ikusirik, eta espedientearen azterketa teknikoa egin eta gero, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian egin dela, eta espedientea ebaztea proposatu du, eskatutako aurretiazko administrazio baimena ukatuz.

Bestalde, 2023ko martxoaren 16an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatu du instalazioaren sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea aurretiazko administrazio baimena, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatutakoa, Mendigorriko udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko 29,991 MWp-eko "Serena Solar 4 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako.

2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 2.000.000 euroko bermea itzul dezan; Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk jarri zuen berme hori 2020ko otsailaren 27an (erregistro zenbakia: 5020000072 CFNA 2020 (Av-NAV-0220)).

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau honako hauei jakinaraztea: Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari (CHE), Administrador de Infraestructuras Ferroviariasi (ADIF), AUDENASAri, Compañía Logística de Hidrocarburosi (CLH), Enagasi, E-Distribución Redes Digitales SLUri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari, Telefónica de España SAri eta Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentuari. Ohartarazten da, halaber, ebazpen honek ez duela administrazio-bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari zuzenduta, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, espediente zenbakia adierazita.

6. Ebazpen hau Adios, Biurrun, Eneritz, Mendigorria, Tiebas-Muru Artederreta, Obanos eta Ukarko udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 3an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2305631