88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

97/2023 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana. Haren bidez deialdi bat onesten da, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzearen ondorioz Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sarturik gelditu diren espezialitateetako zerrendetan aldi baterako kontratazioetarako agertzen diren izangaiei zuzendua, aukera izan dezaten espezialitateko betekizunak frogatzeko. Betekizun horiek Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Legearen I. eranskinean ezarrita daude.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) zazpigarren xedapen gehigarrian deklaratzen da –abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak ekarritako aldaketen ondoriozko idazketan– Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertu beharrekoa dela, eta horren bidez sortzen da Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoa.

Irakaskuntzako espezialitateei dagokienez, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, bosgarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan, ezartzen du desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko zer espezialitate sartzen diren Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan.

Bestetik, langileak aldi baterako administrazio araubidean kontratatzeari dagokionez, Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 8an emandako 37/2022 Foru Aginduaren I. eranskinean ezartzen da aldi baterako kontratazioetarako izangaiek berariazko zer titulazio izan behar duten Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzearen ondorioz Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu diren hamasei espezialitateetarako (Nafarroan daudenetarako). Foru agindu horrek onetsi zituen Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, eta haren eranskina, indarreko arauekin bat, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 31ko 970/2023 Ebazpenaren bidez eguneratu da.

Beste alde batetik, aipatu lege organikoaren laugarren xedapen iragankorrak gaikuntza ematen die hezkuntza administrazioei bitarteko langileak izendatzeko kidego horretan, legozkion betekizunekin, lege horretan eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan Lanbide Heziketako irakasleen gainean ezarritako xedapenen ondorioz garatu beharreko araudia osatu bitartean. Nafarroaren kasuan, bitarteko funtzionarioaren figura administrazio-kontratudunarengatik ordeztu behar da.

Bestetik, 14.2 artikuluaren b) letrak ezartzen du ezen izangaiek foru aginduaren I. eranskinean espezialitate bakoitzerako zehazten diren berariazko tituluen jabe izan beharko dutela, edo unibertsitate irakaskuntza ofizialen antolamendu berriaren ondorio diren tituluen jabe, kasua bada.

Adierazitakoarekin bat, eta izangaiak kontratatu behar direnean zehaztua egon dadin izangaiek zer irakasle kidegotakoak behar duten izan, beharrezkoa da jakitea espezialitate horietako zerrendetan agertzen direnek ba ote duten Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean eskatzen den berariazko titulazio akademikoa.

Horrenbestez, bidezkoa da deialdi bat onestea, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzearen ondorioz Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sarturik gelditu diren espezialitateetako zerrendetan aldi baterako kontratazioetarako agertzen diren izangaiei zuzendua, aukera izan dezaten espezialitateko betekizunak frogatzeko –betekizun horiek Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarrita daude–.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzearen ondorioz Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sarturik gelditu diren espezialitateetako zerrendetan aldi baterako kontratazioetarako agertzen diren izangaiei zuzendua, aukera izan dezaten espezialitateko betekizunak frogatzeko –betekizun horiek Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarrita daude–.

OINARRIAK

Lehena.–Izangaien betekizunak.

1.–Deialdi honetan parte hartzeko, interesdunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Hezkuntza Departamentuak aldi baterako kontratazioetarako dituen izangai zerrenda indardunetako batean egotea, zehazki, desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen espezialitate izanik Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu diren espezialitate hauetarako zerrenda batean:

–Ekipo Elektronikoak.

–Bero eta Fluido Ekipoen Instalazioa eta Mantentze-lanak.

–Instalazio Elektroteknikoak.

–Laborategia.

–Eraikuntza Proiektuen Bulegoa.

–Fabrikazio Mekanikoko Proiektuen Bulegoa.

–Elikagaien Elaborazioko Eragiketa eta Ekipamenduak.

–Prozesuko Lanak.

–Nekazaritzako Ekoizpeneko Lan eta Ekipoak.

–Diagnostiko Kliniko eta Ortoprotesikoko Prozedurak.

–Osasun eta Laguntza Prozedurak.

–Merkataritzako Prozesuak.

–Administrazio Kudeaketako Prozesuak.

–Komunitatearentzako Zerbitzuak.

–Sistema eta Aplikazio Informatikoak.

–Irudi eta Soinuko Teknika eta Prozedurak.

b) Izangaia 1.a) apartatuko zer espezialitate edo espezialitateetarako zerrendan dagoen, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean haietarako zehazten den titulazioetako baten jabe izatea. Foru agindu horrek Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten ditu.

Informazio ondorioetarako, deialdi honen web fitxan ematen da argitara (https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/acreditacion-titulacion-listas-vigentes-integracion-591-a-590) aipatu espezialitateetarako eskatzen diren titulazioen zerrenda.

c) Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa izatea; hori egiaztatzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzetako irakasleen lanbide arautuetan jarduteko gaitzen duen unibertsitateko master titulu ofiziala aurkeztu beharko da.

Titulu hori izatetik salbuetsita daude honako hau frogatzen dutenak:

–Honako hauetako bat lortu izana 2009ko urriaren 1a baino lehenago:

  • Espezializazio Didaktikoaren titulu profesionala, Irakaskuntzarako Gaikuntza Agiria edo Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria.
  • Maisu-maistra titulua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diploma, Lehen Hezkuntzako maisu-maistra titulua edo Pedagogia eta Psikopedagogiako lizentzia eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa duen lizentzia edo titulazio baliokidea.

–Irakasle jardun izana, 2008-2009 ikasturtea bukatu baino lehen, 12 hilabetez gutxienez, behar bezalako baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatuetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan, Lanbide Heziketan edo Hizkuntza Eskola Ofizialetan, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2.–Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira oinarri honetan aipatzen diren baldintza eta betekizun guztiak.

Bigarrena.–Parte hartzeko eskabide telematikoa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.–Parte hartzeko eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/acreditacion-titulacion-listas-vigentes-integracion-591-a-590); eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Tituluaren kopia eskaneatua, edo, kasua bada, administrazio dei egileari emandako baimen berariazkoa, Unibertsitate Titulu Ofizialen Erregistro Nazionalean kontsulta egin dezan, edo bestela, titulua edo tituluak erdiesteko behar diren ikasketa guztiak gauzatu izana frogatzen duen ziurtagiri akademikoaren kopia eskaneatua, titulua emateko tasak ordaindu izanaren frogagiria erantsita.

b) Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa frogatzen duen tituluaren kopia eskaneatua, edo titulu horren gaineko salbuespena frogatzen duten agiriena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan 2008-2009 ikasturtea amaitu baino lehen egindako zerbitzuak frogatzeko agiriak ofizioz emanen ditu Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak.

2.–Titulua atzerrian eskuratu bada, eskaneatutako kopia ez ezik, titulua homologatuta edo onartuta dagoela edo betekizun gisa eskatzen den titulazioaren maila akademiko berekoa dela egiaztatzen duen agiriaren kopia ere aurkeztu beharko da.

3.–Gaztelaniara edo euskarara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik; zinpeko itzultzaileek egindako itzulpenak izan beharko dira, eta jatorrizko agiriarekin batera aurkeztuko dira.

4.–Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

5.–Dokumentazio hori aztertuta ondorioztatzen bada izangaietako batek ez dituela betetzen eskatzen diren betekizunak, haren jarduerak baliogabetuko dira, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

Hirugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.–Prozeduraren instrukzioa.

1.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta eta eskatutako betekizunak egiaztatu ondoren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebazpen bidez onetsiko ditu desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitateetan –zehazki deialdiaren lehen oinarriko 1.a) apartatuan sartutakoetan– aldi baterako kontratu bidez aritu nahi duten eta lehenbiziko oinarriko betekizunak frogatu dituzten izangaien behin-behineko zerrendak. Halaber, betekizun horiek frogatu ez dituztenen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, arrazoia adierazita.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren web-orrian, deialdiaren fitxan, emanen ditu argitara zerrenda horiek.

Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Interesdunek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, akreditazioa ukatzea eragin duen akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak izan direla ohartu direnek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak bigarren oinarriaren 1. apartatuan aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko dira.

Akatsak zuzentzeko emandako epea bukatutakoan, ebazpen bat argitaratuko da webgunean, eta haren bidez ulertuko da atzera egin dutela aurkeztutako eskaera epe barruan zuzendu ez duten izangaiek.

2.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak egiteko eta/edo akatsak zuzentzeko epea iraganda, bide beretan argitaratuko da Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena, zeinaren bidez onetsiko baitira Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateetan –zehazki deialdiaren lehen oinarriko 1.a) apartatuan zehaztutakoetan– aldi baterako kontratu bidez aritu nahi duten eta lehenbiziko oinarriko betekizunak frogatu dituzten izangaien behin betiko zerrendak. Halaber, betekizun horiek frogatu ez dituztenen behin betiko zerrenda argitaratuko da, arrazoia adierazita.

Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak behin betiko zerrendak onesteko ematen duen ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Behin betiko zerrendak argitaratu ostean atzematen bada hartan dagoen izangairen batek ez dituela betetzen Bigarren Hezkuntzako irakasle lanetan kontratu bidez aritzeko eskatzen diren betekizunak, izangai horrek deialdi honetan parte hartzeagatik eskuratutako eskubide guztiak galduko ditu.

Bosgarrena.–Deialdi honen bidez lortutako aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenden ondorioak.

Deialdi honen emaitzek ondorioak izanen dituzte 2023-2024 ikasturterako irakasle kontratuak esleitzeko.

Horrenbestez, laugarren oinarrian aipatzen diren behin betiko zerrendetan daudenei ebazpen honen lehenbiziko oinarrian aipatzen diren espezialitateetako lanpostu bat esleitzen bazaie 2023-2024 ikasturterako, Bigarren Hezkuntzako irakasle lanetan aritzeko kontratua izanen dute.

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3.–Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko Plantillen Atalera eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira.

Iruñean, 2023ko martxoaren 31n.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

Iragarkiaren kodea: F2305411