81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

42E/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honen 2023ko deialdia: "Nafarroako toki erakundeentzako laguntzak, memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko". DDBN identifikazioa: 682855.

Bakea eta bizikidetza Nafarroako gizarte osoak gogo biziz eskatzen dituen bi nahi dira, eta Gobernuaren programaren eta ekintzaren lehentasunezko helburuak dira.

Nafarroako errealitate sozial eta politikoa motibazio politikoko indarkeriak markatu du azken hamarkadetan. Indarkeriak kalte konponezinak sortu ditu, pertsonaren duintasunaren aurka egin du, giza eskubideak sistematikoki urratu ditu eta, neurri handi batean, zatiketa eta urruntze sakona ekarri du norbanako, talde, familia, herri, erakunde eta hizkuntzaren, kulturaren eta politikaren arloko unibertsoen artean, eta kalte larria eragin bizikidetza-harremanetan.

Gainera, bereziki azken urteotan, bizikidetza nahaspilatuz joan da gure erkidegoaren zenbait esparrutan etnia, kultura, zibilizazio eta erlijio proposamen desberdinen artean ageri den mesfidantza eta diskriminazioagatik.

Errealitate horiek agerian uzten dute ahalegin bat egin beharra, egindako kalteak gainditzeko eta gatazka eta indarkeriazko eszenatoki berrien agerpena galarazteko. Horretarako, memoria historikoari buruzko legeetan xedatutakoa betetzeko asmoz, ezinbestekoa da gertatu denarekiko memoria bizia eta kritikoa indartzea, begirada biktima izan direnei zuzenduta, merezi dutelako egia, justizia eta erreparazioa. Aniztasuna onar eta errespeta dadila sustatzea ere beharrezkoa da, bakearen kultura bultzatuta. Alde horretatik, ideologia, etnia, kultura, zibilizazio eta bizipen erlijiosoen arteko harremanek, bizikidetzak eta topaketak balio positiboa eta aberasgarria izan behar dute gure gizarte demokratikoarentzat; betiere aintzat hartuta ezen pertsonaren duintasuna eta giza eskubideak erreferentzia etiko unibertsal eta ukaezina direla desberdinen arteko harremanetan.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroako toki erakundeen ahalik eta inplikazio handiena sustatu gogo du memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekimenak sustatu eta garatzeko.

Toki erakundeek funtsezko zeregina dute bizikidetza inklusibo berri baten eraikuntzan, herritarrengandik hurbil daudelako eta benetako parte-hartze demokratiko errespetuzkoaren eszenatokiak sortzeko aukerak dituztelako. Erakunde multzo horren bete-beteko sostengu irmoa funtsezkoa da bake iraunkorreko eta errespetuzko bizikidetzako eszenatoki berria sendotuko bada.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak horien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Deialdi honen xedea da toki erakundeei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren arloko jarduerak egin ditzaten 2023an.

Deialdiak bide ematen die erakunde interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia ados egonik.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeei memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko emanen zaizkien laguntzen 2023ko deialdia onestea.

2. 60.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko honako partida hauen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B20002 B2100 4609 232503 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko

2023

30.000,00

B20002-B2100-7609-232500 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, memoriaren, biktimen eta giza eskubideen arloko jarduketetarako

2023

30.000,00

3. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Foru agindu hau igortzea Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, haren Kontabilitate Zentrora, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko martxoaren 20an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZAK, MEMORIAREN, BIKTIMEN, GIZA ESKUBIDEEN, BAKERAKO HEZKUNTZAREN ETA BIZIKIDETZAREN ARLOKO JARDUERAK EGITEKO 2023AN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Laguntzen xedea da Nafarroako toki erakundeek jarduketa hauetakoren bat egitea:

I. INBERTSIOAK MEMORIAREN, BIKTIMEN ETA GIZA ESKUBIDEEN ARLOAN.

1) 1936ko kolpe militarraren eta ondoko errepresio frankistaren biktimak gogoratzeko eta errekonozimendua egiteko elementuak jartzea (plakak, panelak, oroitarriak, etab.).

2) Terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta errekonozimendua egiteko elementuak jartzea (plakak, panelak, oroitarriak, etab.).

3) Frankismoaren memoriari lotutako ondare elementuei esanahi berri bat ematea, bizikidetza sustatzeko eta giza eskubideen inguruan hausnartzeko guneak izan daitezen.

4) Ikur eta elementu frankistak kentzea eremu publikotik, 33/2013 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

II. JARDUERAK BAKEAREN, BIZIKIDETZAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN ARLOAN.

Gizarte osoak parte hartzeko moduko jarduerak antolatzea, hala nola:

1) Erakusketak, foroak, hitzaldiak, eztabaidak, topaketak, lehiaketak eta ekitaldiak, helburu dutenak hausnarketa eta konpromisoa sustatzea bake eta bizikidetza kulturaren balioen gainean, bai eta giza eskubideen urraketak ez errepikatzearen gainean ere.

2) Bizikidetza lortze aldera egindako jarduerak, helburu dutenak topaketa, elkar ezagutzea eta elkarrizketa sustatzea sentsibilitate politiko desberdinetako pertsona eta taldeen artean, eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinetakoen artean.

3) Bizikidetza eraikitzeko tokiko planak garatzea.

Deialdi honen xedetik kanpo gelditzen dira kulturen arteko bizikidetza berariaz sustatzeko tokiko planak; izan ere, horiek diruz lagunduko dira Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak dagokionean egiten dituen deialdien bidez.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Dirulaguntzaren xedeko proiektu eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean garatuko dira, argi eta garbi erakutsi beharko dute zer ahalmen pedagogiko eta sozial duten memoriaren, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren alde, eta helburu hauetakoren bat bultzatu beharko dute:

–Indarkeriazko gure historia nola sortu eta garatu den eta haren ondorioak ikasten laguntzea, berriro gerta ez dadin bermatzeko, giza eskubideen zapalketekiko memoria kritikoa bultzatuz.

–Giza eskubideen errespetua sustatzea, eta biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideari erantzutea, betiere biktima bakoitza bere biktima-izaeraren testuinguruan hartuta.

–Hainbat sentsibilitate politikotako eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologikotako pertsona eta taldeen arteko topaketa eta gogoeta, analisia eta elkarlanaren esperientzia sustatzea, adiskidetzea, bakea eta bizikidetza helburu duten jarduera eta ekitaldien bitartez.

–Laneko batzorde edo talde egonkorrak bultzatzea, lan egin dezaten bakearen eta bizikidetzaren aldeko programa edo proiektuak sustatzen.

–Herritarrak, batez ere belaunaldi gazteenak, inplikatzea bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren kultura sustatzen, hainbat ideologia, sinesmen, uste edo iritzitako herritarren artean haustura sozial berriak agertu baino lehen.

Laguntza horiek Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoan aurreikusitako ekintzen parte dira.

3.–Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako udal, kontzeju eta mankomunitateek jasotzen ahalko dituzte oinarri hauetan arautu diren laguntzak.

Aurkezten diren erakundeek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Jarduerek bete beharrekoak.

Laguntzaren xedeko jardueren ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.

Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 27ra bitarte egin beharko dira.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Erakunde interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera. Eredu horiek (I. eranskinean jasoak) erakundeen eskura egonen dira Nafarroako Atariaren tramiteen katalogo fitxan:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17385/Ayudas-a-entidades-locales-de-Navarra-para-la-realizacion-de-actividades-en-materia-de-memoria-victimas-derechos-humanos-educacion-para-la-paz-y-convivencia-2023

Eskaerak aipatutako fitxaren bidez ("Tramitatu" botoia) aurkeztuko dira edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Eskaerak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, destinoko unitatea: 10007859.

Erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak, ezarritako ereduen arabera prestatuak (ereduak erakunde interesdunen eskura daude 5.1 oinarrian ezarritako tokietan), erakundearen ordezkariak behar bezala sinatuak aurkeztu beharko dira, honako dokumentazio hau erantsita:

a) Toki erakundeko organo eskudunak laguntza eskatzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria, eskatzen den diru zenbatekoaz gainera, jarduerak egiteko aurreikusitako gastu-aurrekontuaren guztirako zenbatekoa adierazita.

b) Behar diren ziurtagiriak, egiaztatzeko ezen zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrak ordainduak dituela.

c) Toki erakundearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera batean ere ez dagoela dioena.

d) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, toki erakundeek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela dioena.

e) Mankomunitateen kasuan, estatutuen fotokopia aurkeztu beharko dute, eta jarduera mota eta izaera juridikoa adierazi.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak du eskumena dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko.

7.–Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuta, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Baremo hauei jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

7.1. Bakar-bakarrik inbertsioak sartzen dituzten proiektuen kasuan (omentzeko elementuak instalatzekoak edo ikurrak kentzekoak):

a) Egin beharreko inbertsioaren hedadura eta begien bistako eragina: 60 puntu arte.

a1. Kaleetan, eraikinetan, auzoan, natura eremuan edo ondare elementuan ukitutako eremua edo azalera: 40 puntu arte.

a2. Inbertsioaren begien bistako eragina: 20 puntu arte.

b) Beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuekin elkarlanean egindako ekimenetako inbertsioak (Parlamentua, Nafarroako Gobernua, memoriaren inguruko elkarteak, biktimen elkarteak, fundazioak, etab.): 20 puntu.

c) Inbertsioaren aurrekontuaren eragimena: 20 puntu arte.

7.2. Gainerako proiektuen kasuan, hots, ohiko gastuetan oinarritutako jarduerak sartzen dituztenak edo ohiko gastuak eta inbertsioak aurreikusten dituztenak:

a) Jardueren proiektuaren kalitate teknikoa: 65 puntu arte.

a1. Jardueren tipologia, definizioa eta abian jartzeko plana: 20 puntu arte.

–Jardueren zehaztasun maila: 10 puntu arte.

–Jardueren aniztasuna: 5 puntu arte.

–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 5 puntu arte.

a2. Berariazko helburuak lortzea, eragina eta espero diren emaitzak: 20 puntu arte.

–Berariazko helburuak lortzea eta justifikazioa: 7 puntu arte.

–Eraginaren eta espero diren emaitzen kalitatea: 13 puntu arte.

a3. Hainbat motatako jendeak parte hartuko duela aurreikusten bada (toki erakundeko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek etab.): 15 puntu arte.

a4. Aurrekontuaren eragimena: 10 puntu arte.

b) Jarduerak sartzea bakearen eta bizikidetzaren helburuarekin lan egiten duten beste udal egitura edo/eta plan zabalago batzuetan: 10 puntu arte.

c) Jarduerak egiteko hartu diren zeharkako neurrien intentsitatea (genero berdintasuna, aukera berdintasuna, gaztelania eta euskara erabiltzea, ingurumen arloko neurriak jardueren eragina gutxitu edo zuzentzeko): 10 puntu arte.

d) Jarduerak zabaltzeko planaren kalitatea: 15 puntu arte.

7.3. Laguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

8.–Laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100erainokoa izaten ahalko da esleitzen den laguntzaren zenbatekoa, kontuan izanda proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izaten ahal dela. Toki erakunde bakoitzak jarduera guztiak jaso beharko ditu proiektuan, inbertsioak barne, haietarako laguntza eskatzen badu deialdi honen babesean.

Inbertsioen partidan edo ohiko gastuen partidan aurreikusita dagoen aurrekontu kontsignazioa gainditzen bada, eskatutako eta onartutako zenbatekoaren gainean portzentaje-tarte hauek aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko –8.000 euroko mugarekin, betiere–, lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko partida bakoitza bere aldetik hartuta:

TARTEAK

PORTZENTAJEA %

50 eta 54 artean

55

55 eta 59 artean

60

60 eta 64 artean

65

65 eta 69 artean

70

70 eta 74 artean

75

75 eta 79 artean

80

80 eta 84 artean

85

85 eta 89 artean

90

90 eta 94 artean

95

95 eta 100 artean

100

Aurreko irizpidea aplikatuta ere aurrekontuko kontsignazioa gainditzen bada, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 60.000 euro ditu 2023ko gastuen aurrekontuan deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko, partida hauen kargura hain zuzen:

–30.000,00 euro "Toki erakundeentzako dirulaguntzak bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jardueretarako" izeneko B20002 B2100 4609 232503 partidaren kargura.

–30.000,00 euro "Toki erakundeentzako dirulaguntzak memoriaren, biktimen eta giza eskubideen arloko jarduketetarako" izeneko B20002 B2100 7609 232500 partidaren kargura.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 27ra bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu hautagarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute jardueraren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta toki erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu xehatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.

Inbertsio gastuei dagokienez, oroigarriak jartzearekin eta/edo ikur frankistak kentzearekin zuzenean lotutako gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

Ez dira inoiz diruz lagungarritzat hartuko erakunde eskatzailearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, ez eta langileen gastuak ere.

Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (adibidez, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ez dira diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarrien barrenean, diruz lagundutako jarduera zabaltzeko gastuen zenbatekoa, laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dena, ez da izanen jardueraren aurrekontuaren %20 baino handiagoa.

Baldin toki erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntzaren muga zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta bertan adieraziko dira dirulaguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Hala ere, diru zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ez du gaindituko erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da, eta berandutze-interesa eskatuko da.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

12.1. Laguntza jarduerak justifikatu eta deskribatu ondoren ordainduko da, egin ahala, eta egutegi honen arabera:

–Jarduera guztiak abuztuaren 31 baino lehen, egun hori barne, amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, eta 2023ko irailaren 7an beranduenez.

–Jarduera guztiak abuztuaren 31ren ondoren amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, eta 2023ko abenduaren 1ean beranduenez.

12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen azalduko dira; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Justifikazioko kontu horrek dagozkion frogagiriak eduki beharko ditu. Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez onetsi baitzen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua. Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.

12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, ebaluazio memoria tekniko bat aurkeztu behar da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari zuzendua, 12.1 puntuan ezarritako datak baino lehen. Memoria horrek datu kuantitatibo eta kualitatiboak jaso behar ditu diruz lagundutako jarduera bakoitzaren gauzatzeari buruz, eta V. eranskinaren araberakoa izanen da. Nahi izanez gero, erakunde onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren zein erakunde onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.

13.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza eman eta hilabeteko epean, onuradunek gardentasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen VI. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat; izan ere, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu.

Horrez gainera, laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Dirulaguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen erakundearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Jarraipena.

12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, egiaztatzeko justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu direla, zer hedadura izan duten eta erakunde onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak direla.

15.–Baldintzak aldatzea.

Erakunde onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek zilegi izanen dute dirulaguntza jasotzen duen programaren (bat baino gehiago izan daitezke) edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Instrukzio organoak %10etik beherako aldaketa ekonomikoak onartzen ahalko ditu kontzeptu diruz lagungarrietan, baldin eta horien ondorioz proiektuaren helburuak aldatzen ez badira edo baremoan lortutako puntuazioa jaitsi beharra gertatzen ez bada.

16.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

I. ERANSKINA

LAGUNTZA-ESKAERAREN EREDUA

A) ERAKUNDEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK

ERAKUNDEAREN IZENA:

IFK:

ERAKUNDE MOTA:

Udala

Kontzejua

Mankomunitatea

B) JARDUEREN PROIEKTUA

AURKEZTEN DIREN JARDUEREN KOPURUA, GUZTIRA:

1. JARDUERA (prestatu fitxa bat, osoa, jarduera bakoitzerako, informazio honekin)

JARDUERAREN IZENA:

JARDUERAREN DESKRIBAPEN LABURRA: (labur deskribatu jarduera mota, eta azaldu zer harreman duen deialdiaren 1. berariazko oinarrian definitu den xedearekin):

JARDUERAREN HELBURUAK: (adierazi jardueraren helburu orokorra eta berariazko helburuak, eta azaldu zer harreman duen deialdiaren 2. oinarri orokorrean definitu den helburuarekin):

ESPERO DIREN EMAITZAK ETA GIZARTE-ERAGINA: (argi eta garbi azaldu lortu gogo diren emaitzak eta proposatutako jarduerarekin gizartean gertatzea espero den eragina):

AURREIKUSITAKO INPLIKAZIOA ETA PARTE-HARTZEA: deskribatu pertsona motak (sexua, adina eta abar) eta aipatu zer gizarte eta kultur eragile, elkarte, entitate, alderdi politiko, erakunde, komunikabide eta abar dauden aurreikusita jardueretan parte hartzeko. Azaldu zertan izanen den haien parte-hartzea. Kalkulatu zenbat pertsonak parte hartuko duten jardueran.

JARDUERA EGITEKO EGUTEGIA:

Hasiera eguna:

Bukaera eguna:

Oharrak:

JARDUERAREN KOSTUA: _________________________ euro.

Xehatu aurreikusita dauden gastuak, kontzeptu hauen arabera:

  • Areto, gune, azpiegitura eta abarren alokairua (adierazi zeintzuk) _____________________ euro.
  • Hizlari, animatzaile eta abarren kontratazioa (adierazi zeintzuk) ________________________ euro.
  • Zerbitzu teknikoen kontratazioa (adierazi zeintzuk) _____________________ euro.
  • Jardueren diseinua, inprimaketa, argitalpena eta zabalkundea (adierazi zeintzuk. Jardueraren aurrekontuaren %20 gehienez) ________________________________________________ euro.
  • Beste batzuk (adierazi zeintzuk)

JARDUERARAKO AURREIKUSITAKO GASTUAK, GUZTIRA:

Adierazi nola finantzatuko diren gastuak:

  • Eskaturiko laguntza: __________________________________________________________ euro.
  • Beste laguntza publiko batzuk: (Adierazi jatorria) ____________________________________ euro.
  • Beste laguntza pribatu batzuk: (Adierazi jatorria) ____________________________________ euro.
  • Baliabide propioak: _________________________________________________________ euro.

C) JARDUERAK SARTZEA BAKEAREN ETA BIZIKIDETZAREN HELBURUAREKIN ANTOLATZEN DIREN BESTE EGITURA EDO/ETA PLAN ZABALAGO BATZUETAN

Adierazi zer plan edo egitura zabalagotan sartzen den jardueren proiektua (dokumentu bidez egiaztatu beharko da, 1. oinarriko e) atalean ezarritakoari jarraikiz):

Bizikidetzarako plan estrategikoa/komunitarioa.

Bakearen eta Bizikidetzaren Udal Batzordea.

Beste entitate publiko eta/edo pribatuekiko lankidetzarako ekimena.

Beste batzuk (adierazi zeintzuk).

Azaldu zer harreman dagoen planteatzen diren jardueren eta haiek txertatzen diren plan edo egituren artean.

D) ZEHARKAKO NEURRIEN INTENTSITATEA

Adierazi zeharkako zein esparrutan hartzen diren neurri positiboak:

Genero-berdintasuna.

Desgaitasunak dituzten pertsonen integrazioa.

Gaztelania eta euskararen erabilera.

Ingurumen jasangarritasunerako neurriak hartzea, jarduerek izan dezaketen eragin negatiboa gutxitu edo/eta zuzentzeko.

Azaldu nola txertatuko den jardueretan aukeratutako zeharkakotasun esparru bakoitza.

E) ZABALKUNDE PLANA

Adierazi zer lan egin gogo diren proposatutako jarduerak behar bezala zabaldu eta haiei buruzko informazioa emateko:

Publizitate iragarkiak komunikabideetan.

Jarduerak argitaratzea web-orrietan eta/edo sare sozialetan.

Liburuxkak, kartelak eta abar argitaratzea.

Beste batzuk (zehaztu zein).

Azaldu zabalkunde planaren helburuak eta hedadura, norentzat den, zabalkunde ekintzen egutegia, eta abar.

_________________________(e)n, 2023ko ______________________aren ____(e)(a)n

Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Erakundearen zigilua:

II. ERANSKINA

ERAKUNDE ESKATZAILEAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN BERARIAZKOA, ADIERAZTEN DUENA EZ DAGOELA DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 9KO 11/2005 FORU LEGEAREN 13. ARTIKULUAREN 2. ETA 3. APARTATUETAN DIRULAGUNTZEN ONURADUN IZATEKO EZARRITAKO EZEIN DEBEKU-EGOERATAN

Izen-abizenak: ____________________________________________________________________

_____________________________________________ erakundearen legezko ordezkari gisa,

ADIERAZTEN DU:

Berak ordezkatzen duen erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.

Orobat, adierazten du egunean dituela indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

_________________________(e)n, 2023ko ______________________aren ____(e)(a)n

Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Erakundearen zigilua:

III. ERANSKINA

ERAKUNDE ESKATZAILEAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN BERARIAZKOA, ESKATUTAKO BESTE LAGUNTZA BATZUEI BURUZ

Izen-abizenak: ____________________________________________________________________

_____________________________________________ erakundearen legezko ordezkari gisa,

ADIERAZTEN DU:

Berak ordezkatzen duen erakundeak

EZ duela beste dirulaguntza edo/eta laguntza publiko edo pribaturik eskatu aurkeztutako jarduerak finantzatzeko.

BAI, eskatu dituela beste dirulaguntza edo/eta laguntza publiko edo pribatu batzuk, aurkeztutako jarduerak finantzatzeko.

ESKATUTAKO LAGUNTZEN ZERRENDA

ZEIN ERAKUNDERI ESKATU ZAION LAGUNTZA

ZENBATEKOA

ESKAERAREN EGOERA

_________________________(e)n, 2023ko ______________________aren ____(e)(a)n

Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Erakundearen zigilua:

IV. ERANSKINA

DIRU-SARREREN ETA GASTUEN JUSTIFIKAZIO-KONTUAREN EREDUA

Aurkezpenaren data:

Gastuen kapitulua.

ZK.

KONTZEPTUA

HORNITZAILEA

FAKTURAREN DATA

FAKTURAREN ZENBATEKOA

ZENBATEKO DIRUZ LAGUNGARRIA

ORDAINKETAREN EGUNA

Jarduerei egotzitako gastuak, guztira:

Diru-sarreren kapitulua.

ZK.

JATORRIA

ZENBATEKOA

Jarduerei egotzitako diru-sarrerak, guztira:

_________________________(e)n, 2023ko ______________________aren ____(e)(a)n

Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Erakundearen zigilua:

V. ERANSKINA

EBALUAZIO MEMORIAREN EREDUA

A) ERAKUNDEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK

ERAKUNDEAREN IZENA:

IFK:

ERAKUNDE MOTA:

Udala

Kontzejua

Mankomunitatea

B) JARDUEREN EBALUAZIOA

EGINDAKO JARDUERA KOP., GUZTIRA:

1. JARDUERA (prestatu fitxa bat, osoa, jarduera bakoitzerako, informazio honekin)

JARDUERAREN IZENA:

LABUR DESKRIBATU ZER JARDUERA EGIN DEN:

AZALDU LORTU DIREN, EDO EZ, JARDUERARAKO PROPOSATUTAKO HELBURUAK:

AZALDU LORTU DIREN, EDO EZ, GIZARTEAN AURREIKUSITAKO ERAGINA ETA ESPERO ZIREN EMAITZAK:

AURREIKUSITAKO INPLIKAZIOA ETA PARTE-HARTZEA:

Deskribatu jardueretan parte hartu duten pertsona motak (sexua, adina eta abar), gizarte eta kultur eragileak, entitateak, alderdi politikoak, erakundeak, komunikabideak eta abar. Azaldu zertan izan den haien parte-hartzea. Kalkulatu zenbat pertsonak, guztira, hartu duten parte jardueran (ahal dela, sexuaren eta adinaren arabera bereizita).

ADIERAZI NOIZ EGIN DEN JARDUERA:

Hasiera eguna:

Bukaera eguna:

FINANTZEN LABURPENA

JARDUERAREN AZKEN KOSTUA: _________________________ euro.

Xehatu egin diren gastuak, kontzeptu hauen arabera:

  • Areto, gune, azpiegitura eta abarren alokairua (adierazi zeintzuk) ______________________ euro.
  • Hizlari, animatzaile eta abarren kontratazioa (adierazi zeintzuk) ________________________ euro.
  • Zerbitzu teknikoen kontratazioa (adierazi zeintzuk) _____________________ euro.
  • Jardueren diseinua, inprimaketa, argitalpena eta zabalkundea (adierazi zeintzuk. Jardueraren aurrekontuaren %20 gehienez) ________________________________________________ euro.
  • Beste batzuk (adierazi zeintzuk).

JARDUERAN EGINDAKO GASTUAK, GUZTIRA:

Adierazi nola finantzatu diren gastuak:

  • Emandako laguntza: _________________________________________________________ euro.
  • Beste laguntza publiko batzuk: (Adierazi jatorria) ____________________________________ euro.
  • Beste laguntza pribatu batzuk: (Adierazi jatorria) ____________________________________ euro.
  • Baliabide propioak: __________________________________________________________ euro.

C) ZEHARKAKO NEURRIEN INTENTSITATEA

Ahal bada, azaldu, kualitatiboki eta kuantitatiboki, nola txertatu den jardueretan eskaeran proposatutako zeharkakotasun esparru bakoitza.

D) ZABALKUNDE PLANA

Adierazi zer jarduketa egin diren proposatutako jarduerak behar bezala zabaltzeko eta haiei buruzko informazioa emateko, eskaeran proposatutako zabalkunde planaren arabera.

E) ONDORIOAK ETA AZKEN BALORAZIOA

Labur azaldu interesgarrien jotzen diren ondorioak, jarduerak egin ondoren ateratzen ahal direnak. Azkenik, baloratu esperientzia.

_________________________(e)n, 2023ko ______________________aren ____(e)(a)n

Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Erakundearen zigilua:

VI. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrak bete direla adierazteko eredua

Izen-abizenak: _______________________________________, NAN/IFZ: _____________________.

Honako hau ordezkatuz: __________________________________, IFK _______________________.

Helbidea: _____________________________________________________________________.

Ondotik ematen den adierazpena egiten dut, dirulaguntza honen onuradun naizen aldetik:

________________________________________________________________________________

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak (2018ko 98. NAO, maiatzaren 23koa) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen ditu.

Bat etorriz aipatu foru legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoarekin, honakoa ADIERAZTEN DUT:

Gardentasun betebeharrak betetzen ditut, ezarrita daudenak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean.

_________________________(e)n, 2023ko ______________________aren ____(e)(a)n

Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Erakundearen zigilua:

Iragarkiaren kodea: F2304707