81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruan hiriko taxi zerbitzua emateko eurotaxien 20 lizentzia lehiaketa bidez emateko deialdia

2023ko martxoaren 28an, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak 162/2023 Ebazpena eman zuen. Hona hemen ebazpen horren testu osoa:

Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeak Xedapen Gehigarri Bakarraren 2. idatz-zatian ezartzen du Iruñerriko Mankomunitatea izango dela toki entitate eskuduna taxi zerbitzua antolatu eta kudeatzeko Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan.

Xedapen Gehigarri Bakar horretako 7., 8. eta 9. idatz-zatiek hau jasotzen dute:

7. Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra honakoa izanen da: 1,33 lizentzia 1.000 biztanleko. Hurrengo idatz-zatian ezarritako baldintzak beteko dira.

8. Iruñerriko Mankomunitateak behar adina lizentzia emanen du, hau da, taxi lizentzien gutxieneko indize orokor hori aplikatuta ateratzen den kopurua ken eremuko udalerrietan guztira dauden lizentzien kopurua. Prozedura honi jarraituko zaio:

A) Baterako zerbitzurako eremu honetan Iruñerriko Mankomunitateak eskumenak hartuko dituen mementotik aitzina 90 lizentzia emanen dira. Prozesu hori 2006ko urtarrilaren 1etik eta 2007ko apirilaren 1era bitarteko epean eginen da.

B) Iruñerriko Mankomunitateak 2007. urtean berariazko azterketa eginen du Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuko taxi zerbitzuaren egoeraren gainean. Mugikortasuna eta alderdi sozioekonomikoak aztertuko ditu, ondoko irizpideak, gutxienez, kontuan harturik:

a) Bere mugarteko taxi zerbitzuen eskaria eta eskaintza.

b) Biztanleen garraio beharrizanak noraino betetzen diren mota guztietako garraio zerbitzu publikoen bidez.

c) Taxi zerbitzuaren erabiltzaileen gogobetetasun maila.

d) Eremuan taxi zerbitzuaren eskaria sor dezaketen jarduerak: merkataritza, industria, turismoa eta bestelakoak.

e) Bere mugarteko zerbitzu publikoen azpiegiturak (osasuna, irakaskuntza, gizarte zerbitzuak, aisiarako tokiak, jolas eta kirol jarduerak), garraioak eta taxi zerbitzuen eskariari eragiten dioten beste faktore batzuk.

f) Taxi zerbitzua ematearen azterketa ekonomikoa.

Nafarroako Taxien Kontseiluak nahitaez emanen du azterketa horri buruzko txostena.

C) Iruñerriko Mankomunitateak, dituen eskumenen esparruan, lizentzia gehiago emateko egutegia eta prozedura ezarriko ditu, B) letran ezarritako azterketan ageri diren ondorioak eta proposamenak oinarri, eta honakoak kontuan hartuko ditu:

a) Baldin eta lizentzia berrien kopurua, azterketako proposamenen aplikazio eperako, ez bada 7. idatz-zatian ezarritako erreferentzia-indize orokorrera iristen, erreferentzia-indize horri eutsiko zaio helburu izan dadin etorkizuneko azterketetan.

b) Baldin eta lizentzia berrien kopurua, azterketako proposamenen aplikazio eperako, 7. idatz-zatian ezarritako erreferentzia-indize orokorra baino handiagoa bada, erreferentzia-indize berri hori ezarriko da.

9. Iruñerriko Mankomunitateak azterketa eginen du bere eraginpeko eremuko hiriko taxi zerbitzuaren egoeraz, Eskualdeko Garraio Plan bakoitza egitearekin batera. Azterketa horretan aurreko idatz-zatiko B) letran aipatutako gaiak jorratuko dira, gutxienez. Behar izanez gero, azterketa horrek bide emanen du Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan lizentzien indize orokor berria ezarri eta aplikatzeko, foru lege honen 9. artikuluan aipatutako izapideak eginda.

Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5. artikuluak taxi lizentziak emateko araubidea arautzen du. Artikulu horretan hau ageri da:

5. artikulua. Lizentziak emateko araubidea.

1. Taxi lizentziak emateari dagokionez, foru lege honetan xedatutakoa eta udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek onetsitako ordenantzetan ezarritakoa beteko da.

2. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek emanen dituzte taxi lizentziak, lehiaketaren bidez. Foru lege honen 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten pertsona fisikoek parte hartu ahal izanen dute batean zein bestean. Ibilgailuen eta aseguruen inguruko baldintzak betetzeko konpromiso idatzia aurkeztu ahal izanen da. Baldintza horiek bete beharko dira taxi lizentzia behin betiko eman aurretik.

3. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek eskubidea izanen dute lizentziak emateko prozeduretatik sortzen diren diru-sarrerak hartzeko.

4. Taxi lizentziaren eskualdaketa ez da lizentzia-ematetzat joko.

5. Lizentziak emateko prozeduran taxien arloan eskudunak diren udal edo entitateek jarduketak jarriko dituzte abian emakumea sektorean sartzeari begira.

Bere aldetik, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 18. artikuluak lizentziak eta baimenak emateko prozedura ezartzen du. Artikulu horretan hau ageri da:

18. artikulua. Lizentziak eta baimenak emateko prozedura.

1. Udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak adjudikatuko ditu taxi lizentziak, foru agindu honetan xedatutakoari loturik.

2. Taxi lizentziaren adjudikazioaren hartzaileak, adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; bereziki, zerbitzurako behar diren ibilgailuak badituela, aseguruak kontratatu dituela eta, hala denean, soldatapeko gidaria kontratatu duela frogatu beharko du.

3. Agiri horiek aurkeztu ondoren, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak behin betiko emanen dio taxi lizentzia adjudikazio-hartzaileari.

4. Taxi lizentziaren titularrak hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimena eskatuko dio garraioaren arloko eskumena duen departamentuari. Eskatzaileak aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintzak betez gero, Departamentuak baimena eman beharko dio, foru lege honen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera egindako iritzi-adierazpenean baimen hori ematearen aurkako iritzia azaltzen den kasuetan izan ezik.

Bi hilabeteko epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, baimen eskaera baietsi dela ulertuko da.

5. Oro har, lizentzia edo baimena eman zaiela jakinarazi eta 60 egun naturaleko epean hasi beharko dute zerbitzuan titularrek, ordenantzetan beste epe bat ezartzen ez bada.

Halaber, Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruko taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 6. artikuluak hau jasotzen du:

6. artikulua. Lizentziak emateko prozedura.

1. Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentziak Iruñerriko Mankomunitateak emanen dizkie, lehiaketa bidez, horiek lortzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei.

2. Iruñerriko Mankomunitateak lehiaketaren deialdiaren oinarriak onetsiko ditu. Horietan, jarraitu beharreko prozedura eta baloratuko diren merituak zehaztuko dira, betiere, publikotasun, aukera berdintasun, konkurrentzia eta baztertua ez izateko printzipioek bermatu beharko dituztelarik. Dena dela, lizentziak emateko prozeduran, emakumea taxiaren munduan sartzeko jarduketak jarriko dituzte abian. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

3. Behin lehiaketa egin eta gero, eman gabe gelditzen diren lizentzien kopurua gainditzen duten hainbat lizitatzaileren arteko puntu berdinketa ematen bada, gelditzen diren lizentziak taxi gidari profesionalaren baimenean puntuaziorik handiena lortu duten lizitatzaileei emanen zaizkie, Baldintzen Pleguan ezarritakoarekin bat.

Beste alde batetik, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 10. artikuluko 1. idatz-zatiak jasotzen du aldian behin, biztanleriaren bilakaeraren arabera, udalek eta baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek indarra duen indize orokorra beren lurralde esparruetan betetzeko behar diren taxi lizentziak eman beharko dituztela.

Iruñerriko Hiri Garraioaren X. Planak, 2023rakoak, "Taxiaren eskaintza hobetzeko txoke-plana" (3.19 jarduketa) hartzen du bere jarduketen artean, zerbitzuaren eskaerara egokituta, taxi zerbitzuaren eskaintza hobetzeko helburuarekin.

Neurri horien barnean, plan horrek jarduketa moduan jasotzen du gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileentzako egokituta dauden taxien zerbitzuen eskaintza handitzea, eurotaxien lizentzia berriak emanda, egun daudenei gehitzeko.

2023ko otsailaren 28an, Garraio Sailak "Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruko taxi zerbitzuaren egoerari buruzko azterlana (Taxiei buruzko Foru Legeko Xedapen Gehigarri Bakarra). Taxi lizentzia berriak emateko plana" egin du.

Azterlan horrek 5. atalean ("Lizentzia berriak emateko proposamena") hau jasotzen du:

Sektorearen orekan zuhurtzia eta eraginkortasuna edukitze aldera, premisa hauek hartuko dira abiapuntu etorkizuneko lizentziak emateko:

  • Hasiera batean, Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparrurako erreferentzia-indize orokorrari eustea eta ez handitzea, Taxiei buruzko Foru Legearen 10.2 artikuluak ahalbidetzen duen moduan.
  • Lizentzia emateko deialdiak ez izatea 10 lizentziatik beherakoak, ez eta 50 lizentziatik gorakoak ere.
  • Eurotaxien 20 lizentzia berriak sartu ondoren 2007an lortutako eurotaxi ibilgailuen ehunekoari eustea, gutxienez.

Premisa horiek eta txosten honetan aztertutako informazioa abiapuntu hartuta, hau proposatzen da:

  • Taxien eskaintza hobetzeko egungo txoke-planeko neurrien barnean, eta gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileentzako taxi zerbitzuari irmo heltzeko, 2023an eurotaxien hogei (20) lizentzia berri ematea. Hartara, 335 lizentzia lortuko lirateke, guztira, eta 0,90eko erreferentzia-indize orokorra.
  • Ondoren, lizentzia horiek zerbitzuan sartu eta gero, lizentzia berri horiek gehitzearen eragina eta, Taxiei buruzko Foru Legean jasotakoaren arabera, neurri berriak inplementatzeko beharra aztertzea.

2023ko martxoaren 15ean egin zuen saioan, Nafarroako Taxien Kontseiluak aldeko txostena eman zuen "Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruko taxi zerbitzuaren egoerari buruzko azterlana (Taxiei buruzko Foru Legeko Xedapen Gehigarri Bakarra). Taxi lizentzia berriak emateko plana" txostenaren gainean.

Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruan taxi lizentziak emateko deialdia eta oinarriak onartzeko eskumena Mankomunitateko lehendakariari dagokio Iruñerriko Mankomunitatearen Estatutuen 20.20 artikuluarekin, Iruñerriko Mankomunitatearen Antolaketa eta Funtzionamendurako Araudiaren 28.20 artikuluarekin, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen, apirilaren 2koaren, 21.1 s) artikuluarekin bat (azken hori aplikatzekoa da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen, uztailaren 2koaren, 8.2 artikuluaren arabera).

Azaldutako guztia aintzat hartuta,

EBATZI DUT:

1. Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruan hiriko taxi zerbitzua emateko gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileak garraiatzeko egokituta dauden ibilgailuen 20 lizentzia lehiaketa bidez emateko deialdia eta oinarriak onartzea, ebazpen honen barnean sartuta daudenak.

2. Deialdia eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoan kaleratu daitezela agintzea.

3. Adieraztea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 52.2 artikuluan ezarritakorekin bat, ebazpen honek amaiera ematen diola administrazio-bideari, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean. Aldez aurretik berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera dago, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, edota gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, bietan hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 28an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

IRUÑERRIAN TAXI ZERBITZUA BATERA EMATEKO LURRALDE ESPARRUAN HIRIKO TAXI ZERBITZUA EMATEKO GURPIL-AULKIAN IBILTZEN DIREN ERABILTZAILEAK GARRAIATZEKO EGOKITUTA DAUDEN IBILGAILUEN1 20 LIZENTZIA LEHIAKETA BIDEZ EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruan hiriko taxi zerbitzua emateko eurotaxien 20 lizentzia lehiaketa bidez ematea.

1.2. Lizentzia hauek guztiak eurotaxienak izango dira, hau da, lizentzia hauek gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileak garraiatzeko egokituta dagoen ibilgailu bat eduki beharko dute atxikita une oro, 1544/2007 Errege Dekretuak, azaroaren 23koak, desgaitasuna duten pertsonentzako garraio-moldeetan sartzeko eta erabiltzeko irisgarritasunaren eta bereizkeriarik ezaren oinarrizko baldintzak arautzen dituenak2 (edo hori ordezten duen araua), agintzen duena betetzeko.

1.3. Ez badira esleitzen eurotaxien 20 lizentziak, hutsik gelditzen diren horiek lehiaketa berri baten xede izango dira.

(1) Hemendik aurrera, eurotaxia.

(2) Hemendik aurrera, 1544/2007 Errege Dekretua.

2.–Araubide juridikoa3.

Deialdi honen xede diren lizentziei ezarri beharreko araubide juridikoa ondoko araudian jasotzen da:

a) 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

b) 9/2005 Foru Legea, uztailaren 6koa, Taxiei buruzkoa4.

c) Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruko taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza5.

d) Taxiaren ordenantza teknikoa.

e) Taxiaren tasen ordenantza.

f) Taxiaren tarifak.

g) Taxi zerbitzuaren dirulaguntzen ordenantza.

h) Arauak garatu edo osatzeagatik aplikatzekoak izan daitezkeen gainerako xedapenak.

(3) Taxiaren arloko ordenantzak eta tarifak Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoan kontsultatu ahal dira: https://sedeelectronica.mcp.es/contenido/normativa/servicios.

(4) Hemendik aurrera, 9/2005 Foru Legea.

(5) Hemendik aurrera, Ordenantza arautzailea

3.–Taxi lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko bete beharreko baldintzak.

Lehiaketan parte hartzeko bete beharreko baldintzak hauek dira:

a) Pertsona fisikoa izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europako Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

c) B motako gidabaimena edukitzea indarrean edo gidabaimen hori edukitzea egiaztatzen duen ziurtagiria.

d) Iruñerriko Mankomunitateak emandako taxi gidari profesionalaren baimena edukitzea.

e) 3.000 euroko bermea osatzea, 6.2.b) oinarriaren arabera.

4.–Bermeak.

4.1. Interesa duten pertsonek 3.000 euroko bermea aurkeztu beharko dute Iruñerriko Mankomunitatearen alde.

4.2. Kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 70. artikuluaren arabera, bermea modu hauetakoren baten bidez aurkeztu ahalko da: abal bidez (eredua II. eranskinean), banku transferentzia bidez (kontu zenbakiak: ES67 2100 9161 4622 0012 4523 edo ES57 3008 0001 1224 4860 3924) edo kauzio aseguruaren kontratuaren bidez.

4.3. Banku transferentzia egiten bada, azalpenean "Taxi lizentzien deialdiko bermea" idatziko da.

4.4. Bermeak eskaintza mantentzen dela ziurtatuko du, behin-behineko esleipena onartzen den artean.

4.5. Organo eskudunak lizentzien behin-behineko esleipena onartu eta berehala, behin-behineko esleipendun izan ez direnei itzuli egingo zaie bermea, eta atxiki egingo zaie behin-behineko esleipendunei.

4.6. Behin-behineko esleipendunei atxikitako bermea konfiskatu egingo zaie, baldin eta lizentziaren behin-behineko esleipena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean lizentzia emateko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ez badituzte, 11.5 atalean jasota dagoenaren arabera. 3 hilabeteko epe hori luzatu ahal izango da, behin-behineko esleipendunari ez dagozkion eta justifikatuta dauden arrazoiengatik. Behar bezala egiaztatuta egongo dira arrazoi horiek. Interesdunak epea luzatzeko eskaera egin beharko du, eta 3 hilabeteko epea amaitu aurretik aurkeztu beharko du eskaera hori.

4.7. Atxikitako bermea lizentziak behin betiko esleitu eta gero itzuli egingo zaie esleipendunei.

4.8. Behin-behineko esleipendun izan den pertsona bat lizentziak esleitzeko prozesutik baztertzen bada, bere tokia hartuko du ezarritako lehentasun ordenaren arabera lehen tokian dagoen pertsonak, lizentziaren behin-behineko esleipenduna izan ez denak. Esleitzeko behin-behineko zerrendan prozedura honen bidez berriro onartu diren pertsona guztiek lehen batean esleipendun izan direnek dauzkaten baldintza berberak edukiko dituzte, eta behin-behineko esleipena jakinarazi zaienetik 5 laneguneko epea izango dute 3.000 euroko bermea osatzeko. Ez badute bermea osatzen epe horretan, ulertuko da uko egiten diotela behin-behineko esleipenari eta zerrendan hurrengo tokian dagoenari eskainiko zaio. Helburu horretarako eta adierazitako epearen barnean, bermea osatu dutela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute Mankomunitatearen erregistroan.

5.–Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

5.1. Eskabideak, nagusiki, Iruñerriko Mankomunitateko erregistroen gaian laguntza emateko bulegoan aurkeztu beharko dira, Iruñeko Chinchilla Jeneralaren kalearen 7an (Rozalejoko Markesaren kaletik sartu behar da).

5.2. Edonola ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen6 16.4 artikuluan ezarrita dauden gainerako tokietan ere aurkeztu ahal izango dira.

5.3. Oinarri hauen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita hilabete bateko epea egongo da eskabideak aurkezteko.

(6) Hemendik aurrera, 39/2015 Legea.

6.–Agiriak.

6.1. Eskaerak deialdi honen I. eranskinean dagoen ereduaren araberako eskabide baten bidez aurkeztuko dira, eta harez gain, hiru gutun-azal itxi aurkeztuko dira, hitz hauek idatzita izango dituztenak: "TAXI ZERBITZUA EMATEKO EUROTAXIEN 20 LIZENTZIA ESLEITZEKO LEHIAKETA", eta eskabidea aurkezten duen pertsonaren izen-abizenak, NANa eta sinadura, eta bai gutun-azal bakoitzaren izenburua ere. Hauek izango dira izenburuak, hurrenez hurren:

a) 1. gutun-azala: ADMINISTRAZIO AGIRIAK.

b) 2. gutun-azala: PROPOSAMEN TEKNIKOA.

c) 3. gutun-azala: PROPOSAMEN EKONOMIKOA.

6.2. "ADMINISTRAZIO AGIRIAK" izenburua duen 1. gutun-azalean hauek sartuko dira:

a) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren indarreko Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuarena.

b) Bermea: interesa duten pertsonek 3.000 euroko bermea aurkeztu beharko dute Iruñerriko Mankomunitatearen alde, 4. oinarrian xedatutakoaren arabera.

c) Indarreko gidabaimenaren fotokopia edo gidabaimena duela egiaztatzen duen ziurtagiriarena.

d) Iruñerriko Mankomunitateak egiaztatuko du eskatzaileak Mankomunitateak berak emandako taxi gidari profesionalaren gidabaimena duela eta indarrean dagoela.

6.3. "PROPOSAMEN TEKNIKOA" izenburua duen 2. gutun-azalean, III. eranskin gisa eransten den ereduari jarraikiz, interesa duen pertsonak oinarri hauetako 7. klausulan esleipenerako ezarritako irizpideak baloratu eta puntuatzeko ematen dituen agiriak (proposamen ekonomikoa izan ezik) sartu beharko ditu.

6.4. "PROPOSAMEN EKONOMIKOA" izenburua duen 3. gutun-azalean, IV. eranskin gisa eransten den ereduarekin bat, eskaintza ekonomikoa sartu beharko da.

7.–Esleitzeko irizpideak.

7.1.–Esleitzeko irizpideak.

Lizentziak esleitzeko irizpide hauek izango dira kontuan, behar bezala neurtuak eta handienetik txikienera ordenaturik:

IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA
(25 puntutik)

Eskaintza ekonomikoa

10

Alderdi ekologikoak

4

Alderdi teknologikoak

3

Zerbitzu eskaintza

8

7.2. Eskaintza ekonomikoa:

a) 10 punturekin baloratuko da, gehienez, ondoko formula erabilita:

P: emango den puntuazioa. Ekuazioaren emaitza, bi hamartarrekin biribilduko da.

X: lizentziaren truke eskainitako zenbatekoa eurotan.

b) Ehun mila euro (100.000 euro) eskaini beharko dira gutxienez.

c) Eskaintza IV. eranskinean adierazitako formatuari lotu beharko zaio.

d) Eskaintzan aurkeztutako datuak bat ez badatoz, letraz adierazitako balioa nagusituko da zenbakiz adierazitakoaren aurrean.

e) Formula ondoko grafikoarekin bat dator:

f) Adibide gisa, eskaintzaren balio ezberdinei egokituko litzaiekeen puntuazioa jasotzen da ondoren:

ESKAINTZAREN BALIO EKONOMIKOA

PUNTUAZIOA

100.000

0,00

110.000

4,50

120.000

7,60

130.000

8,70

140.000

9,18

150.000

9,42

160.000

9,57

170.000

9,66

180.000

9,72

190.000

9,77

200.000

9,80

Etab.

Etab.

7.3. Alderdi ekologikoak:

a) Alderdi hau gehienez ere 4 punturekin baloratuko da.

b) 4 puntu emango zaizkie "Cero emisiones" (Zero isurpen) ingurumen-bereizgarriaren arabera sailkatuta dauden ibilgailuak eskaintzen dituzten pertsonei. Zehazki, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroko sailkapenarekin bat etorri beharko du.

c) Halaber, 2 puntu emango zaizkie "Eco" (Eko) ingurumen-bereizgarriaren arabera sailkatuta dauden ibilgailuak eskaintzen dituzten pertsonei. Zehazki, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroko sailkapenarekin bat etorri beharko du.

d) Eskaintza III. eranskinean adierazitako formatuari lotu beharko zaio.

7.4. Alderdi teknologikoak.

a) Alderdi hau gehienez ere 3 punturekin baloratuko da.

b) Erabiltzaileek zerbitzua edozein unetan telefonoz erreserbatu ahal izateko bidea ematen duen teknologia beharrezkoa edukitzeko konpromisoari puntu 1 emango zaio.

Behin betiko esleipena jakinarazten den egunetik aurrera zenbatzen hasita, 6 hilabeteko epean ezarri beharko da teknologia hori.

c) Erabiltzaileek zerbitzua edozein unetan mugikorreko aplikazioaren bidez erreserbatu ahal izateko bidea ematen duen teknologia beharrezkoa edukitzeko konpromisoari 2 puntu emango zaizkio.

Behin betiko esleipena jakinarazten den egunetik aurrera zenbatzen hasita, 6 hilabeteko epean ezarri beharko da teknologia hori.

d) Eskaintza III. eranskinean adierazitako formatuari lotu beharko zaio.

7.5. Zerbitzu eskaintza.

a) Alderdi honetan, 8 punturekin baloratuko da, gehienez, zerbitzua aldi batzuetan egiteko eskainitako konpromisoa. Konpromiso horren iraupena, zerbitzua ematen hasten den egunetik zenbatzen hasita, urte 1ekoa, 3koa eta 5ekoa izan daiteke, punturen bat lortzeko.

b) Eskaintzan, lerro bakoitzeko aukera bat markatu beharko da, eta ez bada aukera bakar bat ere markatzen ulertuko da hautatutako aukera lehenbiziko zutabekoa dela, "Bakar bat ere ez". Lerro bakoitzean zenbait aukera markatuz gero, denbora-iraupen handieneko aukera dela ulertuko da.

c) Konpromiso bakoitzari dagokion puntuazioa ondoko taulan adierazten da:

KONPROMISOAK

KONPROMISOAREN IRAUPENA

Bakar bat ere ez

Urte 1

3 urte

5 urte

Zerbitzua ematea astelehenetik ostiralera, ez jaiegunetan, 07:30etik 10:00etara

0

0,5

2

4

Zerbitzua ematea astelehenetik ostiralera, ez jaiegunetan, 13:00etatik 15:30era

0

0,5

2

4

d) Aintzat hartu beharreko alderdiak:

–Konpromisoa hasteko eguntzat hartuko da zerbitzua benetan ematen hasteko eguna.

–Konpromiso hauek egiaztatzeko, taximetroaren informazioa eskatu ahal izango da.

–Eskainitako konpromisoak Iruñerriko Mankomunitateak ezar ditzakeen gutxieneko zerbitzuetatik kanpokoak izango dira.

–Zerbitzu hau emateak ez du mugatzen jarduera beste aldi batzuetan gauzatzea.

e) Eskaintza III. eranskinean adierazitako formatuari lotu beharko zaio.

8.–Balorazio batzordea.

Agiriak kalifikatzeko eta proposamenak baloratzeko ardura izango duen Batzordea pertsona hauek eratuko dute:

a) Lehendakaria: David Campión Ventura, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, eta ordezkoa, Maite Esporrín Lasheras, Mankomunitateko lehendakariordea.

b) Jesús Velasco Pérez, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko Garraio Arloaren zuzendaria, eta ordezkoa, Aitor Borobia Barrio, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko Garraio Arloko teknikaria.

c) Pedro Luis Rezusta Zudaire, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko Garraio Arloko teknikaria, eta ordezkoa, María Paz Alvero Jiménez, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko Garraio Arloko teknikaria.

d) Manuel Lumbreras Navas, Mankomunitateko kontu-hartzailea, eta ordezkoa, Belén Pascual Morrás, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko ekonomista.

e) Fernando Chueca Inchusta, Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria, idazkari ariko dena, eta ordezkoa, Maite Donázar Pascal, Mankomunitateko idazkari nagusia.

9.–Administrazio agiriak kalifikatzea.

9.1. Proposamenak aurkezteko epea amaituta, Balorazio Batzordeak, barne ekitaldian, interesdunek 1. gutun-azalean (ADMINISTRAZIO AGIRIAK) aurkeztutako agiri orokorrak kalifikatuko dituzte saio pribatuan.

9.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 5 egun naturalen barnean, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda emango da argitara Iruñerriko Mankomunitateko iragarki-taulan (Chinchilla Jeneralaren kalearen 7a, Iruña) eta bai bere egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere (https://sedeelectronica.mcp.es/).

9.3. Baztertuek erreklamazioak egin eta egindako akatsak, halakorik bada, zuzendu ahal izango dituzte, hurrengo 5 egun naturalen epean.

9.4. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda era berean jarriko da jendaurrean, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta handik 5 egun naturaletara. Ez badago bazterturik, behin-behineko zerrenda behin betiko izatera igaroko da, eta hala jasoko da zerrendan.

10.–Eskaintzak irekitzea.

10.1. Proposamen teknikoa.

Behin ezagunak direnean onartutako pertsonak, Balorazio Batzordeak, berriro ere barne ekitaldian, 2. gutun-azalaren (PROPOSAMEN TEKNIKOA) edukia ireki eta aztertuko du, zazpigarren oinarrian ageri diren esleipen-irizpideen arabera.

2. gutun-azalaren (PROPOSAMEN TEKNIKOA) edukia esleipen-irizpideen arabera aztertu ondoren lortutako puntuazioa emango du Balorazio Batzordeak eta puntuazio hori jasotzen duen akta kaleratuko du Iruñerriko Mankomunitateko iragarki-taulan (Chinchilla Jeneralaren kalearen 7a, Iruña) eta bai bere egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere (https://sedeelectronica.mcp.es/). Argitalpen horretan, gainera, 3. gutun-azala (PROPOSAMEN EKONOMIKOA) jendaurreko ekitaldian irekitzeko eguna, ordua eta tokia jakinaraziko dira.

10.2. Proposamen ekonomikoa.

3. Gutun-azalak (PROPOSAMEN EKONOMIKOA) jendaurreko ekitaldian irekiko dira eta Balorazio Batzordeak irakurriko ditu.

11.–Lizentziak esleitzeko proposamena.

11.1. Behin eskaintzak ebaluatuta, Balorazio Batzordeak bakoitzari lehentasun hurrenkera bat esleituko dio, hurrengo prozedurari jarraituta:

a) Berdinketa gertatzen denean, emakumeek izango dute lehentasuna gizonen aurrean. Berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna izango dute taxi gidari profesionalaren baimena lortzeko probetan puntuazio oso handiena lortu duten pertsonek. Berdinketak jarraitzen badu, zerbitzu eskaintzan puntuazio handienak izango du lehentasuna; berdinketak jarraituz gero, alderdi ekologikoetan lortu den puntuazio handienak izango du lehentasuna; oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, alderdi teknologikoetan eskuratutako puntuazio handienak izango du lehentasuna; eta, oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, proposamen ekonomikoan lortutako puntuazio handiena lehenetsiko da.

Aurreko irizpide horiek aplikatuta, oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, jendaurreko zozketa bat egingo da behin betiko hurrenkera erabakitzeko.

b) Lehentasun hurrenkera hurrenez hurren esleituko da, lehendabizikotik azkenekora eta puntuazio handienetik txikienera. Hau da, guztien artetik puntuaziorik hoberena lortu duen eskaintza hartu eta lehenengo postua esleituko zaio lehentasun ordenan; ondoren, bigarren puntuaziorik onena lortu duen eskaintza hartu eta bigarren postua esleituko zaio; eta horrela, behin eta berriro.

11.2. Esleipen proposamena Iruñerriko Mankomunitateko iragarki-taulan kaleratuko da (Iruñeko Chinchilla Jeneralaren kalearen 7a) eta bai erakundearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere (https://sedeelectronica.mcp.es/).

11.3. Balorazio Batzordeak bere proposamena aurkeztuko dio Mankomunitateko lehendakariari, eta hark, ebazpen bidez, lehiaketan emandako puntuazioa aintzat hartuta, lizentzien behin-behineko esleipendun direnen zerrenda onartuko du.

11.4. Ebazpena zuzenean jakinaraziko zaie behin-behineko esleipendun diren pertsonei.

11.5. Behin-behineko esleipendunek, esleipena jakitera eman eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, lizentzia emateko eta haren titular izateko eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, bereziki, hauek:

a) Lizentzia lortuko duen ibilgailua erabiltzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, aurkeztutako eskaintzari lotu beharko zaiona, eta 9/2005 Foru Legean eta Ordenantza arautzailean aurreikusitako ezaugarriak bete beharko dituena, tarifa-sistemaren elementuez gain.

Hauek izango dira aurkeztu beharreko agiriak:

–Ibilgailuaren fitxa teknikoa.

–Zirkulazio baimena.

–Egokitu duen tailerraren ziurtagiria, 1544/2007 Errege Dekretua betetzen duela egiaztatzeko.

Ibilgailuak zenbait konfiguraziotarako bidea ematen badu, plaza-kopuru desberdinarekin ibilgailua baimentzeko Errege Dekretua betetzea ekartzen duten konfigurazioak jaso beharko ditu ziurtagiriak.

–Maletategiaren edukieraren ziurtagiria, baimendu beharreko plazak zabalduta daudela indarreko araudian jasota dagoenaren arabera.

–Tailer instalatzailearen ziurtagiria.

–Taximetroaren, moduluaren, inprimagailuaren eta ordainketa irakurgailuaren agiri teknikoak, saltoki zenbakia barne hartuta.

–Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko Ibilgailuen Erregistroaren energia sailkapenaren frogagiria, egindako eskaintzarekin bat datorrena.

b) Zerbitzua eman bitartean eragin daitezkeen kalteengatiko erantzukizun zibila estalita edukitzeko aseguruak kontratatzea, indarrean dagoen araudian eta zerbitzua arautzen duten ordenantzetan ezarrita dauden baldintzetan.

c) Lizentziaren zenbatekoa osorik ordaindu duela egiaztatzen duen agiria, aurkeztutako proposamen ekonomikoa kontuan hartuta.

11.6. Behin-behineko esleipendunen batek lizentziaren behin-behineko esleipena jakinarazi eta 3 hilabeteko epean lizentzia emateko eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak, 11.5 atalean adierazi direnak, ez baditu aurkezten, atxikitako bermea konfiskatu egingo zaio eta lizentziak esleitzeko prozesutik kanpo geratuko da. Bere lekua lizentziaren behin-behineko esleipendun izan ez den eta ezarritako lehentasun hurrenkeraren araberako lehenengo izangaiak beteko du. 3 hilabeteko epe hori luzatu ahal izango da, behin-behineko esleipendunari ez dagozkion eta justifikatuta dauden arrazoiengatik. Behar bezala egiaztatuta egongo dira arrazoi horiek. Interesdunak epea luzatzeko eskaera egin beharko du, eta 3 hilabeteko epea amaitu aurretik aurkeztu beharko du eskaera hori.

11.7. Esleitzeko behin-behineko zerrendan prozedura honen bidez berriro onartu diren pertsona guztiek lehen batean esleipendun izan direnek dauzkaten baldintza berberak edukiko dituzte, eta behin-behineko esleipena jakinarazi zaienetik 5 laneguneko epea izango dute 3.000 euroko bermea osatzeko. Ez badute bermea osatzen epe horretan, ulertuko da uko egiten diotela behin-behineko esleipenari eta zerrendan hurrengo tokian dagoenari eskainiko zaio. Helburu horretarako eta adierazitako epearen barnean, bermea osatu dutela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute Mankomunitatearen erregistroan.

11.8. Agiri horiek aurkeztu ondoren, Mankomunitateko lehendakariak, ebazpen bidez, behin betiko emango dio taxi lizentzia esleipendun bakoitzari. Esleipendun bakoitzari zuzenean emango dio jakitera ebazpena.

12.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.

12.1. Taxi lizentzia baten esleipendunak 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan eta aplikagarriak diren gainerako xedapenetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu taxi lizentziaren titularra izateko.

12.2. Halaber, 7. oinarrian jasota dauden eta eskaini diren alderdi ekologikoen eta teknologikoen arabera lehiaketan baloratutako ezaugarri guztiak lizentziak indarrean irauten duen bitartean lotu beharko zaizkio lizentziari.

12.3. Era berean, eurotaxi lizentziaren izaera, hau da, 1544/2007 Errege Dekretua (edo hori ordezten duen araua) betetzen duen eta lizentziari atxikita dagoen eurotaxi ibilgailu bat edukitzea, indarrean egongo da lizentziak irauten duen denbora guztian.

12.4. 7. oinarrian definitutako zerbitzu eskaintzak iraungo du, egokia denean, eskaini den epean.

12.5. Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruko taxi lizentzia baten titularrak behartuta daude bitarteko elektronikoen bidez izatera harremanak Iruñerriko Mankomunitatearekin, taxiaren gaian administrazio prozedura bateko zeinahi izapide gauzatzeko.

12.6. Oinarrietako 7.4 atalean dauden eta eskaini diren alderdi teknologikoetako baten bat ez betetzeak berekin ekarriko du lizentzia baliogabetzea, interesdunari entzungo zaion prozedura egokia izapidetu aurretik. Interesdunari egoztekoak diren arrazoiengatik baliogabetzen bada lizentzia, ordaindutako zenbatekoa itzuliko da, aurretik 3.000 euro kenduta, Mankomunitateari eragindako kalte-galerak ordaintzeko.

12.7. Lizentzien titularrak behartuta egongo dira, lizentziak eman direla jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, gehienez ere 60 egun naturaleko epean zerbitzua ematen hastera.

13.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Deialdi honen, bertako oinarrien edo haiek gauzatzean har daitezkeen administrazio ebazpenen aurka errekurtso hauek aurkeztu ahal izango dira, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariaren aurrean, jakinarazi edo, egokia denean, helegitea jarri nahi den egintza kaleratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta hilabeteko epean.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurrean, helegitea jarri nahi den egintza kaleratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzitegien Epaitegiaren aurrean, jakinarazi edo, egokia denean, helegitea jarri nahi den egintza kaleratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta bi hilabeteko epean.

14.–Datuen babesa.

14.1. Datuen tratamenduaren arduraduna: Iruñerriko Mankomunitatea.

14.2. Tratamenduaren xedea: Taxi lizentziak izapidetzea eta esleitzea.

14.3. Tratamendua oinarritzen den legitimazioa: Datuak Babesteko Araudi Orokorra, 6.1 a) artikulua, interesdunak ematen duen baimena, berariaz ematen dena datuak biltzeko. Datuak Babesteko Araudi Orokorra, 6.1 c) artikulua, interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzean egindako misio bat betetzeko beharrezkoa da tratamendua. Zehazki, botere publiko horiek hauetan emanda daude: 9/2005 Foru Legean eta 39/2015 Legean.

14.4. Hartzaileak: Legek hala egitea behartzen duen kasuetan lagako dira datuak.

14.5. Eskubideak: Datuak eskuratzeko, aurka egiteko, zuzentzeko, tratamendua mugatzeko, "ahaztua izateko eskubidea" ezabatzeko, eramangarritasuneko eta bana-banako erabakien helburu ez izateko eskubideak gauzatu ahal dira tratamenduaren arduradunaren aurrean, informazio gehigarrian azaltzen den moduan, Herritarren Arretarako Zerbitzura jota (Navas de Tolosa, 29, behealdea, Iruña) edo helbide elektroniko honetara: mcp@mcp.es.

14.6. Tratamenduaren eragilea: Tratamenduaren eragilea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

14.7. Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza Mankomunitatean bertan kontsultatu ahal da (kopia bat emango dizute bertan), eta bai deialdiaren fitxan ere, Mankomunitatearen egoitza elektronikoan (lotura honen bidez sar daiteke bertan: https://sedeelectronica.mcp.es/).

15.–Eranskinak.

1. I. eranskina.–Eskabidea.

2. II. eranskina.–Abal eredua.

3. III. eranskina.–Proposamen teknikoaren eredua.

4. IV. eranskina.–Proposamen ekonomikoaren eredua.

I. ERANSKINA

Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruan hiriko taxi zerbitzua emateko gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileak garraiatzeko egokituta dauden ibilgailuen 20 lizentzia lehiaketa bidez emateko deialdirako eskabidea

Espedientea: 2023/PCD-GEN-MCP/000091

ESKATZAILEAREN DATUAK:

Izen-abizenak

NANaren, pasaportearen edo beste agiri baten zk.

Nazionalitatea

Helbide elektronikoa

EGOKIA BADA, ORDEZKARIAREN DATUAK:

Izen-abizenak

NANa

Helbide elektronikoa

JAKINARAZPENETARAKO DATUAK (jarri X bat 1. aukeran edo 2.enean, eta idatzi egokiak diren datuak):

1. AUKERA.–Paperean

Helbidea (kalea, zenbakia, atea, etab.)

Herria

Posta-kodea

Probintzia

2. AUKERA.–Bitarteko elektronikoen bidez, Iruñerriko Mankomunitateko egoitza elektronikoan edo Gaitutako Helbide Elektroniko Bakarrean (DEHú)7

Helbide elektronikoa

(7) Emandako helbide elektronikora mezu bat iritsiko da jakinarazpen bat eskuragarri jarri dela adierazteko. Jakinarazpen hori Gaitutako Helbide Elektroniko Bakarraren bidez (DEHú) edo Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez eskuratu ahal izango da (https://sedeelectronica.mcp.es/contenido/carpeta-ciudadana), "Nire jakinarazpenak" atalean. Horretarako ziurtagiri elektronikoa, DNIe (Nortasun Agiri Nazional elektronikoa) edo Cl@ve eduki behar da.

AZALTZEN DU:

Eskabide hau onar dadila eskatzen duela, berarekin batera doazen 3 gutun-azalekin batera, Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruan hiriko zerbitzua emateko gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileak garraiatzeko egokituta dauden ibilgailuen 20 lizentzia lehiaketa bidez emateko deialdian parte hartzeko.

AURKEZTUTAKO AGIRIAK.

1. 1. gutun-azala ADMINISTRAZIO AGIRIAK.

2. 2. gutun-azala PROPOSAMEN TEKNIKOA.

3. 3. gutun-azala PROPOSAMEN EKONOMIKOA.

DATUEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA.

1.–Datuen tratamenduaren arduraduna: Iruñerriko Mankomunitatea.

2.–Tratamenduaren xedea: Taxi lizentziak izapidetzea eta esleitzea.

3.–Tratamendua oinarritzen den legitimazioa: Datuak Babesteko Araudi Orokorra, 6.1 a) artikulua, interesdunak ematen duen baimena, berariaz ematen dena datuak biltzeko. Datuak Babesteko Araudi Orokorra, 6.1 c) artikulua, interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzean egindako misio bat betetzeko beharrezkoa da tratamendua. Zehazki, botere publiko horiek hauetan emanda daude: 9/2005 Foru Legean eta 39/2015 Legean.

4.–Hartzaileak: Legek hala egitea behartzen duen kasuetan lagako dira datuak.

5.–Eskubideak: Datuak eskuratzeko, aurka egiteko, zuzentzeko, tratamendua mugatzeko, "ahaztua izateko eskubidea" ezabatzeko, eramangarritasuneko eta bana-banako erabakien helburu ez izateko eskubideak gauzatu ahal dira tratamenduaren arduradunaren aurrean, informazio gehigarrian azaltzen den moduan, Herritarren Arretarako Zerbitzura jota (Navas de Tolosa, 29, behealdea, Iruña) edo helbide elektroniko honetara: mcp@mcp.es.

6.–Tratamenduaren eragilea: Tratamenduaren eragilea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

7.–Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza Mankomunitatean bertan kontsultatu ahal da (kopia bat emango dizute bertan), eta bai deialdiaren fitxan ere, Mankomunitatearen egoitza elektronikoan (lotura honen bidez sar daiteke bertan: https://sedeelectronica.mcp.es/).

II. ERANSKINA

Abal eredua

....................................................................................................................................... entitateak (kreditu entitatearen edo elkarren bermerako sozietatearen izena), ................................................ IFZ duenak, helbidea duenak (jakinarazpen eta errekerimenduetarako) ............................................. kalean/plazan/etorbidean, ................................. posta kodean, ........................................ herrian, eta haren izenean ............................................... (ahaldunen izen-abizenak), nahiko ahalorde izanik egintza honetan behartzeko, agiri honen beheko aldean askietsi bezala, ABALATZEN DU:

................................................................................................................................... (izen-abizenak), .......................................................................... NAN zk. (pasaportea edo beste agiri bat) duena, Kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak ezarritakoaren indarrez, behin betiko bermearen kontzeptupean, Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruan hiriko zerbitzua emateko gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileak garraiatzeko egokituta dauden ibilgailuen 20 lizentzia lehiaketa bidez emateko deialditik eratorritako betebeharrei erantzuteko, 2023/PCD-GEN-MCP/000091 espedientea, Iruñerriko Mankomunitatearen aurrean (P3112070B IFK), zenbateko honetan: 3.000 euro (hiru mila euro).

Abala eman duen entitateak bere erantzukizun osoz adierazten du Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen Erregelamendu Orokorraren 56.2 artikuluan aurreikusitako betekizunak betetzen dituela. Abal hau solidarioki ematen da zordun nagusiarekiko, zatiketa eta eskusio eskubideei uko eginez berariaz, eta Iruñerriko Mankomunitatearen lehen errekerimenduaren ostean ordaintzeko konpromisoarekin, eta berariaz uko eginez, bere izaera edozein dela-ere, edozein motatako salbuespenen aurkaritzari.

Agiri honetatik eratorritako erantzukizunak ordaintzea gauzatuko da, gehienez ere, Bankuak Onuradunaren Errekerimendua jaso duen egunaren hurrengo 5 lanegunen epean eta Onuradunaren aldeko banku transferentzia baten bidez egingo da.

Onuradunak abal hau osorik edo partzialki gauzatu ahal izango du, ondoz ondoko aldietan, bermatutako zenbateko maximoa eskuratu arte. Berme honetan xedatutakoarekin lotuta Bankuak ordaintzen duen zeinahi kopuruk proportzio berberean gutxituko du bermatutako zenbateko maximoa.

Abal hau indarrean egongo da Iruñerriko Mankomunitateak baliogabetu edo itzultzeko baimena ematen duen arte, Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruan hiriko zerbitzua emateko gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileak garraiatzeko egokituta dauden ibilgailuen 20 lizentzia lehiaketa bidez emateko deialdian jasota dagoenaren arabera.

Abal hau, data honetan bertan, Abalen Erregistro Berezian inskribatu da, zenbaki honekin:

.........................................................................................................

(Lekua eta data)

(Entitatearen izen soziala)

(Ahaldunen sinadura)

Gordailu-kutxa orokorreko Aholkularitza Juridikoak edo Estatuko Abokatutzak ahalordeak askiestea

Probintzia

Data

Zenbakia edo kodea

III. ERANSKINA

Proposamen teknikoaren eredua

....................................................................................................................................... jaunak/andreak, .............................................................................................. NAN zk. (pasaportea edo beste agiri bat) eta ..................................................................................................... helbidea dudanak,

ADIERAZTEN DUT:

Adierazpenaren sinatzaileak ondoko betekizun teknikoak eskaini eta horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela:

1.–ALDERDI EKOLOGIKOEI DAGOKIENEZ.

Mesedez, ezaugarri hauek eskaintzen baditu, adierazi X baten bidez dagokion laukian bi aukeretako bat.

Eurotaxi lizentziari atxikitzea, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroko sailkapenarekin bat etorrita, ingurumen-bereizgarri honen arabera sailkatuta dagoen ibilgailu bat:

Cero emisiones (Zero isurpen) (4 puntu).

Eco (Eko) (2 puntu).

2.–ALDERDI TEKNOLOGIKOEI DAGOKIENEZ.

Mesedez, ezaugarri hauek eskaintzen baditu, adierazi X baten bidez dagokion laukian bi aukeretako bat.

Erabiltzaileek zerbitzua edozein unetan telefonoz erreserbatu ahal izateko bidea ematen duen teknologia beharrezkoa edukitzeko konpromisoa (puntu 1).

12.6 oinarrian jasota dagoenaren arabera, oinarrietako 7.4 atalean dauden eta eskaini diren alderdi teknologikoetako baten bat ez betetzeak berekin ekarriko du lizentzia baliogabetzea, interesdunari entzungo zaion prozedura egokia izapidetu aurretik. Interesdunari egoztekoak diren arrazoiengatik baliogabetzen bada lizentzia, ordaindutako zenbatekoa itzuliko da, aurretik 3.000 euro kenduta, Mankomunitateari eragindako kalte-galerak ordaintzeko.

Erabiltzaileek zerbitzua edozein unetan mugikorreko aplikazioaren bidez erreserbatu ahal izateko bidea ematen duen teknologia beharrezkoa edukitzeko konpromisoa (2 puntu).

12.6 oinarrian jasota dagoenaren arabera, oinarrietako 7.4 atalean dauden eta eskaini diren alderdi teknologikoetako baten bat ez betetzeak berekin ekarriko du lizentzia baliogabetzea, interesdunari entzungo zaion prozedura egokia izapidetu aurretik. Interesdunari egoztekoak diren arrazoiengatik baliogabetzen bada lizentzia, ordaindutako zenbatekoa itzuliko da, aurretik 3.000 euro kenduta, Mankomunitateari eragindako kalte-galerak ordaintzeko.

3.–ZERBITZU ESKAINTZARI DAGOKIONEZ.

Mesedez, ezaugarri hauek eskaintzen baditu, adierazi X baten bidez dagokion laukian. X bakarra lerro bakoitzeko.

KONPROMISOAK

KONPROMISOAREN IRAUPENA

Bakar bat ere ez

Urte 1

3 urte

5 urte

Zerbitzua ematea astelehenetik ostiralera, ez jaiegunetan, 07:30etik 10:00etara

Zerbitzua ematea astelehenetik ostiralera, ez jaiegunetan, 13:00etatik 15:30era

Eta hala jasota gera dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, agiri hau jaulki eta sinatzen dut,

.......................................................n, 2023ko ................................aren .........................(e)(a)n

IV. ERANSKINA

Proposamen ekonomikoaren eredua

..................................................................................................................................... .jaunak/andreak, ..................................................................... NAN zk. (pasaportea edo beste agiri bat) dudanak, Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparruan hiriko zerbitzua emateko gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileak garraiatzeko egokituta dauden ibilgailuen 20 lizentzia lehiaketa bidez emateko deialdian jasota dagoenaren arabera, konpromisoa hartzen dut lizentziarengatik diru hau ordaintzeko (zenbakitan eta letratan):

Kopurua zenbakitan: ..........................................................................

Kopurua letratan: ...............................................................................

Kontuan hartu beharreko oharrak:

1.–7.2.b) klausularen arabera, eskaini ahal den gutxieneko balioa ehun mila euro da (100.000 euro).

2.–7.2.d) klausularen arabera, eskaintzan aurkeztutako datuak ez badatoz bat, letraz adierazitako balioa nagusituko da zenbakiz adierazitakoaren aurrean.

Eta hala jasota gera dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, agiri hau jaulki eta sinatzen dut,

........................................................n, 2023ko ................................aren .........................(e)(a)n

Iragarkiaren kodea: L2305593