81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Deialdia, GKE, lankidetza-proiektu eta irabazi-asmorik gabeko erakundeendako dirulaguntzak emateko 2023an. Laburpena

DDBN (identifikazioa): 685662.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra); haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/685662).

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea helburu hauetako bat duten proiektu sozialei:

–Sektore diskriminatuen oinarrizko beharrizanei erantzuten dieten programak.

–Emakumeen ahalduntzea sustatzen duten programak, haien garapen pertsonala eta soziala helburu.

–Ekonomia solidarioa, kooperatibak, elikadura burujabetza, finantza solidarioak eta abar, bai eta antolamendua indartzeko, parte-hartze politikorako eta giza eskubideak babesteko proiektuak ere.

–Komunitateei indartzen laguntzeko proiektuak, tokian tokiko ahalmenak garatuz eta kudeatuz.

–Haur eta gazteen hezkuntzarako programak.

–Sexu- eta ugalketa-osasuna hobetzeko programak. Hala prebentzio-fasean nola eritasunen tratamenduan.

–Bidezko merkataritza bultzatzeko helburua duten programak.

–Herri pobretuei edo garapen bidean daudenei laguntzen dieten programak.

2.–Entitate eskatzaileak.

2023ko deialdi honen dirulaguntza jasotzeko interesa duten entitate, erakunde edo elkarteek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Irabazi asmorik gabekoak izatea.

–Estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan berariazko helburu hau adierazita edukitzea: garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasuna sustatzearekin zerikusia duten jarduerak egitea.

–Egoitza soziala Nafarroan edukitzea, edo ordezkaritza bat.

–Nafarroako Foru Komunitatean jardutea, lankidetzako programak edo giza laguntzakoak kudeatzen, edo Hegoaldeko herrialdeen egoeraren inguruko sentsibilizazioa sustatzen. Hori frogatzeko, azken urtean Nafarroan egindako jardueren dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

–Helburu sozialak betetzeko adinako egitura edukitzea eta proposaturiko helburuak erdiesteko behar diren eskarmentua eta gaitasun operatiboa frogatzea.

–Nafarroako Foru Ogasunari ordaindu beharreko zergak egunean izatea.

3.–Laguntzaren finantzaketa eta zenbatekoa.

Laguntza edo dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa banatuko da, gehienez ere, 3 entitate edo GKE eskatzaileren artean, hain zuzen ere, puntuazio handiena lortu dutenen hiruen artean, baldin eta 50 puntuko gutxieneko puntuazioa lortu badute. Banaketa proportzionala izanen da, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Hala, puntuazio handieneko hiru entitateek (gutxieneko 50 puntuetara iritsiak, betiere) guztira lorturiko puntuen kopuruaz zatituko da banatzeko dagoen zenbatekoa, eta gero, entitate bakoitzari dagokion zenbatekoa esleituko zaio, lortu dituen puntuak kontuan harturik.

Nolanahi ere, laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagoa izanen da proiektuak guztira duen gastuaren zenbatekoa baino, gastu horri kenduta entitate eskatzaileak berak dituen diru-sarrerak, halakorik baldin badu.

4.–Eskabideak aurkeztea.

Eskaera egiteko, deialdiaren oinarrietan zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da, han eranskin gisa agertzen diren ereduak baliatuta.

Larraintzarren (Ultzama), 2023ko martxoaren 23an.–Alkatea, Martín Picabea Aguirre.

Iragarkiaren kodea: L2305548