81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GORRONTZ-OLANOKO KONTZEJUA

Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza. Behin betiko onespena

Gorrontz-Olanoko Kontzejuak, 2022ko uztailaren 1ean egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2022ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 29an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

GORRONTZ-OLANOKO KONTZEJUAREN JABETZAKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUEI BURUZKO ORDENANTZAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Gorrontz-Olanoko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren aldaketa, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean jasoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Gorrontz-Olanoko Kontzejuaren herri-lurretako ondasunei dagozkie, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Gorrontz-Olanoko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Iturgoiengo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Gorrontz-Olanoko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Gorrontz-Olanoko Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Gorrontz-Olanoko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Gorrontz-Olanoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartuko du Udalak.

10. artikulua. Gorrontz-Olanoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimen espresa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Baimen, emakida edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Gorrontz-Olanoko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duenaren arabera.

12. artikulua. Gorrontz-Olanoko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta ebatziko ditu horiek betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Gorrontz-Olanoko Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarrek ekitea, zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli egin beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

1. Herri-larreen aprobetxamendua.

2. Etxerako egurraren aprobetxamendua.

15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Ultzamako Biztanle Erroldan Gorrontz-Olanoko Kontzejuko bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urteko antzinatasunez.

c) Gorrontz-Olanoko Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Inolako zor fiskalik ez izatea Gorrontz-Olanoko Kontzejuarekin.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Gorrontz-Olanoko Kontzejuak argituko ditu kasuan-kasuan.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

16. artikulua. Aprobetxamenduaren ondorioetarako, Gorrontz-Olanoko Kontzejuak kudeatzen dituen herri-larreak Gorrontz-Olanoko kontzeju-mugartean dauden lursailak dira.

17. artikulua. Herri-ondasunen aprobetxamendua modalitate hauen arabera eginen da, eta lehentasun-ordena honetan:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

Kontzejuko Batzarrak zenbait lurzati erreserbatu ditzake geroago egin litezkeen erreserbei erantzuteko eta erreserbatutako lurzatiak berdin jarriko dira enkantean, nahiz eta horiek urtero gerta daitezkeen beharretarako izan. Helburu hori betetzeko, Kontzejuak jakinaraziko du, abenduaren 1a baino lehen, lurzatia behar duen ala ez. Behar ez bada, adjudikazio-hartzaileak zuzenean adjudikatutako lurzatien epe berean erabiliko du.

Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Gorrontz-Olanoko Kontzejuaren katastroan izan beharko dituzte, urte osoan kontzeju-mugartean egon beharko dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Lagapena ez da azpierretamenduan emantzat hartuko ekoizpenik gabeko aldian –abendutik martxora, hori barne– belar gaiztoak garbitzeko, Kontzejuaren baimenik bada.

19. artikulua. Herritarrei zuzenean adjudikatzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

Gorrontz-Olanoko Kontzejuaren kalkuluen arabera, 0,7ko azienda larriko unitatea da (AzLU = behi bat) herri-larreek jasan dezaketen batezbesteko azienda-karga, hektarea bakoitzeko, edo bestela esanda, AzLU bat 1,4 hektareako.

Azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen dira:

a) Behi bat, zaldi-abelburu baten baliokide.

b) Behi bat, zortzi ardi-abelbururen baliokide.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, herri-larreak aprobetxatzen dituen abereen osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

20. artikulua. Debeku da ahuntz eta txerri aziendak larratzea.

Debeku da arras Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe erretzen diren lurretan inolako aziendarik larratzea. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta adierazitako zehapena ezarriko zaie bertan sartzen diren azienda guztiei.

Halaber, debeku da arras inolako aziendarik larratzea baso-berritzeko itxitako lurretan, Kontzejuaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan, eta adierazitako zehapenak ezarriko dira.

21. artikulua. Abere mota bakoitza larratzeko, urteko tarifa batzuk ezar daitezke.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatu ahalko dira Kontzejuak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak betiere aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean. Nolanahi ere, kanona benetako balio horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluak adierazten duenaren arabera.

Aipatutako kuotak ordaindu izana urte bakoitzaren akaberan egiaztatuko da, egiaztatu beharreko herri-lurren aprobetxamenduen gainerako ordainketekin batean.

Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, abeltzainek jasotzen dituzten prezioen aldaketetara egokitzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten. Kontzejuaren aldetik pertsona bat izanen da, bere gain izanen duena herri-larreetako abelburuak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko ardura.

22. artikulua. Abeltzain adjudikaziodunen artean banatuko da herri-larreen azalera, bakoitzaren abere saldoaren tamainaren arabera. Larreak banatzeko, larreen 1,4 hektarea emanen dira AzLU bakoitzeko, jasan daitekeen azienda-kargara iritsi arte.

Herritarrei zuzenean adjudikatu ondoren, azaleraren bat soberan gelditzen bada, Kontzejuak hala erabakita lurra erreserba modura gelditzen ahalko da beste eskabide batzuei erantzuteko, edo bestela, enkante publikoa eginen da, Gorrontz-Olanoko Kontzejuak erabakitzen dituen urteetarako, indarrean dagoen araudiaren arabera.

23. artikulua. Hona hemen herri-lurretako lurzatien onuradunen betebeharrak:

a) Haien itxitura, aska eta jatorrizko mugen mantentze-lana eta zaintza egitea.

b) Herri-lurra hondatu edo kaltetzen ez duten laborantzako teknika eta lanak egitea. Gainera, ez dituzte aldatuko lurzatietan edo haien ondoan diren erreken bideak.

c) Urtean behin, gutxienez, ebakitzea eta ongarritzea. Baliabide mekanikoak erabiliz eginen da ebaketa, azienda bazkan ibili ala ez.

24. artikulua. Gorrontz-Olanoko Kontzejuak konpromisoa hartzen du herri-lurrak errentan ematetik ateratzen duen %20 itxiturak moldatzeko, pistak hobetzeko, eta abarrerako erabiltzeko.

2. ATALA

Larreak herritarrei adjudikatzeko prozedura

25. artikulua. Kontzejuko Batzarraren erabakiaren bitartez, epe bat emanen da larreen adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek, betiere, Udalaren iragarki oholean ediktua atera ondoren.

26. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua frogatzeko zerga-eskakizunaren ziurtagiria, eta indarreko araudiak –azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak– aipatzen duen osasun ziurtagiria. Horretaz gain, eskatzaileak erabili nahi dituen tokien zerrenda bat aurkeztuko da.

27. artikulua. Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Lurzoruak adjudikatzean kontuan hartuko da jasan dezaketen batezbesteko azienda-karga (ordenantza honen 18. eta 21. artikuluetan agertzen dena).

c) Onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute:

–"Labaki" lurzatia: 20 erregu: 10 euro/erregu.

–"Manzanal" lurzatia: 10 erregu; 6 euro/erregu.

28. artikulua.

1. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da erakundearen taulan, eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

Bestela, toki-erakundeak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

29. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Gorrontz-Olanoko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei. Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.

30. artikulua. Gorrontz-Olanoko Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako. Kontzejuan erroldaturik ez dauden eta kontzeju-mugartean etxebizitza bat duten horiei, Kontzejuko Batzarrak etxerako epaitza bat adjudikatzen "ahalko die", betiere erroldatutako bizilagunek ordaintzen duten kanonaren bikoitzaren trukean.

31. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira. Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

32. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Gorrontz-Olanoko Kontzejuak aurrekontu arruntean.

33. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondarrak ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko eta/edo Administrazioko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

34. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, kontsulta eginen zaie Basogintzako Administrazioari eta Kontzejuko arduradunari edo udal basozainari. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

35. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta zur egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko dira basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Udalaren onespena, eta azken horrek udal basozainaren txostena edukiko du horretarako. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Epaitza horiek bateragarriak izan daitezke urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko urteetako egurra atera gabe duten herritarrek.

36. artikulua. Kontzejuak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Lehenik eta behin, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira. Kontzejuak zozketak egin ditzake taldeka, kontuan izanik epaitzen kokapenak herriekin eta bizilagun eskatzaileekin duen lotura.

37. artikulua. Erabat debekatuta dago zaborra, bidoiak edo edonolako hondakinak mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

38. artikulua. Udalak indarrik gabe utz ditzake herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiei proiektureb batek eragiten badie, indarreko araudian ezarrita dagoenari jarraikiz, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

V. KAPITULUA

Mendiko pisten eta herri-lurretako finketara sartzeko bideen erabilera

39. artikulua. Gorrontz-Olanoko Kontzejuaren herri-lurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudi ezak, gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Kontzejuaren betebeharra da haiek egoki kontserbatzea.

40. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako, industriako edo aisiako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauen gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

41. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, kontuan hartuta zoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopurua ezarriko da.

42. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua baldin badago, udal basozainaren oharrei jarraituko zaie.

43. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herri-lurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueratarako ibilgailuak badira.

44. artikulua. Debeku da ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko egitea, salbu eta Kontzejuak baimena ematen badu, eta, behar izanez gero, Udalak.

45. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

46. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaie Kontzejuari eta Udalari. Halaber, baimena eskatu beharko du lanean bide bat era intentsiboan erabiltzekoa denak.

Kasu bakoitzean, eta aintzat hartuz dena delako jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu beharreko ibilgailuak eta abar, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

47. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batezbestekoak, eta zenbat denborarako den.

48. artikulua. Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo adjudikatutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abala jartzea ekarriko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezartzen ahal du Kontzejuak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko 14. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikaziodunek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

49. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik, etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.

Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta basozainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

50. artikulua. Gorrontz-Olanoko Kontzejuak urtero aztertuko ditu bide guztiak. Bestetik, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokituko ditu bere ahalen heinean.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

51. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea. Debekatua dago azpierrentan ematea.

Larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendurako eskubidea galtzea adjudikazio epetik gelditzen denerako.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.

Herri-larreen aprobetxamenduan: 60 euroko zehapena, inplikatutako azienda larriko buru bakoitzeko.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

d) Azienda larriko buruek (zaldi eta behi aziendak) markarik ez izatea edo nolanahi aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi udal langileak kalkulatutako kalteen zenbatekoa, baita azienda identifikatzeko abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

e) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak:

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

f) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe Kontzejuaren herri-lurretan larratzen den azienda bakoitzagatik, 60 euroko zehapena behi edo zaldi bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi bakoitzeko. Zenbateko horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramatearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

g) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

h) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txostena eginen du udal basozainak edo kontzejuburuak. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatzen ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua, zehazki hau:

Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa izanen da.

Aurretik esandakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen edo ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Gorrontz-Olanon, 2022ko uztailaren 1ean.–Kontzejuko burua, Periko Zunzarren Baigorri.

Iragarkiaren kodea: L2304851