81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Herri-lurren desafektazioa 11. poligonoko 43. eta 144. lurzatietan, hibridazioko planta fotovoltaikoa instalatzeko. Hasierako onespena

2022ko ekainaren 28ko osoko bilkura berezian, hitzez hitz honako hau dioen erabakia hartu zen:

Ikusirik, osoko bilkurak, 2021eko azaroaren 25ean, hitzarmen bat onetsi zuela 10. eta 11. poligonoetako herri-lurzatiak izapidetu eta ondoren haien erabilera lagatzeko, helburu duena instalatzea Corral del Molino I eta el Montecillo parke eolikoak, "Hibridación FV Corral del Molino I" eta "Hibridación FV El Montecillo" deritzen hibridazioko eguzki-instalazioak eta haien ebakuazio-azpiegiturak.

Ikusirik, 2021eko azaroaren 26an, Renovables del Cierzo enpresak eskaera bat aurkeztu zuela, herri-lurrak desafektatzeko, "Corral del Molino I" hibridazio planta egikaritzeko.

Ikusirik, 2022ko martxoaren 4an, Nafarroako Gobernuak foru-interesekotzat jo zuela bost parke eoliko abiarazi eta ustiatzeko enpresa-proiektua, eta horietatik bik Corellari eragiten diotela: "la Senda" (egungo izena: Corral del Molino I) eta "el Montecillo" deritzenek, alegia.

Nafarroako Gobernuaren interesekoa izatearen deklarazioak indarrean segitzen du eta ondorioak ditu harik eta inbertsio-proiektua bukatu arte, eta, beraz, aplikatzekoa da 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan aurreikusitakoa (Administrazioa Errazteko Neurriei buruzko Foru Legea), hots, tramitazio administratiboetan epeak erdira murriztea, barnean dela desafektazio hau.

Kontuan harturik egin direla horretarako instruitutako espedientean dauden txosten tekniko, juridiko eta ekonomikoak, eta jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluari eta hurrengoei (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea), 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluari eta hurrengoei (foru dekretu horrek hizpide du Nafarroako Toki-erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua) eta 7/1985 Legearen 22. eta 47. artikuluei (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).

Ikusirik Nekazaritzako Informazio Batzordeak 2022ko ekainaren 22an emandako irizpena.

Honako hau erabakitzen da gehiengo osoz:

Lehena.–Hasierako onespena ematea 59.579 m²-ko herri-lurraren desafektazioari, Ontinar parajean, 11. poligonoko 143. lurzatian (44.997. m²) eta 11. poligonoko 144. lurzatian (14.582 m²), ondoren Renovables del Cierzo SLU enpresari erabiltzeko lagatzeko, honako hauek eraiki, operatu eta ustia ditzan, Nafarroako Gobernuak izapidetutako proiektuaren arabera (1170-2-CE espedientea):

Hibridazioko planta fotovoltaiko bat, 2806 kVA-koa, eta "PV Corral del Molino I" deritzona. Honako hauek osatzen dute:

–Eraldaketa eta inbertsio zentro 1.

–1403 kVA-ko 2 inbertitzaile.

–28 moduluko serieko kateak.

–540 Wp-ko 6.272 modulu.

–28 serie-moduluko 224 string.

–String-kaxeta taldekatuak: 18 string-eko 10 kaxa + 12 string-eko 4 kaxa-(DC Box) string-eko 14 kaxa

Bigarrena.–Hasierako onespena ematea 25 m²-ko herri-lurraren desafektazioari, Ontinar parajean, 11. poligonoko 143. lurzatian (14 m²) eta 11. poligonoko 144. lurzatian (11 m²), ondoren zanga-zortasuna eta sarbide-bideak egikaritzeko, parke eolikoaren proiektua gauzatzeko beharrezkoa baita. Halaber, onestea 3.866,61 m²-ren aldi baterako okupazioa, ondorio berberetarako eta herri-lurzati berberetan.

Hirugarrena.–Onestea baldintza-agiria edo klausula administratiboen agiria, arautuko dituena herri-lurren desafektazioa eta geroko erabilera-lagapena, kargak eta zortasunak eratzea eta aldi baterako okupazioa.

Laugarrena.–Erabaki hau jendaurrean jartzea Udalaren iragarki-taulan, 15 egunez, aldez aurretik iragarkia paratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, aipatutako epearen barrenean aurkeztu ahal izateko alegazioak edo erreklamazioak.

Bosgarrena.–Ezartzea ezen, epea bukatutakoan, erreklamaziorik bada, osoko bilkurak ebatzi beharko dituela, eta behar den erabakia hartuko dela, eta, erreklamaziorik izan ezean, hasierako erabakia behin betiko bihurtuko dela.

Seigarrena.–Aurreko tramiteak beteta, espedientea igortzea, eta horrekin batera araudian aurreikusitakoa bete izanaren frogagiriak, finkak identifikatzeko agiriak eta baldintza-agiria edo klausula administratiboen agiria, arautuko dituena erabilera lagatzea eta karga, eta eskatzea Nafarroako Gobernuak behar den erabakia har dezala desafektazioa onesteko.

Iragarkia hamabost egunez egon zen jendaurrean, 2022ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ean, argitaratu ondoren, eta aldi horretan ez zen alegaziorik jarri. Bestalde, ikusi da foru interesari buruzko erabakian ez dela sartu proiektu hau, nahiz eta enpresak izapidetutako jarduketa osoaren parte izan, eta uste da horrek akats formala eragin dezakeela prozedura arruntetarako ezarritako jendaurreko informazioaldian. Hortaz, Udalaren iragarkia berriro jartzen da jendaurrean, Udalaren iragarki-taulan, HILABETEZ, aldez aurretik Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuta. Epe horretan alegazioak edo erreklamazioak jartzen ahalko dira.

Corellan, 2023ko apirilaren 3an.–Alkatea, Gorka García Izal.

Iragarkiaren kodea: L2305479