81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AMESKOABARRENA

Ordenantza, Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ameskoabarrengo Udalak, 2023ko martxoaren 20an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 10ean, eta jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori argitaratzen da; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Zudairin (Ameskoabarrena), 2023ko martxoaren 22an.–Alkatea, Estibaliz Erdocia Ormazabal.

ORDENANTZA, AMESKOABARRENGO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Ameskoabarrengo bizilagunek euskaraz hitz egin zuten behinola, eta horren lekuko dira bertako toponimo asko eta asko.

Gaur egun, euskara Ameskoabarrengo bizilagun guztien ondarea da, hura ezagutu eta erabili zein ez. Ameskoako Euskara Elkartea ibarreko elkarte bat da, oinarrizko xedetzat duena euskararekin bizikidetza egoki eta harmoniatsua sustatzea, haren erabilera eta aitortza bultzatzea bertako jatorrizko hizkuntza gisa, eta hizkuntzaren normalizazioan laguntzeko jarduerak sostengatzea, eta Udalari bere jarrera agertu dio udalerrian euskara sustatu eta normalizatzearen alde. Eskola esparruan, ikusten dugu udalerriko bizilagunen artean badela ehuneko jakin bat euskarazko irakaskuntza hautatzen duena bere seme-alabentzat, eta azken urteetan bizilagun elebidunak gehitzen ari dira, Udalari zerbitzuak euskaraz emateko eskatzen ahal diotenak, alegia.

Ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen 5. artikuluaren arabera, Ameskoabarrena eremu mistoan dago (foru lege horren bidez titulua eta artikulu batzuk aldatzen zaizkio Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeari). Abenduaren 15eko Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak Nafarroako hizkuntza berekitzat du euskara, helburu harturik herritarren eskubidearen babesa euskara ikasteko, hitz egiteko, berreskuratzeko eta garatzeko. Eremu mistorako, herritarrei bermatzen die administrazio publikoekin harremana euskaraz izateko eskubidea, eta aurreikusten du lanpostu jakin batzuetan euskara jakitea nahitaezkoa izateko aukera, bai eta, gainerako lanpostuetan, euskara baloratzekoa ere.

Espainiako Konstituzioak botere publikoen gain uzten du errespetu eta zaintza berezia ematea Espainiako hizkuntzen kultura-ondareari.

Espainiako Gobernuak 1992. urtean sinatu eta berretsi zuen Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, eta bertan ere aitortzen da euskara bezalako hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartu behar direla, berdintasuna sustatzeko aipatu hizkuntzetan hitz egiten duten hiztunen eta gainerako herritarren artean. Hain zuzen ere, 10. artikuluan honako gomendio hauek ematen dizkie administrazio agintedunei eta zerbitzu publikoei: "...jendaurrean dauden agenteek eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin". "...eskualdeetako hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)".

Ordenantza honen helburu nagusia da araudia zehaztea Udalak dituen eskumen eta eginkizunak bete daitezen, nola herritarrek legez dituzten hizkuntza eskubideak bermatzeari dagokionez, hala udalerrian euskara sustatzeko borondateari dagokionez. Horretarako, euskara ikasteko dirulaguntzak arautuko dira ibarreko kontzejuetako herritarrentzat, 2021eko irailaren 20an eginiko osoko bilkuran erabaki bezala.

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Euskarak, udalerriko ondare gisa eta ibarreko herritarren hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen, zaintza eta sustapen berezia behar du, hizkuntza gutxiagotua denez gero. Ordenantza honen xedea da Udalak zaintza eta sustapen horretarako dituen eskumen eta eginkizunak arautzea.

2. artikulua. Ordenantzaren aplikazio eremua Ameskoabarrengo udalerria da, haren eskumen alor guztietan.

3. artikulua. Hona hemen ordenantza honen berariazko helburuak:

1. Herritarrei helaraztea euskara aintzat hartu beharreko elementua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik. 2. Euskarak izanen duen txertatze maila zehaztea, herritarrei arreta emateko berek erabili nahi duten hizkuntzan. 3. Urteroko lan publikoaren eskaintzetan zehaztea eta lanpostuen deialdietan merezimendu gisa baloratzea euskara jakitea, lanpostu horiek hala behar badute, jendearekin duten harremana dela eta. Horretarako, kontuan hartuko dira administrazio-prozedura ohikoenak, non lan-hizkuntza gisa erabil baitaiteke, herritar euskaldunekin komunikatu beharra izanik, euskara erabiltzeko eskubidea ahalbidetu eta euskararen erabilera sustatze aldera Udalaren barne-funtzionamenduan. 4. Irizpidea ezartzea kale, auzo eta hiriko bestelako elementuen izendegirako eta udal-mugarteko toponimia txikirako. 5. Ordenantzaren xedearekin lotura duten euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatzea.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

4. artikulua. Neurriak hartuko dira, pixkanaka eta ahal den heinean, ele bitan idatz daitezen, testua osoki bi hizkuntzetan emana, Ameskoabarrengo Udalak Foru Komunitateko erakundeei zuzendutako administrazio jakinarazpen eta komunikazioak, bai eta beste erakunde batzuei zuzendutakoak ere, euskara hizkuntza ofizialtzat badute. Salbuespen izanen dira presazko izapideak, Udalean ez baitago beharrezko jakite-maila duen udal langile elebidunik. Bi hizkuntzen tratamendu grafikoa berdina izanen da.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

5. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Ameskoabarrengo Udalarekin euskaraz nahiz gaztelaniaz aritzeko.

6. artikulua. Neurriak hartuko dira pixkanaka herritarrei arreta emateko berek aukeratutako berezko hizkuntzan. Beste neurri batzuen artean, arreta eman behar bazaio hizkuntza horretan mintzo den norbaiti, edo hizkuntza horretan aritzeko nahia agertzen badu, laguntza eskatuko zaie Nafarroako Gobernuak euskara-gaztelania itzulpen ofizialerako Iruñean duen itzulpeneko administrazio-unitateko langile elebidunei: unidaddetraduccion@navarra.es. Unitate hori eskaerez arduratzen da une bakoitzean ahal duen heinean. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko testuak ez dira zerbitzu horretan sartzen.

7. artikulua. Udalari –edo haren eskumeneko zerbitzu bati– euskaraz idaztea aukeratzen dutenei, dela idazki baten bidez, dela bestelako baliabide telematiko baten bidez, ele bitan erantzunen zaie. Horretarako, itzulpen zerbitzua erabiliko da, baldin ez badago aurkeztutako idazkiari erantzuteko hizkuntza gaitasuna duen udal langile elebidunik. Zerbitzu horrek herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du, bai eta Udalak jakinarazi behar dion erabaki edo erantzunarena ere.

Herritarrak Udalari, –edo haren eskumeneko zerbitzu bati– idatziz gaztelaniaz zuzentzen zaizkion kasuetan ere, neurriak hartuko dira pixkanaka ele bitan erantzuteko.

Halaber, Udalak onartuko ditu pertsona fisikoen komunikazioak berriemailearen lurraldeko beste edozein hizkuntza ofizialetan zuzentzen zaizkionean, baldin eta euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

Epe ertainean beharrezkoa izan ez dadin itzulpena egitea eta/edo langile elebidunen baten laguntza izatea, Udalak jarduketa plan bat prestatu eta gauzatuko du, jendeari arreta emateko lantokietan udal langile elebidunak egon daitezen bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

8. artikulua. Ayuntamiento de Améscoa Baja-Ameskoabarrena Udala izendapena erabiliko da gure udalerriaren aipamena egiten denean informazio, publizitate edo ekonomia xedeekin.

Gaztelaniazko testuetan Ayuntamiento de Améscoa Baja erabiltzen ahalko da, eta Ameskoabarrena Udala euskarazkoetan. Edonola ere, izendapen osoa (Ayuntamiento de Améscoa Baja- Ameskoabarrena Udala) erabiliko da testuetako goiburuetan eta bukaeran gutxienez, gaztelaniazko zein euskarazko testuetan.

Udalaren izenaren tratamendu bera izanen dute Ibarreko herri eta kontzejuetako izen ofizialek.

9. artikulua. Ameskoabarrengo Udalak euskara eta gaztelania erabiliko ditu herritar guztiei zuzentzen zaienean.

Hartara, pixkanaka ele bitan idatziko dira, euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien euskarrietan, ondoko hauek:

a) Informaziorako bandoak, kartelak eta plakak. b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzekoak. c) Eraikin, kale eta espazio publikoetako errotuluak. d) Udal lokal eta bulegoetako errotuluak. e) Interes turistikoko tokien, zerbitzuen eta trafikoaren seinaleak, horizontalak nahiz bertikalak. f) Udalak herritarren eskura jartzen duen eskabide orokorra, administrazio prozeduren hasiera eska dezaten. Horiei pixkanaka gehituko zaizkie Udalak herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak, administrazio prozedurak izapidetzeko.

10. artikulua. Ordenantza honen aplikazio esparruan dagoen edozein seinaleren administrazio erantzuleari Udalak eskatuko dio e puntuan ele bitako formak erabil ditzala.

11. artikulua. Udalaren eta haren eskumeneko zerbitzuen telefono zerbitzu automatikoak euskaraz eta gaztelaniaz emanen dira.

12. artikulua. Behar diren pausoak emanen dira pixkanaka, ele bitan argitaratzeko (euskaraz eta gaztelaniaz) abisuak, bandoak, liburuxkak eta beste euskarri idatzi batzuk, herritarrak informatzeko direnak.

13. artikulua. Euskararen erabilera eta sustapenerako laguntzak eskatzen ahalko dira Udalaren dirulaguntza jasotzen duten jardueretarako edo Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatuta duten elkarte, klub, fundazio, kolektibo, talde eta gobernuz kanpoko erakundeen jardueretarako, zeinek hitzarmen horren bidez dirulaguntza jasotzen baitute.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta barne funtzionamendua

14. artikulua. Udalak bere gain hartzen du langile publikoen gaitasuna areagotzeko konpromisoa, zerbitzua euskaraz eman dezaten. Horretarako, euskarazko prestakuntza planak prestatuko ditu, lau urtekoak, udal enplegatuentzat. Plan horietan jasoko dira langileentzako lanordu murriztapenak, dirulaguntzak eta ondorioz sor daitezkeen ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barnean, eta behar adinako aurrekontu-kreditua dagoenean.

15. artikulua. Lanpostuak betetzeko Udalak egiten dituen deialdietan, haietarako euskara jakitea nahitaezkoa ez denean, merezimendu gisa sartuko da hizkuntza hau jakitea, euskara erabili ahal izateko herritarrei zerbitzu emateko hizkuntzatzat, udalerriko errealitate soziolinguistikoaren arabera.

16. artikulua. Osoko bilkuran erabakiko da, beharrezkoa edo komenigarria iritziz gero, une bakoitzean eska daitekeen euskara maila, nahitaezko hizkuntza eskakizunak era arrazoituan sartuz ("lanpostu elebidunak" deritzenak) edo merezimendu kualifikatu gisa sartuz ("elebidun gisa ezarri gabeko lanpostuak") plantilla organikoa onesten denean, herritarren hizkuntza eskubideak bermatze aldera. Euskara beti baloratuko da merezimendu gisa nahitaez jakin beharrekoa ez denean. Hizkuntza eskakizun edo mailak izanen dira Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoak.

Gisa berean jokatuko da ordezkapenak egin behar direnean eta aldi baterako kontratazioetan, Alkatetzak halaxe jasoko baitu onesten dituen deialdien oinarrietan.

Hizkuntza-eskakizun horiek zehazteko eta baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Lanpostua beteko duenak zer-nolako lanak egin beharko dituen.

–Zenbaterainoko harremana izan behar duen herritarrekin, ahoz eta/edo idatziz.

17. artikulua. Euskara jakiteko merezimendua eta lanpostu bakoitzean izan beharreko gutxieneko jakite-maila ezartzeko irizpide orokorrak:

a) Lanpostu bakoitzaren eginkizunak azterturik, Udalaren plantillan eta deialdi bakoitzean zehaztuko da lanpostu bakoitzari dagokion jakite-maila. b) Plantilla organikoan zehaztuko da zein lanpostuk behar duten euskara jakitea, herritarrekin ahoz eta idatziz harreman handiagoa izateagatik. c) Lanpostu bakoitzaren deialdian ezarriko da lanpostuetan euskara jakiteari eman beharreko puntuazioa.

18. artikulua. Proba bat eginen da oposizioetan edo oposizio-lehiaketetan eskaturiko euskara maila frogatzeko, modu ofizialean frogatu ezin bada.

19. artikulua. Udal langile batek bere euskara gaitasuna administrazioak emandako prestakuntza planen bidez eskuratu badu, edo Udalean sartzeko edo bere lan bizitzako edozein fasetan, eskatuko zaio jakite hori erabil dezala udal administrazioan egiten duen lanean.

20. artikulua. Udalak ordenantza honen edukiaren berri emanen die berak esku hartzen duen zerbitzu mankomunatu guztiei edo enpresa publikoei (Infolocal, Jurramendiko Mankomunitatea, etab.).

21. artikulua. Era berean, ordenantza honen berri emanen zaie Nafarroako Gobernuaren zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, etab.) udalerrian kudeatzen dituzten erakundeei.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak eta hitzarmenak

22. artikulua. Hirugarren batzuek ematen dituzten Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, kudeaketa modua edozein izanik ere, aplikatzekoa izanen da ordenantza honetan ezarririkoa.

23. artikulua. Udalarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei eskatuko zaie ele bikoak izan daitezela Ameskoabarrengo interesdunentzako jarduketak (komunikazioak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, eta informazioa...).

24. artikulua. Ahal den heinean, eta horretarako aurrekontu-krediturik baldin badago, teknologia berriei lotutako programen eskuratzea eta udal egoitzetan eskuraturiko bulegoko materialak prestatuko dira bai euskaraz, bai gaztelaniaz.

VII. KAPITULUA

Euskararen sustapena

Udalerrian euskara sustatzeko plangintza:

25. artikulua. Ameskoabarrengo Udalak, abiapuntu harturik euskara zerbitzuek, elkarteek edo partikularrek aurkezturiko proposamenak, euskara sustatu eta normalizatzeko programak edo jarduerak prestatuko ditu, motibazioa bultzatzeko euskararen alde eta talde guztiek eta gizarte arlo guztietan hura jakin eta erabiltzearen alde.

26. artikulua. Ameskoabarrengo Udalak parte hartuko du Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan eta, era koordinatuan, beste udal erakunde batzuekin batera, D ereduan eskolatzeko kanpainan eta helduentzako irakaskuntzan matrikulatzeko kanpainan; halaber, bat egiten ahalko du, egoki joz gero, sortzen diren beste ekimen berri batzuekin, hala nola euskara familia barnean transmititzeko kanpainak, udal administrazioan euskara erabiltzeko kanpainak, edo merkataritzan eta aisialdian euskara erabiltzea sustatzeko kanpaina eta programak, eta udako euskarazko ludoteka antolatzen.

27. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak bete beharrez, kulturaren arloko eta euskara sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, eta laguntza ekonomikoa emanen zaie bertako elkarte eta kolektiboek sustatutakoei, ekintzak prestatzeko elebidunen kopurua handitu dadin, euskaraz egiteko espazio gehiago izan ditzaten, herritar guztien sentsibilizazioa handiagoa izan dadin gai honen inguruan, eta euskararen erabilera areagotu dadin denetariko eragile sozialen jardunean.

28. artikulua. Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteroko aurrekontuetan, euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat. Horretarako deialdia urtero argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

29. artikulua. Etorkinak. Etorkinei zuzendutako berariazko kanpainak eginen dira, izan dezaten euskararen berri nahiz Ameskoabarrenean duen egoeraren berri.

30. artikulua. Toponimia. Herriko toponimo txiki ofizialak finkatzea Udalaren Osoko Bilkurari dagokio, eta erabiltzen ahalko ditu izena emateko kale, plaza, eraikin eta hiriko gainerako elementuei, bai eta era guztietako entitateei ere. Normalizatzeko oinarrizko irizpidetzat hartuko da Nafarroako Gobernuak euskal toponimoentzat ezarritako printzipioa: hau da, euskaraz erabilitakoak, edozein izanik haien jatorria, euskal grafian idatziko dira, eta erromantzekoak, edo euskal toponimoak ez diren bestelakoak, gaztelaniaren grafian. Nolanahi ere, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua izanen da Udalari aholku emateko organoa.

Udal eskumeneko zerbitzuak:

31. artikulua. Orokorrean eta pixkanaka, 3 eta 18 urte bitartekoentzat eskainitako euskarazko jarduera kopurua bat etorriko da euskarazko adarretan eskolatuak dauden adin bitarteko horretako haur eta gazteen proportzioarekin, eta era egokian erantzunen zaio euskal hiztunen eskariari. Halaber, helduei aukera emanen zaie aisialdia euskaraz eman dezaten, euskarazko kultura eta kirol jarduerak nahiz bestelako jarduerak eskainita.

32. artikulua. Hezkuntza. 1. Udalak behar diren baliabideak jarriko ditu bermatzeko herritarrek aukera izan dezaten Udaleko hezkuntza arloko zerbitzuak euskaraz jasotzeko, zerbitzuaren kudeaketa zuzenekoa zein zeharkakoa izan. 2. Behar diren baliabide eta neurriak jarriko dira abian eskaera guztiei erantzun positiboa emateko, etorkizunean izanen den haur eskolan euskaraz ikasteari dagokionez, horrela bermaturik hizkuntza zerbitzuetan gurasoek duten eskubidea hizkuntza eredua aukeratzeko. Udalak hala bete dadila exijituko die zerbitzu horien enpresa kudeatzaileei.

33. artikulua. Dirulaguntzak. Udalak diru-partidak esleituko ditu bere urteroko aurrekontuetan, euskara ikasi nahi duten udalerriko helduei dirulaguntza emateko. Dirulaguntza horiek urtero plazaratuko den deialdian arautuko dira.

34. artikulua. Laguntzak emateko, aurkezturiko eskabideak aztertuko dira, eta ordainduko dira indarreko aurrekontuko "Euskara ikasteko laguntzak" partidaren kargura.

Deialdi horretatik kanpo egonen dira, administrazio publikoren edo enpresa pribaturen bateko langileak izanik, euskalduntze plan bereziren batean sartuak dauden Ameskoabarrengo pertsonak. Dirulaguntza jasotzeko baldintza izanen da egunean edukitzea Ameskoabarrengo Udalarekiko zerga-betebeharrak. Ofizioz egiaztatuko da hori. Diruz lagunduko dira bai ikastaro estentsiboak, bai intentsiboak edo barnetegiak, bai eta autoikaskuntzako ikastaroak ere, esleitu den aurrekontuaren mugaraino. Laguntza horiek bateragarriak izanen dira helburu bererako emaniko administrazio publikoaren edo entitate pribaturen baten beste laguntza ororekin, baina gainfinantzaketarik gertatu gabe betiere.

35. artikulua. Diruz lagunduko dira gizarte ekimenez antolatutako euskarazko kultura jarduerak eta, orokorrean, ordenantza honek ezarritako helburuak eta euskararen sustapen soziala helburu dutenak. Dirulaguntza horiek urtero plazaratuko den deialdian arautuko dira.

36. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoaren betetze-mailari buruzko iradokizunak eta kexak aditzera emanen dira udal telefonoaren bidez (948539008), posta elektronikoaren bidez (ayuntamiento@amescoabaja.org) edo erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://amescoabaja.clmtec.es/sede-portal/home).

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Bigarrena.–Ameskoabarrengo Udalak bere urteko aurrekontu orokorrean behar adinako diru-partidak esleituko ditu, ordenantza hau egiaz gauzatzeko.

Hirugarrena.–Ordenantza hau behin betiko onetsi ondoren, azalpenezko material bat argitaratuko da ele bitan hari buruz, eta postontzietan banatuko da.

Iragarkiaren kodea: L2304747