81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, MEDICA 2023 azokan parte hartzeko.

Ekitaldi hori Düsseldorfen izanen da, azaroaren 13tik 16ra.

Nafarroako Gobernua Nafarroako Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroaren nazioartekotze-prozesuaren diagnostikoan, zeina oinarri hartu baita aipatu plana egiteko, Alemania lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Osasunaren arloa da herrialde horretako sektore estrategikoetako bat.

Urtero egiten den Medica azoka (https://www.medica-tradefair.com) munduko garrantzitsuena da osasun arloko teknologiaren sektorean, eta aurten azaroaren 14tik 17ra eginen da Düsseldorfen. Azken edizioan, 2022koan, MEDICA azokak 5.223 erakusketari eta 81.000 bisitari baino gehiago izan zituen, 150 herrialdetakoak.

Azokaren barrutian antolatzen dira bai konferentziak bai forum espezializatuak bai jarduerak, hala nola "Healthcare Brokerage Event" delakoa; hots, bilera plataforma bat, Enterprise Europe Network (EEN) sareak martxan jarria helburu honekin: enpresei, unibertsitateei eta ikerketa zentroei laguntzea entitate bazkideak identifikatzen, teknologia trukatzeko eta produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, lizentzietarako, banaketa-akordioetarako, joint ventures motako kontratuetarako edo beste zeinahi lankidetza motatarako.

Nafarroako Gobernuaren ustez, azoka honek aukera handiak eskain ditzake medikuntzaren sektoreko Nafarroako enpresentzat, eta batez ere, teknologia diseinatzen eta ekoizten duten enpresentzat, bai eta osasunaren arloko eta laborategietako ekipamendua diseinatzen eta ekoizten dutenentzat ere.

Ekintzaren helburuak:

–Azokaren prospekzioa egitea.

–Ezagutzea zein den medikuntzako gailuen eta osasun teknologiaren sektorearen egoera nazioartean.

–Negozio aukerak identifikatzea eta Nafarroako enpresei laguntzea balizko bezeroekin harremanetan jartzen.

Sektorea:

–Osasun teknologia.

Ekintzaren edukia:

–Enpresen eta balizko bezeroen arteko topaketak antolatuko dira "Healthcare Brokerage Event" delakoaren baitan, Nafarroako Unibertsitateko Enterprise Europe Network sarearekin lankidetzan. Topaketa horien helburua da enpresei, unibertsitateei eta ikerketa zentroei laguntzea entitate bazkideak identifikatzen, teknologia trukatzeko eta produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, lizentzietarako, banaketa-akordioetarako, joint ventures motako kontratuetarako edo beste zeinahi lankidetza motatarako.

–"Navarra Health" erakustoki instituzionala eskuragarri jartzea, parte hartzen duten enpresek bilerak egiteko topalekua izan dadin. Erakustoki hori pabilioi bateratuan jarriko da, zeina FENIN-Osasun arloko Teknologia Enpresen Espainiako Federazioak antolatzen baitu. Parte hartzen duten enpresei neurrizko dimentsioak dituen produkturen bat erakusteko baimena emateko aukera aztertuko dira, dagoen espazioaren arabera.

–Nafarroako entitateen sustapen katalogo bat prestatzea, azokan banatzeko.

–Entitate parte-hartzaileen sustapena eta zabalkundea eginen da, MEDICA azokan jarriko den "Navarra Health" erakustokian.

–Azokan sartzeko txartelak ematea (txartel bat enpresa bakoitzeko).

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

–Osasun teknologiaren sektoreko entitatea izatea (zentro teknologikoak, osasun teknologiako produktuak fabrikatzen dituzten enpresak eta abar).

–Helbide fiskala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.

Eskaera aurkezteko epea:

Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2023ko apirilaren 28ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=48709

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arreta gune batzuk jarriko ditu, izapideen katalogoaren fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua:

MEDICA azokako ekintza honetan gehienez ere 15 enpresak eta gutxienez ere 6 enpresak parte hartzen ahalko dute. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura heldu arte.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartzen bada, entitate parte-hartzailea beharturik egonen da ekintza gauzatzera, salbu eta behar bezala justifikatuta arrazoiak daudenean edo gerora sortutako ezintasunagatik.

Enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, aipatutako enpresak parte hartzea eskatzen duen sektoreko hurrengo misioan itxarote-zerrendako azken postura igaroko da, aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 31n.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2305408