81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

59/2023 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Ablitasko udal mugartean (Nafarroa) dagoen Ablitasko gaztelua izeneko monumentuaren babes ingurunea behin-behinean mugatu, eta haren kultura-intereseko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:

"Ablitasko gaztelua monumentu historiko-artistikoaren izaera du, Espainiako gazteluak babesten dituen 1949ko apirilaren 22ko dekretuaren bidez emana. Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarrian jasotzen da kultura-intereseko ondasunak direla 1949ko apirilaren 22ko Dekretuan jasotzen direnak, eta adierazten da lege horrek ondasun horietarako ezartzen dituen araubidearen mende daudela. Kultura-intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrean R-I-51-0011008 inskripzio zenbakia du.

Ekainaren 16ko 163/1997 Foru Dekretuak Ablitasko gaztelua izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onetsi zuen, monumentu historiko-artistikoaren deklarazioa osatzeko. Babes ingurunea 2. poligonoko 170. lurzatiari dagokio. Lurzati horretan gazteluko dorrea eta lur azpiko gela batzuk daude, elkar lotutakoak eta harkaitzean zulatu zirenak. Ablitasko Udala da lurzati horren titularra.

Jatorrian, gazteluak maila gehiago zituen beherago. Mugaketan ez ziren sartu inguruko beste lurzati batzuk, garai hartan zeuden eraikinek galarazten zutelako hango aztarnak ikustea. Ipar-ekialdean eta ipar-mendebaldean gazteluaren mugakide den 171. lurzati zabalean zeuden eraikinak berriki eraitsi direnez, agerian geratu dira gazteluaren beste aztarna batzuk. 170. lurzatiaren aldameneko beste lurzati txiki batzuetan ere gauza bera gertatu da, neurri txikiagoan.

2019an eta 2020an Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak gazteluko dorrea zaharberritu zuen. Urte batzuk lehenago, 1992an, Udalak esku hartu zuen harkaitzean zulatutako gelak sendotzeko. Duela gutxi Udalak ondoko lurzati batzuk erosi ditu, eta lanak egiten ari da inguruko eraikin batzuk kentzeko, aurri egoeran zeudenak, inguruko lurzatietan dauden gazteluaren aztarnak hobeki ezagutzeko eta aztarna horien eta ingurunearen egoera hobetzeko.

Hori dela eta, Ablitasko Udalak eskatu du Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak berrikus eta handitu dezala Ablitasko gaztelua kultura-intereseko ondasunaren ingurunearen mugaketa, bertan sartzeko, gazteluaren nukleoa dagoen 170. lurzatiaz gain, aldameneko lurzati eta bide batzuk, gazteluaren kokalekua zen muinoa osatzen dutenak, eta Montecillotik bereizten zuen babes-hobia; izan ere, horietan gazteluaren aztarnak agertu dira eta pentsatzekoa da gehiago egon daitezkeela.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak eskaera hori azterturik, bidezkotzat jotzen du proposatzea berrikus dadila Ablitasko gazteluaren babes ingurunearen mugaketa, eta tramita dadila Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

Berrikuspen horretan sartzen da babes ingurunearen mugaketa handitzea, udalaren proposamenarekin bat. Proposatzen den mugaketan sarturik daude, lehen mugatu zen eremuaz gain (2. poligonoko 170. lurzatia), 150., 151., 154., 155., 156., 157., 159., 160., 161., 162., 163., 164., 165., 166., 167., 168., 169. eta 171. lurzatiak, Subida Graneros kalearen tarte bat –169., 170. eta 171. lurzatien artean dagoena–, Castillo kalearen tarte bat –160. lurzatitik 150. lurzatira bitartekoa–, Subida al castillo kaleko lurzatietako atzealdeen eta 170. lurzatiaren mendebaldeko ertzaren arteko bide-lurzatia, eta Castillo kalearen ezponda, 170. eta 171. lurzatien aldamenekoa, 149., 123. eta 969. lurzatietaraino. Handitzeko eremuaren zati handiena udalaren titulartasuneko 171. lurzati zabalari eta bide batzuei dagokie. Gainerako lurzatiak txikiak eta udal titulartasunekoak dira: 150., 154., 156., 157., 161., 162., 163. eta 171. lurzatiak.

Honako hau da Ablitasko gazteluaren babes ingurunearen mugaketaren hitzez hitzeko deskribapena:

Ablitasko gazteluaren babes ingurunea honakoek definitzen dute: Ablitasko udalerriko 2. poligonoko 170., 150., 151., 154., 155., 156., 157., 159., 160., 161., 162., 163., 164., 165., 166., 167., 168., 169. eta 171. lurzatiak, Subida Graneros kalearen tarte bat –169., 170. eta 171. lurzatien artean dagoena–, Castillo kalearen tarte bat –160. lurzatitik 150. lurzatira bitartekoa–, Subida al castillo kaleko lurzatietako atzealdeen eta 170. lurzatiaren mendebaldeko ertzaren arteko bide-lurzatia, eta Castillo kalearen ezponda, 170. eta 171. lurzatien aldamenekoa, 149., 123. eta 969. lurzatietaraino.

Erantsitako planoan jasotzen da ingurunearen mugaketa grafikoa.

Hau da ukituen zerrenda:

–Ablitasko Udala.

–Carmelo Ruiz Serrano eta Miguel Ruiz Serrano.

–Victory Collins eta Hope Izevbokun.

–Petra Bonel Escribano.

–José Manuel Álvarez Quintana.

–Sociedad Gastronómico Cultural El Castillo.

–María Izaskun González Salvide.

–Jesusa Urruticoechea Recalde.

–Aitziber Ulloa Echeverria eta Arkaitz Ulloa Echeverria.

–Pedro María Aldave Gastañaga eta María Victoria Cuerva Martínez.

Eremu horretarako proposatzen diren babes neurriak 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoak dira, hots: beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

Beraz, proposatzen da Ablitasko gazteluaren babes ingurunearen mugaketa aldatzea eta aldaketa horren tramitazioa hastea".

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ablitas udal mugartean (Nafarroa) dagoen Ablitasko gaztelua izeneko monumentuaren babes ingurunea behin-behinean mugatzea, kultura-intereseko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honen azalpen zatiko hitzez hitzeko deskribapenarekin eta ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin bat.

2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Ablitasko Udalari jakinaraztea. Eta aditzera ematen zaie bertan behera utzi behar direla ukituriko eremuetarako udal partzelazio-lizentziak eta bertan eraiki edo eraistekoak, bai eta jadanik emanak daudenen ondorioak ere, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d artikuluan xedatutakoarekin bat. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

4. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 28an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Ablitasko gazteluaren inguruaren planoa deskargatu (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2305409