81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

290E/2023 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2023ko apirilaren 13rako, 20rako eta 27rako deitutako greba partziala dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten dituena.

Erizaintzako Sindikatuak (SATSE) grebarako deia egin du. Greba horrek eragina izanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako eta fisioterapiako langileek –prestakuntzan daudenak barne– egiten dituzten lan eta funtzionario jarduera guztietan. Greba goizeko 8:00etatik 10:00etara eginen da, 2023ko apirilaren 13ko, 20ko eta 27ko lanaldietan.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da herritarrentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Argudio horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2023ko apirilaren 13rako, 20rako eta 27rako deitutako greba partziala dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak greba batzordean dagozkien jarduketak eginik, eta hari aditu ondoan, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak ezartzea.

SATSEk alegazioak aurkeztu ditu. Horien arabera, gutxieneko zerbitzuen ezarpena ez dago behar bezala arrazoituta, eta ez dira egokiak, aurreikusitako hiru egunetan bi orduko greba partziala eginen delako.

Zerbitzu bakoitzean ezarri diren gutxieneko zerbitzuak ezartzeko arrazoiak laburki adierazi dira ebazpen honetan, baina arrazoibidea askitzat jotzen da. Hala ere, honako hau gehitu behar da:

–Ospitalizazio zerbitzuari dagokionez, non zerbitzuaren ahalmen logistikoaren %100 ezarri baita, argi dago funtsezkoa dela zerbitzu hori %100ean ematea, pazienteak ospitalizatuak baitaude gaitz larriak dituztelako, ebakuntza kirurgikoak egin zaizkielako edo horren zain daudelako.

–Bestalde, laguntza espezializatuaren esparruko larrialdi zerbitzuei dagokienez, ezarritako gutxieneko zerbitzuek ezinbesteko zerbitzuak emateko beharrari erantzuten diote, hala nola hil edo biziko arreta-kasuei erantzutea osasun arloaren greba-egoera batean, nahiz eta greba partziala izan.

–Ohiko arretari kasu egiteko asmoz ospitale arloaren ahalmen logistikoaren %60ra arte bermatzeari dagokionez, osasun arreta atzeratu ezin zaien pazienteek okerrera egitea saihestu nahi da. Ehuneko hori ezartzeak arrazoizko proportzio bat bermatzen du grebalariei ezartzen zaizkien sakrifizioen artean eta osasun laguntzako zerbitzuen erabiltzaileek jasaten dituzten sakrifizioen artean.

–Azkenik, oinarrizko osasun laguntzaren esparruan ezarritako gutxienekoei dagokienez, ebazpen honetan aldaketa batzuk egin dira, eta ezarri da osasun eskualde oinarrizko bakoitzean erizaintzako profesional bat egonen dela etengabeko arreta gune bakoitzean, gutxieneko zerbitzuak grebaren izaera partzialera egokituta.

Bestetik, posible da langile egoiliarrak gutxieneko zerbitzuetan sartzea. Izan ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an gai honi buruz emandako 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egin du Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia, zeinak langile horiek sartzea galarazten baitzuen. Gainera, epai horrek adierazten du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, eta errekurritutako ebazpena ordenamendu juridikoaren araberakoa dela.

Horren haritik, zehaztu behar da Auzitegi Gorenak, Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Atalaren 1523/2021 Epaiaren bidez, ezetsi egin duela SMNk apelazio-epai horren aurka jarritako kasazio-errekurtsoa, eta adierazi duela epai horrek ez duela ordenamendu juridikoa urratzen. Hain zuzen, zuzenbideko oinarrietatik bosgarrenean, onarpen-autoan planteatutako auziari emandako erantzunari dagokionez, honako hau dio: "onarpen-autoan planteatu den jurisprudentzia osatzeko kasazio-interes objektiboaren gaiari erantzun beharraz, adierazten dugu barneko mediku egoiliarrak sar daitezkeela kontratu bidez lotuta dauden ospitale-zentroan deitzen diren osasun langileen grebetan ezarri behar diren gutxieneko zerbitzuetan".

Ezarri behar diren funtsezko gutxieneko zerbitzuei buruz galdetu zitzaien Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko arloetako kudeatzailetzei eta zuzendaritza asistentzialei.

Hori horrela, orain arte ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan jarraitu den irizpidea bat dator greba eskubidea mugatzeari buruzko erabaki jurisprudentzialekin, osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean. Era horretan, bi errealitate hauen arteko proportzionaltasun printzipioa betetzen da: batetik, funtsezko zerbitzu horietako erabiltzaile edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik, greba egin nahi dutenei inposatzen zaizkien sakrifizioak. Izan ere, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez du gainditu behar sen onak agintzen duena.

Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, erabilitako irizpidea izan da dauden langileak aintzat harturik, gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriarendako funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.

Arlo bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta arlo bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:

1.–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa:

Greba partziala bada ere, ospitalizazioan, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuak dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna. Pazienteei alta emateko ahalmena ere eduki behar da, ospitaleetan osasun arreta ez kolapsatzeko.

Esparru horretan kontuan hartu dira, orobat, arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala eta transplanteen koordinazioa.

Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu horretan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ustez, gutxienekoen ebazpenean aipatu ohi den eta ebazpen honetan ere ezartzen den %60 hori doiegi da paziente guztiei arreta eman ahal izateko. Kasu honetan, kontuan hartuz greba eskubidea mugatzeari buruz lehen aipatutako erabaki jurisprudentzialak, oraingo honetan ez da ehuneko hori handituko, baina baliteke sortzen diren egoeren arabera hartzea hurrengo greba deialdiei buruzko erabakiak.

Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da prozesu kliniko baten zain dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egitea.

Era berean, beharrezkotzat jo da:

–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.

–Arreta ematea larrialdiei, zaintza-unitate kritikoetan eta berezietan ingresatuta dauden pazienteei eta erditzeko arloetan eta horien parekoetan daudenei.

–Ospitaleko farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitalizatuei eta onkologikoei.

–Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornidura egiteko hornitu ohi diren zentroei, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.

2.–Oinarrizko Osasun Laguntza:

Oinarrizko osasun laguntzako taldeetan, eguneko eskariari dagokion arreta ematen da, eta (goizean zehar) kasuan kasuko osasun eskualde oinarrizkoan gerta daitezkeen larrialdiei ere erantzuten zaie. Erizaintzako postu bakoitzean 1.500 paziente inguru artatzen dira, gutxi gorabehera. Hori dela eta, oinarrizko osasun laguntzako talde bakoitzean greba-orduetan gerta daitezkeen larrialdiei erantzuteko profesionalak izan behar dira.

Horrek justifikatzen du osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, etengabeko arreta gune bakoitzean, erizaintzako profesional bat egotea grebarako aurreikusitako ordutegian.

3.–Osasun Mentala:

San Frantzisko Xabierkoa zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita aritzen diren langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira.

Osasun Mentaleko Kudeatzailetzaren Osasun Mentaleko Eguneko Ospitaleei eta Osasun Mentaleko Zentroei dagokienez, gutxieneko zerbitzuetako erizaintzako langileak baliabideen jarduera bermatzeko behar direnak izanen dira.

4.–Lizarrako Osasun Barrutia:

Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta García Orcoyen Ospitalea daude.

Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.

5.–Tuterako Osasun Barrutia:

Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, Reina Sofía Ospitalea eta Osasun Mentala daude.

Kasu honetan ere, Oinarrizko Osasun Laguntzak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Osasun Mentalak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.

Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxienekoak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.

6.–Langile egoiliarrak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzeari dagokionez:

Aipatu da jada Auzitegi Gorenaren 1523/2021 Epaia, Administrazioarekiko Auzien Salaren Laugarren Atalak emana, ezetsi egiten duena SMNk jarritako kasazio-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiaren aurka jarria. Epai horrek, hain zuzen, errebokatu egin zuen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak 2019ko uztailaren 10ean emandako 191/2019 epaia eta deklaratzen du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea.

Orobat, arlo bakoitzari bere iritzia ere eskatu zaio, arretari dagokionez. Hortik ikusi denez:

Edozein egunetako etengabeko arretan, zentroko profesional espezialistak eta langile egoiliarrak aritzen dira. Zentroek uste dute funtzionatzeko modu hori oso errotua dagoela eta arreta segurua eta kalitatezkoa bermatzen duela. Haien ustez, greba egunean ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta antolaketa berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sor daitezkeelako larrialdi batean.

Langile egoiliarrak lan-kontratudunak dira, eta prestakuntzan egotea ez da arrazoi aski gutxieneko gisa ez izendatzeko; izan ere, guardia medikoak egitea oso garrantzitsua da prestakuntzaren ikuspegitik. Are gehiago, beren prestakuntza-programetan gutxienez zenbat guardia egin behar dituzten agertzen da.

Erizaintzako egoiliarrek etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu gisa egin beharreko jarduera hori ez da beren ohiko jarduna ez bezalakoa. Ez da haien jarduera handitzen ospitaleko espezialistak ordezteko. Espezialisten eta egoiliarren arteko proportzioa ez da aldatzen.

Azken batean, langile egoiliarrak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza beharrak ez dira horretarako oztopo, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatzen badira.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Greba hau, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizainak eta fisioterapeutak diren langile eta enplegatu publikoek –prestakuntzan daudenak barne– egiten dituzten lan eta funtzionario jarduera guztiei eragiten diena, ondoren zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuz eginen da:

I.–Ospitaleak.

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

a) Ospitaleratzea: ahalmen logistikoaren %100 bermatuko da.

b) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.

–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.

–Minaren Unitatean etengabeko tratamendua duten pazienteendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteentzako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko pazienteentzat ere.

–Osasun Mentaleko sareko eguneko ospitaleak.

c) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako Unitatearen, Erreanimazioaren eta Zainketa Berezien Unitatearen, Zainketa Etengabeko Unitatearen, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta parekagarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.

d) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

e) Honako arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteendako arreta eta ohiko arreta guztiak bermatuko dira, halakorik bada, ahalmen logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

f) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta pautatuak dituzten pazienteendako arreta bermatuko da.

g) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroak hornitzeko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.

II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloan, hauxe izanen da lan araubidea:

Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetan:

Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, ohiko lanaldiaren barruan dagoen greba-ordutegian, erizaintzako profesional bat egonen da etengabeko arretako gune bakoitzean.

III.–Osasun mentala.

San Frantzisko Xabierkoa zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita aritzen diren langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira.

Osasun Mentaleko Kudeatzailetzaren Osasun Mentaleko Eguneko Ospitaleei eta Osasun Mentaleko Zentroei dagokienez, gutxieneko zerbitzuetako erizaintzako langileak baliabideen jarduera bermatzeko behar direnak izanen dira.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2023ko apirilaren 5ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

Iragarkiaren kodea: F2305646