81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

277E/2023 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2023ko apirilaren 3rako eta 4rako deitutako greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten dituena.

SAE, CCOO eta ELA sindikatuek greba orokorrerako deia egin dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lantoki guztietan. Lanuztea 2023ko apirilaren 3ko gaueko txandaren hasieran hasiko da, zehazki, 22:00etan, eta 2023ko apirilaren 4ko 22:00etan bukatuko da.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da herritarrentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2023ko apirilaren 3rako eta 4rako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko. Argudio horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Behar diren jarduketak egin dira Greba Batzordearekin, eta hark alegaziorik aurkeztu ez duenez proposatutako gutxieneko zerbitzuei buruz, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.

Langile egoiliarrak gutxieneko zerbitzuetan sartzeari dagokionez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egin du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia. Gainera, adierazten du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, eta errekurritutako ebazpena ordenamendu juridikoaren araberakoa dela.

Aurrekoaren haritik, zehaztu behar da Auzitegi Gorenak, Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Atalaren 1523/2021 Epaiaren bidez, ezetsi egin duela SMNk apelazio-epai horren aurka jarritako kasazio-errekurtsoa, eta adierazi duela epai horrek ez duela ordenamendu juridikoa urratzen. Hain zuzen, zuzenbideko oinarrietatik bosgarrenean, onarpen-autoan planteatutako auziari emandako erantzunari dagokionez, honako hau dio: "onarpen-autoan planteatu den jurisprudentzia osatzeko kasazio-interes objektiboaren gaiari erantzun beharraz, adierazten dugu barneko mediku egoiliarrak sar daitezkeela kontratu bidez lotuta dauden ospitale-zentroan deitzen diren osasun langileen grebetan ezarri behar diren gutxieneko zerbitzuetan".

Ezarri behar diren funtsezko gutxieneko zerbitzuei buruz galdetu zitzaien Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko arloetako kudeatzailetzei eta zuzendaritza asistentzialei.

Hori horrela, orain arte ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan jarraitu den irizpidea bat dator greba eskubidea mugatzeari buruzko erabaki jurisprudentzialekin, osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean. Era horretan, bi errealitate hauen arteko proportzionaltasun printzipioa betetzen da: batetik, funtsezko zerbitzu horietako erabiltzaile edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik, greba egin nahi dutenei inposatzen zaizkien sakrifizioak. Izan ere, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez du gainditu behar sen onak agintzen duena.

Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, erabilitako irizpidea izan da, dauden langileak aintzat harturik, gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriarendako funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.

Esparru bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta esparru bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:

1.–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa:

Ospitalizazioan, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna. Pazienteei alta emateko ahalmena ere eduki behar da, ospitaleetan osasun arreta ez kolapsatzeko.

Esparru horretan kontuan hartu dira, orobat, arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala eta transplanteen koordinazioa.

Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu horretan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ustez, gutxienekoen ebazpenean aipatu ohi den eta ebazpen honetan ere ezartzen den %60 hori doiegi da paziente guztiei arreta eman ahal izateko. Kasu honetan, kontuan hartuz greba eskubidea mugatzeari buruz lehen aipatutako erabaki jurisprudentzialak, oraingo honetan ez da ehuneko hori handituko, baina baliteke sortzen diren egoeren arabera hartzea hurrengo greba deialdiei buruzko erabakiak.

Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da prozesu kliniko baten zain dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egitea.

Era berean, beharrezkotzat jo da:

–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.

–Arreta ematea larrialdiei, zaintza-unitate kritikoetan eta berezietan ingresatuta dauden pazienteei eta erditzeko arloetan eta horien parekoetan daudenei.

–Ospitaleko farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitalizatuei eta onkologikoei.

–Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornidura egiteko hornitu ohi diren zentroei, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.

2.–Oinarrizko Osasun Laguntza:

Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetan, eguneroko eskariaren araberako arreta ematen da, eta (goizez) osasun eskualde oinarrizko bakoitzean gertatzen diren larrialdiak artatzen dira; medikuntzako profesional bakoitzak 1.500 paziente inguru ditu, eta pediatriako profesional bakoitzak 1.100 paziente. Hortaz, Oinarrizko Osasun Laguntzako Talde bakoitzak profesionalak eduki behar ditu goizeko ordutegian gertatzen ahal diren larrialdiei erantzuteko, eta larrialdia ez izan arren atzeratu ezin den laguntza emateko, bai eta paziente kronikoak artatzeko eta beharrezkoak diren etxez etxeko bisitak egiteko ere.

Honek justifikatzen du, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizez eta arratsaldez) hauek egotea 5 lanpostu edo 5 baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko: familiako medikuntzako profesional bat, pediatriako profesional bat, erizaintzako profesional bat eta harrera arloko profesional bat.

Etengabeko arretako ordutegian, gutxieneko zerbitzuek langile guztiei eragiten diete etengabeko eta larrialdietako arreta emateko.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren arloan, 465.000 pertsona artatu behar dira, horietatik 324.000 Iruñerrian eta Tafallaldean, eta 141.000 pertsona Nafarroan barna banatuak dauden 21 Etengabeko Arreta Guneetan (4tan medikuntzako bi profesionalekin, eta 17tan bakarrarekin). 72 profesional inguru behar dira.

Aho-hortzen osasunean, odontologiako 9 profesional daude eta, arestiko irizpideari eutsiz, odontologiako bi profesional egonen dira gutxieneko zerbitzuetan, bat arreta orokorrerako eta bestea HHZP-PADIrako. Gutxieneko langileak bi erizaintzako laguntzaile eta administrazio arloko profesional bat direla ezarri da.

3.–Osasun Mentala.

Osasun Mentaleko ospitalizazio arloari dagokionez, greba egunetan bermatu beharko litzateke honako hauek egotea: fakultatibo bat Errehabilitazio Unitatean (EU), bi fakultatibo Egonaldi Ertaineko Unitatean (EEU), fakultatibo bat Egonaldi Luzeko Unitatean (ELU) eta fakultatibo bat San Frantzisko Xabierkoa zentroko egoitza-unitateetan.

San Frantzisko Xabierkoa zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita aritzen diren langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira.

Jarduera pautatua duten zerbitzuei dagokienez (Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak), Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak zehaztu du osasun mentalaren arloko eguneko ospitaleratzea tratamendu intentsiboa dela, ospitaleratzearen ordezkoa, eta pazienteen egoera klinikoa subakutua dela eta, beraz, ziurtatu egin behar direla arreta eta tratamendua.

Osasun mentaleko zentroetako kontsultetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, haietako bakoitzean lehen kontsultak zenbat diren aztertu da, eta horiek zer ehuneko egiten duten kontsulta guztiekin alderatuta. Zentro bakoitzeko lehen kontsultak eta larrialdietakoak bermatu beharko liratekeela uste da.

Zentro bakoitzak ahalmen logistiko desberdina behar du, plantillaren arabera eta lehen kontsultetan ematen duen lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batezbestekoa plantillaren %40 da, gehienez.

Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuak izendatuko ditu behar diren profesionalak funtsezko osasun laguntza ematen dela bermatzeko.

4.–Lizarrako Osasun Barrutia:

Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta García Orcoyen Ospitalea daude.

Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.

5.–Tuterako Osasun Barrutia:

Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, Reina Sofía Ospitalea eta Osasun Mentala daude.

Kasu honetan ere, Oinarrizko Osasun Laguntzak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Osasun Mentalak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.

Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxienekoak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.

6.–BAME langileak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzea:

Aipatu da jada Auzitegi Gorenaren 1523/2021 Epaia, Administrazioarekiko Auzien Salaren Laugarren Atalak emana, ezetsi egiten duena SMNk jarritako kasazio-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiaren aurka jarria. Epai horrek, hain zuzen, errebokatu egin zuen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak 2019ko uztailaren 10ean emandako 191/2019 epaia eta deklaratzen du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea.

Orobat, arlo bakoitzari bere iritzia ere eskatu zaio, arretari dagokionez. Hortik ikusi denez:

Edozein egunetako etengabeko arretan, zentroko profesional espezialistak eta langile egoiliarrak aritzen dira. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, ikusten da funtzionamendu hori oso errotuta dagoela gure zentroetan, eta arreta segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko aukera ematen du. Haien ustez, greba egunean ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta antolaketa berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sor daitezkeelako larrialdi batean.

Langile egoiliarrak lan-kontratudunak dira, eta prestakuntzan egotea ez da arrazoi aski gutxieneko gisa ez izendatzeko; izan ere, guardia medikoak egitea oso garrantzitsua da prestakuntzaren ikuspegitik. Izan ere, beren prestakuntza-programetan gutxienez zenbat guardia egin behar dituzten agertzen da.

Egoiliarrek etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu gisa egin beharreko jarduera hori ez da beren ohiko jarduna ez bezalakoa. Ez da haien jarduera handitzen ospitaleko espezialistak ordezteko. Espezialisten eta egoiliarren arteko proportzioa ez da aldatzen.

Azken batean, langile egoiliarrak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza beharrak ez dira horretarako oztopo, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatzen badira.

7.–Funtsezko osasun laguntzari eutsiko zaiola bermatzeko ezinbesteko gutxieneko langileak izendatzeari buruz.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren esparruetako organo eskudunek izendatuko dituzte Profesionalen Zerbitzuetatik, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuetatik (NOUren kasuan, Profesionalen Zuzendaritza eta Kudeaketa Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza) eta Pazientearen Harrera eta Arreta Zerbitzuetatik behar diren langileak, ebazpen honetan ezarritako gutxieneko osasun laguntza ematen dela bermatzeko.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko fakultatiboei (prestakuntzan daudenak barne) eta gainerako langileei (osasun arlokoei eta bestelakoei) eragiten dien greba hau apirilaren 3ko 22:00etan hasiko da, eta apirilaren 4ko 22:00etan bukatuko, eta ondoren zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuz eginen da:

I.–Ospitaleak.

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitaleratzea: ahalmen logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.

–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.

–Minaren Unitatean etengabeko tratamendua duten pazienteendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteentzako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko pazienteentzat ere.

–Osasun Mentaleko sareko eguneko ospitaleak.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, ondoren aipatzen direnen jarduera ere bai: Larrialdiak, ZIU, EZBU, ZKU, Kritikoen Unitatea, Erditzeen Arloa eta parekagarriak diren beste unitate batzuk.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Honako arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteendako arreta eta ohiko arreta guztiak bermatuko dira, halakorik bada, ahalmen logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta pautatuak dituzten pazienteendako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornidura egiteko hornitu ohi diren zentroei, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.

–Pazienteentzako sukalde eta elikadura zerbitzuetan: ahalmenaren %100 bermatuko da.

–Profesionalen zerbitzuetan, kudeaketa ekonomikoko zerbitzuetan eta zerbitzu orokorretan, funtsezko osasun laguntza emanen dela bermatzeko behar diren langileak izendatuko dira.

II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloan, hauxe izanen da lan araubidea:

Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetan:

a) Ohiko lanaldian.

Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), honako hauek izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko: familiako medikuntzako profesional bat, pediatriako profesional bat, erizaintzako profesional bat eta harrera arloko profesional bat.

Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, familia-medikuntzako eta erizaintzako horrenbeste profesional egonen dira, gutxienez ere.

b) Etengabeko arretarako ordutegian.

Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.

Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:

Oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.

Aho-hortzen osasuna:

Odontologiako profesional bat laguntza orokorrerako, odontologiako profesional bat HHZP-PADI programarako, bi EZLT eta administrazio arloko profesional bat.

–Profesionalen Zerbitzuan eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuan, funtsezko osasun laguntza emanen dela bermatzeko behar diren langileak izendatuko dira.

III.–Osasun mentala.

–Osasun Mentaleko ospitalizazioari dagokionez, fakultatibo bat Errehabilitazio Unitatean (EU), bi fakultatibo Egonaldi Ertaineko Unitatean (EEU), fakultatibo bat Egonaldi Luzeko Unitatean (ELU) eta fakultatibo bat San Frantzisko Xabierkoa zentroko egoitza-unitateetan.

San Frantzisko Xabierkoa zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita aritzen diren langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira.

–Osasun Mentaleko Zentroetan (OMZ), izendatutako langileak plantillaren %40 izanen dira gehienez.

–Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuan funtsezko osasun laguntza ematen dela bermatzeko behar diren profesionalak izendatuko dira.

IV.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren organo zentralak.

–Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Zentralen Zuzendaritzan, atezain lanpostua.

–Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzan, sistema informatikoetako teknikari bat lan-txanda eta laguntza-talde bakoitzeko, osasun zentroetako gorabeherei erantzuteko.

–Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzan:

Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuan, jendeari arreta ematen dioten administrarien %50 eta zentroei arreta emateko jarduera administratiboa egiten dutenen %25, gutxienez.

Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuan, farmaziako langileen %25, gutxienez.

Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuan, jendeari arreta ematen dioten administrazio arloko profesionalen %50, zentroei arreta ematen dieten administrazio arloko langileen %25, fakultatiboen %33 gutxienez, eta Tuterako atalean, plantillaren %50, estamentuen arabera.

–Profesionalen Zuzendaritzan, Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuko pertsona bat eta Lanpostuetarako Kontratazioa, Sarrera eta Betetzea Kudeatzeko Zerbitzuko pertsona bat izendatuko dira.

–Kudeaketako Zuzendaritzan pertsona bat izendatuko da erregistroaren eginkizunak betetzeko.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honako hauetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritza, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetza, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuak; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusia, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalera, eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2023ko martxoaren 30ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

Iragarkiaren kodea: F2305366