81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27/2023 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: "Nafarroako toki-erakundeentzako dirulaguntzak ehiza espezieek egindako kalteen prebentziorako, 2023". DDBN identifikazioa: 683205.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legeak, 52. artikuluan ("Ehiza sustatzeko neurriak"), xedatzen du, beste hainbat kontzepturen artean, laguntza ekonomikoak ezartzea, ehiza espezieek egiten dituzten kalteak kontrolatzeko neurri batzuk ezartzeko.

Azken urteotan, ehiza espezie batzuek (hala nola untxiak, orkatzak eta basurdeak) kalteak egin dituzte nekazaritzako laboreetan, eta horrek arazo ekonomiko eta sozial handiak eragin ditu. Horregatik, komeni da toki-erakundeei sostengua ematea, haiek arduratzen baitira kasuan kasuko ehiza barrutiak kudeatzeaz, aurre egin diezaieten ehizari buruzko foru araudiak horretaz zehazten dituen betebeharrei, eta bultza ditzaten, zeinek bere lurralde eremuan, laboreak babesteko neurri eraginkorrak. Ildo horretan, adierazi behar da ehiztarien tokiko elkarteek badutela izaera berdintsuko eta urteroko dirulaguntzen beste lerro bat, tradizio luzea duena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza honen deialdia onestea: "Nafarroako toki-erakundeentzako dirulaguntzak ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzearren, 2023".

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ageri dira.

3. 40.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu-aurrekontuetako "Toki-erakundeentzako laguntzak, habitatak hobetzeko eta ehiza espezieek eragindako kalteen prebentziorako" izeneko 74200 740002 4609 456309 partidaren kontura.

4. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

7. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Foru Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Ehiza Atalari.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Nafarroako toki-erakundeentzako dirulaguntzak, ehiza espezieek eragindako kalteen prebentziorako, 2023. Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea toki-erakundeei, tokiko ehiza barrutiak kudeatzeko ardura dutenei, emanen zaizkien laguntzak, ehiza espezieek eragiten dituzten kalteen prebentziorako materiala erostearen ondoriozko gastuen zati bat ordaintzeko.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Laguntza hauek helburu dute ehiza espezie batzuek nekazaritza edo baso eremuetan egiten dituzten kalteen arriskua gutxitzea edo murriztea, eremu horiek Nafarroako toki-erakundeek zuzenean kudeatzen dituzten ehiza barrutietan daudenean.

3. oinarria.–Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako toki-erakundeak, eskabidea aurkezteko unean tokiko beren ehiza barrutiak kudeatzeaz arduratzen direnak.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak izapidetzeko onar daitezen, toki-erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epean:

4.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea. Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da hori.

4.2. Egunean izatea zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, interesdunari jakinarazten zaio ezen eskaeran baimena ematen diola departamentuari hori frogatzen duten datuak begira ditzan, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoko 10 egun natural iragandakoan.

4.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

4.4. Ehizan aritzeko zehapen irmorik ez izatea eskaera aurkeztean.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira 2023an egindako inbertsio mota hauengatik izandako gastuak, BEZa kanpo (materiala instalatzearen eta mantentzearen ondoriozko gastuak eta jarduketak ez dira diruz lagunduko):

A.–Laboreak babesteko sare-hesien kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak. Metro bat altu izanen dira gutxienez, eta hogei zentimetro lurrean sartuta egon beharko dute. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste fruta-arbola batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan.

B.–Babes hodien edo antzeko sistemen kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak.

C.–Laboreak babesteko hesi elektrikoen kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak. Hari kopuruek eta haien arteko tarteek kasu bakoitzerako egokiak izan beharko dute, eta baterien edo korronte elektrikoaren bidez elikatuko dira, halako moduan non haren intentsitatea etxeko abereentzat erabili ohi dena halako bi izanen den.

Hesi fisikoen ezarpenetik eta mantentze-lanetik sortutako gastu eta jarduketak ez dira diruz lagunduko.

Hornitutako materialak gutxienez 5 urteko bizitza baliagarria izan beharko du beti. Lurzati jakin baterako sare motako materialaren eta hodi babeslearen eskaera ezin da berriz egin hurrengo bosturtekoan.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren, aurreko puntuko kontzeptuen arabera onartutakoaren (BEZa kanpo) %60 adinakoa.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkeztea.

7.1.1. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta departamentu horretako erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña) aurkeztuko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean. Aurkeztu ahal izanen dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren leku eta moduetako edozeinetan.

7.1.2. Eskaera harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskaerak ez baditu eskatzen diren baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta halaxe jakinaraziko zaio.

7.2. Eskatzen den dokumentazioa:

7.2.1. II. eranskineko ehiza espezieek eragindako kalteen prebentziorako laguntzaren eskaera.

7.2.2. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, dirulaguntza eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.

8.1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek.

8.2. Aplikatuko diren lehentasun irizpideak:

8.2.1. Eskaerak ordenan jarriko dira, balorazio irizpideak aplikatuz emandako puntuen arabera:

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Toki-erakundeen ehiza barrutia edo haren zati bat kalteen prebentziorako plan baten xedekoa izatea.

20

2

Toki-erakundeek baimen bereziak eskatu izana azken 3 urtean basurdeek eta/edo untxiek eragindako kalteak kontrolatzeko, kalteen prebentziorako planik izan gabe.

10

8.2.2. Puntuazio bera lortuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren, lehentasun hurrenkera ezartzeko: lehendabizi, zeinek duen lanak gauzatzeko aurrekontu onartu handiena A neurrietarako; bigarrenik, zeinek duen lanak gauzatzeko aurrekontu onartu handiena B neurrietarako, eta, bukatzeko, zeinek duen lanak gauzatzeko aurrekontu onartu handiena neurri guztietarako.

8.2.3. Lehentasun hurrenkera horren arabera esleituko da dagoen aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

9. oinarria.–Instrukzio organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

10. oinarria.–Balorazio batzordea.

10.1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio balorazio batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

10.2. Balorazio batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Burua: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Lehen batzordekidea: Ehizaren Ataleko burua.

–Bigarren batzordekidea: Basoak Kudeatzeko Ataleko burua.

–Idazkaria: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Administrazio Laguntzako Bulegoko administraria.

10.3. Batzordeko kide bakoitzak Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

10.4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileek aurretiazko landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte eskatu diren inbertsioak egokiak diren erabakitzeko.

10.5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, balorazio batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

11. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

11.1. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

11.2. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntzarako eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

11.3. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

11.4. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

12. oinarria.–Ebazpena.

12.1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

12.2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

12.3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

12.4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

12.5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

13. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Arau orokorra da ez dela onartuko aldaketarik egitea aurkeztutako eskaeretan. Edozein aldaketa justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, egin aurretik.

14. oinarria.–Ordainketa eskaera: gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 2023ko urriaren 16a izanen da, egun hori barne. Onuradunek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan (González Tablas 9, Iruña) aurkeztu beharko dituzte gastuen frogagiriak, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan, Nafarroako Gobernuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari zuzenduta. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Onuradunaren izenean egindako gastuen fakturak, deialdi honi buruzkoak, hornitzailearen eta toki-erakundearen datu fiskalak jasotzen dituztenak, eta ordainketa horiek frogatzen dituzten banku-egiaztagiriak. Horien zenbatekoak bat etorri beharko du dagokion fakturarekin. Agiriak jatorrizkoak edo fotokopiak izaten ahalko dira.

–Egindako inbertsioen egiaztagiriak, III. eranskineko ereduari jarraikiz. Hesi elektrikoen inbertsioan izan ezik, nahitaezkoa izanen da kasuan kasuko laukitxoak betetzea babeserako materialaren xede diren lurzatiei dagokienez eta babesaren xede den laboreari dagokionez.

15. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.

16. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

16.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

16.2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari.

16.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

16.4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

17. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, baldin onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluaren d) letran xedaturikoarekin bat.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

DESKARGATU BEHARREKO AGIRIAK

II. eranskina.–Eskabidea.

III. eranskina.–Lanen laburpen-fitxa.

IV. eranskina.–Lanen ziurtagiria.

Deskargatu II.etik IV.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2304703