81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako 2023ko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 677521.

1985az geroztik, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira, baita aurrekontu erabilgarriaren menpe ere. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua, jarduerak eta inbertsioak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren inbertsioetarako 2023ko dirulaguntzen deialdia onestea, horretarako 60.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako museoetako eta bilduma museografiko iraunkorretako inbertsioetarako laguntzen deialdia 2023. urterako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2300-7816-333100: museoei eta bilduma museografiko iraunkorrei zuzendutako laguntzak. Inbertsioak.

2023

60.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 20an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

DIRULAGUNTZA DEIALDIA, NAFARROAKO MUSEOETAN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORRETAN INBERTSIOAK EGITEKO 2023. URTEAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografikoetan 2023an egiten diren inbertsio gastuak ordaintzeko.

1.2. Interes sozialeko xedearen oinarria da pertsona guztien kulturarako eskubidea. 1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, adierazi zuen pertsona orok duela eskubidea bere behar kulturalak asetzeko, aske parte hartzeko komunitatearen bizitza kulturalean eta arteez gozatzeko.

Nazioarteko tresna ugarik dute eragin zuzena kulturaren eta museoen arloaren arauketan, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaletik harago. Adibidez, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO), historian zehar, gai horrekin lotutako tresna ugari prestatu ditu, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira: museoak guztiontzat irisgarriagoak egiteko bitarteko eraginkorrenei buruzko Gomendioa, 1960ko abenduaren 14koa, ondasun kultural higigarrien babesari buruzko Gomendioa, 1978ko azaroaren 28koa, edo, berriena, 2015eko azaroaren 17ko Gomendio inspiratzailea, museoen, bildumen, aniztasunaren eta gizarteko funtzioaren babes eta sustapenari buruzkoa, zeinak erakunde horien rola eguneratzen duen mundu garaikidean.

1.3. Hau da dirulaguntzen aplikazio eremua:

–Aparatu kritikoa eta museografia berritzea.

–Pertsonak museoetako eraikinetara eta hango edukietara iristeko bideak erraztea (irisgarritasun unibertsala, seinaleak eta ikusizko komunikazioa eta/edo espaziala).

–Bildumen prebentziozko zainketa eta segurtasuna hobetzeko sistemak ezartzea.

–Bildumen kontrola, kudeaketa eta ezagutza hobetzea.

–Bildumako ondasun higigarriak kontserbatu eta zaharberritzeko lanak egitea, betiere entitate eskatzailea udal titulartasunekoa bada, edo, titulartasun pribatukoa izatekotan, ez jaso izana Ondare Historikoaren Zerbitzuak xede horretarako emandako laguntza.

2. Entitate onuradunak eta betekizunak.

2.1. Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.

2.2. Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.

b) Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

2.3. Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako museoak.

–2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan Museoen Zerbitzuaren inbertsioetarako partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

3. Aurrekontu egozpena, zenbatekoa eta dirulaguntzen muga.

3.1. Deialdiak guztira 60.000 euroko zenbatekoa izanen du, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura: A20003-A2300-7816-333100: "museoei eta bilduma museografiko iraunkorrei zuzendutako laguntzak. Inbertsioak".

3.2. Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira dirulaguntzak, 7. oinarrian jasotako balorazio irizpideak aplikatuz. Honela eginen da:

3.2.1. Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 10.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.

3.2.2. Onartutako aurrekontuaren zenbatekoa kalkulatzeko, deialdian ezarritako gastu diruz ez lagungarriak kenduko zaizkio aurkeztutako proiektuari.

3.2.3. Laguntzak puntuazio ordenaren arabera eman ondoren soberakinik gelditzen bada, puntuazioaren arabera dagokion hurrengo proiektuari ematen ahal zaio, betiere %50 gainditu badu 8. oinarriaren balorazioan (proiektuaren kalitatea). Entitateak erabakitzen badu laguntza horri uko egitea, 15 egun balioduneko epean egin beharko du, emakida jakinarazten denetik, eta soberakina ordenaren arabera dagokion hurrengo proiektuari ematen ahal zaio.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Diruz lagunduko diren proiektuak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina betiere 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean egin eta bukatu beharko dira. Emakidaren aurretik bukatzen badira, dirulaguntza jasotzen ahalko dute soilik 10.5 oinarrian zehaztutako betebeharrak betetzen badituzte.

4.2. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen, 8. oinarriko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari. Proiektuen hurrenkerari jarraituko zaio. Entitate onuradun batek aurkeztutako beste proiektu bati dirulaguntza emanen zaio bakar-bakarrik behar adina diru badago aurrekontuetan behin dirulaguntzak emateko lehen fasea bukatuta, eta deialdiaren 8.b) oinarrian (proiektuaren kalitatea) balorazioaren erdia (25 puntu) gainditu badu.

4.3. Proiektuek baliozkoturik egon beharko dute, eta horretarako, proiektuen ardura profesionala hartzen duen pertsona edo enpresa batek izenpetu beharko ditu. Proiektuek honako hauek jaso beharko dituzte: aurrekontu orokor bateratua, kontzeptuak banakaturik, eta kronograma bat, zeinean adierazi beharko baita nork hartuko duen eginkizun bakoitzaren ardura proiektuaren fase bakoitzean.

4.4. Plantillako pertsona bakarrak egin behar badu lan guztia edo gehiena, aditzera eman beharko da lanaldiaren zer portzentaje eskainiko dion proiektuari.

4.5. Proiektuak aurkezteko baldintza formalak 6. eranskinean jasota daude.

4.6. Ez dira diruz lagungarriak izanen Museoen Atalaren beste bi deialdietako edozeinetan (museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendua eta zabalkunde jarduerak eta jarduketak) laguntzak jasotzen dituzten proiektuak.

5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da (ez dira sartzen larunbat, igande eta jaiegunak), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Entitate eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskaera erregistro orokor elektronikoan, Nafarroako Gobernuko Atariaren zerbitzuen katalogoan agertzen den tramiteen katalogoaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

5.3. Behar bezala betetako eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatutako eskaera inprimaki espezifikoarekin (1. eranskina) aurkeztu beharreko agiriak honako hauek osatuko dituzte:

a) Entitate eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

b) Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).

c) Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

e) Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria (9. eranskina) eta kontuak (gastuak eta diru sarrerak), 2022. urteari dagozkionak. Jardueraren memoria 9. eranskineko eredu normalizatuaren arabera bete behar da, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein agiri atxikitzen ahalko da.

f) Proiektuaren memoria xehatua, 6. eranskinarekin bat.

g) 2023. urterako jardueren plana, zenbat ordu irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den adierazita.

h) 2023rako gastuen eta diru sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

i) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak inbertsioetarako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko aitorpen berariazkoa. Laguntza eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

5.4. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.5. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 1. oinarrian adierazitako inbertsio proiektuak egiteko bada inolako zalantzarik gabe.

6.2. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.3. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

6.4. Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Eskabideak Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauekin:

Batzordeburua:

–Celia Martín Larumbe andrea, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Batzordekide idazkaria:

–Iñaki Diéguez Uribeondo jauna, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Iñaki Urricelqui Pacho jauna, Nafarroako Museoaren Ataleko arte jardueretako goi mailako teknikaria.

Bokalak:

–Pilar del Valle de Lersundi Manso de Zúñiga andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko goi mailako teknikaria.

–Francisco Chocarro San Martín jauna, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea. Ordezkoa: Susana García Romanos andrea, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea.

Batzorde horrek eskabideen ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Museoen Zerbitzuak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

7.3. Proiektua eraikin batean esku hartze arkitektonikoa egiteko bada eta eraikin hori babestu beharrekoen kategorian baldin badago, Kultur Ondarea delako, batzordeak txosten teknikoa eskatzen ahalko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari.

7.4. Kontserbatu eta zaharberritzeko laguntzak baloratzeko, Museoen Atalak txosten tekniko bat eskatzen ahalko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalari.

8. Balorazio irizpideak.

8.1. Onartzen diren eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 20 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea (50 puntu gehienez), honela zehaztuta:

–Proiektuaren egokitasuna dirulaguntzaren xedearekiko: 10 puntu gehienez.

–Proiektua (6. Eranskina): 15 puntu gehienez.

–Proiektua hedatzeko plana: 5 puntu gehienez.

–Proiektuak tokian-tokian izanen duen eragin sozioekonomikoa (biztanleen enpleguari eta tokiko enpresei egiten dien ekarpena, tokiko kolektiboei egokitutako dinamizazio soziokulturala): 5 puntu gehienez.

–Proiektuaren baldintza teknikoak: 15 puntu gehienez.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2022. urtean kultura arloan egindako bidea (gehienez 15 puntu), 9. eranskinean zehazten diren puntu hauen arabera:

–Erakundearen jarduera: 9 puntu gehienez.

–Jendearentzako ordutegia eta doakotasuna: 3 puntu gehienez.

–Bisitari kopurua: 3 puntu gehienez. Hazkundearen portzentajea.

d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde garapenean egiten duen ekarpena (gehienez 15 puntu), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.

8.2. Ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 8.b) oinarria baloratzean (proiektuaren kalitatea) %50eko puntuaziora (25 puntu) ailegatzen ez diren eskaerek.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Laguntzen kontzesioa Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da, entitate guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

10. Entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Atalak ezarritako jarraibide teknikoekin.

10.2. Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

10.3. Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Atalari, justifikazioa egiten den egunean.

10.4. Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Museoen Atalari, haren adostasuna beharko baita.

10.5. Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea proiektua hedatzeko erabiltzen diren euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: con la colaboración de/Laguntzailea. Halaber, "Museos de Navarra/Nafarroako Museoak" markaren logotipoa ere sartu beharko da, erregistratutako museo edo bilduma museografiko iraunkorra izateagatik. Marka horrek, hala badagokio, "Nafarroako Museoen Sistemarena" ordezkatuko du.

10.6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

10.7. Proiektua bukatutakoan, ebaluazio txosten bat aurkeztea. Txosten horretan, hasieran aurkeztutako proiektuan jasotakoa noraino bete diren adieraziko du (7. edo 8. eranskina).

10.8. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

10.9. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena (4. eranskina) aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin. Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.10. Gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru sarrerenak eta jardueraren edo proiektuaren memoria ezarritako epeetan aurkeztea.

10.11. Laguntzaren xede diren inbertsio lanak bukatzea 2023ko urriaren 31 baino lehen.

10.12. Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetzekotan, onuradunak ondasun horiek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako gutxieneko aldian zehar.

11. Ordainketa eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Dirulaguntzen ordainketa. Dirulaguntzak epe bakarrean ordainduko dira, behin proiektuak bukatuta eta agiri hauek aurkeztuta 2023ko azaroaren 15a baino lehen, egun hori barne:

a) 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean proiektuan edo jardueran eginiko gastuak eta sortutako diru sarrerak justifikatzeko ordainagiriak, justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduta behar dutenak (azaroaren 15a baino lehen).

b) Museoen Atalak kontzesioaren ondotik ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru sarrerak justifikatzen dituen konturako, behar bezala beteta.

c) Diruz lagundutako proiektuaren amaierako memoria. Zaharberritze lanen proiektuetan, amaierako memoria 7. eranskinean jasotako arauei jarraituz eginen da, eta, proiektu arkitektonikoen kasuan, 8. eranskinean jasotako irizpideei jarraituz.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.2. Gastuen eta diru sarreren justifikazioa honela eginen da:

11.2.1. Justifikaziorako, Museoen Atalak justifikazio taula edo kontuaren eredu bat emanen die entitate onuradunei, Excel formatu normalizatuan, eta dagozkien faktura eta banku frogagiriak atxikiko dizkie, PDF formatuan eta modu ordenatu eta korrelatiboan.

Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da PDF formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu ordenatu eta korrelatiboan multzokatuta. (Adibidez: 1. zenbakiko faktura/1. ordainketa frogagiria, eta abar.)

11.2.2. Fakturak 2023ko urriaren 31 baino lehen igorri beharko dira, eta ordainagiriak justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu beharko dira (azaroaren 15a baino lehen, egun hori barne). Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera beteko dira.

11.2.3. Onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

11.2.4. Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak. Ez da inola ere onartuko diruzkoa ez den ekarpenik, lan kontratuan berariaz aipatzen ez bada.

Zeharkako zergak (adibidez, BEZa) ez dira diruz lagunduko, entitate eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).

11.2.5. Toki entitateek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, proiektuaren edo jardueraren gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarraldiaren barrenean eginak beharko dutela (gastuak, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra; ordainketak, 2023ko azaroaren 15era arte, egun hori barne). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Toki entitateetako edo beren mendeko entitateetako langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

11.3. Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4. Proiektuko gastu guzti-guztiak frogatu beharko dira. %80 aplikatuko zaio behar bezala justifikatzen den eta Museoen Atalak onartzen duen gastu osoari (3. oinarrian ezartzen den bezala), emakidan ezarritako gehieneko mugarekin.

11.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2024ko urtarrilaren 31n, egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkio Foru Ogasunari; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

12. Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Horretarako, entitate eskatzaileek 5. eranskina bete beharko dute, dirulaguntza esleitu ondoren.

12.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga pizgarriak aplikatzeko, entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekoak deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

12.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

13. Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta konkurrentzia.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta haien baturak ez badu gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta itzultzea.

14.1. Onuradunak dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osorik edo partzialki.

14.2. Onuradunak dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

14.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15. Arau hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren, haren oinarri arautzaileen eta haren ebazpenaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Dirulaguntza eskaeren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

1. eranskina.–Eskabidea.

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

3. eranskina.–2023ko aurrekontua.

4. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

5. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

6. eranskina.–Proiektuak idazteko arauak (arkitektonikoak eta zaharberritzekoak).

7. eranskina.–Amaierako memoria idazteko arauak (zaharberritzea).

8. eranskina.–Amaierako memoria idazteko arauak (proiektu arkitektonikoak).

9. eranskina.–2022ko urteko memoria.

Deskargatu 1. eranskinetik 9.era bitartekoak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2304101