81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

43E/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honen 2023ko deialdia: "Irabazi­asmorik gabeko entitate eta elkarteentzako dirulaguntzak biktimei eta bakearen kulturari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko". DDBN identifikazioa: 682844.

Bakea eta bizikidetza Nafarroako gizarte osoak gogo biziz eskatzen dituen bi nahi dira, eta Gobernuaren programaren eta ekintzaren lehentasunezko helburuak dira.

Nafarroako errealitate sozial eta politikoa motibazio politikoko indarkeriak markatu du azken hamarkadetan. Indarkeriak kalte konponezinak sortu ditu, pertsonaren duintasunaren aurka egin du, giza eskubideak sistematikoki urratu ditu eta, neurri handi batean, zatiketa eta urruntze sakona ekarri du norbanako, talde, familia, herri, erakunde eta hizkuntzaren, kulturaren eta politikaren arloko unibertsoen artean, eta kalte larria eragin bizikidetza-harremanetan.

Gainera, bereziki azken urteotan, bizikidetza nahaspilatuz joan da gure erkidegoaren zenbait esparrutan etnia, kultura, zibilizazio eta erlijio proposamen desberdinen artean ageri den mesfidantza eta diskriminazioagatik.

Errealitate horiek agerian uzten dute ahalegin bat egin beharra, egindako kalteak gainditzeko eta gatazka eta indarkeriazko eszenatoki berrien agerpena galarazteko. Horretarako, memoria historikoari buruzko legeetan xedatutakoa betetzeko asmoz, ezinbestekoa da gertatu denarekiko memoria bizia eta kritikoa indartzea, begirada biktima izan direnei zuzenduta, merezi dutelako egia, justizia eta erreparazioa. Aniztasuna onar eta errespeta dadila sustatzea ere beharrezkoa da, bakearen kultura bultzatuta. Alde horretatik, ideologia, etnia, kultura, zibilizazio eta bizipen erlijiosoen arteko harremanek, bizikidetzak eta topaketak balio positiboa eta aberasgarria izan behar dute gure gizarte demokratikoarentzat; betiere aintzat hartuta ezen pertsonaren duintasuna eta giza eskubideak erreferentzia etiko unibertsal eta ukaezina direla desberdinen arteko harremanetan.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroako elkarteen ehunaren ahalik eta inplikazio handiena sustatu gogo du bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekimenak sustatzeko eta garatzeko.

Legez eraturik dauden irabazi-asmorik gabeko hainbat erakundek, zeinek bere herrian, lan baliotsua egin dute eta egiten ari dira memoriari, biktimen arretari eta bakearen eta bizikidetzaren sustapenari loturiko ekimenen aitzindari gisa. Erakunde multzo horren bete-beteko sostengu irmoa funtsezkoa da bake iraunkorreko eta errespetuzko bizikidetzako eszenatoki berria sendotuko bada.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak horien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea du xede deialdi honek, biktimei eta bakearen kulturari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egin ditzaten, 2023. urtean.

Deialdiak bide ematen die erakunde interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia ados egonik.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Irabazi­asmorik gabeko entitate eta elkarteei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, biktimei eta bakearen kulturari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egin ditzaten 2023. urtean.

2. 80.000,00 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura:

3. AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B20002 B2100 4819 232502 Irabazi­asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, biktimei loturiko jardueretarako

2023

40.000,00

B20002-B2100-4819-232504 Irabazi­asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jardueretarako

2023

40.000,00

3. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Foru agindu hau igortzea Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, haren Kontabilitate Zentrora, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko martxoaren 20an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATE ETA ELKARTEENTZAKO DIRULAGUNTZAK, BIKTIMEI ETA BAKEAREN KULTURARI, BIZIKIDETZARI ETA GIZA ESKUBIDEEI LOTURIKO JARDUERAK EGIN DITZATEN 2023AN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da pizgarriak ematea, irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteek jarduerak egin ditzaten biktimei eskubidez dagokien memoria, errekonozimendua eta erreparazioa bultzatzeko eta bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen kulturaren balioak zabaltzeko, hori guztia bat etorrita Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako printzipioekin.

Ildo horretan, laguntzak honelako jarduketak egiteko erabiliko dira:

a) 1936ko estatu-kolpe militarraren eta geroko errepresio frankistaren ondoriozko biktimei errekonozimendua, erreparazioa edo elkartasuna adierazteko ekitaldiak, baldin eta ekarpenen bat egiten badute biktimei eskubidez dagokien egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean, eta biktima bakoitza bere biktima izaeraren testuinguruan hartuta.

b) Gizarte osoak parte hartzeko moduko jarduerak antolatzea, hala nola:

–Erakusketak, foroak, hitzaldiak, eztabaidak, topaketak eta ekitaldiak, helburu dutenak hausnarketa eta konpromisoa sustatzea: memoriaren eta bake eta bizikidetza balioen gainean, baita giza eskubideen urraketak ez errepikatzearen gainean ere.

–Bizikidetza lortze aldera egindako jarduerak, helburu dutenak topaketa, elkar ezagutzea eta elkarrizketa sustatzea sentsibilitate politiko desberdinetako pertsona eta taldeen artean, eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinetakoen artean.

c) Plangintza, prestakuntza edo trebakuntza jarduerak antolatzea bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan, nork bere lurralde esparruan bakearen eta bizikidetzaren arloko proiektu komunitarioak garatu nahi dituzten batzordeak edo lantaldeak sortu eta abian jartzeko.

d) Helburu hau duten erakundeen web-orriak edo sare sozialak berritzea eta modernizatzea:

–Erakundeak berak bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan egiten duenari buruzko informazioa jasotzea.

–Bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko ekimen eta ekintzak modu digitalean trukatzea.

–Material interesgarriak proposatzea gogoetarako, eztabaidarako eta abarretarako.

–Bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko lana eta jarduerak hedatu nahi dituzten pertsona eta taldeen parte-hartzea eta ekarpen sortzaileak sustatzea.

e) Antolaketa-proiektuak, deskribapen-tresnak sortzea, hala nola inbentarioak edo katalogo informatizatuak, digitalizazio-lanak edo memoriari lotutako artxibo-dokumentuak (elkarte edo entitatearenak) prestatzeko beste zereginak.

Elkarteek edo entitateek artxibatuko diren dokumentuak edo bestelako elementuak kontrolatzeko sistema bat izan behar dute, datu-base baten bitartez. Datu-baseak, gutxienez, informazio hau izanen du:

1. Produkzioa egiten duen entitatea: toki entitateak, elkarteak, partikularrak, etab.

2. Dokumentu, bilduma edo espediente zenbakia.

3. Hasiera- eta bukaera-datak. Dokumentua, bilduma edo espedientea artxibatzeko hasierako zein bukaerako data.

4. Dokumentuaren, bildumaren edo espedientearen izenburu edo laburpena: argia eta zehatza. Funtsezko datu guztiak izan behar dira.

5. Bilduma edo espedientea osatzen duten dokumentuen kopurua.

6. Serie dokumentala sailkatzeko kodea. Lehendik egindako sailkapen taula baten arabera zehaztuko da.

7. Hitz gakoak edo gaiak. Terminoen hiztegi kontrolatu batetik abiatuta identifikatuko dira, eta aukera eman behar dute dokumentuak, bildumak eta espedienteak azkar eta modu konbinatuan bilatzeko.

8. Kaxako instalazioaren identifikatzailea edo signatura. Dokumentua edo espedientea berreskuratzeko modua eskaini behar da.

9. Oharrak. Aurreko eremuetan jaso gabeko beste informazio garrantzitsua bilduko da.

Oro har, digitalizatuko diren dokumentuek 40 urtetik gorako antzinatasuna izan behar dute, baina antzinatasun txikiagoko dokumentuak digitalizatzeko edo prestatzeko proiektu zehatzek ere har ditzakete dirulaguntzak, baldin eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak aztertu baditu eta baimena eman badu.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Diruz lagunduko diren proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean garatuko dira, argi eta garbi erakutsi beharko dute badutela bakearen eta bizikidetzaren aldeko ahalmen pedagogikoa eta soziala, eta helburu hauetakoren bat bultzatu beharko dute:

–Indarkeriazko gure historia nola sortu eta garatu den eta haren ondorioak ikasten laguntzea, berriro gerta ez dadin bermatzeko, giza eskubideen zapalketekiko memoria kritikoa bultzatuta.

–Giza eskubideen errespetua sustatzea, eta biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideari erantzutea, betiere biktima bakoitza bere biktima-izaeraren testuinguruan hartuta.

–Hainbat sentsibilitate politikotako eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologikotako pertsona eta taldeen arteko topaketa eta gogoeta, analisia eta elkarlanaren esperientzia sustatzea, adiskidetzea, bakea eta bizikidetza helburu duten jarduera eta ekitaldien bitartez.

–Laneko batzorde edo talde egonkorrak bultzatzea, lan egin dezaten bakearen eta bizikidetzaren aldeko programa edo proiektuak sustatzen.

–Herritarrak, batez ere belaunaldi gazteenak, inplikatzea bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren kultura sustatzen, ideologia, sinesmen, uste edo iritzi desberdinetako herritarren artean haustura sozial berriak agertu baino lehen.

Laguntza horiek Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoan aurreikusitako ekintzen parte dira.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Oinarri hauetan araututako laguntzak hartzen ahalko dituzte legez eraturik eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan, edo erregelamenduz dagokienean, inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko entitateek.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta, bereziki, 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Jarduerek bete beharrekoak.

Laguntzaren xedeko jardueren ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.

Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 27ra bitarte egin beharko dira.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera. Eredu horiek (I. eranskinean jasoak) entitateen eskura egonen dira Nafarroako Atariaren tramiteen katalogoko fitxan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-asociaciones-y-entidades-sin-animo-de-lucro-para-actividades-relacionadas-con-las-victimas-y-con-la-cultura-de-paz-convivencia-derechos-humanos

Eskaerak aipatutako fitxaren bidez ("Tramitatu" botoia) aurkeztuko dira edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Eskaerak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, destinoko unitatea: 10007859.

Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak, ezarritako ereduen arabera prestatuak (ereduak entitate interesdunen eskura daude 5.1 oinarrian ezarritako tokietan), entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuak aurkeztu beharko dira, honako dokumentazio hau erantsita:

a) Entitatearen estatutuen kopia.

b) Eskaera sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionalaren kopia.

c) Entitatea Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokionean inskribatuta dagoela frogatzeko ziurtagiriak, edo beste frogagiriren bat.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

e) Behar diren ziurtagiriak, egiaztatzeko ezen zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrengatikoak ordainduak dituela.

f) Entitatearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, zeinetan adierazten baita ezen ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera batean ere ez.

g) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela adierazita.

h) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak du eskumena dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko.

7.–Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuta, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Honako baremo honi jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

7.1. Biktimei loturiko jarduerak egiteko:

A) Jardueren tipologia, definizioa eta abian jartzeko plana: 30 puntu arte.

–Jardueren zehaztasun maila: 20 puntu arte.

–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 10 puntu arte.

B) Berariazko helburuak lortzea, eragina eta espero diren emaitzak: 30 puntu arte.

–Berariazko helburuak lortzea eta justifikazioa: 15 puntu arte.

–Eraginaren eta espero diren emaitzen kalitatea: 15 puntu arte.

C) Era askotako jendearen inplikazioa eta aurreikusita dagoen partaidetza: 30 puntu arte.

–Aurreikusitako parte-hartzaileak: puntu 1 emanen da 10 pertsonako, eta, gehienez ere, 20 puntu.

–Hainbat motatako jendeak parte hartuko duela aurreikusten bada (toki entitateko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek etab.): 10 puntu arte.

D) Aurrekontuaren efizientzia: 10 puntu arte.

7.2. Bakearen kulturari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jardueretarako:

A) Jardueren proiektuaren kalitate teknikoa: 65 puntu arte.

A1. Jardueren tipologia, definizioa eta abian jartzeko plana: 20 puntu arte.

–Jardueren zehaztasun maila: 10 puntu arte.

–Jardueren aniztasuna: 5 puntu arte.

–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 5 puntu arte.

A2. Berariazko helburuak lortzea, eragina eta espero diren emaitzak: 20 puntu arte.

–Berariazko helburuak lortzea eta justifikazioa: 7 puntu arte.

–Eraginaren eta espero diren emaitzen kalitatea: 13 puntu arte.

A3. Hainbat motatako jendeak parte hartuko duela aurreikusten bada (toki erakundeko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek etab.): 15 puntu arte.

A4. Aurrekontuaren efizientzia: 10 puntu arte.

B) Jarduerak sartzea bakearen eta bizikidetzaren helburuarekin lan egiten duten beste egitura edo plan zabalago batzuetan: 10 puntu arte.

C) Jarduerak egiteko hartu diren zeharkako neurrien intentsitatea (genero berdintasuna, aukera berdintasuna, gaztelania eta euskara erabiltzea, ingurumen arloko neurriak jardueren eragina gutxitu edo zuzentzeko): 10 puntu arte.

D) Jarduerak zabaltzeko planaren kalitatea: 15 puntu arte.

Laguntza jasotzeko, proiektuek 60 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

8.–Laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Baliteke eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100erainokoa izatea esleitzen den laguntzaren zenbatekoa, kontuan izanda proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izan daitekeela. Entitate bakoitzak jarduera guztiak jaso beharko ditu proiektuan, haietarako laguntza eskatzen badu deialdi honen babesean.

Aurrekontu kontsignazioa gainditzen bada, laguntza kalkulatzeko, eskatutako eta onartutako zenbatekoaren gainean portzentaje-tarte hauek aplikatuko dira –8.000 euroko mugarekin, betiere–, dirulaguntza kalkulatzeko lortutako puntuazioaren arabera:

TARTEAK

PORTZENTAJEA %

60 eta 64 artean

65

65 eta 69 artean

70

70 eta 74 artean

75

75 eta 79 artean

80

80 eta 84 artean

85

85 eta 89 artean

90

90 eta 94 artean

95

95 eta 100 artean

100

Aurreko irizpidea aplikatuta ere aurrekontuko kontsignazioa gainditzen bada, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin beharko da, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 80.000 euro ditu 2023ko gastuen aurrekontuan deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko, partida hauen kargura hain zuzen:

  • 40.000,00 euro "Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, biktimei loturiko jarduerak egiteko" izeneko B20002 B2100 4819 232502 partidaren kargura.
  • 40.000,00 euro "Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako laguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko" izeneko B20002 B2100 4819 232504 partidaren kargura.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 27ra bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

Instrukzio organoak irizten baldin badio gasturen bat ezin zaiela egotzi dirulaguntzaren xedeari eta helburuari, diruz lagungarri ez den gastutzat hartzen ahalko du.

Diruz lagundutako gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute jardueraren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu xehakatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.

Ez dira inoiz diruz lagungarritzat hartuko entitate eskatzailearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, ez eta langileen gastuak ere.

Inbertsio gastuak ez dira diruz lagungarriak. Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (hala nola, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez dira diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarrien barrenean, diruz lagundutako jarduera zabaltzeko gastuen zenbatekoa, laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dena, ez da izanen jardueraren aurrekontuaren %20 baino handiagoa.

Baldin entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntzaren muga zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak ematearen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta bertan adieraziko dira dirulaguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Atariaren webguneko "Laguntzak eta bekak" atalean argitaratuko da, 5.1 oinarrian adierazitako fitxan.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Hala ere, diru zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ez du gaindituko entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da, eta berandutze-interesa eskatuko da.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Laguntza jarduerak justifikatu eta deskribatu ondoren ordainduko da, egin ahala, eta egutegi honen arabera:

–Jarduera guztiak abuztuaren 31 baino lehen, egun hori barne, amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, eta 2023ko irailaren 7an beranduenez.

–Jarduera guztiak abuztuaren 31ren ondoren amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, eta 2023ko abenduaren 1ean beranduenez.

12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen azalduko dira; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Justifikazioko kontu horrek dagozkion frogagiriak eduki beharko ditu. Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez onetsi baitzen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua. Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.

12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, ebaluazio memoria tekniko bat aurkeztu behar da Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari zuzendua, 12.1 puntuan ezarritako datak baino lehen. Memoria horrek datu kuantitatibo eta kualitatiboak jaso behar ditu diruz lagundutako jarduera bakoitzaren gauzatzeari buruz, eta V. eranskinaren araberakoa izanen da. Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren zein entitate onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, entitate onuradunek beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta berariazkoen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Dirulaguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Gardentasunaren arloko berariazko betebeharrak:

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuen kasuan, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (betiere laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira), honako informazio osagarri hau jakinarazi beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Aipatutako informazioa entitate onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko du, telematikoki, deialdian horretarako dagoen tramitearen bidez. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Jarraipena.

12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, egiaztatzeko justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu direla, zer hedadura izan duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak direla.

15.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute dirulaguntza jasotzen duen programaren (bat baino gehiago izan daitezke) edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Instrukzio organoak %10etik beherako aldaketa ekonomikoak onartzen ahalko ditu kontzeptu diruz lagungarrietan, baldin eta horien ondorioz proiektuaren helburuak aldatzen ez badira edo baremoan lortutako puntuazioa jaitsi beharra gertatzen ez bada.

16.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

I. ERANSKINA

Laguntza-eskaeraren eredua

A.–Entitatearen identifikazio datuak.

Entitatearen izena: ..............................................................................................................................

IFK: ....................................................................................................................................................

Entitate mota:

[ ] Elkartea

[ ] Fundazioa

[ ] Beste bat (deskribatu)

B.–Jardueren proiektua.

Aurkezten diren jardueren kopurua, guztira:

(prestatu fitxa bat, osoa, jarduera bakoitzerako, informazio honekin).

1. jarduera (prestatu fitxa bat, osoa, jarduera bakoitzerako, informazio honekin).

Jardueraren izena:

Jardueraren azalpen laburra: (labur deskribatu jarduera mota, eta azaldu zer harreman duen deialdiaren 1. berariazko oinarrian definitu den xedearekin):

Jardueraren xedeak: (adierazi jardueraren helburu orokorra eta berariazko helburuak, eta azaldu zer harreman duen deialdiaren 2. oinarri orokorrean definitu den helburuarekin):

Espero diren emaitzak eta gizarte-eragina: (argi eta garbi azaldu lortu gogo diren emaitzak eta proposatutako jarduerarekin gizartean gertatzea espero den eragina):

Aurreikusitako inplikazioa eta parte-hartzea: deskribatu pertsona motak (sexua, adina eta abar) eta aipatu zer gizarte eta kultur eragile, elkarte, entitate, alderdi politiko, erakunde, komunikabide eta abar dauden aurreikusita jardueretan parte hartzeko. Azaldu zertan izanen den haien parte-hartzea. Kalkulatu zenbat pertsonak parte hartuko duten jardueran.

Jarduera egiteko egutegia:

Hasiera eguna:

Bukaera eguna:

Oharrak: ..............................................................................................................................................................................................................................................................................................................

Jardueraren kostua: ......................................... euro.

Xehatu aurreikusita dauden gastuak, kontzeptu hauen arabera:

–Areto, gune, azpiegitura eta abarren alokairua (adierazi zeintzuk) ............................................. euro.

–Hizlari, animatzaile eta abarren kontratazioa (adierazi zeintzuk) ................................................. euro.

–Zerbitzu teknikoen kontratazioa (adierazi zeintzuk) ................................................................. euro.

–Jardueren diseinua, inprimaketa, argitalpena eta zabalkundea (adierazi zeintzuk. Jardueraren aurrekontuaren %20 gehienez) ............................................................................................................. euro.

–Beste batzuk (adierazi zeintzuk): ........................................................................................................

–Jarduerarako aurreikusitako gastuak, guztira:..........................................................................................

Adierazi nola finantzatuko diren gastuak:..............................................................................................

–Eskatutako laguntza: ....................................................................................................................euro.

–Beste laguntza publiko batzuk: (Jatorria adierazi): ....................................................................... euro.

–Beste laguntza pribatu batzuk: (Adierazi jatorria): ......................................................................... euro

–Baliabide propioak: ...................................................................................................................euro

C.–Jarduerak sartzea bakearen eta bizikidetzaren helburuarekin lan egiten duten beste egitura edo/eta plan zabalago batzuetan.

Adierazi zer plan edo egitura zabalagotan sartzen den jardueren proiektua:

[ ] Bizikidetzareako plan estrategikoa/komunitarioa

[ ] Bizikidetzarako Batzordea/Auzo taldea.

[ ] Elkarteen sarea, lantalde asoziatiboa, biktimen familiakoen taldea, beste batzuk (adierazi zeintzuk).

Azaldu zer harreman dagoen planteatzen diren jardueren eta haiek txertatzen diren plan edo egituren artean.

D.–Zeharkako neurrien intentsitatea.

Adierazi zeharkako zein esparrutan hartzen diren neurri positiboak:

[ ] Genero-berdintasuna.

[ ] Desgaitasunak dituzten pertsonen integrazioa.

[ ] IGaztelania eta euskararen erabilera.

[ ] Ingurumen jasangarritasunerako neurriak hartzea, jarduerek izan dezaketen eragin negatiboa gutxitu edo/eta zuzentzeko.

Azaldu nola txertatuko den jardueretan aukeratutako esparru bakoitza.

E.–Zabalkunde plana.

Adierazi zer lan egin gogo diren proposatutako jarduerak behar bezala zabaldu eta haiei buruzko informazioa emateko:

[ ] Publizitate iragarkiak komunikabideetan:

[ ] Jarduerak argitaratzea web-orrietan eta/edo sare sozialetan:

[ ] Liburuxkak, kartelak eta abar argitaratzea

[ ] Beste batzuk (zehaztu zeintzuk)

Azaldu zabalkunde planaren helburuak eta hedadura, norentzat den, zabalkunde ekintzen egutegia, eta abar.

..................................................(e)n, 2023ko .............................................aren ....................(e)(a)n

Izena: ………………………....................................................................................……………………

Abizenak: ..........................................................................................................................................,

NAN: ..................................................................................................................................................

Legezko ordezkariaren kargua: .........................................................................................................

Legezko ordezkariaren sinadura:

Entitatearen zigilua:

II. ERANSKINA

Entitatearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, adierazten duena ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako debeku-egoera batean ere

..................................................................................... jaunak/andreak, ..................................................................................................................................................... entitatearen legezko ordezkari gisa,

ADIERAZTEN DU:

Ordezkatzen duen entitatea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.

Orobat, adierazten du egunean dituela indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

..................................................(e)n, 2023ko .............................................aren ....................(e)(a)n

Izena:……………………………………………

Abizenak:......................................................................................................,

NAN:....................................................

Legezko ordezkariaren kargua: ......................................................

Legezko ordezkariaren sinadura:

Entitatearen zigilua:

III. ERANSKINA

Entitatearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa,
eskatutako beste laguntza batzuei buruz

_____________________________________________ jaunak/andreak, _____________________________________________ entitatearen legezko ordezkari gisa,

ADIERAZTEN DU:

Ordezkatzen duen entitateak

[ ] EZ duela beste dirulaguntza edo/eta laguntza publiko edo pribaturik eskatu aurkeztutako jarduerak finantzatzeko.

[ ] BAI, eskatu dituela beste dirulaguntza edo/eta laguntza publiko edo pribatu batzuk, aurkeztutako jarduerak finantzatzeko.

Eskatutako laguntzen zerrenda

ZEIN ERAKUNDERI ESKATU ZAION LAGUNTZA

ZENBATEKOA

ESKAERAREN EGOERA

..................................................(e)n, 2023ko .............................................aren ....................(e)(a)n

Izena:……………………………………………

Abizenak:......................................................................................................,

NAN:....................................................

Legezko ordezkariaren kargua: ......................................................

Legezko ordezkariaren sinadura:

Entitatearen zigilua:

IV. ERANSKINA

Diru-sarreren eta gastuen justifikazio-kontuaren eredua

Aurkezpenaren data:..............................................................

Gastuen kapitulua:

ZK.

KONTZEPTUA

HORNITZAILEA

FAKTURAREN DATA

FAKTURAREN
ZENBATEKOA

ZENBATEKO DIRUZ LAGUNGARRIA

ORDAINKETAREN EGUNA

Jarduerei egotzitako gastuak, guztira:

Diru-sarreren kapitulua:

ZK.

JATORRIA

ZENBATEKOA

..................................................(e)n, 2023ko .............................................aren ....................(e)(a)n

Izena:……………………………………………

Abizenak:......................................................................................................,

NAN:....................................................

Legezko ordezkariaren kargua: ......................................................

Legezko ordezkariaren sinadura:

Entitatearen zigilua:

V. ERANSKINA

Ebaluazio memoriaren eredua

a) Entitatearen identifikazio datuak.

Entitatearen izena: ............................................................................................................................

IFK: .......................................................................................

Entitate mota:

[ ] Elkartea

[ ]Fundazioa

[ ] Beste bat (deskribatu)

b) Jardueren ebaluazioa.

Egindako jardueren kop., guztira: ......................................................................................................

(prestatu fitxa bat, osoa, jarduera bakoitzerako, informazio honekin)

Jarduera zenbakia: .................................................

Jardueraren izena: .............................................................................................................................

Labur deskribatu egindako jarduera: .................................................................................................

Azaldu lortu diren jarduerarako proposatutako helburuak: ................................................................

Azaldu lortu diren aurreikusitako gizarte-eragina eta espero ziren emaitzak: ...................................

Aurreikusitako inplikazioa eta parte-hartzea: .........................................................................................

Deskribatu jardueretan parte hartu duten pertsona motak (sexua, adina eta abar), gizarte eta kultur eragileak, elkarteak, entitateak, alderdi politikoak, erakundeak, komunikabideak eta abar. Azaldu zertan izan den haien parte-hartzea. Kalkulatu zenbat pertsonak, guztira, hartu duten parte jardueran (ahal dela, sexuaren eta adinaren arabera bereizita).

–Adierazi noiz egin den jarduera:

Hasiera eguna: ................................................................................................................................

Bukaera eguna:

Oharrak:

–Finantzen laburpena

Jardueraren azken kostua: …………………………………………... euro

Xehatu egin diren gastuak, kontzeptu hauen arabera:

–Areto, gune, azpiegitura eta abarren alokairua (adierazi zeintzuk) ........................................ euro

–Hizlarien, animatzaileen eta abarren kontratazioa (adierazi zeintzuk) ............................................euro

–Zerbitzu teknikoen kontratazioa (adierazi zeintzuk) ................................................................ euro

–Jardueren diseinua, inprimaketa, argitalpena eta zabalkundea (adierazi zeintzuk. Jardueraren aurrekontuaren %20 gehienez)....................................................................... euro

–Beste batzuk (adierazi zeintzuk)

Jardueran egindako gastuak, guztira:

Adierazi nola finantzatu diren gastuak:

–Emandako laguntza: …………………………...................................................………………... euro

–Beste laguntza publiko batzuk: (Adierazi jatorria) .................................................................... euro

–Beste laguntza pribatu batzuk: (Adierazi jatorria) ...................................................................... euro

–Baliabide propioak: ………………………….......................................................………………... euro

c) Zeharkako neurrien intentsitatea.

Ahal bada, azaldu, kualitatiboki eta kuantitatiboki, nola txertatu den jardueretan eskaeran proposatutako zeharkakotasun esparru bakoitza.

d) Zabalkunde plana.

Adierazi zer jarduketa egin diren proposatutako jarduerak behar bezala zabaltzeko eta haiei buruzko informazioa emateko, eskaeran proposatutako zabalkunde planaren arabera.

e) Ondorioak eta azken balorazioa.

Labur azaldu interesgarrien jotzen diren ondorioak, jarduerak egin ondoren ateratzen ahal direnak. Azkenik, baloratu esperientzia.

.............................................(e)n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n.

Izena: ……………………………………………

Abizenak: ......................................................................................................,

NAN: ....................................................

Legezko ordezkariaren kargua: ......................................................

Legezko ordezkariaren sinadura:

Entitatearen zigilua:

Iragarkiaren kodea: F2304708