72. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

79/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2023. urtean bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea sustatzen duten proiektuak gara ditzaten. DDBN identifikazioa: 678535.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak dirulaguntzak emateko prozedurak ezartzen ditu, eta bertan adierazten da ohiko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen dela.

Bestalde, hala xedatzen baitu apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, balorazioa egiteko, berdintasuneko klausulak txertatuko dira dirulaguntzen oinarri arautzaileetan, baita laguntza publikoa ematea eragozten dutenak ere sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehatu edo zigortu dituzten entitate eskatzaileei.

Azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren oniritzia izanik, proposatu da deialdi hau onestea.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea sustatzen duten proiektuak gara ditzaten 2023an, baita haren oinarriak ere, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

2. 142.898 euroko gastua baimentzea 2023ko gastu aurrekontuko "Toki entitateentzako dirulaguntza, kontziliazio programetarako" izeneko 920006 93300 4609 231500 partidaren kargura.

3. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, gehienez ere 100.000 euro gehituz, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren gehikuntza baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara, Familien Atalera, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2023ko martxoaren 6an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, 2023. urtean bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea sustatzen duten proiektuak gara ditzaten. Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, horien bidez bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea sustatzen duten programak garatzeko 2023an.

2. Ekintza diruz lagungarriak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak dirulaguntzak emanen ditu bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea sustatzen duten jarduera berritzaileak egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietako herritarrei begira.

3. Entitate onuradunak eta betebeharrak.

1. Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, sartuta daudenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak toki entitaterako zehazten duen kontzeptuaren barnean, baldin eta 2023an egiten den kontziliazio proiektu baten gauzapena aurkezten badute.

2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debeku egoeraren batean dauden toki entitateak.

4. Proiektuen betebeharrak.

Aurkezten diren proiektuak diseinatuta egonen dira deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian zehaztu da).

Dirulaguntzaren xedekoak izanen dira zaintzaren arloan jardunbide egokiak egiteko ekintzak biltzen dituzten proiektuak eta jarduerak.

Ekintzak zuzenduta egonen dira arreta eta zaintza behar duten pertsonak (adingabeak eta adinekoak) eta/edo desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten edo haietaz arduratzen diren pertsona eta familia guztiei.

5. Bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Hala ere, diruz lagundutako zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik– ez du gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Beste laguntza edo diru-sarrera batzuk lortzearen ondorioz diruz lagundutako proiektuaren edo programaren zenbatekoa gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Administrazioari itzuli beharko zaio.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Proiektu bakoitzeko dirulaguntza gehienez ere 25.000 eurokoa izanen da.

Proiektu bakarra lagunduko da diruz toki entitate bakoitzeko. Dirulaguntzak emateko, ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea. Nolanahi ere, onetsitako proiektuen guztizko zenbatekoa txikiagoa bada aurrekontuko partidako zenbatekoa baino, toki entitate batek aurkeztutako bigarren proiektu bat ere laguntzen ahalko da diruz. II. eranskineko lehentasun hurrenkeraren arabera baloratuko da.

7. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dirulaguntzaren xedeko jarduera garatzeko beharrezkoak direnak izanen dira. Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak, zehazki:

a) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak.

b) Proiektua garatzeko laguntza teknikoa.

c) Langileria gastuak: entitateak ekintza gauzatzeko propio kontratatzen dituen langileen gastuak sartzen ahal dira, edo entitateko langileek beraiek ekintzan duten dedikazioaren araberako portzentaje bat; kasu horretan, zehatz-mehatz identifikatu beharko dira bai langile horiek bai proiektura bideratutako portzentajea.

d) Ematen den dirulaguntzaren %10 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuz dagokien neurrian, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

2. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

3. Diruz laguntzen ahal dira 2023ko urriaren 31 arte egiten diren gastu hauek: ondasunak ematea, langileak kontratatzea edo zerbitzuak ematea.

8. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Entitate sustatzaileek hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskaera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu eskaera horiek.

3. Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidalita natalia.perezdeobanos.rodrigo@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek eskaera bidali dutela iragarriko dute, mezu elektroniko bat igorrita natalia.perezdeobanos.rodrigo@navarra.es. helbidera, egun berean.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

9. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Toki entitateak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

1. Proiektuaren memoria, euskarri informatikoko inprimaki ofizialean, zeina entitate interesdunen eskura izanen baita gobernuaren webgunean eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren helbide elektronikoan (eredua III. eranskinean).

2. Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

3. Dokumentazio ekonomikoa (eredua IV. eranskinean):

a) Programako gastuen eta diru-sarreren guztirako aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua: egin beharreko ekintza zehatzak eta ekintza horiek eginen dituzten langileak.

b) Kasua bada, zer beste baliabide dituen programa osoa finantzatzeko, kontuan hartuta ezen diru-sarrerak, jaso daitekeen dirulaguntza barne, ezin direla izan programaren kostu osoa baino handiagoak.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe dagoela eta 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.

6. Dirulaguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, VI. eranskineko ereduaren araberakoa.

10. Dirulaguntza emateko, antolatzeko eta instruitzeko prozedura.

1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1. artikuluan aurreikusitako moduan.

2. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak tramitatuko ditu eskaerak, eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari egokituko zaizkio aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Zuzendariordetza horrek, halaber, egiaztatuko du beharrezko baldintzak betetzen direla dirulaguntzak eskuratzeko, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak oinarri hauen arabera.

Instrukzio organoak administrazio publikoko arlo juridikoko teknikari baten eta arlo ekonomikoko beste baten laguntza izaten ahalko du.

3. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin, toki entitate eskatzaileari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari. Errekerimendu hori kasu hauetan eginen da:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, argibideak eskatzen ahalko dira, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

4. Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

5. Eskaerak baloratzeko batzorde tekniko bat izanen da, honako hauek osatua: Familiaren eta Adingabeen zuzendariordea, Familien Ataleko burua eta Familia Bulegoko burua.

6. Programak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio dirulaguntzak emateko eskumena duen organoari.

11. Eskaera baloratzea eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte; horietatik 40, gutxienez, II. eranskineko B ataleko balorazioan.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da, laugarren oinarrian ezartzen den gehieneko mugarekin.

4. Dirulaguntzak emateko, balorazio irizpideen arabera ezarritako lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Dirulaguntza bat emanen da toki entitate bakoitzeko.

5. Eskaera guztietarako behar adinako krediturik ez badago, ez da hainbanaketarik eginen.

6. Eskaeran aurkeztutako kalkulu ekonomikoa benetan justifikatutakoa bezalakoa ez bada, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera erregularizatu beharko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

7. Proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute eta aurrekontuan guztiendako kreditu nahikorik ez badago, II. eranskineko B atalean puntuazio handiena lortzen duena izanen da entitate onuraduna.

8. Nolanahi ere, proiektu bakarra izanik toki entitate bakoitzeko, lehentasun ordenaren arabera onetsitako proiektu guztien zenbatekoa txikiagoa bada deialdi honetako aurrekontuko partida baino, toki entitateek aurkeztutako beste proiektu batzuk lagunduko dira diruz, baremoaren araberako puntuazio-ordenari jarraituz.

9. Instrukzio organoak proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino, toki entitateari eskatzen ahalko zaio eskaera berregiteko, ematekoa den dirulaguntzaren konpromisoak eta baldintzak doitu ditzan. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea. Eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

12. Dirulaguntza ebaztea eta argitara ematea.

1. Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenean oinarrituta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, onartutako aurrekontua, onetsitako zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaeren berariazko ezespenak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Horien artean, adierazi beharko da zein ezesten den aurrekontuko mugagatik.

3. Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 23. artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

4. Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko da:

5. Berariazko edo isilbidezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunean hasita.

13. Gauzatze-epea.

Dirulaguntzaren xedeko proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira, bi egun horiek barne.

14. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko, lehenago justifikatu beharko da programa egin dela, 16. oinarrian adierazitakoa betez, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan zehaztutakoarekin.

Beranduenez, 2023ko azaroaren 1ean aurkeztu beharko da azken justifikazio tekniko eta ekonomikoa.

15. Jarraipena eta kontrola.

Instrukzio organoak jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako beste jarduketa batzuk galarazi gabe, entitate onuradunak egindako jarduerei buruzko urteko memoria tekniko bat aurkeztu beharko du justifikazio ekonomikoarekin batera.

16. Justifikazioa.

Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastua justifikatzeko, toki entitateko Idazkaritzak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da; bertan, diruz laguntzen diren jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuko dira. Ziurtagiri horri dagozkion fakturak eta froga-balio bereko agiriak erantsiko zaizkio, eta, kasua bada, diruz lagundu den proiektuari esleitutako langileen nominak.

Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du.

Gauzatutako aurrekontuaren zenbatekoa eskatu zena baino txikiagoa denean, azkenean gauzatutakoa izanen da justifikatu beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak kanpo utzita.

Entitate onuradunek amaierako txostena aurkeztuko dute, zein dagokion, diruz lagundu den proiektuaren gauzapena azalduz.

a) Txosten teknikoa: gutxienez honako atal hauek jasoko ditu, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:

–Lortutako helburuen zehaztapena.

–Sexuaren arabera xehakatutako datuak.

–Lortutako emaitzak.

–Egindako jarduerak.

–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

Txosten teknikoa hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliz idatzi beharko da.

b) Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera xehakatuta.

c) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, izan diren desbideratzeak adierazita.

d) Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulkipen data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu den. Zerrenda horri gastuaren frogagiriak erantsiko zaizkio (fakturak eta nominak, eta froga-balio bereko gainerako agiriak).

Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin ere finantzatu direnean, azken justifikazioan funts horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak dirulaguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.

Amaierako txostena, eta diruz lagundu den proiektuan egindako gastu guztien ordainagiriak, 2023ko azaroaren 1ean aurkezten ahalko dira beranduenez, egun hori barne.

17. Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen dibulgazioa egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen frogagiria aurkeztu beharko da; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: "Nafarroako Gobernuak-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak diruz laguntzen dute". Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

h) Kontratatutako langileei dagokienez, proiektua gauzatzeak berekin dakartzan lan betebeharrak betetzea.

i) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

j) Parte hartzaileen kontratuak zuzendariordetzara bidaltzea, kontratazioaren egunetik hasi eta 15 eguneko epean.

k) Eskubide Sozialetako Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektuaren exekuzioa nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira.

Funtsezko aldaketatzat joko dira helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina dutenak, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, gastu diruz lagungarri guztien %5eko desbideratze ekonomikoa ekartzen dutenak. Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari dagokion justifikazio txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

l) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

m) Betiere, pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.

n) Entitate eskatzaileek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusten diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

o) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

18. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

1. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzar daiteke dirulaguntzaren xede den jarduera egitea, hein batean edo guztiz. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte-bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, betiere entitate horiek egin ditzaketen prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita.

Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

2. Hornitzaileak kontratatzea. Toki entitate onuradunek frogatu beharko dute Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak arlo horretan ezartzen dizkieten betebeharrak betetzen dituztela.

19. Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da. Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

2. Halaber, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Baldin azken justifikazioan ez-betetze formalak baino ez badira gertatzen, kontuan hartuko da zenbat egunez aurkeztu diren dagozkion dokumentuak epez kanpo, eskala honen arabera:

  • Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5eko murriztapena gehienez.
  • Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murriztapena.
  • Sei egun balioduneko atzerapena baino gehiago: dirulaguntza osoa itzultzea edo galtzea.

4. Aurreko apartatuetan xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Bestetik, dirulaguntza emateko berariazko edo isilbidezko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute toki entitateek, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo, kasua bada, administrazio isiltasunak ondorioak dituen egunaren biharamunetik aitzina.

21. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.

II. ERANSKINA

Balorazio-irizpideak (100 puntu)

A. BIDEZKOTASUN INSTITUZIONALA

(14 puntu gehienez)

A1

Generoa

4 puntu gehienez

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plana izatea

2 puntu

Tokiko protokolo bat izatea genero-indarkeriaren kontra edo sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitzeko.

Puntu bat

Toki entitatean berdintasuneko teknikariak izatea

Puntu bat

A2

Gaitasun finantzarioa (hainbat finantzaketa iturri izatea)

1 puntu gehienez

3 finantzatzaile baino gehiago (Nafarroako Gobernua barne)

Puntu bat

2 finantzatzaile bitarte (Nafarroako Gobernua barne)

0,5 puntu

A3

Esperientzia kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren lan esparruan

3 puntu gehienez

Azkeneko 5 urteotan kontziliazioaren eta/edo erantzunkidetasunaren arloan egindako proiektuen kopurua (puntu bat proiektu bakoitzeko; proiekturik ez bada, punturik ez)

Puntu bat, proiektu bakoitzeko

A4

Haurren parte-hartzerako mahaia/kontseilua izatea

2 puntu gehienez

A5

Toki entitate eskatzailearen biztanle kopurua

4 puntu gehienez

5.000 biztanletik gorako toki entitateak

4 puntu

5.000 eta 10.000 biztanle bitarteko toki entitateak

2 puntu

B. PROIEKTUAREN BALORAZIOA

76 puntu

B1

Proiektuaren koherentzia

34 puntu gehienez

b.1.a

Proiektuaren oinarriak

–Erabat koherenteak

5 puntu

–Partzialki koherenteak

3 puntu

–Inkoherenteak, eta oso gutxi zehaztuta daude

0 puntu

b.1.b

Helburuak

–Guztiz koherenteak dira, eta ongi zehaztuta daude

5 puntu

–Koherenteak dira, baina gutxi zehaztuta daude

3 puntu

–Inkoherenteak edo zehaztugabeak dira

0 puntu

b.1.c

Jardueren deskribapena

–Zehatz deskribatuta

5 puntu

–Ez daude zehatz deskribatuta

3 puntu

–Ez daude deskribatuta (aipatuak besterik ez)

0 puntu

b.1.d

Espero diren emaitzak

–Zehatz deskribatuta

5 puntu

–Ez daude zehatz deskribatuta

3 puntu

–Ez da atal hau bete

0 puntu

b.1.e

Jardueren egutegia

–Zehatz deskribatuta

5 puntu

–Ez dago zehatz deskribatuta

3 puntu

–Ez da atal hau bete

0 puntu

b.1.f

Jarduerak egitean hartutako zeharkako neurrien intentsitatea (genero-ikuspegia, aukera berdintasuna, ingurumen neurriak, hizkuntzen erabilera, kulturartekotasuna, belaunaldien arteko harremanak, etab.)

5 puntu gehienez

–Gutxienez zeharkako hiru neurri jasotzen ditu (genero-ikuspegia barne)

5 puntu

–Gutxienez zeharkako bi neurri jasotzen ditu (genero-ikuspegia barne)

3 puntu

–Genero-ikuspegia zeharka txertatzen du

2 puntu

b.1.g

Desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonen premia espezifikoei erantzuten dieten jarduerak egitean hartutako zeharkako neurriak.

4 puntu gehienez

–Gutxienez hiru neurri jasotzen ditu (genero-ikuspegia barne)

4 puntu

Gutxienez bi neurri jasotzen ditu (genero-ikuspegia barne)

3 puntu

Gutxienez neurri bat jasotzen du (genero-ikuspegia barne)

1 puntu

B2

Ebaluazioaren azterketa (adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua)

10 puntu gehienez

b.2.a

Adierazleak:

3 puntu gehienez

–Adierazle kuantitatibo eta kualitatibo egokiak daude

3 puntu

–Adierazle egokiak daude, baina kuantitatiboak/kualitatiboak baino ez dira

1,5 puntu

–Ez dago adierazlerik, edo ez dira egokiak

0 puntu

b.2.b

Egiaztapen iturriak:

3 puntu gehienez

–Aski eta egokiak

3 puntu

–Ez aski, baina egokiak

1,5 puntu

–Desegokiak

0 puntu

b.2.c

Ebaluazio eta jarraipen prozesu bat izatea:

4 puntu gehienez

–Oso egokia

4 puntu

–Egokia

2 puntu

–Desegokia

0 puntu

B3

Giza baliabideen eta baliabide tekniko eta ekonomikoen azterketa

(16 puntu gehienez)

b.3.a

Giza baliabideen egokitasuna: (Profil teknikoak eta esleitutako eginkizunak zehaztea baloratzen da)

4 puntu gehienez

–Oso egokia

4 puntu

–Egokia

3 puntu

–Erregularra

2 puntu

–Desegokia

0 puntu

b.3.b

Boluntarioen parte-hartzea proiektuan (boluntariorik ba ote den, eta esleitu zaizkien eginkizunen azterketa)

4 puntu gehienez

–Boluntarioek eginkizun zehatzekin parte hartzen dute

4 puntu

–Boluntarioek parte harten dute, eginkizun zehatzik gabe

2 puntu

–Ez dute parte hartzen

0 puntu

b.3.c

Baliabide tekniko egokiak izatea: materialak, lokalak...

4 puntu gehienez

–Oso egokia

4 puntu

–Egokia

3 puntu

–Hala-holakoa

2 puntu

–Desegokia

0 puntu

b.3.d

Aurrekontuaren xehakatze egokia:

4 puntu gehienez

–Oso egokia

4 puntu

–Egokia

3 puntu

–Hala-holakoa

2 puntu

–Desegokia

0 puntu

B4

Proiektuaren osagarritasuna eta koordinazioa beste zerbitzu publiko batzuekin:

4 puntu gehienez

b.4.a

Egitura bat planteatzen du aldian aldiko koordinazioa egiteko zerbitzu publikoekin (gizarte, osasun, hezkuntza eta gazteria arlokoekin eta beste batzuekin)

4 puntu gehienez

–Koordinazioa sistematikoa eta erregularra da.

4 puntu

–Koordinazioa badago, baina ez da sistematikoa.

2 puntu

–Aldian behin jartzen dira harremanetan.

1 puntu

–Ez dago ez koordinaziorik ez harremanik beste zerbitzu publiko batzuekin.

0 puntu

B5

Pertsona onuradunen parte-hartzearen azterketa

12 puntu gehienez

b.5.a

Aurkeztutako proiektuaren onuradunen profila

5 puntu gehienez

–Lehentasunez zuzenduta dago desgaitasuna eta/edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen zaintzaileei eta/edo arduradunei

2,5 puntu

–Lehentasunez zuzenduta dago familia gurasobakarrei edo gurasobakartasun egoeran dauden familiei

2,5 puntu

b.5.b

Pertsonek proiektuan sar daitezen erabilitako prozedura

4 puntu gehienez

–Bakar-bakarrik Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen edo beste baliabide publiko batzuen bidez

4 puntu

–Batez ere Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen edo beste baliabide publiko batzuen bidez

3 puntu

–Batez ere gizarte entitateen bidez

2 puntu

–Modu partikularrean

Puntu bat

b.5.c

Proiektuaren onuradunek parte hartzeko bideak izatea (iradokizunetarako buzoia, gogobetetasun inkestak eta ebaluazio galdetegiak)

3 puntu gehienez

–Bada halakorik, eta behar adina zehaztuta daude.

3 puntu

–Bada halakorik, baina ez dira nahikoak edo ez daude behar adina zehaztuta.

1 puntu

–Ez dago halakorik.

0 puntu

C. BESTE BATZUK

10 puntu gehienez

C1

Programa berritzailea izatea

4 puntu gehienez

Berritzailea, ez baita halakorik inoiz egin Foru Komunitatean

2 puntu

Berritzailea, berrikuntzak dakartzalako metodologian, helburuetan, erabilitako baliabideetan eta abarretan.

2 puntu

Ez du inolako alderdi berritzailerik.

0 puntu

C2

Genero-ikuspegiaren txertatze maila

4 puntu gehienez

Hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea; esaterako, izen generikoak erabiltzea eta bi generoak aipatzea

2 puntu

Sexuaren arabera banatutako datuak

2 puntu

Ez du halakorik

0 puntu

C3

Teknologia berriak erabiltzea

2 puntu gehienez

Parte hartzaileek eta teknikariek erabiltzen dituzte

2 puntu

Parte hartzaileek erabiltzen dituzte

1 puntu

Ez dira erabiltzen

0 puntu

III. eranskina.–Eskaera-orria (DOC).

IV. eranskina.–Dokumentazio ekonomikoa (XLS).

VI. eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

Deskargatu ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm)

V. eranskina

Entitatearen erantzukizunpeko adierazpena

Izen-deiturak:........................................................................................... NAN: ...............................

Erakunde honen legezko ordezkaria: ................................................................................................

Entitatearen IFZ: ..............................................................

ADIERAZTEN DU:

Entitatea, haren administratzaileak edo ordezkariak ez daudela dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

Iruñean, 202………..(e)ko ………………….aren …….(e)(a)n.

SINADURA:

Iragarkiaren kodea: F2304029