72. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa, Udal ludotekaren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamenduan. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2022ko abenduaren 15ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea Eguesibarko Udalaren ludotekaren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamenduan.

Aldaketen hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2023ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 7an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta bidezkoa da onetsitako testu berria osorik argitaratzea.

Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

Sarrigurenen, 2023ko martxoaren 13an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

EGUESIBARKO UDALAREN LUDOTEKAREN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Xedea.

Eguesibarko Udalaren ludotekaren funtzionamenduari buruzko arauak ezartzea du xede erregelamendu honek.

2. artikulua. Oinarria.

Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25.1 artikuluan ezartzen duenez, Udalak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, era guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

3. artikulua. Titulartasuna.

Eguesibarko Udalari dagokio bere ludotekaren titulartasuna.

4. artikulua. Zerbitzuaren eta jardueren deskripzioa.

Ludoteka zerbitzu publikoa da, non jarduera ludikoak, jostetakoak eta aisialdikoak, bai eta hezkuntzakoak eta kulturakoak ere, eskaintzen diren denbora librean. Profesionalak arduratzen dira zerbitzua emateaz, eta haren helburua da haurren garapena bultzatzea eta berdinen arteko harremanak bultzatzea.

Hortaz, ludoteka EZ da:

–Haurtzaindegia.

–Jantokia.

–Jokorako espazio bat duen merkataritza-lokala.

–Jolas-aretoa.

–Lantegia, hitzaren zentzurik hertsienean (nahiz eta jarduera ludikoak eta programatuak egiten diren).

Ludotekako profesionalek prestatutako programazioko jarduerak modulu hauetan banatu dira:

a) Jokoak.

b) Lantegiak.

c) Emanaldiak.

d) Ateraldiak edo txangoak.

e) Ipuin kontalariak.

5. artikulua. Helburuak.

–Jokoa bultzatzea eta indartzea adingabeen artean.

–Haurraren garapen kognitiboa, psikomotorra, afektiboa eta soziala bultzatzea, inguru ludiko batean.

–Parte hartzen duten haurren arteko berdintasuna sustatzea, ideologiak, maila eta jatorri soziala bereizi gabe.

–Topaleku bat eskaintzea adingabeei, josteta lagunekin elkartzeko.

–Ohiturak eta jokabideak indartzea, hala nola higienea, ordena, besteekiko errespetua eta jokabide zibikoa.

–Naturaren eta ingurumenaren aldeko begirunea sustatzea.

–Haurrei aukera berriak eskaintzea josteta eta hezkuntza aldetik aisialdian, sormena bultzatuta.

–Inklusioa sustatzea parte-hartzaileen artean.

6. artikulua. Erabiltzaileak.

Eguesibarren erroldatuta dauden 3tik 12 urte arteko haurrak izan daitezke ludotekaren erabiltzaileak. Bestela, plaza hutsik baldin bada, ibarrean erroldaturik ez dauden haurrak ere izaten ahalko dira erabiltzaileak.

7. artikulua. Egutegia, ordutegia eta plaza kopurua.

Udal ludoteka urte osoan egonen da irekita, astelehenetik ostiralera.

Ludotekaren ordutegiak eskola-egutegiaren arabera aldatzen dira. Oro har, arratsaldez egonen da irekita eskola dagoen bitartean, eta goizez, berriz, oporraldietan.

Eskola-egunetan: astelehenetik ostiralera, 16:30etik 20:00etara.

Oporraldietan: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara.

Edonola ere, Udalak eskubidea du ordutegia aldatzeko, baina konpromisoa hartzen du bere gain aldaketa horren berri emateko Udalaren web-orrian eta ludotekan bertan gutxienez 15 egun lehenago.

Haurrek ezinen dira inola ere ludotekan egon:

–Astean 10 ordu baino gehiago, eskola dagoenean.

–Egunean 5 ordu baino gehiago, oporraldian.

Plazen kopurua ez da inoiz izanen 12 haurrentzat baino gehiagorentzat monitore bakoitzeko.

8. artikulua. Beharrezko dokumentazioa eta plazen eskaera.

Zerbitzuan interesa duten erabiltzaileen guraso eta tutoreek edo haien baimena duenak dokumentazio hau aurkeztu beharko dute udal ludotekan:

1. Onartzeko eskaera (Udalaren ereduaren araberakoa: ludotekan eskuratuko dute edo Udalaren web-orritik jaitsi).

2. Zerbitzuko arduradunek egiaztatuko dute haurrak Eguesibarren erroldatuak dauden ala ez.

3. Familia-liburuaren fotokopia.

4. Karnetaren neurriko argazkia.

5. Desgaitasuna duen adingabea izanez gero, hori frogatzen duen agiria.

Onartua izateko dokumentazioa aurkeztuta, hauxe da Eguesibarko ludotekan plaza eskatzeko prozedura:

a) Erroldatuta eta aldez aurretik inskribatuta dauden haurren gurasoek edo tutoreek, nahi izanez gero, plaza erreserbatzen ahalko dute seme-alabentzat, langileek horretarako ezarriko duten epeen barruan; horiek informazioko ohiko bideen bidez eta behar adina denbora-tartean argitaratuko dira.

b) Erroldatu gabeko haurrek ez dute eskubiderik izanen plaza gordetzeko, eta ludotekan soilik sartzen ahalko dira, baldin eta erroldan daudenentzat ezarritako erreserba aldia bukatu eta plaza librerik baldin bada.

9. artikulua. Ludotekaren ardura duten langileak.

Zerbitzuak profesional talde bat izanen du, hezkuntza- eta gizarte-arloan edo haur eta gazteen sozioanimazioaren arloan prestakuntza edo eskarmentua izanen duena.

Ludotekako arduradunek eginkizun hauek bete beharko dituzte:

1.–Zerbitzuari buruzko informazioa eman eta hura bultzatzea.

2.–Jarduera eta programak diseinatu eta garatzea.

3.–Jardueren plangintza egitea.

4.–Jarduerak ebaluatzea.

5.–Informazioa eta koordinazioa Hezkuntza eta Kultura alorreko zinegotzitzarekin.

10. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

10.1. Eskubideak.

–Espainiako Konstituzioak eta nazioarteko itunek aitortutako eskubideak eta antolamendu juridikoak bermatzen dituen gainerakoak.

–Erabiltzaileek eskubidea dute ludotekan egiten diren jardueretan parte hartzeko eta instalazioak eta materiala baliatzeko, besteek bezala. Betiere, ordenantza honetan ezarritako edukiera gainditu gabe.

–Gurasoek edo tutoreek informazioa eskatzen ahal dute ludotekan egiten diren edo egin gogo diren jarduera eta programei buruz.

–Guraso edo tutoreek nahiz erabiltzaileek erreklamazioak eta oharrak egiten ahal dizkiete kudeaketaz arduratzen diren langileei eta Eguesibarko Udalari.

10.2. Betebeharrak.

–Erabiltzaileak behartuta daude ludotekako instalazioak eta materiala behar bezala baliatzera.

–Erabiltzaileek behar bezalako begirunea erakutsi beharko dute beste erabiltzaileekin eta zerbitzuko arduradunekin.

–Zerbitzuko arduradunek emandako aginduak eta oharrak bete beharko dituzte instalazioak eta materiala erabiltzeko orduan eta programatutako jarduerak gauzatzerakoan.

–Ludoteka erabiltzeko erregelamendua betetzea.

–Sartu eta ateratzeko ordutegiak betetzea.

–Gurasoek edo tutoreek lokalizatzeko moduan egon behar dute une oro, eta beren seme-alabak jasotzeko betebeharra dute, baldin eta zerbitzuko arduradunek hala jakinarazten badiete gaixotasunagatik, adingabeak berariaz hala eskatzeagatik eta abarrengatik. Ezin badira lokalizatu, zentroak beretzat gordeko du neurri egokiak hartzeko eskubidea.

–Gurasoak edo tutoreak behartuta daude Eguesibarko Udalak zerbitzua emate aldera onartzen dituen tasak ordaintzera. Egun indarrean dauden tasak honako hauek dira:

a) Erroldatuak: erroldatuek doako sarbidea izanen dute. Salbuespenez, zenbait garaitan Udalak tasak ezarriko ditu, hala nola eskolako oporraldietan eta bestelako aldi berezietan; hona hemen:

Erroldatuak: 1 euro/ordu.

Ordenantza fiskal orokorrean berariaz ezarritako hobariak aplikatuko dira.

b) Erroldatu gabeak: 2 euro/ordua urte osoan.

11. artikulua. Bizikidetza arauak.

a) Orokorrak:

–Haurrak eroso jantzita joanen dira ludotekara, haien autonomia galarazten duen arropa ez baita gomendagarri. Halaber, komeni da gurasoek edo legezko arduradunek jakitea, jardueretan erabiltzen diren materialen ondorioz, inoiz edo behin haurraren arropa hondatzen ahal dela.

–Ohiko ez den norbaitek etorri behar badu haurra hartzera, guraso edo tutoreek horren berri eman beharko diete zerbitzuko arduradunei, edo baimen idatzia prestatu beharko dute. Orobat, seme-alabak ludotekatik bakarrik atera daitezela nahi izanez gero, baimen idatzian ohartaraziko dute.

–Haurraren guraso edo tutoreak ez dira ludotekaren barrutian egonen ohiko saioetan. Ludotekaren ordutegia bukatzean, ixteko ordua baino 5 minutu lehenago hartuko dituzte haurrak.

–Ez da bisitarik onartzen ludotekaren ordutegiaren barrenean.

–Haurrek ezin dute objekturik eraman ludotekara, eta portaera-arauak errespetatu beharko dituzte. Edonola ere, zerbitzuak ez ditu bere gain hartuko gerta litezkeen galera edo lapurreten gaineko ardura.

b) Osasun kontuak.

–Haurrek ez dute zentrora joan behar eritasun sintomak badituzte, hala nola sukarra, beherakoa, konjuntibitisa, zorriak edo beste edozein eritasun infekzioso edo kutsakor. Horregatik, ez da horrelako sintomarik duen adingaberik onartuko.

–Zerbitzuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da, oro har, onartuko esfinterrak kontrolatzen ez dituen eta komunera bakarrik joan ezin den adingaberik. Dena den, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak aztertuko du salbuespenezko egoera oro.

–Zentroan ez da sendagairik emanen, arrisku larriko kasuetan izan ezik. Kasu horretan, aurkeztu beharko dira familiaren berariazko idatzizko baimena eta medikuaren txostena.

–Haurrek, ludotekan direla, eritasun zantzurik izanez gero, gurasoei edo tutoreei abisu emanen zaie, lehenbailehen hartzera etor daitezen. Istripua gertatuz gero edo haurrak sukar handia izanez gero, behar den osasun protokoloa aktibatuko da.

–Haurren higienea zaindu behar da.

12. artikulua. Arau-hausteak.

Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da.

–Arau-hauste arintzat joko da:

  • Instalazioak eta materiala behar adinako arretaz ez erabiltzea.
  • Zerbitzuko arduradunek emandako ohar eta aginduei kasu ez egitea.
  • Guraso edo tutoreak 15 minutu bitarte atzeratzea haurrak hartzeko orduetan. Hori gertatuz gero, zerbitzuko ardura duten langileak Udaltzaingoarekin harremanetan jarriko dira, adingabeaz ardura daitezen.
  • Asterako ezarritako gehieneko egonaldia bi ordu arte gainditzea.
  • Plaza erreserbatu eta bertan behera uzteko abisua ez emateagatik ezarritako epean.

–Arau-hauste astuntzat joko da:

  • Ludotekako instalazioetan edo materialean, nahita, kalte egitea.
  • Behar bezalako begirunea ez izatea beste erabiltzaileekin eta zerbitzuko arduradunekin.
  • Guraso edo tutoreak ordu bat arte atzeratzea haurrak hartzeko orduetan.
  • Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
  • Asterako ezarritako gehieneko egonaldia bi ordutik gora gainditzea.

–Hona hemen arau-hauste oso astunak:

  • Arau-hauste larriak behin eta berriz egitea.
  • Instalazioez balia daitezen galaraztea gainerako erabiltzaileei.
  • Guraso edo tutoreak ordubetetik gora atzeratzea haurrak hartzeko orduetan.

13. artikulua. Zehapenak.

Ludotekako instalazioak astebetez erabiltzeko eskubidea kenduta zehatuko dira arau-hauste arinak.

Ludotekako instalazioak hilabetez erabiltzeko eskubidea kenduta zehatuko dira arau-hauste larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostuaren adinako isuna jarrita.

Instalazioak erabiltzeko eskubidea erabat kenduta zehatuko dira arau-hauste oso larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostuaren adinako isuna jarrita.

14. artikulua. Erantzuleak.

Beti dira adingabeen aita, ama edo tutoreak arau-hausteen erantzule subsidiarioak.

Iragarkiaren kodea: L2304305