72. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea oposizio-lehiaketa bidez ordezkatzeko

Lehendakaritzaren martxoaren 29ko 147/2023 Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki da:

1. Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea oposizio-lehiaketa bidez ordezkatzeko deialdiaren oinarriak onartzea.

2. Prozedura oinarriekin bat etorriz hastea eta deialdia eragin duen presazko egoera deklaratzea.

3. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea. Hona hemen oinarriak:

SAKANAKO MANKOMUNITATEKO KUDEATZAILEA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ ORDEZKATZEKO DEIALDIA

Deialdi hau honako hauen arabera arautuko da:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea oposizio-lehiaketa bidez ordezkatzea du xede deialdi honek.

Lan poltsa sortuko da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

1.2. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan, bilatuko da kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea. Larrialdiko kasua da hau, kudeatzailearen funtzioen garrantziagatik.

1.3. Hautapen probak 7. oinarrian ezarritakoak izanen dira eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 7.1 oinarrian ezarri bezala.

1.4. Hautapen prozesu honen kontratazioak 6 hilabete iraunen du, luzagarria izanen da eta kasua bada, iraunen du lanpostuan ordezkapenak egiten diren bitartean. Kontratua bukatzeko zergatia izanen da Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan aipatuetariko edozein. Edonola ere, kontratua bukatuko da lanpostuaren titular den Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea jarduneko egoerara itzultzen denean edo lanpostua amortizatzen denean.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta horretan Sakanako Mankomunitateak prozesu honetan hautatutako langileekin formalizatutako kontratazioak ezeztatu ahalko ditu bere iritziaren arabera.

1.5. Lanaldia Sakanako Mankomunitateak ezartzen duena izanen da; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko da.

1.6. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan A mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu, baita plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako osagarriak ere.

1.7. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu, besteak beste:

–Mankomunitatearen lidergoa. Egitura eta antolaketa hobea lortzen laguntzea, eta pertsonak plan estrategikoarekin, helburuekin, balioekin eta misioarekin lerrokatzea, adibidearekin gidatuz, pertsonak helburuak lortzera bideratuz, aldaketa-prozesuak arrakastaz kudeatuz eta erakundearen barruan kohesioa eta giroa hobetzen lagunduz, Mankomunitateko organoen erabakien eta Lehendakaritzarekin erantzukizunak antolatzeko akordioen arabera.

–Plan estrategikoa gidatzea. Plan estrategikoaren eta haren urteko planen kudeaketaren buru izatea eta horren berri ematea gobernu-organoei, taldeari helburuak lortzen lagunduz eta une oro helburuak lortzea eta pertsonak planarekin lerrokatzea ahalbidetuko duen hobekuntza sistematikoa bilatuz.

–Bere ardurapeko eremuko zerbitzuen arduradunak modu proaktibo, eraginkor eta sistematikoan gidatzea, kudeatzea eta koordinatzea, zerbitzu horien egoerak eta kalitatea aztertzeko eraginkortasunean, garapenean, plangintzan eta laguntzan lagunduz, eta jarduteko modua zerbitzu bakoitzaren errealitatera eta beharretara egokituz, betiere plan estrategikoaren eta mankomunitatearen lehentasunen arabera.

–Baliabide ekonomikoak eta materialak kudeatzea. Mankomunitatearen baliabide ekonomikoak kudeatzea eta gobernu-organoen aurrean kontuak ematea; horretarako, dirulaguntzak definitzeko, aztertzeko, proposamenak egiteko, aurreikusteko, kontrolatzeko eta bilatzeko jarduerarik onenak egingo ditu, eta proaktiboki lagunduko die zerbitzuen arduradunei, baliabide horien erabilera egokia bermatzeko eta ahalik eta efizientzia ekonomiko handiena lortzeko, gobernu-organoen erabakiekin bat etorriz.

–Langileak kudeatzea. Modu eraginkor eta hurbilean kudeatzea Mankomunitatean lan egiten duten pertsonen lan-arloko beharrak, administrazio-taldearen eta Zerbitzuen arduradunen laguntzarekin, langileen administrazioaren berezko jardunak bere gain hartuz eta, hala badagokio, behar bezala eskuordetuz (oporrak, bajak, baimenak, lan-baldintzak, absentismoa), bai eta horiek garatzea eta hobetzea ahalbidetzen duten giza baliabideen prozesuak proposatu eta kudeatzea ere (prestakuntza, errendimendua, ordainsaria garatzea), betiere kudeaketa eraginkorra bermatuz, eta guztia Lehendakaritzarekin erantzukizunen antolaketaren arabera.

–Osasuna eta prebentzioa kudeatzea. Laneko osasunaren, segurtasunaren eta prebentzioaren arloko politikak eta jarduerak aztertzea, proposatzea, koordinatzea, jarraitzea, baloratzea eta hobetzea, jarduera hori mankomunitatearen funtzionamenduan oinarrizkoa eta lehentasunezkoa dela adieraziz eta lana baldintza egokienetan egiten dela bermatuz, arlo horretako barne-araudiari eta kanpoko legeriari jarraiki.

–Barne- eta kanpo-komunikazioa koordinatzea. Barne- eta kanpo-komunikazioko planak eta prozesuak gidatzea, pertsonak lerrokatzen eta Mankomunitateak gizartearen eta herritarren aurrean duen irudia indartzen laguntzeko.

–Mankomunitatearen ordezkari izatea hornitzaileen, erakundeen eta kanpoko beste eragile batzuen aurrean. Hornitzaileen kudeaketa modu eraginkorrean koordinatzea, bai eta entitate eta erakundeekin ere, ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko eta Mankomunitatearen onerako.

–Zuzendaritza-taldeko kidea. Mankomunitatearen helburuak betetzen laguntzeko, zuzendaritza-taldeko kide gisa esleitutako erantzukizunak zehatz-mehatz betetzea, erakundeak berak ezarritako lehentasunen arabera.

–Mankomunitateko gainerako langileekin partekatutako erantzukizunak. Mankomunitatean giro egokia sortzen laguntzea, etengabeko hobekuntzaren eta talde-lanaren kultura modu proaktiboan sustatzea, eta Mankomunitatearen irudi eta ordezkaritza gisa duen rola bere gain hartzea aurrera daraman jarduera bakoitzean, mankomunitatearen beraren taldea, lana eta irudia garatzen, hobetzen eta indartzen laguntzeko.

–Aipatutakoez gain, agintzen zaizkion bestelako erantzukizunak ere hartu beharko ditu bere gain, betiere bere maila profesionalarekin bat datozenak.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Goi mailako unibertsitateko titulua izatea.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) B motako gidabaimena edukitzea.

f) EGA edo titulu baliokidea edukitzea, edo horri dagokion euskara proba gainditzea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetan aurreikusitako epe eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean bete beharko dituzte eta hautapen prozeduran haien jabe izan beharko dute, izendapena egin arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Sakanako Mankomunitateko Erregistro Orokorrean, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.; kasu horretan, dokumentazioa aurkeztu izana frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute ezarritako epea baino lehen posta elektronikoko helbide honetan: idazkaria@sakana-mank.eus.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguneko 14:30era arte. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondokoekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren edo horren baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

b) Gidabaimenaren fotokopia.

c) Eskatutako tituluaren kopia bat.

d) Lehiaketaren baremoaren irizpideei jarraikiz, baloratuko diren merezimenduen gaineko agiriak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko dagozkien dokumentuarekin egiaztaturik ez dauden merezimenduak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://sakana-mank.eus/).

Bost egun naturaleko epean, iragarkia Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://sakana-mank.eus/) argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

5. oinarria.–Behin betiko zerrendak.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia, eta, kasua bada, euskararen probak egitekoak ere bai.

Alegaziorik baldin badago, horiek ebatzi ondoren, Lehendakaritzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta hura argitara emango da Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://sakana-mank.eus/), hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita. Halaber, kasua bada, euskararen probak egiteko eguna eta tokia iragarriko dira.

6. oinarria.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Lehendakaria: David Oroz Alonso, Sakanako Mankomunitateko lehendakaria. Ordezkoa: Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza, Sakanako Mankomunitateko lehendakariordea.

–Bigarren mahaikidea: Aitor Larraza Carrera, Irurtzungo alkatea. Ordezkoa: Oihana Olaberria Jaka, Arakilgo alkatea.

–Hirugarren mahaikidea: Ibon Mimentza de Irala, Cederna Garalurko kudeatzailea. Ordezkoa: teknikari bat, Cederna Garalurrek izendatu beharrekoa.

–Laugarren mahaikidea: Ana Carrillo Simón, langileen ordezkaria, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen 113/1985 Errege Dekretuaren 21.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Ordezkoa: langileen ordezkaritzak proposatua.

–Epaimahaikide-aholkularia: Pello Ihaben Solchaga, Psikologian lizentziatua. Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–Mahaikide-idazkaria: Sakanako Mankomunitateko idazkaria. Ordezkoa: Sakanako Mankomunitateko kide den udal bateko idazkari bat. Hitza izango du, baina botorik ez.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, gutxienez, bildu gabe. Halaber, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

6.4. Epaimahaiak aholkularien laguntza eska dezake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.5. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.6. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

7. oinarria.–Proben nondik norakoa.

Oposizioaldia hasi baino lehen euskararen proba eginen dute deialdi honen oinarrietan eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez dutenek. Proba horretan idatzizko bi ariketa eginen dira eta ahozko bat, eta horiekin zehaztuko da izangaia gai edo ez-gai den, C-1 hizkuntza mailari, EGAri edo baliokidea den tituluari dagokionez. Proba horiek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko edo Euskarabideko langileek eginen dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak.

7.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, baremo honen arabera:

–Lanbideko esperientzia:

  • Administrazio edo enpresa publiko batean, kudeatzaile edo zuzendari lanpostu batean egindako urte oso bakoitzeko: 3 puntu.
  • Entitate pribatu batean kudeatzaile edo zuzendari lanpostu batean egindako urte oso bakoitzeko: 1,5 puntu.

Urtebetetik beherako aldiak proportzioan puntuatuko dira, lan bizitzaren txostenari jarraituz.

Atal honetan gehienez ere 15 puntu emanen dira.

–Prestakuntza osagarria (gehienezko puntuazioa: 5 puntu):

A. Eskainitako lanpostuarekin zerikusia duen unibertsitateko titulazioa izatea, deialdian parte hartzeko baldintza gisa aurkeztutakoaz bestekoa.

  • Unibertsitateko erdi mailako titulazioak: puntu bat.
  • Unibertsitateko goi mailako titulazioak: 2 puntu.
  • Masterrak edo graduondokoak: 3 puntu.

B. Prestakuntza ikastaroak, gai zerrendako gaiekin zerikusia badute. 0,005 puntu emanen dira, prestakuntza ordu bakoitzeko (gehienezko puntuazioa: 10 puntu)

Atal honetan gehienez ere 15 puntu emanen dira.

Lehiaketa honetan gehienez ere 30 puntu lor daitezke.

7.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldia 2023ko uztailaren hasieran egitea aurreikusten da.

–Lehen proba:

Erantzun laburreko edo test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie II. eranskineko gaiei buruz.

Proba honek ordu eta erdi iraunen du gehienez eta 20 puntu izanen ditu gehienez ere. Erantzun okerrak zigortuko dira, epaimahaiak ariketa hasi aurretik zehaztuko duen maneran. Baztertu eginen dira gutxienez 10 puntu lortzen ez duten izangaiak.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira. Proba egin ondoren, etenaldi bat egingo da, eta epaimahaikideek kalifikazioak emango dizkiote proba bakoitzari. Plikak ezarritako orduan irekiko dira jendaurrean, eta horren berri emango zaie parte-hartzaileei. Jarraian, egun berean, bigarren proba egingo da.

–Bigarren proba:

Bi kasu teoriko praktiko ebatzi beharko dira, II. eranskineko gaien eta lanpostuari dagozkion eginkizunen inguruan. Gehienez ere 20 puntu emanen dira. Kasu bakoitzarengatik gehienez ere 10 puntu emanen dira eta baztertuta geldituko dira bi txostenen puntuazioa batuta 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa hau eginen dute soilik lehengoa gainditu dutenek.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta gehienez ere 3 eguneko epean argitara emanen da kalifikazioen zerrenda. Plikak irekitzeko eguna, ordua eta lekua parte-hartzaileei jakinaraziko zaizkie.

7.3. Proba psikoteknikoak. Gehienezko puntuazioa: 20 puntu.

7.4. Elkarrizketa izendatutako aholkulari profesionalarekin, Pello Yaben Solchagarekin, epaimahaiko gainerako kideak ere joan ahal izango dira. Balorazio objektiboa egiteko irizpideak erabiliko dira. Elkarrizketak 10 puntu izanen ditu gehienez.

7.5. Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere kontratatua izaterik nahi ez badu, Sakanako Mankomunitateak kontratatu ahalko du probaren bat gainditu duen hurrengo izangaia, hautapen-aldian lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.

7.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

7.7. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Azken proba bukatuta, epaimahaiak puntu gehien lortu dituen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio Sakanako Mankomunitateari.

Berdinketa izanez gero, lehentasuna izanen du bigarren ariketan puntuaziorik handiena eskuratzen duenak, eta hala ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da izangaien artean.

8.2. Proposamena loteslea izanen da Sakanako Mankomunitatearentzat.

8.3. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean, probak egin diren tokian eta web orrian (http://sakana-mank.eus/).

8.4. Hautatutako izangaiak deialdi honen hirugarren oinarriaren arabera aurkeztutako jatorrizko dokumentuak entregatu beharko dizkio Mankomunitateari, kontratazio-proposamena egin aurretik.

8.5. Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, Sakanako Mankomunitatearen kontratazio proposamena onartzen duenetik aitzina. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Lakuntzan, 2023ko martxoaren 29an.–Lehendakaria, David Oroz Alonso.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa)

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuena.

2.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

3.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboa (11. NAO, 2007/01/24).

4.–Sakanako Mankomunitatearen hitzarmen kolektiboa (157. NAO, 2014/08/12).

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa:

a) Atariko titulua.

b) I. titulua, I. kapitulua, 1., 2. eta 3. atalak.

c) I. titulua, II. kapitulua, 4. atala.

d) III. titulua. I. kapitulua.

e) V. titulua. II. kapitulua.

f) VI. titulua.

g) VII. titulua.

h) IX. titulua.

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

7.–7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa.

8.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

a) Atariko titulua, I. eta II. kapituluak.

b) I. titulua.

c) II. titulua.

d) III. titulua.

e) IV. titulua.

9.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzkoa. III. kapitulua.

10.–5/2018 17 Foru Legea, maiatzaren 17koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.

11.–Sakanako Mankomunitatearen Estatutuak (NAO, 57. zk., 2003/05/07, eta aldaketa, NAO, 75. zk. - 2010/06/21)

12.–Sakanako Mankomunitatearen Hiri Hondakinen kudeaketa arautzen duena (212. NAO, 2013/11/04).

13.–Uraren ziklo integralaren kudeaketa arautzen duen ordenantza (132. NAO-2011/07/04).

14.–Nafarroako Hondakinei buruzko Plana 2017-2027 (https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/3295_plan_pigrn_anexo.pdf).

15.–Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren Estatutuak (49. NAO-2007/04/20).

16.–Sakanako Plan Estrategikoa 2020-2025 (http://sakana-mank.eus/es/mank/kalitatea/plan-estrategikoa-eta-kudeaketa-politika/).

17.–Sakanako Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Plana 2020-2023 (http://sakana-mank.eus/berdintasuna/berdintasun-plana/).

Iragarkiaren kodea: L2305139