72. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80E/2023 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Caparrosoko udal-mugartean dagoen biodiesel eta produktu oleaginosoen instalazio baten aldaketa nabarmena. Titularra Tech Natural Oleo SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko Kontseilariaren 0360/2006 Foru Aginduaren bidez emana, ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiaren 2E/2019 Ebazpenak eta 141E/2019 Ebazpenak aldatua.

2022ko abuztuaren 26an, titularrak instalazioan biomasako galdara berri bat instalatzeko aldaketa proiektua jakinarazi du, orain dituen gas naturaleko bi galdaren ordez erabiltzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2022ko irailaren 26an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2022ko irailaren 26an emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez dakarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2022ko azaroaren 25ean, titularrak dokumentazio gehigarria aurkeztu zuen, eta ingurumen baimen integratua aldatzea eskatu zuen, proiektua gauzatu ahal izateko, hots, biomasako galdara berria instalatzeko.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzen da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea izapidetu da bat etorrita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Caparrosoko udal-mugartean dagoen biodiesel eta produktu oleaginosoen instalazio batean aldaketa nabarmen bat egiteko, zehazki, biomasako galdara bat instalatzeko, halako moduz non jardueraren garapenak ebazpen honen eranskinean bildutako baldintzak bete beharko baititu. Instalazioaren titularra Tech Natural Oleo SL da.

Bigarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionatzen hasi aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Tech Natural Oleo SLri, Caparrosoko Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzeko Atalari.

Iruñean, 2023ko martxoaren 10ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2304282