72. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

293E/2023 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako dirulaguntzen 2023ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 679948.

2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, "Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako laguntzak" izeneko 511004 51100 4819 311108 partida dago, 15.000 eurokoa.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide orokorra ezarri zen. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek haiek eskuratzeko aukera izan dezaten.

11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeseko tratamenduak egiteko 2023. urtean.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako dirulaguntzak emateko 2023ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Gehienez 15.000,00 euroko gastua egiteko baimena ematea, eta hura ordaintzea 2023ko gastu aurrekontuetako "Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako laguntzak" izeneko 511004 51100 4819 311108 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 6an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

Eranskina

Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako dirulaguntzak emateko 2023ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Lupus gaixotasuna diagnostikatua duten pertsonek fotobabeseko tratamenduetan 2023. urtean egiten duten gastua osorik edo partez estaltzeko izanen dira dirulaguntza hauek. Haien onura publikoko helburua da sostengua ematea ukitutako pertsonen fotobabes-behar berezietarako.

2.–Onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–Lupus gaixotasuna izatea, medikuntzako profesional batek diagnostikatua.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, 2023ko deialdia argitaratu aurreko bi urtean gaixoa Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi izana. Onuraduna bi urtetik beherakoa bada, jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

3.1. Deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete lupus gaixotasuna duten pertsonek, baita haien aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin eta hura adingabea bada edo ezintasuna badu.

3.2. Eskaerak onuradunaren izenean egon behar du beti. Adingabea edo tutoretzapeko adinez nagusia baldin bada, eskaera aurkezten duena ordezkari gisa agertuko da.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta hilabeteko epean bukatuko da.

3.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31002, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaera-idazkiari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak jaso daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

3.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

3.6. Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.–Betebeharren frogagiriak.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren/AIZren fotokopia, edo onuraduna identifikatzen duen agiriarena.

b) Errolda-ziurtagiria edo, kasua bada, asiloa ematen dion ebazpena.

c) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena.

5.2 oinarrian aipatutako instrukzio organoak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

d) Lupus gaixotasuna duen pertsona adingabea bada edo ezintasuna badu, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia-liburuaren kopia eta guraso baten NANaren kopia. Dibortzio kasuetan eta zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta/edo dibortzioaren hitzarmena eta haren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

f) 5.2 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktorea aplikatzen ahal zaien onuradunek gizarteratze-errenta edo errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

g) Eskatzailearen adierazpena, adostasuna emateko bere datu pertsonalen tratamenduari, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

h) Eskatzailearen adierazpena, non adostasuna emanen baitu kudeaketa organoak Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko ea eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldin interesdunak adierazpen hori izenpetu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Ez da beharrezkoa izanen a), b), c), d) eta e) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta haietan zehaztutako datuak aldatu ez badira.

5.–Antolamendua, instrukzioa eta dirulaguntza emateko irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposatuta.

5.2. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Atalari esleitzen zaizkio ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoa aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

5.3. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

5.4. Instrukzio organoak egiaztatuko du ea onuradunek eta eskatzaileek betetzen dituzten dirulaguntzak jasotzeko 2. oinarrian eskatzen diren betebeharrak, eta diruz lagundu beharreko zenbatekoak proposatuko ditu, irizpide hauei jarraikiz:

–Laguntzaren zenbateko unitarioa aurrekontuko kredituaren eta eskaera kopuruaren arabera zehaztuko da.

–Dirulaguntzaren banaketa orekatuagoa izan dadin, 2022. urtean eta/edo 2023. urtean eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izan baldin bada, edo gizarteratze-errenta/errenta bermatua jaso duen familia-unitate batekoa, zenbateko unitarioa bider 1,5 eginen da.

–Laguntza bakoitzaren zenbatekoa ez da 271 eurotik gorakoa izanen, zenbateko unitarioa bider 1,5 egiten den kasuetan ere.

6.–Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak.

6.2. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da (nortasun-agiri nazionalaren edo dokumentu baliokidearen zenbakiarekin identifikatuak), eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak. Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), deialdi horretan.

7.–Bateraezintasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira entitate publiko edo pribatuek xede bererako ematen duten beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.

8.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela jaso xede bererako beste laguntzarik. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

9.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren.

10.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzaren onuradunak, edo eskatzaileak, onuraduna adingabea den kasuetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

12.–Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honi loturik eskatzaileak aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Tratamenduari buruzko informazioa webgune honetan dago: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Portal+de+la+Salud/Ciudadania/Participacion/Proteccion+de+datos/

13.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Iragarkiaren kodea: F2304156