64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Generazinema Sustapena" izeneko dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 679058.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du Generazinema Sustapena 2023 laguntzen deialdia onestea, haren oinarri arautzaileak onestea, 30.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau,

AGINTZEN DUT:

1. Generazinema Sustapena 2023 dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: GENERAZINEMA: Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2023

30.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 28an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

GENERAZINEMA SUSTAPENA 2023 LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da laguntza batzuk arautzea, banakako ebaluazioko araubidean, Nafarroako ikus-entzunezko profesionalaren sektorean filmak sustatzeko eta zabaltzeko ekintzak egin daitezen 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean, biak barne.

1.2. Deialdi honetan bi modalitate daude:

A) modalitatea: 2023ko Goya sarietarako hautagai diren filmak edo aurrez hautatutakoak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak.

B) modalitatea: zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, azoketan eta ekitaldietan parte hartzea, gonbidapena jasota.

1.3. Eskaera bakoitzean film bakar baterako laguntza eskatzen ahalko da, bi modalitateetako batean zein bietan. Bietara aurkeztuz gero, memorian eta aurrekontuan ongi zehaztu beharko dira modalitate bakoitzeko gastuak eta ekintzak.

Gainera, banakako erregimeneko deialdia denez, beste eskaera batzuk aurkezten ahalko dira lehenengoaren ondoren, beste film baterako zein film bererako, baina beste ekitaldi batzuetarako. Laguntza-eskaera guztien batura gehienez ere 3.2 oinarrian eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga izanen da.

2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta erakunde hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoek, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatekoak badira edo gutxienez 2022ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik badaude.

b) Merkataritzako sozietateek, sozietate zibilek, ondasun-erkidegoek eta beste unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate guztiek, nortasun juridikorik gabeak izanez gero.

Entitate horien egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean egon behar da, eta jarduera bertan egin beharko da 2022ko urtarrilaren 1az geroztik gutxienez. Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean ikus-entzunezko edo zinema jarduerak egitea egon beharko da.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona fisikoek edo entitateek, eskaera aurkezten duten unean, alta emanik egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean (kasuan kasuko udalak emana) edo zinemari edo ikus-entzunezko jarduerari lotutako beste edozeinetan:

–1. atala (enpresa jarduerak): 96. edo 99. multzoa.

–2. atala (jarduera profesionalak): 85. edo 89. multzoa.

–3. atala (jarduera artistikoak): 1., 2. edo 3 multzoa.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako entitate hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontuetan partida izenduna duten erakundeak.

c) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazteko asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakarra izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Pertsona eta entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin dira izan onuradunak aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeretako batean dauden pertsonak eta entitateak.

3.–Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek 30.000 euroko zenbatekoa edukiko du guztira 2023rako onartutako aurrekontuko partida honen kargura: A20002 A2500 4709 334102 GENERAZINEMA: ikus-entzunezko sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak.

3.2. Laguntzen zenbatekoak 3.1 puntuan ezarritako muga edukiko du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %50 baino gehiago, eta gehienez ere 3.000 eurokoa eskatzaileko eta modalitateko.

3.3. Aurrekontua honela banatuko da modalitateen artean:

–A) modalitatea 2023ko Goya sarietarako hautagai diren filmak edo aurrez hautatutakoak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak: 15.000 euro.

–B) modalitatea Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, azoketan eta ekitaldietan parte hartzea: 15.000 euro.

3.4. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: pertsona edo entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua ken berreskuratzen ahal duen BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatuaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.5. Aipatutako mugak betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion minorazioa aplikatuta, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean, 3.2 oinarrian ezarritako mugak gainditu gabe.

3.6. A modalitatean dirua eman gabe gelditzen bada, B modalitaterako erabiliko da.

3.7. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.8. Baldin eta pertsona edo entitate onuradun batek uko egiten badio laguntzari edo dena delako arrazoiren batengatik emandako laguntza bat erabili gabe geratzen bada, soberako dirua dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, deialdian eskatutako gutxieneko puntuazioa gaindituz gero. A modalitateko eskaera guztiak ebatzi ondoren dirurik soberan geratzen bada, B modalitaterako zuzkiduran sartuko da.

3.9. Aurrekontuko dirua deialdi honetan ezarritako epealdien barruan agortzen bada, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epealdia, horretarako ezarritako funtsak amaitu direla-eta. Horretarako ematen den ebazpena tramiteen bilatzaileko Generazinema Sustapena deialdiaren fitxategian argitaratuko da.

4.–Eskaerak eta behar den dokumentazioa aurkeztea.

4.1. Eskaerak oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkezten ahalko dira, eta aurkezteko epealdia egun honetan amaituko da:

–A modalitatean, 2023ko maiatzaren 31n (egun hori barne).

–B modalitatean, 2023ko urriaren 31n (egun hori barne).

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo tramiteen bilatzaileko Generazinema Sustapena deialdiaren fitxategiaren bidez.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen bilatzaileko Generazinema Sustapena deialdiaren fitxategian egonen dira eskuragarri:

4.3. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean aurreikusitako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

4.3.1. Dokumentazio orokorra:

a) Ziurtagiri bat, bertan frogatzen dela ezen, eskaera aurkezteko unean, alta emanik dagoela 2.2 oinarrian aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetan.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

I. Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

II. Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

III. Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

4.3.2. Agiri berariazkoak:

a) I. eranskina, Excel formatuan, laguntzaren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

AURREKONTUA, GUZTIRA: proiektuaren aurrekontu osoaren zenbatekoa.

DIRUZ LAGUNGARRIA DEN AURREKONTUA: bakarrik onartuko dira 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra arteko gastuak (biak barne) eta 5. oinarriaren arabera diruz lagungarriak diren kontzeptuak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

OHARRAK: 5.1.a) epigrafean ageri diren zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira, hau da, ostatu-gastuak, mantenu-gastuak (bazkariak eta afariak), eta joan-etorrien gastuak.

ONARTUTAKO AURREKONTUA: Emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren eta Nafarroako gastuaren ehunekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak azterketa teknikoa egin ondoren berretsiko da.

I.A eranskina (Eskaera), sinatuta eta PDF formatuan.

I.B eranskina (Proiektuaren azalpen memoria), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

Aukeran, "Memoriari erantsitako materiala" izeneko dokumentu bat aurkezten ahalko da. Formatu librean eginen da, eta argazkiak, ilustrazioak eta abar jasoko ditu, bai eta proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazioa egiteko garrantzitsutzat jotzen den oro ere.

b) A modalitatean: filma Goya sarietarako hautagaia dela edo haietarako aurrez hautatu edo izendatu dutela, edo saria jaso duela frogatzen duen dokumentazioa.

c) B modalitatean: filma laguntzaren xede den jaialdirako edo ekitaldirako hautatu dutela eta jarduera profesional batean edo antzeko batean parte hartzera gonbidatu dutela frogatzen duen dokumentazioa.

d) Filmak Nafarroarekin lotura daukala frogatzen duen dokumentazioa.

e) B modalitatean: eskatzailearen ibilbidea eta jarduna frogatzen dituen dokumentazioa.

f) Eskaera modu telematikoan bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko beste deialdiren batean parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko 4.3.1 oinarrian aipatzen diren agiriak, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat gertatu.

4.5. Dirulaguntza-eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, pertsona edo erakunde interesdunari errekerimendua eginen zaio akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkeztu ahala ebaluatuko dira eskaerak eta esleituko da dirulaguntza, ebaluazio horretatik ondorioztatzen den neurriaren araberakoa, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

5.1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epealdian egiten badira.

Eskatzaileak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek onartuko dira diru-laguntzarako:

a) Ekitaldiko ostatu-gastuak, mantenu-gastuak eta joan-etorrien gastuak, gehienez bi parte-hartzailerenak, honako muga hauek gainditu gabe:

–Ostatua: 75 euro Espainian eta 120 euro Espainiatik kanpo.

–Mantenua: gehienez 40 euro Espainian eta 60 euro Espainiatik kanpo pertsonako egunean (bazkariak eta afariak soilik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.

–Joan-etorriak:

  • Norberaren autoa erabiliz gero, 0,34 euro ordainduko dira kilometroko, eta aparkalekuko gastuak eta bidesariak ere bai.
  • Alokatutako ibilgailua erabiltzen bada, diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaiarena.
  • Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Gainera, diruz lagungarritzat hartuko dira herri barruko taxi edota AIG gastuak.

b) Azoka eta ekitaldi profesionaletan instalatzea eta/edo erakustokia eta bestelakoak alokatzea.

c) Komunikazioa eta prentsa: prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio-gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

d) Publizitatea eta hedapena: Publizitate-kanpainen, kartelen eta sustapenerako materialaren gastuak (material inprimatuak zein digitalak).

e) Akreditazio edo inskripzio kuotak, eta filmak eskaera eragin duten jaialdietan behar bezala parte hartzeko behar diren gainerako elementu guztien kostua (banaketa-bonuak edo plataformak eta aplikazioak erabiltzeko tasak, etab.).

A modalitatean, gainera:

f) Filma ikusteko eta sustatzeko espazioak alokatzea.

g) Protokolo-gastuak eta catering-zerbitzuak, gehienez 500 euro ekitaldiko.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 oinarrian adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, proiektuarentzat nahikoa beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, erakundeak berreskura ditzakeenak.

d) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak tramitatzeko eta ebaluatzeko ardura duen organoa Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atala da. Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileen agerraldia eskatzen ahal da, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Organo kudeatzaileak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak banakako ebaluazioa prestatu, eta deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7.–Dirulaguntzen metaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

8.–Proiektuen balorazioa.

8.1. A modalitateko balorazio-irizpideak honako hauek izanen dira:

8.1.1. Academia de las Artes y las Ciencias Cinematográficas de España (Zinemaren Akademia) elkartearen hautaketa-prozesua: 40 puntu gehienez:

–Filmak izendatuta egon den sarietako bat bereganatu badu: 40 puntu.

–Filma izendapenaren fasera heldu bada eta gero saririk jaso ez badu: 30 puntu.

–Filma hautagaia izan bada edo aurrez aukeratuta egon bada, baina izendapenik eduki ez badu: 20 puntu.

8.1.2. Kanpainaren kalitatea (gehienez 60 puntu):

–Eragina hedabideetan (kontuan edukiko dira hedabide guztietan –telebista, irratia, prentsa orokorra eta espezializatua, blog profesionalak, etab.– agertzen diren elkarrizketak, artikuluak, kritikak, etab., eta publizitate-ekintzak eta sare sozialetako ekintzak): gehienez 30 puntu.

–Kanpainaren orijinaltasuna, eta material grafikoen eta ikus-entzunezko materialen kalitatea: gehienez 30 puntu.

8.2. B modalitateko balorazio-irizpideak honako hauek izanen dira:

8.2.1. Laguntza eskatzen den proiektuaren memoria, eredu ofizialean (gehienez 40 puntu):

–Filma hautatu duten jaialdien, azoken eta ekitaldi profesionalen eragin-eremua (gehienez 20 puntu):

  • 10 puntu, esparru nazionalekoa bada.
  • 20 puntu, nazioartekoa bada.

–Nola hartzen den parte laguntzaren xede den ekitaldian (gehienez 20 puntu):

  • 2 puntu filmaren emanaldiekin eta banaketarekin lotutako jarduera profesional batean, hedabideekin, jaialdian antolatutako ekitaldiekin eta antzekoetan aritzeagatik, parte-hartzeak agirietan zenbatu, azaldu eta egiaztatuz gero.
  • 3 puntu filmaren emanaldi bakoitzeko, agiri bidez egiaztatuz gero.

8.2.2. Filmaren ibilbidea: sariak, izendapenak, etab. (gehienez 15 puntu):

  • 2 puntu izendapen bakoitzeko.
  • 3 puntu sari bakoitzeko.

8.2.3. Eskatzailearen ibilbidea eta jarduna (gehienez 35 puntu):

a) Ibilbidea: puntu bat eskatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (gehienez 10 puntu). Eskatzaileak jardunari zer urtetan ekin dion egiaztatu behar da agiri bidez.

b) Jarduera: 2 puntu azken 5 urteetan ekoitzitako edo banatutako film bakoitzeko (10 puntu gehienez).

c) Dirulaguntzak: 2 puntu filmak Generazinema Garapena edota Generazinema Ekoizpena deialdietan, ICAAren ekoizpenerako laguntzen deialdian edota Navarra Shortzinema katalogoan jasotako laguntza bakoitzeko (gehienez 15 puntu).

8.2.4. Filmaren lotura Nafarroarekin (gehienez 10 puntu):

–Fikziozko filma bada, Nafarroan grabatuz gero gutxienez %40: 5 puntu.

–Dokumental edo animazio proiektu bat izatera, baliabide teknikoen eta giza baliabideen %40 gutxienez Nafarroan ezarrita badaude: 5 puntu.

–Filmaren zuzendaria nafarra bada edo Nafarroan erroldatuta badago: 5 puntu.

8.3. Proiektuak ongi balioesteko, ezinbestekoa da eskatzaileak eskaerarekin batera aurkeztutako memorian 8.1 eta 8.2 oinarrietan ezarritako irizpideei buruzko frogagiriak aurkeztea.

8.4. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio aurkeztutako proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.5. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean eskaera bakoitza jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Epealdi horretan berariazko ebazpenik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio berak eskaera-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta tramiteen bilatzaileko Generazinema Sustapena deialdiaren fitxategian jakitera emanen da.

9.3. Pertsona eta entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea berariazko ezespenaren aurka. Errekurtsoa Kultura eta Kiroleko kontseilariari bidali behar zaio ezespena jakinarazten denetik hilabete iragan baino lehen, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Presuntziozko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horietarako, eskatzaileek II. eranskina (Mezenasgoaren Erantzukizunpeko Adierazpena) bete beharko dute, zeina Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez bete eta izapidetzen ahalko baita.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo edo babesletza ekarpenak jasotzen dituzten pertsona edo entitate onuradunek amaierako memoria batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du ados dagoela zenbatekoarekin, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Pertsona edo entitate onuradunak hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkeztean azaldu bezala gauzatuko duela. Epealdi horretan idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

11.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epealdian entitate onuradunek (pertsona fisikoak ez besteek) gardentasun betebeharraren gaineko adierazpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, eta, behar denean, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa).

Adierazpenaren eredua eta nahitaezko dokumentazioa tramiteen bilatzaileko Generazinema Sustapena deialdiaren fitxaren bidez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira.

Izan litezkeen zehapenak ukatu gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aitzinatu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.3. Gainera, pertsona edo entitate onuradunak betebehar hauek edukiko ditu:

a) Laguntza deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako soilik erabili beharko du, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko ditu.

b) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari frogatu beharko dio diruz lagundutako proiektua gauzatu dela, eta egindako gastuak egiaztatu beharko ditu.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri eman beharko dio Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartu beharko ditu Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuen berri eman beharko dio Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak eduki beharko ditu kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean gorde beharko ditu.

11.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi alderdiek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

11.5. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren webgunean kontsulta daitezke (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

11.6. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko apartatuan deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.7. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsultatzen ahal da: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad"). http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

12.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1.1. Ordainketa.

Oro har, pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela frogatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2023ko azaroaren 15a izanen da (bera barne).

Jarduera egin duela frogatzeko, pertsona edo entitate onuradunak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du (IV. eranskina bertako jarraibideen orrian azaltzen den bezala bete behar da):

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) EXCEL formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

1. BENETAKO KOSTUA, GUZTIRA: proiektuari lotutako gastuen guztizko zenbatekoa epigrafeka. Gastu guztiak sartzen dira, diruz lagungarriak izan edo ez, bai eta diruz lagungarri den epealditik kanpoko gastuak ere.

2. FAKTUREN ZERRENDA: diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFK; fakturaren kontzeptua; guztizko zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta), eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoiztetxe eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotako zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

3. FINANTZABIDEAK: finantzabideen eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

4. AZKEN MEMORIEN DATUAK: epigrafe honetako c eta d apartatuetako memorietan zehaztutako datu espezifikoak.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko apartatuko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria, proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio-txostena barne; hartan adieraziko da zenbateraino bete diren hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian adierazitako helburuak. Hain zuzen ere, garrantzitsua da dokumentatzea filmaren emanaldiak eta haren emanaldiekin eta banaketarekin lotutako jarduera profesionaletan, hedabideetan, jaialdian antolatutako ekitaldietan eta antzekoetan aritu izana.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek biltzen dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Filmak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.1.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Aurrerakinaren zenbatekoa dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, 2023ko urriaren 15erako, egun hori barne, aurrerakina eskatzeko V. eranskina (Aurrerakinaren eskaera) aurkeztu beharko da, behar bezala beteta. Bertan adieraziko dira diruzaintzaren egoera edo bere banku-kontuetako saldoak, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak; eta zehaztuko da dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela.

12.2. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, pertsona edo entitate onuradunek 12.1.1 oinarrian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte 2023ko azaroaren 15era arte, egun hori barne.

12.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

12.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.5. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

13.–Dirua itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14.–Arau hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2304116