64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako laguntzen 2023ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 677517.

1985az geroztik, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua edo jarduerak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako 2023ko dirulaguntzen deialdia onestea, horretarako 95.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako 2023ko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2300-4816-333100: Museoetarako eta bilduma museografiko iraunkorretarako dirulaguntza. Funtzionamendu eta jarduera gastuak.

2023

95.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 20an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO MUSEOEN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORREN FUNTZIONAMENDURAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2023KO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan 2023an egiten diren funtzionamendu gastuak ordaintzeko.

1.2. Interes sozialaren helburua pertsona guztiek kulturarako duten eskubidean funtsatzen da. 1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean ezarri zuen pertsona orok eskubidea duela bere kultura eskubideak beteta izateko, bai eta erkidegoaren kultura bizitzan askatasunez parte hartzeko eta arteez gozatzeko ere.

Nazioarteko tresna ugarik eragin zuzena dute kultura eta museo esparruaren erregulazioan, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaz haratago. Bereziki, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco) gai horri buruzko tresna ugari landu ditu bere historian zehar. Tresna horien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: Museoak guztientzat eskuragarriagoak izateko bitarteko efikazenei buruzko Gomendioa, 1960ko abenduaren 14koa; Kultura ondasun higigarriak babesteari buruzko Gomendioa, 1978ko azaroaren 28koa; eta Museoak eta bildumak babesteari eta sustatzeari, haien aniztasunari eta gizartean duten funtzioari buruzko 2015eko azaroaren 17ko Gomendioa, berri eta inspiragarriagoa, erakunde horiek egungo munduan duten zeregina eguneratzen duena.

1.3. Honako hau da dirulaguntza horien aplikazio eremua:

–Museo ekipamenduen funtzionamendu gastuak eta eraikinen mantentze-lanak finantzatzea.

–Museo ekipamenduen bildumen prebentziorako kontserbazio lanak finantzatzea.

2. Entitate onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eskatzen ahal dituzte dirulaguntza hauek.

2.2. Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

b) Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

2.3. Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako museoak.

2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan funtzionamendurako araudi partida izendunak –Museoen Zerbitzuari dagozkionak– dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

3. Aurrekontu egozpena, zenbatekoa eta dirulaguntzen muga.

3.1. Deialdi honetara 95.000 euro bideratuko dira, Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretako "Museoetarako eta bilduma museografiko iraunkorretarako dirulaguntza. Funtzionamendu eta jarduera gastuak" izeneko A20003-A2310-4816-333100 partidaren kargura.

3.2. Laguntza horiek bi motatakoak izanen dira:

3.2.1. Funtzionamendurako laguntzak. 80.000 euro bideratuko dira apartatu horretarako. 10.000 euroko laguntza finkoak emanen dira, kontzeptu horri esleitutako zenbatekoa agortu arte, honako irizpide honen arabera:

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak diruz lagunduko dira, lanaldi osoa izan nahiz partziala.

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuek jasoko dute dirulaguntza.

Laguntza 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren arabera emanen da, betiere eskabidean aurkezten den aurrekontutik datorren defizita gainditu gabe.

Funtzionamendurako laguntza finkoetarako esleitutako kopurua (80.000 euro) osorik banatzen ez bada, gelditzen den hondarra erabiliko da prebentziorako kontserbazio lanetarako laguntzen aurrekontua handitzeko.

3.2.2. Bildumaren prebentziorako kontserbazio lanetarako laguntzak. 15.000 euro bideratuko dira apartatu horretarako. Aurkeztutako proiektuei laguntza aldakorrak emanen zaizkie, puntuazio ordenaren arabera, eta onartutako aurrekontuaren % 80raino, gehienez ere 3.000 euro proiektu bakoitzeko, partidaren zuzkidura agortu arte.

Prebentziorako kontserbazio lanetarako zenbatekoa osorik esleitzen ez bada, erabilgarri dagoen saldoa baliatuko da esleipenaren lehenbiziko fasean funtzionamendu laguntza finkorik lortu ez duten entitate eskatzaileei emateko. Hala eta guztiz ere gerakinik geratuz gero, proportzionalki banatuko da entitate onuradunen artean, 8. oinarriko baremoa aplikatuta lortutako puntuazioaren arabera.

Laguntzak puntuazio ordenaren arabera eman ondoren, erakunde batek laguntzari uko egitea erabakitzen badu, 15 egun balioduneko epean egin beharko dio uko, laguntza eman zaiola jakinarazten denetik zenbatzen hasita, eta gerakina hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, lehentasun hurrenkeraren arabera.

3.2.3. Onartutako aurrekontuaren zenbatekoa kalkulatzeko, deialdian ezarritako gastu diruz ez lagungarriak kenduko zaizkio aurkeztutako proiektuari.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Prebentziorako kontserbazio proiektu diruz lagungarriak exekuzio fasean edo jada amaituta egoten ahal dira, baina beti gauzatu eta bukatu beharko dira 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean.

4.2. Proiektuek baliozkoturik egon beharko dute, eta horretarako, proiektuen ardura profesionala hartzen duen pertsona edo enpresa batek izenpetu beharko ditu. Aurrekontu orokor bat erantsi beharko da, kontzeptuak xehakatuta izanen dituena, bai eta kronograma bat ere.

4.3. Plantillako pertsona bakar batek egin behar badu lan guztia edo gehiena, aditzera eman beharko da lanaldiaren zer portzentaje eskainiko dion proiektuari.

4.4. Prebentziorako kontserbazio proiektuak aurkezteko betebehar formalak 6. eranskinean daude jasota.

4.5. Ez dira diruz lagungarriak izanen Museoen Atalaren beste bi deialdietako edozeinetan (Inbertsioak, eta Museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduerak eta jarduketak) laguntzak jasotzen dituzten proiektuak.

5. Eskabideak eta nahitaezko dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da (ez dira kontuan hartzen larunbatak, igandeak eta jaiegunak), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Entitate eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskabidea Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuko Atariaren zerbitzuen katalogoan agertzen den tramiteen katalogoaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

5.3. Eskabide inprimaki espezifikoarekin batera aurkeztu behar den nahitaezko dokumentazioa (1. eranskina) behar bezala beteta eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatuta egonen da eta dokumentu hauek izanen ditu:

a) Entitate eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

b) Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).

c) Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

e) Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jarduera memoria (7. eranskina) eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2022. urteari dagozkionak. Jarduera memoria 7. eranskineko eredu normalizatuaren arabera bete behar da, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein dokumentazio ere gehitzen ahal zaio.

f) Hala badagokio, prebentziorako kontserbazio proiektua, 6. eranskinean adierazitako jarraibideen arabera.

g) 2023rako jarduera plana, zenbat ordu irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den adierazita.

h) 2023rako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

i) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak funtzionamendurako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko adierazpen berariazkoa. Laguntza eskabide hau aurkeztean beste laguntza eskabideren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu egin beharko da.

j) Zuzendaritza taldea osatzen duten pertsonen eta erakundean lan egiten duten langileen sexuaren araberako banaketa.

5.4. Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.5. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Gastu diruz lagungarritzat joko da deialdi honetan araututako egunetan garatzen dena eta 1. oinarrian zehaztutako funtzionamendu eta prebentziorako kontserbazio finantzaketaren araberakoa dena ezbairik gabe.

6.2. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.3. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

6.4. Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Eskabideak Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Aurkezten diren eskabideak aztertu eta baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauekin:

Batzordeburua:

–Celia Martín Larumbe, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Batzordekide idazkaria:

–Iñaki Diéguez Uribeondo, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Iñaki Urricelqui Pacho, Nafarroako Museoaren Ataleko arte jardueretako goi mailako teknikaria.

Batzordekidea:

–Pilar del Valle de Lersundi Manso de Zúñiga, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Marta Arriola Rodríguez, Nafarroako Museoaren Ataleko goi mailako teknikaria.

Batzorde horrek eskabideen ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Museoen Zerbitzuak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Nafarroako Zuzendaritza Nagusiari.

7.3. Prebentziorako kontserbazio laguntzak baloratzeko, Museoen Atalak txosten tekniko bat eskatzen ahalko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

8. Balorazio irizpideak.

8.1. Funtzionamendu gastuetarako laguntza eskabideak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 20 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu.

b) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2022. urtean kultura arloan egindako bidea (gehienez 50 puntu), jarraian adierazitako eta 7. eranskinean xehakatutako puntuen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 15 puntu.

–Erakundean gauzatutako hobekuntzak: gehienez 15 puntu.

–Jendearendako ordutegia/doakotasuna: gehienez 5 puntu.

–Bisitari kopurua: gehienez 5 puntu. Hazkunde ehunekoa.

–Euskararen erabilera: gehienez 5 puntu.

–Gaztelaniaz eta euskaraz bestelako hizkuntzak erabiltzea: 5 puntu gehienez.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde garapenean egiten duen ekarpena (30 puntu gehienez), honen arabera:

–5.000 biztanletik beheitiko udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 30 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 20 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

Baremo hau aplikatuz lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da dirulaguntzak emateko lehentasun hurrenkera laguntza finkoen modalitaterako.

8.2. Prebentziorako kontserbazio gastuetarako onartutako eskabideak 20 puntuz baloratuko dira gehienez, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Aurkeztutako proiektua nola egokitzen den museoko bildumaren edo bilduma museografiko iraunkorraren behar eta ezaugarrietara (gehienez 10 puntu).

b) Proiektuaren kalitatea: metodologia, ekipoa, antolakuntza eta kronograma (gehienez ere 10 puntu).

Balorazioan gutxienez 12 puntu (% 60) lortzen ez dituzten prebentziorako kontserbazio proiektuek ez dute laguntzarik jasoko. Baremo hau aplikatuz eskatzaileek lortzen duten puntuazioak ezarriko du dirulaguntzak emateko lehentasun hurrenkera.

9. Dirulaguntza emateko ebazpena.

Laguntzen emakida Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da, erakunde eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

10. Entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Atalak ezarritako jarraibide teknikoekin.

10.2. Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako gauzatzen dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

10.3. Diruz lagundutako proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Atalari, justifikazioa egiten den egunean.

10.4. Prebentziorako kontserbazio proiektuan egindako aldaketa ororen berri ematea Museoen Atalari, haren adostasuna beharko baita.

10.5. Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea nola ekipamendurako sarreran hala hura hedatzeko erabiltzen diren euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: Honen lankidetzarekin:/Laguntzailea. Halaber, "Museos de Navarra/Nafarroako Museoak" markaren logotipoa sartu beharko da, erregistratutako museo edo museografia bilduma iraunkorra izatearen adierazle gisa. Marka horrek, hala badagokio, Nafarroako Museoen Sistemaren marka ordezkatuko du.

10.6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

10.7. Amaierako memoria bat aurkeztea. Memoria horretan, prebentziorako kontserbazioko kasuetan, proiektuaren helburuak betetzen ote diren ebaluatzeko txosten bat jaso beharko da. Txosten horretan, laguntza eskatzean aurkeztu zen proiektuan jasotakoarekiko betetze maila adieraziko da (6. eranskina).

10.8. Deialdi honen dirulaguntzaren xede diren prebentziorako kontserbazio jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

10.9. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunei eskatzen zaien gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute interesdunek erregistro telematikoaren bidez (4. eranskina), eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin. Balizko zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.10. Gastuen, ordainketen eta abonamenduen egiaztagiriak aurkeztea.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Dirulaguntzak ordainketa bakar baten bidez ordainduko dira, eta behin proiektuak amaitu ondoren (prebentziorako kontserbazioaren kasuan) eta agiri hauek aurkeztuta 2023ko azaroaren 15era arte, egun hori barne:

a) Aurkeztutako gastuen eta diru-sarreren zenbateko osoa eta, diru-sarrerak kenduta, laguntzaren justifikazio gisa proposatzen den azken zenbatekoa berariaz jasotzen dituen dokumentu edo testu laburra. Zenbateko hori Museoen Zerbitzuak berrikusi eta onartu beharko du.

b) 2023ko urtarrilaren 1tik 31ra bitartean egindako gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko ordainagiriak, justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduta egon behar direnak (azaroaren 15a baino lehen).

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak, lanaldi osoa izan nahiz partziala.

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuak.

c) Museoen Atalak emakidaren ondotik ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, behar bezala beteta.

d) Jarduera memoria, 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko datuekin. Urteko memoria osoa, hau da, 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko datuak jasotzen dituena, 2024ko urtarrilaren 31n aurkeztu beharko da beranduenez.

e) Prebentziorako kontserbazio proiektuetan gauzatutako jarduketaren azken memoria, hasierako proiektuan proposatutako helburuak bete ote diren ebaluatzeko txostena barne.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.2. Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa honela eginen da:

11.2.1. Justifikazioa egiteko, Museoen Atalak taularen edo justifikazio kontuaren eredu normalizatu bat emanen die erakunde onuradunei Excel normalizatuko formatuan, PDF formatuko fakturak eta banku egiaztagiriak erantsita, modu ordenatuan eta korrelatiboan.

Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da PDF formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu ordenatu eta korrelatiboan multzokatuta. (Adibidez: 1. zenbakiko faktura/1. Ordainketa frogagiria, eta abar).

11.2.2. Fakturak 2023ko urriaren 31ra arte eman beharko dira, egun hori barne, eta ordainagiriak justifikazio epea amaitu baino lehen ordaindu beharko dira (hots, azaroaren 15era arte, egun hori barne). Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz bete beharko dira horiek.

11.2.3. Onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

11.2.4. Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak. Ez da inola ere onartuko diruzkoa ez den ekarpenik, lan kontratuan berariaz aipatzen ez bada.

11.2.5. Toki erakundeek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, gastua noiz egin den adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla berresteko egunak ere, kontuan hartuz (jada adierazi den bezala) gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarraldiaren barrenean eginak izan beharko direla (gastuak urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte, eta ordainketak 2023ko azaroaren 15era arte, egun hori barne). Diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Toki erakundeetako edo beren mendeko entitateetako langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

11.3. Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4. Prebentziorako kontserbazio lanen kasuan, proiektuaren gastu guztiak justifikatu beharko dira. %80 aplikatuko zaio behar bezala justifikatzen den eta Museoen Atalak onartzen duen gastu osoari (oinarri arautzaile hauen 3.2 oinarrian ezartzen den bezala), emakidan ezarritako gehieneko mugarekin.

11.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2024ko urtarrilaren 31n, egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkio Foru Ogasunari; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

12. Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Horretarako, entitate eskatzaileek 5. eranskina bete beharko dute, behin laguntzak esleitu ondoren.

12.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga pizgarriak aplikatzeko, entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekoak deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

12.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

13. Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin haien baturak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14. Beka kobratzeko eskubidea galtzea eta beka itzultzea.

14.1. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza osorik edo partzialki kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

14.2. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen Dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

14.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan (III. kapitulua).

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren, bere oinarri arautzaileen eta bere ebazpenaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Dirulaguntzarako eskabideen berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

1. eranskina.–Eskabidea.

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

3. eranskina.–2023ko aurrekontua.

4. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

5. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

6. eranskina.– Prebentziorako kontserbazio proiektua.

7. eranskina.–2022ko urteko memoria.

Deskargatu 1. eranskinetik 7.era bitartekoak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2304104