64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, "Nafarroako erregio-etxeentzako" 2023ko dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 676310.

Nafarroako Foru Komunitatean badira Espainiako beste erregio batzuetan jaio diren edo hango jatorria duten herritarrak biltzeko eta horien arteko adiskidantza indartzeko kultura eta josteta entitateak. Entitate horiek egiten dituzten jardueren bidez lan, familia edo beste inguruabar batzuengatik Nafarroan bizi diren pertsona horiek beren jatorrizko tokietako nortasunaren ezaugarriei eusten diete.

Aintzat harturik interes sozialeko kontua dela Nafarroan egoitza duten Espainiako beste erregioetako aipatu elkarte, etxe eta biltokien jarduerei eustea eta horiek bultzatzea, eta kontuan harturik, halaber, lan garrantzitsua egiten dutela haien kultura eta tradizioak Foru Komunitatean zabaltzeko, Espainiako autonomia erkidegoen arteko harremanak eta loturak sustatzen laguntzen duena, Nafarroako Gobernuak eutsi nahi dio azken hamarkadetan entitate horiei eman dien lankidetza bereziari. Hortaz, bidezkoa da entitate horientzako dirulaguntza deialdi berri bat onestea.

Deialdi honek aukera ematen du interesa duten entitate guztiek baldintza berberak izan ditzaten, eta, aldi berean, bermatzen du laguntzak irizpide objektiboen arabera emanen direla, prozedura erraztu baten bidez, eta garrantzi handiagoa emanen zaiela zentroek Nafarroako herritarrei beren irudia eta kultura zabaltzeko eta sustatzeko egiten dituzten ekintzei, bai eta haien jarduerak gure Foru Komunitatean integratzeari eta lotzeari ere. Beste alde batetik, laguntzaren zati bat aurreratzeko aukera ematen da, horretarako beharra dutela justifikatzen duten zentroentzat.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako erregio-etxeentzako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50001-B5100-4819-144105 Nafarroako erregio-etxeentzako laguntzak

2023

25.000,00

B50001 B5100-7819-144102 Nafarroako erregio-etxeetarako lokalak eta ekipoak erosi eta hobetzea

2023

10.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 15ean.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

NAFARROAKO ERREGIO-ETXEENTZAKO LAGUNTZEN 2023KO DEIALDIA

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duten Espainiako erregio-etxeei laguntzak emateko 2023an. Laguntzen helburuak dira etxe horiei eusten laguntzea, kultura eta gizarte jarduerak egin ditzaten sustatzea eta horiek gauzatzeko behar diren inbertsioak erraztea, aipatu jardueren bidez etxeetako kideen gizarte-integrazioa indartu dadin, erregio horiei buruzko ezagutza Nafarroan zabaldu dadin eta autonomia erkidegoen arteko harremanak eta loturak sustatu daitezen.

2.–Finantzaketa.

Osotara 35.000 euro daude deialdi honetarako, eta 2023ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko da:

–25.000 euro, "Nafarroako erregio-etxeentzako laguntzak" izeneko B50001 B5100 4819 144105 partidaren kargura, gastu arruntak ordaintzeko.

–10.000 euro, "Nafarroako erregio-etxeetako lokalak eta ekipoak erosi eta hobetzea" izeneko B50001 B5100 7819 144102 partidaren kargura, kapital-gastuak finantzatzeko.

3.–Onuradunak.

3.1. Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duten Espainiako erregio-etxeak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

b) Helburuen artean izatea deialdiaren xede diren jarduerak egitea.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

e) Bazkideen ekarpenak edo entitatearen beraren bestelako funtsak ere izatea finantzabideak.

3.2. Halaber, laguntza hauek eskuratzen ahalko ditu aurreko apartatuan aipatutako elkarteen gehiengoa biltzen duen Nafarroako federazio entitateak.

4.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

4.1. Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateek zentroetako mantentze-lanetarako, jardueretarako eta inbertsioetarako laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2022ko abenduaren 4tik 2023ko urriaren 31ra bitarte egindako gastuengatik.

a) Mantentze-lanen kontzeptuan sartzen dira zentroen funtzionamendu arruntak eragindako gastuak, hau da, bazkideei harrera emateak eta haien arteko gizarte eta kultura trukean laguntzeak eragindakoak.

b) Jarduerak: xede dituztenak bazkideen harremanak hobetzea eta integrazio handiagoa lortzea zentroak kokaturik dauden autonomia erkidegoetan, baita Nafarroako irudia eta kultura sustatzea eta zabaltzea ere, besteak beste honako hauen bidez: erakusketak, produktu tipikoen erakustaldiak, artisautzako tailerrak, hitzaldiak, mintegiak, erregioetako kulturen elkartrukerako ekitaldiak, kultur, arte, kirol eta gizarte jarduerak eta, oro har, deialdiaren 1. oinarrian adierazitako helburua betetzeko jarduketa guztiak.

Honako hauek dira diruz lagungarritzat hartzen diren gastu arruntak:

–Lokalen eta ondasunen errentamendua.

–Egoitza sozialaren ohiko funtzionamendua (argindarra, ura, berokuntza eta garbiketa).

–Lokalen, altzarien eta ekipamenduaren konpontze, mantentze eta zaintze lanak egitea, informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak barne.

–Bulegoko materiala, egunkariak, aldizkariak eta beste argitalpen batzuk.

–Komunikazioak (telefonoa, posta eta antzeko beste batzuk).

–Omenaldi edo ordezkaritza ekitaldi kulturalekin lotutako protokolo eta ordezkaritza gastuak, ostalaritzakoak barne.

–Aseguru primak, jasanarazi ez diren tributuak, jabe-erkidegoari dagozkion gastuak, eta elkartearen egoitza den lokala eskuratzeko edo berritzeko 2010eko abenduaren 31 baino lehen formalizatutako hipoteka-maileguen interesak.

–Argitalpenen edizioa eta banaketa.

–Garaikurrak eta oroigarriak, aintzatespenetan edo lehiaketetan saritutako pertsonei emateko.

–Zentroaren funtzionamendurako edo jarduerak egiteko beharrezkoak diren plataforma digitalekin lotutako gastuak.

–COVID-19aren aurkako neurriekin lotutako gastuak.

–Jarduerak antolatzeko behar diren hornidurak.

–Onuradunak antolatutako jardueren arloan enpresek edo profesionalek egindako lanak.

–Lokal sozialen kontabilitateko amortizazioaren zenbatekoa, baldin eta lokalak 2010eko abenduaren 31 baino lehen eskuratu badira, eta izenpetutako hipoteka-kreditua gaur egun itzuli gabe badute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.6 artikuluan ezarritako baldintzekin bat:

  • Lokala eskuratzeko dirulaguntza jaso ez izana.
  • Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.
  • Kostua izatea oinarri hauetan zehaztutakoari jarraikiz diruz lagungarria den epealdikoa soilik.

c) Inbertsio kontzeptuaren barrenean, gastu hauek baizik ez dira sartzen:

–Entitatearen egoitza soziala diren lokalak berritzeko lanak, haren balioa handitzen bada, eta egiturazko ekipo finkoak eskuratzeko gastuak (berokuntza, aire girotua, klimatizazioa eta abar).

–Aurreikusitako jarduerak garatzeko behar diren altzarien eta ekipo informatikoak erostea.

–Munta txikiko beste esku-hartze batzuk.

4.2. Honako gastu hauek kanpo geldituko dira berariaz, eta, hortaz, ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Irabaziak izateko asmoz jende guztiarentzat irekitako lokaletan ematen diren zerbitzuen gastuak (ostatuak, jatetxeak, merkataritzako lokalak eta abar).

–Otamen eta otordu kolektiboak, salbu eta omenezko edo ordezkaritzako ekitaldi kulturalekin lotutakoak.

–Langileria gastuak.

–Entitatearen arte edo kirol taldeen emanaldietako lansariak, nahiz entitatearentzat berarentzat egin nahiz federazioarentzat egin.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (https://www.nafarroa.eus) eskura dagoen eskabide ereduaren arabera.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari erantsitako fitxategiak, bakoitza, gehienez ere, 20 Mb-koa, formatu hauetakoak izaten ahal dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, modalitate batean nahiz bestean aurkeztu:

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak (*).

b) Dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoela frogatzen duen ziurtagiria (*).

c) Dirulaguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren Nortasun Agiri Nazionala (*).

d) Entitate eskatzailearen IFZ (*).

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (*).

f) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

g) Tokian tokiko zerga ogasunaren ziurtagiria, entitateak zerga arloko betebeharrak eguneratuak dituela dioena.

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena zenbat bazkide duen entitateak 2023ko urtarrilaren 1ean, eta horien izena, bi deiturak eta NANa, baita 2023rako aurreikusi diren kuoten zenbatekoa ere.

i) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena entitateak, administratzaileek eta ordezkariek ez dutela dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

(*) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, baldin eta Administrazioak eskura ez badu edo aldatu egin bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).

Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, nahitaez aurkeztu beharko dute oinarri honetan eskatutako dokumentazio guztia.

5.3. Dokumentazio berariazkoa:

a) Entitatearen diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontu orokorra, http://www.nafarroa.eus web-orrian dagoen eta honetan erantsi den ereduaren arabera.

b) Laguntzaren xedeko programa, honako hauek jasoko dituena:

–"Zentroen ezaugarriak" izeneko fitxa; fitxa hori oinarri hauen eranskin gisa ageri da, eta web-orri honetan eskura daiteke: https://www.nafarroa.eus

–Jardueren fitxak deskribatzeko, fitxa bat beteko da programatutako jarduera bakoitzeko, bertan honakoak zehaztuta: deskribapena, data, tokia, hartzaileak, aurreikusitako parte-hartzaile kopurua, aurreikusitako sustapen ekintzak, aurreikusitako kostuak eta diru-sarrerak, eta egokitzat jotzen den beste edozein informazio. Hori guztia eranskineko ereduari jarraikiz eginen da (web-orri honetan dago eskuragarri eredu hori: https://www.nafarroa.eus).

–Programatutako inbertsioen fitxak, kontzeptuz kontzeptu xehatutako aurrekontuarekin; fitxa bat beteko da aurreikusitako inbertsio bakoitzeko, erantsitako ereduari jarraikiz (web-orri honetan dago eskuragarri eredu hori: https://www.nafarroa.eus).

c) Itzultzeke dagoen hipoteka-kreditua harpidetuz erosi diren lokalak kontabilitatearen aldetik amortizatze aldera laguntza eskatzen dutenei dagokienez, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek espresuki aipatzen dituena: kreditua zer egunetan eman zen, kredituaren mugaeguna eta dirulaguntza honen aldian ordaindu beharreko zenbatekoak (interesei eta amortizazioari dagozkien zatiak bereizita).

5.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatu bezala, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, laguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

8.1. Laguntzen banaketa.

Deialdi honetarako bideratutako gastua 35.000 eurokoa da. Horietatik, 14.000 euro bideratuko dira zentroen mantentze-lanetako gastuak finantzatzera (4.1.a oinarria), 11.000 euro jardueren gastuak finantzatzera (4.1.b) oinarria), eta 10.000 euro inbertsio gastuak finantzatzera (4.1.c) oinarria).

8.2. Balorazio irizpideak.

Onartutako eskaerak aztertzerakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

8.2.1. Jarduera gastuei aplikatzeko irizpideak:

a) Zentroen mantentze-lanei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

–Bazkide kopurua, 2023ko urtarrilaren 1ean: 5 puntu emanen dira 20 bazkideko, gehienez ere 50 puntu egin arte.

–Lokalaren edukiera. Neurtuko du lokala noraino den egokia kualitatiboki eta kuantitatiboki, eta, horrenbestez, noraino diren egokiak dauden baliabideak biltokiaren helburu soziala lortzeko (50 puntu gehienez):

  • Lokalaren azalera: 20 puntu gehienez (50 metro baino gutxiago, 10 puntu; 50 eta 100 metro artean, 15 puntu; 100 metro baino gehiago, 20 puntu).
  • Espazioak: 30 puntu gehienez (bilera gela, 4 puntu; jolas-areto bereizia, 3 puntu; liburutegia, 5 puntu; bulegoa, 2 puntu; kirol instalazioak, 4 puntu; sukaldea, 4 puntu; taberna-jantokia, 4 puntu; komunak, 4 puntu).

b) Jarduerei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

–Kasuan kasuko erregioen irudia eta kultura Nafarroan zabaltzeko eta sustatzeko gaitasuna, aintzat hartuta nolako hedapena egiten den, zein izan daitezkeen hartzaileak eta bazkideen eta herritarren erantzuna edo inplikazioa jarduera horietan (50 puntu gehienez):

  • Ekitaldien aldez aurreko sustapena: 25 puntu gehienez (idatzizko prentsa, irratia edo telebista erabiltzea, 10 puntu; posta elektronikoa, sare sozialak eta beste IKT batzuk erabiltzea, 15 puntu).
  • Herritarrenganako proiekzioa: 25 puntu gehienez (bazkide eta ahaideentzako ekitaldiak, 5 puntu; bazkideei eta nafarren beste biltoki batzuei eskainitako ekitaldiak, 10 puntu; herritar guztiei eskainitako ekitaldiak, 25 puntu).

–Helburuen ezaugarriak. Kontuan hartuko da noraino diren egokiak lortu gogo diren helburuak, eta aurreko urteetan antolatutako jarduerek aurrera egiten ote duten eraginkortasunez eta parte-hartze handiarekin. Halaber, neurtuko da programa noraino den egokia eta berritzailea, eta deialdiaren helburuarekin bat datorren (30 puntu gehienez):

  • Nafarroako gaiei buruzko jarduerak (kultura, ohiturak eta abar): 15 puntu.
  • Aurreko urteetan arrakastaz egindako programen jarraitutasuna: 4 puntu.
  • Elementu berritzaileak sartzea garatutako programetan: 7 puntu.
  • Aurrerapenarekin, inplikazio sozialarekin, elkartasunarekin, berdintasunarekin eta beste balio batzuekin lotutako elementuak: 4 puntu.

–Programatutako ekitaldien kalitate teknikoa: gonbidatutako hizlarien edo artisten ospea, ikus-entzunezko baliabide osagarrien erabilera, antolaketarako egindako ahalegina: 20 puntu gehienez.

Programatutako jarduerak ez dira inola ere finantzatuko baldin osotara 30 puntu lortzen ez badute, edo kalitate teknikoan edo bideragarritasunean 10 puntu erdiesten ez badituzte.

8.2.2. Inbertsioei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

Egoitzen edo egoitzetako ekipamenduen gaineko lanak, kontuan hartuta bizigarritasun, segurtasun edo funtzionamendu baldintzak:

–Egokitzapen behar txikia (konponketa txikiak, adibidez, pintura, ohiz kanpoko garbiketak, eta ontziteria eta munta txikiko bestelako gauzak erostea): 30 puntu.

–Egokitzapen behar ertaina (ekipo informatikoak, altzariak, eta ostalaritzako ekipoak erostea): 60 puntu.

–Egokitzapen behar handia (eraikinaren egiturari eragiten badio edo oztopo arkitektonikoak kentzea edo segurtasun neurriak jartzea badakar, bai eta, legezko betebeharrak edo jabeen erkidegoaren erabaki lotesleak direla eta, inbertsioa egitera behartuta badaude ere): 100 puntu.

30 puntura iristen ez diren eskaerak ez dira inola ere finantzatuko.

8.3. Laguntzen zenbatekoa eta esleipena.

Behin eskaeren banakako balorazioa eginik, honela zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa: kontzeptuka (jarduerak edo inbertsioak) batuko dira zentro guztien puntuak, eta zenbateko guztia (dela jardueretarako, dela inbertsioetarako) zati guztirako puntuak eginen da, eta, hala, ateratzen den puntu bakoitzari balio bat emanen zaio. Banakako balio hori bider zentro bakoitzaren puntuak eginen da, eta, hala, laguntzaren zenbatekoa lortuko da.

Partidaren zenbatekoa / Esleitutako puntu guztiak = Puntuaren balioa

Laguntzaren zenbatekoa = Entitateari esleitutako puntuak x Puntuaren balioa.

Kalkulu horren ondorioz, zentroetako batek eskatutakoa baino diru kopuru handiagoa jasotzen badu, sobera gelditzen diren zenbateko horiek berriz batu eta gainerako zentroen artean banatuko dira, bakoitzaren puntuazioaren proportzioan.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du.

Proposamen hori ikusita, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta, bertan, emateko arrazoiak, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak azalduko dira. Deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian emanen da argitara.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, entitate onuradunak egin asmo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

11.1. Justifikazioa.

Dirulaguntzaren ordainketan, 2022ko abenduaren 4tik 2023ko urriaren 31ra arte egindako mantentze-lanen, jardueren eta inbertsioen gastuak sartuko dira. Ordainketa eginen da egindako gastua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta instrukzio organoak egiaztatu ondoren.

Justifikazioa aurkezteko epea 2023ko azaroaren 15ean bukatuko da.

Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako jarduerak eta inbertsioak justifikatzen dituzten memoriak. Bertan sartuko dira horien guztien fitxa deskribatzaile eta frogagarriak, baita horietako bakoitzaren gastuen zerrenda ere, oinarri hauei erantsitako ereduarekin bat (web-orri honetan dago eskuragarri eredu hori: https://www.nafarroa.eus).

b) Funtzionamendu-gastuak kontzeptuen arabera multzokatuta zerrendatuko dituen justifikazio-kontua, oinarri hauei erantsitako ereduarekin bat (web-orri honetan dago eskuragarri eredu hori: https://www.nafarroa.eus).

c) Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak (entitatearen beraren diru-sarrerak nahiz entitate publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak (funtzionamendua, jarduerak, inbertsioak).

d) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako zenbatekoaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutela frogatzen dutenak. Horietan hauen gaineko datuak jasoko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko. Fakturekin batera zerrenda bat aurkeztuko da, bertan zehaztuta faktura bakoitza zer jarduerari edo inbertsiori dagokion, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

e) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

f) Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epea amaitu baino lehen, hau da, 2023ko azaroaren 15a bitarte, ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat.

g) Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko dirulaguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

11.2. Aurrerakina.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluarekin bat etorriz, laguntza ematen den unean ordaintzen ahalko da mantentze-lanen gastuei dagokien zenbatekoa, muga honekin: kasuan kasuko dirulaguntza osoaren %60. Horretarako, entitateak eskaera egin beharko dio Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari laguntza eskatzen duen unean.

Aurrerakinaren justifikazioa 11.1 puntuan ezarritako epean egin behar da, diruz lagundutako gainerako jardueren moduan.

11.3. Konturako ordainketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluarekin bat etorriz, konturako ordainketak egiten ahalko dira 2023ko uztailaren 16ra bitarte egindako jarduerei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko.

Edozein kasutan ere, entitateek 2023ko abuztuaren 1a baino lehen aurkeztu behar dituzte eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 29/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (https://www.nafarroa.eus) eskura dagoen ereduaren arabera.

Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Konturako ordainketen justifikazioa 11.1 puntuan ezarritako epean egin behar da, diruz lagundutako gainerako jardueren moduan.

Kontura ordaindutako jardueretakoren bat justifikatzen ez bada, ordaindutako zenbatekoa kenduko zaio emandako gainerako dirulaguntzari; soberako zenbatekoa ez bada aski deskontu hori aplikatzeko, jardueragatik emandako zenbateko osoa itzuliko da.

12.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote entitate onuradunek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek izanen dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Hilabeteko epean, emakida jakinarazten denetik, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea (https://www.nafarroa.eus web-orrian eskura dagoen eranskineko ereduaren arabera), eta, kasua bada, eskatzen den dokumentazioa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betez (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa). Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

ERANSKINAK

Iragarkiaren kodea: F2302665