64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARIZKO KONTZEJUA

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena

Arizko Kontzejuak, 2021eko maiatzaren 17an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen udalerriko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, hasierako onespenaren erabakia 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an, eta iragarki-oholean ere bai.

Iragarkia jendaurrean egon den aldian ez denez aurkeztu alegaziorik, eragozpenik ez oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bihurtzen da, eta ordenantzaren testu osoa argitaratzen da.

Aritzen, 2023ko otsailaren 23an.–Kontzejuko burua, Javier Azcárate Irañeta.

ARIZKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAREN BEHIN BETIKO ONESPENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek arauak ezartzen ditu Arizko Kontzejuaren udal-mugarteko herri-lurrak administratzeko eta erabileraren, defentsaren, berreskuratzearen eta aprobetxamenduaren egintzak burutzeko.

2. artikulua. Definizioa.

Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek erabiltzen ahal dituztenak.

3. artikulua. Izaera.

Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, besterik ezean, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Ahalmenak.

Arizko Kontzejuari (Itzako Zendea eta Gulia) dagozkio herri-lurrak xedatzeko, administratzeko eta antolatzeko eta haiek aprobetxatzeko araubidea ezartzeko ahalmenak, ordenantza honetan ezartzen den gisan. Herri-lurren inguruan Arizko Kontzeju Irekiak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Desafektazioa.

Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Arizko Kontzeju Irekiak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Arizko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Betebehar orokorrak.

Arizko Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Jabetza berreskuratzea.

Arizko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroaren ediktuak.

Arizko Kontzejuak Jabetza Erregistroak lursailen immatrikulazioa edo herri-lurren mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura direla-eta igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari. Komunikazio horiei buruz erabakia hartu beharko du aurretik herriko auzokideen biltzarrak.

Arizko Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

10. artikulua. Eskubideak azkentzea.

Arizko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du, beti, suntsitzeko baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta baliatuko da ahalmen hertsatzaileez. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

11. artikulua. Kontratuen interpretazioa.

Arizko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta ebatziko ditu horiek betetzeaz sortzen diren zalantzak. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio bidean behar den deklarazioa lortzeko.

12. artikulua. Ofizioz berreskuratzea eta herritarren ekintza.

Arizko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez baditu, posible izanen da auzotarren akzioa; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatu moduan. Kontzejuak berez berreskuratu ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena eginda, non agertuko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia, jarraikiz Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari. Halaber, Kontzejuak akzio zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

Kontzejuak modu ofizialean jarduten ez badu, auzokideek ezartzen den bezala jarduten ahalko dute. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

13. artikulua. Aprobetxamenduak.

Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

14. artikulua. Onuradunak.

1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua nahiz epaile bidez gaitua.

b) Arizko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea 6 urteko antzinatasunarekin.

c) Aritzen bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian eta egiazki, gutxienez.

d) Arizko Kontzejuarekiko eta Itzako Udalarekiko betebehar fisakalak egunean edukitzea.

2. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Ohiz kanpoko izaerarekin, irabazteko asmorik gabe eta Nafarroako Gobernuak onetsitako Plan Zinegetikoa bete ahal izateko, Ariz atxikita dagoen ehiztarien toki elkarteak eskubidea edukiko du laborantzako herri-lur sail bat adjudikatzeko. Saila Arizko Kontzejuaren eta ehiztarien elkartearen artean proposatuko da.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

15. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Arizko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira; hona, lehentasun-hurrenkeran:

a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Arizko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Arizko Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

Herri-lursail baten aprobetxamenduaren adjudikazioak, aurreko artikuluan jasotako moduetako edozeinetan, inola ere ez dakar berekin Nekazaritzako Politika Bateratuarekin (NPB) loturiko eskubiderik adjudikaziodunarendako, eskubide horiek arautzen dituzten xedapenek zuzenean adjudikatu baitizkiete laborariei. Horregatik, herri-lurzatiak adjudikatu ondoren, adjudikaziodunek berek lotu beharko dizkiote NPB eskubideak beren laborantzari.

1. ATALA

Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak

16. artikulua. Onuradunak.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendu eskubidea duela uste duten familia unitateek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen frogagiriak edo kopiak.

b) Familia-unitateko kide guztien soldaten edo denetariko diru-sarreren frogagiriak edo kopiak.

c) Familia-unitateko kide guztien landako zein hiriko jabegoen katastroko egiaztagiriak edo ziurtagiriak, familiaren etxebizitzarenak izan ezik.

d) Familia-unitateak errentamenduan edo beste edozer tituluren bidez lantzen dituen lurren zinpeko deklarazioa.

e) Familia-unitateak jabegoan dituen ibilgailu motordunen eta nekazaritza-tresnen zinpeko deklarazioa.

f) Familia-unitatearen jabegoko abere kopuruaren egiaztagiria, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Erroldaren Erregistrokoa.

g) Ezintasunak alegatzen dituzten familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak direla egiaztatzeko eskatzen diren dokumentu guztiak.

h) Familia-unitateek azaltzen dituzten egoerak egiaztatzeko Arizko Kontzejuaren ustez aurkeztu beharreko beste edozein dokumentu.

i) Ondare balioei ezarri beharreko errendimenduak Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu.

17. artikulua. Loteen azalerak.

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera Kontzejuko herritarren biltzarrak erabakiko du baliagarri dagoen azalera eta dauden eskatzaileak kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbiekiko alderantzizko proportzioan.

18. artikulua. Kanona eta adjudikazio epealdia.

Modu honetako herri-lurren aprobetxamenduaren onuradunek ordaindu beharreko kanona ez da izaten ahalko eskualdeko ezaugarri bertsuko lurren errentamenduaren prezioaren %90 baino gutxiago.

Kanona urtero eguneratuko da aurreko urteko KPIren aldakuntzaren arabera.

Aprobetxamendua 10 urterako izanen da gutxienez.

Laborea urte anitzekoa bada, eta Kontzejuak baimena ematen badu, aldi hori laborearen balio-bizitza osoa hartu arte luzatzen ahalko da.

19. artikulua. Laborantzaren intentsitatea.

Laborantzaren gehieneko intentsitatea %80an ezarri da. Ehuneko hori Arizko Kontzejuaren biltzarraren gehiengoaren erabakiaren bidez aldatzen ahalko da. Erabaki hori hartuko da laborantzaren gehieneko intentsitate berria finkatzen den urtearen aurreko urteko irailaren 1a baino lehen.

20. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.

Onuradunek berek zuzenean landu beharko dituzte herri-lurrak, eta ez dituzte errentan ematen, ez eta ustiatzen ahalko ere, lan pertsonala ez beste bidez. Onuradunei esleitutako lurzatiak hainbaten artean laboratzea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek ordenantza honen 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonala izanen da adjudikaziodunak berak edo haren familia unitateko kideek egitea laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak beteta, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, baldin eta Arizko alkate-kontzejuburu honen iritzian laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasuna edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzen denean hamabost eguneko epealdian, baimena emateko. Aldiz, ezintasun fisikoa edo bestelakoa behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurrak norberak zuzenean ezin baditu landu, 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

21. artikulua. Laborantzarako ezintasuna.

Ezintasun fisikoa edo bestelakoa dela-eta titularrak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu adjudikazioaren momentuan edo aprobetxamenduaren aldian, Arizko Kontzejuak adjudikatu eginen ditu herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamendu moduaren bidez. Kontzejuak adjudikazioaren bidez lortutako diru-sarrerak ordainduko dizkie lursailen titularrei, kanona kenduta. Arizko Kontzejuak beretzat gordetzen du ahalmena erabakitzeko noiz gertatzen den ezintasun fisikoa edo bestelakoa; horrelakoetan, bidezko deritzon dokumentazioa eskatuko du.

Herri-lursaila apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei lurrak kenduko zaizkie adjudikazioaren aldia bukatu arte.

22. artikulua. Egiaztapenak.

Arizko Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela. Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ari:

a) Nekazaritzako makineria edukita ere, ez dituenean haiek erabiltzen ez adjudikatu zaizkion herri-lurretako lurrak ez haren familia-unitateko kideen laborantzako lurrak lantzeko.

b) Honako hauek egin direla frogatzen duten agiriak eskatu eta agindutako epealdiaren barruan aurkezten ez direnean: erregaiak erosi, lehengaiak erosi (haziak, ongarriak eta antzekoak), produktuak saldu, laborantza-lanak.

c) Familia unitatean laborantzako lurrak edukita ere, horiek hirugarrenei lagatzen zaizkienean, edo errentamenduan dituztenean, edo apartzerian, etab.

d) Beren kasa egiten ez dituztenean beren herri-lurretako lurzatietan eta familia-unitatearen laborantzako lurretan egin beharreko laborantzako lan guztiak, uzta biltzeko lana izan ezik, 21. artikuluan xedatua salbu.

e) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez direnean.

f) Esleitutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean. Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren aldia bukatu arte. Lurra kentzeko, aurretik Arizko Kontzejuak espedientea irekiko du eta interesdunei entzunaldia emanen zaie. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte berehala.

23. artikulua. Eskaerak baztertzea.

Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak baztertuko dira.

Familia-unitateen errenta kalkulatzeko datu objektiboez baliatuz modu enpirikoan lortutako irizpide objektiboak aplikatuko dira. Datu objektiboak honako hauek izanen dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena; soldatak; laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez; landa-lurreko ondasunen, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala; hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioaren zergapeko kapitala (norberaren etxebizitzari dagokiona ez beste guztia); antzeko beste edozein datu, esaterako ordenantza honen 17. artikuluan ezartzen direnak.

Arizko Kontzejuak lur aski gordeko du eskaerei erantzuteko, baina gordetzen dituen lurren azalera ezin da izan laborantzako herri-lurren azalera osoaren %10 baino gehiago.

2. ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

24. artikulua. Onuradunak.

Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean berek lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean. Erretiratuta dauden auzotarrak ez dira herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduen onuradun izaten ahalko.

25. artikulua. Kanona eta adjudikazio epealdia.

Aprobetxamendu moten edo loteen kanona eta adjudikazio epeak honako hauek izanen dira:

a) Lehorreko alorrak:

–Kanona: Urteko kanona, pieza eta kasu bakoitzeko, indarrean dagoena izanen da, Arizko Kontzeju irekiaren herritarren biltzarrak onetsia.

Epea: lote mota honen erabilera edo aprobetxamendu epea hamar urtekoa izanen da. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduen onuradunek ez dituzte herri-lurrak baliatzen ahalko, lurrak adjudikatu diren helburuez bestelako erabilera, aprobetxamendu edo laborantzetarako, salbu eta Arizko Kontzejuak berariaz baimentzen badu. Kasu horretan, Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuko du, ordenantzak onesteko izapideak betez, eta laborantza berrien loteak ezarriko ditu, bai ofizioz edo balizko onuradunen eskaerei jarraikiz, adibidez, intereseko labore batzuk landatzeko, betiere herri-lurrak denondako baldintzarik onenean aprobetxatzeko.

b) Familia-baratzea:

Kanona: ordaindu beharreko kanona gutxi gorabehera 60,00 euro erreguko izanen da urtean.

Epealdia: baratzea hiru (3) urtez erabiltzen ahalko da, edo Arizko Kontzejuaren herritarren biltzarrak onesten duen aldian.

Zenbateko horiek 2019ko kanonari dagozkio, eta 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eguneratuko dira nekazariek jasotzen dituzten prezioen aldaketaren arabera, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

26. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala. Erreserbak.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 20., 21. eta 22. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio. Kontzejuak herri-lurretako azalera osoaren %5 gainditzen ez duen lursaila gordeko du onuradun berriei adjudikatzeko, zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez, eta indarrik gabe geratuko da lehentasuna duen onuradun berri bati adjudikatzen bazaio aprobetxamendua; horrela bada, adjudikazioaren baldintzetan adjudikazioa indargabetzeko inguruabar hori espresuki adierazi beharko da.

27. artikulua. Eskaeren baremazioa.

Gertatuko balitz lehentasuna duten herritarrendako adjudikazio zuzena egin ondotik, aurkeztutako eskaerak laborantzako lurrak baino gehiago direla, eskaerak barematuko dira, eta diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Familia-unitateen errenta zehazteko, ordenantza honen 17-11 artikuluan eta 24. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

3. ATALA

Kontzejuaren zuzeneko ustiapena edota enkante publiko arrunta

28. artikulua. Enkante publikoa edota erakundeak zuzenean ustiatzea.

Arizko Kontzejuak, laborantzako lurrik soberan bada aurreko lehen eta bigarren ataletako prozedurak aplikatu ondoren, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du. Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du. Enkantean adjudikatutako lurzatiak lurzoruen kategorien araberako laboreetarako erabiliko dira.

4. ATALA

Lurzatiak adjudikatzeko prozedura

29. artikulua. Prozedura.

Herri-lurzatien aprobetxamendua adjudikatzeko, prozedura honi jarraikiko zaio:

1. Arizko Kontzejuak erabakia emanen du eta haren bidez hamabost egun balioduneko epealdia egonen da (ediktua Kontzejuaren iragarki-oholean argitaratu ondoren) eskubidea dutela uste duten pertsonek herri-lurrak adjudikatzeko eskatzeko.

2. Eskaeren aurkezpena: eskaerak zinpeko adierazpen gisa eginen dira, eta agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Errolda-ziurtagiria.

b) Eskatzailea Aritzen urtean gutxienez bederatzi hilabetez jarraian bizi dela egiaztatzen duten agiriak (telefono, gas, argi eta abarren fakturak).

c) Arizko Kontzejuarekin ordainketak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria.

d) Katastroko ziurtagiria, jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera eta haietako laborantza motak jasotzen dituena.

e) Bizikidetzako ziurtagiria, familia-unitatea osatzen duten kideak eta, lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo mentala duten kideak jasotzen dituena.

f) Zinpeko adierazpena, errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak adierazten dituena.

g) Katastroko ziurtagiria, hiri-lurreko zerga-kapitalei buruzkoa, norbere etxebizitzari dagokiona salbu.

h) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Errolda Ziurtagiria, familia-unitateko kide bakoitzak jabegoan duen abere kopuruarena.

i) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, non familia-unitatearen diru-sarrera guztiak agertzen diren, bai nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorean, zein Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak ere.

j) Nekazaritza Politika Erkideari (NPE) dagokion aitorpenaren egiaztagiria, halakorik izanez gero, edo horren ordezko aitorpena.

k) Egin nahi den laborantza-motaren adierazpena, zereal-laborantza ez bada.

3. Arizko Kontzejuak adjudikazio modalitate bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta bere iragarki-taulan iragarriko da eta interesdunei jakinaraziko zaie. Hamar eguneko epealdia egonen da erreklamazioak paratzeko.

4. Ezarritako epealdian erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da.

5. Erreklamaziorik aurkezten bada edo errore materialen bat izan dela antzematen bada, Arizko Kontzejuak erreklamazioak ebatziko ditu edo erroreak zuzenduko ditu, eta behin betiko zerrenda onetsiko du eta erakundearen iragarki-taulan argitaratuko du.

6. Adjudikazioa zozketa bidez eginen da, lehentasunezko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarrendako zuzeneko adjudikazioetarako, era honetan:

a) Modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.

b) Herri-lurzati bakoitzari dagokion zenbakia jarriko zaio.

c) Ondoren eta betiko moduan, aterako da zenbaki bat, onuradun eskatzaileari dagokiona, eta beste bat lurzatiari dagokiona; horrela, behin eta berriro.

7. Lurzatien zozketa bukatu ondoren Arizko Kontzejuaren Biltzarrak behar diren erabakiak hartuko ditu onuradun berriei dagozkien herri-lurzatiak adjudikatzeko. Behin betiko adjudikazioaren erabaki horiek banan-banan jakinaraziko zaizkie onuradunei. Herritarrendako zuzeneko adjudikaziorako eskaera baino herri-lurzati gehiago dagoenean, soberako lurzatiak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira.

III. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

30. artikulua. Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

Atal honetan jarraikiko zaio ezarrita dagoenari Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 205-213 bitarteko artikuluetan eta Arizko Kontzejuak onesten dituen ordenantzetan.

IV. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

31. artikulua. Ehizaren aprobetxamendua.

Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz. (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 171. artikulua).

32. artikulua. Harrobien ustiaketa.

Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza lotuko zaizkie kasu bakoitzerako Arizko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-agiriei. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

33. artikulua. Herri-larreak.

Herri-larreen aprobetxamendua Arizko Kontzejuak onetsitako ordenantzan xedatuaren arabera dago araututa, eta haren eduki osoa ordenantza honetan berresten da, salbu eta hemen xedatuari kontra egiten dion horretan.

V. TITULUA

Herri ondasunen hobekuntza

34. artikulua. Indarrik gabeko adjudikazioak.

1. Arizko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Arizko Kontzeju irekiaren biltzarrak erabaki baten bidez proiektu berria onetsiko du (ondareko uren kontzesioa; herri-lurrak okupatzea, besterik gabe; herri-lurretako harrobiak ustiatzea), eta aprobetxamendu berri bakoitzean aplikatuko diren arauak ezarriko ditu.

b) Erabakia hamabost egun baliodunez jendaurrean egonen da Kontzejuaren iragarki-oholean.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretako adjudikazioak, eta titularrei kalte­galerak ordainduko zaizkie.

35. artikulua. Proiektuak.

Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegazioak aurkezten badira, Udalak ebatzi beharko ditu gero.

36. artikulua. Luberritzea.

Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

37. artikulua. Eskumenak.

Arizko Kontzejuak ahalmena dauka udal ordenantza honetan ezarritakoaren aurka jotzen dutenei zehapena ezartzeko. Nafarroako Gobernua arduratuko da herri-lurrei eragiten dieten eta indarra duen baso legeria hausten duten gertakariak aztertzeaz eta zehatzeaz.

38. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira herri-lurretan laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:

a) Arau-hauste arinak:

1. Adjudikaturiko lurzatien ehuneko laurogei gutxienez ez lantzea, ezinbesteko kasua ez bada.

2. Erregelamendu bidez finkatutako kanona edo bestelako tasak ez ordaintzea ezarritako epeetan.

3. Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bidea bera edo areka hondatuz.

4. Herri-lurra esleitu den xedea ez beste zerbaitetarako erabiltzea.

5. Ubide edo erreten eta abarretako irteerak bideetan isurtzea.

6. Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.

b) Arau-hauste astunak:

1. Esleipen batean hiru arau-hauste arin egitea.

2. Gezurrezko datuak ematea esleipena eskuratzeko.

3. Asmo gaiztoz, Arizko Kontzejuari ez ematea adjudikazio-baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

4. Nekazaritzako lanak ordenantza honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

5. Labore iraunkorren landaketak egitea (zainzuri-landareak, fruta-arbolak, etab.) Arizko Kontzejuaren baimenik eduki gabe.

6. Ezponda, harri-txintxar, altxonbide, bide eta erreka-zuloetako lurrak lantzea.

7. Harriak edo bestelako gaiak botatzea bideetara, altxonbideetara edo herri-lurretara Arizko Kontzejuaren idatzizko baimenik eduki gabe.

8. Adjudikazioetan zehaztutako epealdiak ez errespetatzea. –C)–

c) Arau-hauste oso astunak:

1. Esleipen batean hiru arau-hauste astun egitea.

2. Norberak ez laboratzea edo hirugarren batzuei lagatzea adjudikatutako loteak.

3. Herri-lurren loteak laboratzea haien esleipenik izan gabe.

4. Kontzejuak esleitu edo baimendu gabe, herri-lurrak laboratzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

5. Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.

6. Landatuak ez diren arbolen mozketa edo eraispena egitea, dagokion baimenik gabe.

7. Ordenantza honetan jasotzen ez den beste edozein arau-hauste tokiko gobernu batzarrak tipifikatu eta zehatuko du, Hirigintza eta Landa Batzordeak proposaturik.

39. artikulua. Zehapenak.

Ezertan ukatu gabe ondasun publikoei eta hirugarrenei egin ahal izan zaizkien kalteen ordainketa, ordeztea eta konponketa –kalteen egileek dagokion moduan ordainduko baitituzte– eta bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa, aipatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arau-hauste arina egiteagatik 60,10 - 300,50 euro bitarteko isuna ezarriko da.

b) Arau-hauste astuna egiteagatik 300,51 - 601,01 euro bitarteko isuna ezarriko da, eta indarreko adjudikazioa iraungiko da.

c) Arau-hauste oso astuna egiteagatik 601,02 - 1.202,02 euro bitarteko isuna ezarriko da, eta egileari herri-lurren aprobetxamenduaren esleipenduna izateko gaikuntza kenduko zaio.

40. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Egintza gertatzen denetik bi hilabeteren buruan preskribituko dute arau-hausteek.

VII. TITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

41. artikulua. Adjudikazio berriak.

Laborantzako herri-lurren loteen kontzesio berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste adjudikazio batzuk eginen dira urtero, erreserbako loteekin eta adjudikatu gabeko loteekin. Horiek, egindako eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira, lehenbizi erantzunen zaie lehentasunezko esleipen baten onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; ondoren, ezkondu izanagatik edo legez ezarritako izatezko bikotea formalizatu izanagatik, gainerakoentzat, behar den zozketa baztergarria eginen da eta baztertuek lehentasunezko txanda bat izanen dute hurrengoan eginen den urteko emakidara arte. Aurreko artikuluak aipatzen dituen laborantzako herri-lurren loteak adjudikatzeko urteroko zozketa eginen da urteko azken hiru hilabeteetan, Arizko Kontzeju irekiaren herritarren biltzarrak finkatuko duen egunean, eskaerak onartu ondoren, eta Arizko Kontzejuaren iragarki-taulan zazpi egun naturalez ikusgai jarriko den ediktuarekin bat, ordenantza honetan ezarritako prozedurari jarraikiz. Laborantzako herri-lurretako edozein lote esleitzean, ikusten bada, akats baten ondorioz, landua dagoela, bi aldeen arteko akordio justu batera iristeko ahalegina eginen da, udala bitartekari dela. Adostasun batera iristen ez bada, indarrean den Herri ondasunen Legean ezarritakoari lotuko zaio. Esleitutako herri-lursail ereinda badago, uzta aurreko esleipendunarena izanen da.

42. artikulua. Norberaren borondatez uko egitea.

Egokitu zaion herri-lurretako lotean laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, hura erabiltzeko aukera galduko da aprobetxamenduaren epe osorako, ordenantza honen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat.

43. artikulua. Aprobetxamenduaren galera.

Laborantzako herri-lurretako loteak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari uzteagatik, Aritzen urtean bederatzi hilabetez egiazki ez bizitzeagatik, edo Arizko Kontzejuarekin zerga-betebeharrak egunean ez edukitzeagatik, ordenantza honetan agintzen den moduan.

44. artikulua. Adjudikazio-hartzaileen gainerako betebeharrak.

Herri-lurzatien adjudikaziodunek, besteak beste, honako betebehar hauek izanen dituzte:

Mota guztietako lurzatien laborantzarako betebehar orokorrak:

–Ez lantzea ezponda, harri-txintxar, altxonbide, bide eta erreka-zuloetako lurrak.

–Ez botatzea bideetan, altxonbideetan edo herri-lurretan harriak edo beste material batzuk.

–Azienden idoietatik ura ez hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria ez erabiltzea.

–Ez moztea lurzatian dagoen zuhaitzik.

–Adjudikaturiko lurzatien ehuneko laurogei gutxienez lantzea, ezinbesteko kasua ez bada.

–Ez landatzea labore iraunkorrik (zainzuri-landareak, fruta-arbolak, etab.) Arizko Kontzejuak idatzizkio baimena berariaz eman ezean.

–Lurrak goldatzean ez uztea ildoa irekia bide ertzean, bidea bera edo areka hondatuz.

–Kanona edo erregelamendu bidez finkatutako bestelako tasak ezarritako epeetan ordaintzea.

–Adjudikatzen den herri-lurra ezarritako xederako erabiltzea.

Familia-baratzeen adjudikaziodunen betebehar berariazkoak:

–Bideak eta erretenak zaintzea eta/edo aldian-aldian garbitzea, Kontzejuak xedatu moduan, Ureztatzaileen Elkarteak mugarteko ureztaketa orokorrari buruz ezarritako guztiari ere lotuz.

–Lurzatian egiten dituen ureztaketen kanonaren kostua ordaintzea, zuzenean Ebroko Konfederazio Hidrografikoari (CHE) ordainketa eginez.

–Ureztaketa eskubidearen kanon finkoaren kostu osoa ordaintzea, urte bakoitzaren abenduaren 31 baino lehen, Arizko Kontzejuari ordainketa eginez. Urte osoak ez direnean kontratuan jasotako hilabeteei dagokien zati proportzionala ordainduko da.

–Ubide edo erreten eta abarretako irteerak ez isurtzea bideetan. –Lurzatiak ez goldatzea ez lantzea irailaren bata baino lehen, uzta udako zerealena izan bada, ez eta otsailaren 28a baino lehen ere, laborea negukoa izan bada.

Lehorreko lurren adjudikaziodunen betebehar berariazkoak:

–Lurzatiak ez goldatzea ez lantzea irailaren bata baino lehen, uzta udako zerealena izan bada, ez eta otsailaren 28a baino lehen ere, laborea negukoa izan bada.

–Herri-lurzatietako uztondoak ez erretzea.

45. artikulua. Aprobetxamenduak bukatzeko datak.

Adjudikazio-aldiko azken urtean lehorreko lurzatiek libre behar dute egon uztailaren 30erako, eta familia-baratzeak, berriz, abenduaren 31rako.

46. artikulua. Lurzatiak itzultzeko baldintzak.

Laborantza bakoitza bukatzean, plastiko-sistemaren bidezko landaketarik egin bada edo ureztatzeko hodiak edo bestelako instalazioak edo arbolak paratu badira, adjudikaziodunak lurzatiak behar bezala utzi beharko ditu, haien erabilera arruntarekin jarraitzeko; horretarako, plastikoak, hodiak, alanbreak, arbolak eta erabilitako bestelako materialak hondakindegi baimendu batera eramanen ditu aurreko artikuluan jasotako datetan. Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duen adjudikaziodunak hurrengo banaketan lurzatiak eskuratzeko eskubidea galduko du, zuzeneko adjudikazioan zein enkantean, eta kontzetsioa kendu ahalko zaio, zehapen gisa.

47. artikulua. Herri-lurren itxiturak.

Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik tokiko gobernu batzarrak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ez dira inola ere elkarrekin ixten ahalko. Ureztaketako herri-lurretan guztiz debekatuta dago hondar-herbizidak erabiltzea.

48. artikulua. Aprobetxamenduak trukatzea.

Aprobetxamenduak ez dira onuradunen artean trukatzen ahalko, baldin eta interesdun ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez badute beren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren berariazko baimena jaso.

VIII. TITULUA

Herri-lurren aprobetxamenduaren eta belarren aprobetxamenduaren adjudikaziodunen arteko harremanak

49. artikulua. Elkarrenganako errespetua.

Herri-lurretako loteen esleipendun guztiek errespetatu beharko dituzte bazkalekuen esleipendunak herri-lurraren gainean belarrak eta urak aprobetxatzeko dituen eskubideak eta, era berean, bazkalekuen esleipendun guztiek errespetatu beharko dituzte herri-lurretako loteen esleipendun guztiek herri-lurretako laborantzako loteak aprobetxatzeko dituzten eskubideak.

50. artikulua. Herri-larreen ordenantzaren araubide juridikoa.

Larreen aprobetxamenduaren ordenantza Arizko Kontzejuaren mugapeko herri-lurretako ondasunen administrazioari, erabilerari, defentsari, berreskuratzeari eta aprobetxamenduari buruzko ordenantzan sartzen da, eta nahitaez bete beharko dute Arizko herri-lurretako aprobetxamenduaren onuradun diren guztiek, dagokien neurrian.

51. artikulua. Belarren aprobetxamendua herri-lurzatietan.

Abeltzainak edo ureztalurreko loteen eta herri-lurzatien belarren eta larreen onuradunak egoki aprobetxa ditzan belarrak eta gainerako uztak, lurzatiaren edo lotearen adjudikaziodunak ez ditu lurzatiak goldatzen edo lantzen ahalko (ez ureztalurrak ez lehorreko lurrak) irailaren bata baino lehen, uzta udako zerealena izan bada, ez eta otsailaren 28a baino lehen ere, laborea negukoa izan bada (artoa eta abar), salbu eta abeltzainarekin ados jarrita lurzatiko belarrak aprobetxatu baditu data horien aurretik.

IX. TITULUA

Auzolana eta baliabideak

52. artikulua. Auzolana.

Herritarrendako lehentasunezko adjudikazioaren bidez edo zuzeneko adjudikazioaren bidez herri-ondasunen onuradun den herritar oro, beharturik dago laguntzera edo auzalana egitera, Arizko Kontzejuaren mugarteko auzo-bideak eta landa-bideak egin, berregin eta kontserbatzeko. Betebehar hau betetzen ez dutenak zehatuko dira gehienez ere 1.500 euroko isunekin, eta laborantzako herri-lurretako loteak edo bestelako herri-lurretako aprobetxamendua kenduko zaie harik eta zerbitzua emateagatik dagokien kopurua ordaindu arte, ezertan ukatu gabe premiamendu bidez kobratzea. Auzolana eginen da orain arte bezala, kontuan hartuz adjudikaziodun bakoitzari dagokion ekarpen ekonomikoa, behar den materiala garraiatzeko. Adjudikaziodun bakoitzaren prestazio-kuota izanen da 15 m³ legar garraiatzea edo horren ordain ekonomikoa, legarra garraiatzeko, bideak konpontzeko tokiraino. Lan horietan erabiltzen diren materialak ordainduko dira Arizko Kontzejuaren eta Nafarroako Gobernuaren eta beste erakunde ofizialen dirulaguntzen kontura. Auzolana egiteko atxiki ahalko dira traktoreak, palak, lanabesak, makinak eta atoiak, herri-lanak egiteko legez egokituak daudenak, betiere Kontzejuak kasu bakoitzean ezartzen dituen beharren arabera. Balorazioa eginen da kuota finkatzerakoan, eta onuradunek ez dute aukeratzen ahalko modu horretan egitea.

53. artikulua. Errekurtsoak.

Ordenantza hau interpretatzean edo Arizko Kontzejuko Biltzarrak hura aplikatuz gauzatu egintzen edo hartu erabakien ondorioz sortzen diren gorabehera guztiak errekurtso hauetako bat jarriz ebatziko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Arizko Kontzejuaren Biltzarrari bidalia, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari bidalia, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira ordenantza honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Ordenantza hau aldatzeko edo deus gehitzeko, ordenantza onesteko erabili den tramitazio bera erabiliko da.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2304074