64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

528/2023 Ebazpena, 2023ko martxoaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretzaren araudiaren aldaketa onesten duena", Gobernu Kontseiluak 2023ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratu dadila Gobernu Kontseiluaren 2023ko martxoaren 21eko Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretzaren araudiaren aldaketa onesten duena.

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO DOKTORETZAREN ARAUDIA ALDATZEN DUENA

2014ko uztailaren 2an, Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doktoretzaren Araudia onetsi zuen, eta 2014ko uztailaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 143. zenbakian.

Gobernu Kontseiluak, 2017ko abenduaren 15ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doktoretzaren Araudiaren aldaketa onetsi zuen, baita, aldaketa horren ondoriozko testu bategina ere, gerora, 2018ko otsailaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, 30. zenbakian.

Araudia aplikatu den urteetan, funtsean egokitzat jo den arren, egiaztatu ahal izan da, bai Nafarroako Doktoretza Eskolan, bai Ikerketako Errektoreordetzan ere, badagoela prozedurak hobetzeko aukera, bereziki tesiak gordailutzeari, tesiak bitarteko telematikoen bidez defendatzeari eta "cum laude" aipamena lortzeko boto sekretua emateari dagokienez.

Ikerketako errektoreordeak, Nafarroako Doktoretza Eskolak eskaturik eta haren Zuzendaritza Batzordeak 2023ko martxoaren 16an onartutako txosten bat eman ondoren (A-16/2023), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretzaren Araudia aldatzea proposatu du. Bertan, Unibertsitatearen Administrazio Elektronikoaren Erregelamenduak eragindako aldaketak hartu dira kontuan (aipatutako erregelamendua 2022ko abenduaren 19ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, eta 2023ko urtarrilaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, 1. zenbakian).

Aurreko guztiarengatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikerketarako errektoreordeak proposatuta, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2023ko martxoaren 21ean egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretzaren Araudiaren aldaketa onestea. Aldaketak erabaki honen I. eranskinean ageri dira.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Haren kontra zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz."

Iruñean, 2023ko martxoaren 21ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

I. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretzaren araudiaren aldaketa

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretzaren araudia aldatzen da, eduki honekin:

Bat.–4. artikuluko 5. apartatuko f) atala aldatzea. Honela geldituko da erredaktaturik:

f) 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legearen 21c) artikuluan ezarritako doktoretza aurreko kontratuak berritzeko txostenak ematea (aipatu legeak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatu zuen).

Bi.–6. artikuluko 2. apartatua aldatzea. Honela geldituko da erredaktaturik:

2. Eskaerarekin batera tesi proiektu horri buruzko memoria bat aurkeztuko dute, eta zuzendaria izateko betekizunak beteko dituen doktore batek eta NUPen aitorpena daukan ikerketa-talde batek bermatuko dute. Halaber, ikerketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko zer sailetan eginen den, sail horrek bermatu beharko du, edo, hala badagokio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko dagokion ikerketa institutuak edo egiturak. Doktoregai bakoitzak hiru zuzendari izan ditzake gehienez.

Hiru.–12. artikuluko 2. apartatua aldatzea. Honela geldituko da erredaktaturik:

2. Irakaskuntza batzordeak onetsi beharko du tesiaren ikuskapenean egiten den edozein aldaketa, zeina NADOEko zuzendariari jakinarazi beharko baitzaio, horrek behar den ebazpena hartu eta interesdunei jakinaraz diezaien.

Tesiaren zuzendaria aldatzeko, Ikerketa Planari eusten bazaio, aurreko zuzendariak idatzizko adostasun esplizitua eman behar du. Era berean, doktoregaiak doktoretza beste unibertsitate batean hasi badu beste tesi zuzendari batekin, haren baimen esplizitua izan beharko du NUPeko Ikerketa Planarekin jarraitzeko.

Lau.–14. artikuluko 1., 3. eta 5. apartatuak aldatzea. Honela geldituko dira erredaktaturik:

1. 99/2011 Errege Dekretuan doktoretza-tesia osatzeko legez ezarritako epeak amaitu baino lehen, zuzendariak Programaren Batzorde Akademikoari eskatu beharko dio tesia gordailutzeko baimena, ondoren defendatu eta kalifikatzeko, eta horretarako eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu beharko du.

3. Tesi zuzendariaren eskaera jaso ondoren, edo, beharrezkoa bada, doktoregaiaren eskaeraren tramitazioa onartu ondoren, Batzorde Akademikoak kanpoko bi ikuskatzaile eta haien ordezkoak izendatzea proposatuko dio NADOEko Zuzendaritza Batzordeari. Horiek guztiek, titular zein ordezko izan, doktore izan beharko dute, eta horretarako ikerketa-esperientzia egiaztatu araudi honen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kanpoko bi berrikusle horiek eta haien ordezkoek ezin izanen dute NUPen kontraturik izan izendapenaren unean, eta doktoretza-tesia epaitzeaz arduratuko den epaimahaiko kide izaten ahalko dira baldin eta araudi honetako 16. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.

Kanpoko berrikusleak ez dira inoiz izanen tesiaren tutore, zuzendari edo zuzendarikide. Era berean, ez dira onartuko artikuluren batean doktoregaiarekin egilekide izandakoak, ezta nazioarteko egonaldiren batean doktoregaiaren tutore izan direnak ere.

5. Kanpoko berrikusleen txostenak ikusirik, Batzorde Akademikoak 15 eguneko epean eskatuko dio doktoregaiari, beharrezkoa bada, aldaketak egin ditzala memorian, jasotako txostenen edukia kontuan hartuz eta tesi zuzendariaren ikuskapenarekin, gehienez ere 3 hilabeteko epean. Memoria aldatua Batzorde Akademikoari bidali ondoren, batzordeak 15 egun balioduneko epean onartu beharko du, bidezkoa bada.

Bost.–15. artikuluko 1. eta 2. apartatuak aldatzea. Honela geldituko dira erredaktaturik:

1. Behin baimena lortuta, doktoregaiak, 10 egun balioduneko epean, doktoretza-tesiaren ale bat gordailutuko du formatu elektronikoan, behar diren prezio publikoak ordaindu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez. Erregistrora Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen ahalko da.

2. Nafarroako Doktoretza Eskolak Nafarroako Unibertsitate Publikoko sail guztiei hiru egun balioduneko epean jakinaraziko die tesia gordailuan eman dela. Aurkeztutako tesia gordailuan geldituko da, gordailutu eta egunaren hurrengo egunetik hasita 10 eguneko epean, eta edozein doktorek izanen du hura aztertu eta alegazioak egiteko aukera, NADOEk tesiaren defentsa baimendu baino lehen.

Sei.–16. artikuluko 4. apartatua aldatzea. Honela geldituko da erredaktaturik:

4. Ez dira epaimahaikide izanen, tesiaren tutorea, zuzendaria edo zuzendarikideak, salbu eta atzerriko unibertsitateekin batera tesiaren kotutoretzako aldebiko hitzarmenak dauden kasuetan; kasu horietan, behar diren hitzarmenek ezarritakoa hartuko da kontuan. Halaber, ezin izanen dira epaimahaiko kide izan doktoregaiarekin batera artikulu baten egilekide izan direnak.

Zazpi.–17. artikuluko 1. apartatua aldatzea. Honela geldituko da erredaktaturik:

1. Araudi honen ondorioetarako, egiaztatutako ikerketa-esperientziaren baldintza honako honekin bermatzen da: gutxienez ikerketa-jardueraren aldi bat aitortuta izatea (1989ko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuaren arabera) epaimahaiko kide edo kanpoko berrikusle gisa jarduteko, eta gutxienez bi jarduera-aldi izatea presidente gisa jarduteko.

Zortzi.–18. artikuluko 3. eta 7. apartatuak aldatzea. Honela geldituko dira erredaktaturik:

3. Epaimahaia izendatu eta hurrengo egunetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, haren idazkariak NADOEri aditzera eman beharko dio defentsa-ekitaldiaren deialdia, eta zehaztasunez adierazi beharko dio zein diren defentsaren eguna, lekua, eta, beharrezkoa bada, ekitaldia egiteko bitarteko birtuala eta ekitaldiaren ordua, gutxienez 10 egun baliodun lehenago eta gehienez hiru hilabete lehenago.

7. Tesiaren defentsa ekitaldia jendaurreko saioan eginen da ikasturteko egutegiko irakastaldiaren barnean. Horretarako, ez dira irakaskuntza-aldiak izanen Eguberrietako, Aste Santuko eta abuztuko oporraldiak.

Behar bezala justifikatutako kasuetan, zirkunstantziaren bat traba baldin bada epaimahaiko kideren bat fisikoki bertaratzeko, NADOEk bitarteko telematikoen bidez parte hartzeko baimena ematen ahalko du, betiere irudi eta soinu bidez informazioa aldi berean izateko aukera ematen badute. Nolanahi ere, defentsa-ekitaldian nahitaezkoa izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan gutxienez doktoregaia eta epaimahaiko kide bat egotea.

Soilik behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan, doktoretza-tesiaren defentsa geroratzeak kalte larria egiten badie doktoregaiaren eskubide eta interesei, Ikerketako Errektoreordetzak baimena ematen ahalko du doktoretza-tesia modu birtualean irakurtzeko.

Epaimahaikideetako batek tesi baten defentsan birtualki parte hartzen badu, hori berariaz aktan jasoko da idatziz.

Bederatzi.–19. artikuluko 3., 4. eta 5. apartatuak aldatzea. Honela geldituko dira erredaktaturik:

3. Doktoretza-tesiak defendatzeko eta irakurtzeko ekitaldietan, epaimahaikide eta/edo doktoregai guztiek edo batzuek birtualki parte hartzen badute, honako hau hartuko da kontuan:

a) Idazkariak aktan jasoko ditu epaimahaiko kideen eta doktoregaiaren izen-abizenak, eta ongi zehaztuko du zein bertaratuko diren eta zeinek hartzen duten parte birtualki, bai eta laguntza birtuala edo urrutikoa emateko modua ere.

b) Halaber, doktoregaiaren kalifikazio globalaz gain, epaimahaiko kide bakoitzak eman duen botoa jasoko du aktan, ekitaldian parte hartzeko modua edozein delarik ere.

4. Aho batez erabaki bada doktoretza-tesiaren kalifikazio orokorra "bikain" izatea, epaimahaikide bakoitzak boto sekretua eman beharko du "cum laude" aipamena lortzearen alde edo aurka.

Kasu horretan, NADOEk boto sekretu hori emateko beharrezkoak diren bitartekoak eta horiek emateko jarraibideak emanen dizkie epaimahaiko kideei.

Botoa paperean edo elektronikoki ematen ahalko da.

Botoa elektronikoa izateko, botoa sekretua dela bermatzen duen bozketa elektronikoko sistema bat eduki behar da.

Bozketa paperean egiten bada, NADOEk gutun-azal eta boto txartel berdinak emanen dizkie epaimahaikideei.

Epaimahaiko kideek, "cum laude" aipamena emateko, gehienez ere hamar egun balioduneko epea izanen dute boto sekretua emateko. Epe hori tesia "bikain" batez kalifikatu den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko da, betiere epaimahaiko kide guztiei botoa emateko beharrezkoak diren jarraibideak eta bitartekoak eman bazaizkie, edo, beharrezkoa bada, kide guztiei jarraibide eta bitarteko horiek eman zaizkien egunaren biharamunetik aurrera.

Hala ere, ustekabeko eta gerora sortutako inguruabarren ondorioz, epaimahaiko edozein kidek eskatuta, epe hori luzatzen ahalko da.

Epaimahaiko kide batek ez badu botoa ematen hasierako gehieneko epean edo, kasua bada, luzatu den epean, "cum laude" aipamena ematearen aurkako bototzat hartuko da, salbu eta egiaztatzen badu botoa epe barrenean eman ezinean izan dela.

5. "Cum laude" aipamena emateari buruzko botoen zenbaketa NADOEko zuzendariak eta idazkariak eginen dute, eta, beharrezkoa bada, NADOEko Zuzendaritza Batzordeko beste kide batzuek ordezkatzen ahalko dituzte.

Idazkariak, edo haren ordezkoak, zenbaketa horren emaitzaren akta eginen du, zenbat boto eman diren adierazita eta boto bakoitzaren esanahia zehaztuta, bai eta bozketan eta zenbaketan gertatutako edozein gorabehera ere. Aipamena emateko, nahitaezkoa izanen da epaimahaikide guztiek aldeko botoa ematea.

NADOEko idazkariak, edo hura ordezkatzen duenak, boto zenbaketaren emaitza helaraziko dio NADOEko Zuzendaritza Batzordeari, eta hark, emaitzaren arabera erabakiko du "cum laude" aipamena eman edo ez.

Batzordearen erabakia interesdunari, epaimahaikideei eta tesiaren zuzendariari edo zuzendarikideei jakinaraziko zaie. Era berean, emaitza helaraziko zaio doktoretza-ikasketen arloan eskumena duen unitate administratiboari ere.

Iragarkiaren kodea: F2304678