64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

211E/2023 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena proiektu honetarako: Sesmako udal-mugarteko Somarroyo parajean 2.496 plazako zerri gizendegi bat instalatzeko proiektua. María Morrás Beak sustatu du Sesmako udal-mugartean.

Proiektuaren ezaugarrien arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko a) 3 epigrafean sartzen da proiektua. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar du proiektuak.

Halaber, baimen substantiboa izapidetzen ari dira Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak arautzen duen administrazio-prozeduraren arabera, eta proiektua 1. eranskineko 10.13 epigrafean sartuta dago; beraz, arau horren arabera, ingurumen-baimen bateratua behar du.

2021eko azaroaren 22an, titularrak ingurumen baimen bateratuaren eskaera aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta, horrekin batera, ingurumen inpaktuaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa.

2021eko abenduaren 23ko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, jendaurrean jarri ziren ingurumen inpaktuaren azterketa eta ingurumen baimen bateraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez, eta kontsulta-tramitea ireki zuen eragindako administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin. Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Inpaktuaren, Lurralde Antolamenduaren eta Kutsaduraren Prebentzioaren Atalak, Abeltzaintza Zerbitza, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundea eta Sesmako Udala. Espedientean jasota daude kontsultatutako erakundeen erantzunak, Sesmako Udalarenak izan ezik. Horrez gain, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

2022ko martxoaren 1ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jakinarazpena igorri zion titularrari, eta espedientera ekarri zituen kontsulten izapidearen ondoriozko erantzunak, eta adierazi zion proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eska zezakeela, lege horretan ezarritakoaren arabera.

2022ko maiatzaren 2an, titularrak dokumentazio berria aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako zerbitzuan, eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, Biodibertsitate zerbitzuak azterketa teknikoa egin eta ingurumen inpaktuaren adierazpen arrunta eman zezan eskatu zuen.

2022ko abuztuaren 8an, sustatzaileak dokumentazio-eranskin bat erantsi zion espedienteari, ingurumen-inpaktuaren atalak ekainaren 6an egindako errekerimenduari erantzuteko, eta ingurumen-organoak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidean egindako txostenean eskatutako gogoetak erantsi zizkion inpaktu-azterlanari.

Analisi teknikoa eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa:

Instalazioa Sesmako hego-ekialdean dago, "El Salobre" hezegunearen mugaketatik 250 metro iparraldera, "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" Kontserbatzeko Eremu Bereziaren barruan (ES 2200031 KBE).

Eremu orokorra Nafarroako Ubideko ureztapenaren XXVI-Ega 3 sektorearen barruan dago. Sektore gaur egun gauzatzen ari dira, lehorreko lurzoruari dagokio eta ureztatzetik salbuetsita dago, hezegune endorreiko horren arro hidrologikoa babesteko eta uren kalitatea babesteko neurri gisa.

Balio natural gisa nabarmentzen dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta: Salobre ibaiaren ondoan egotea, sodazko landaredi halofiloko komunitateak (Suaeda vera), espartin halofiloak, urteko terofitoen komunitateak, fenalarrak (Elytrigia campestris), aldi baterako urmaelari lotutako lezkadiak, ihitokiak, hezetasun edafikoaren araberakoak, bai eta bertan husten diren amildegi nagusietako ibilgu irregularrei lotutako sastraka mediterraneo heliofilodun larre biziak ere.

Eremuak fauna-balio handiak ditu, estepako espezieek adierazgarritasuna baitute "La Mesa-Zabaletaren" Nafarroako Estepako Hegazti-fauna Kontserbatzeko Intereseko Eremuarekin (AICAENA) duten ingurumen-loturagatik, bereziki mirotzekin eta uretako hegaztien komunitateekin. Adierazgarriak dira, halaber, hezegunean bizi diren anfibioak eta lurreko anfibioak, sakonunearen ertzetan dauden igeltsu-hegaletako habitatekin lotzen dituztenak sakanak eta baltsak.

Bestalde, multzo horren barruan, aldaketak egin dira: batetik, ureztapenera eraldatzeko jarduerak egin dira (drainatzeak, bide berriak, nekazaritza-lurzatien mugaketa berria), eta, bestetik, "El Salobre" ibaiaren ingurumen-egoera babestu eta hobetzeko ingurumen-neurriak hartu dira. Ureztapenera aldatzeak mindaren kudeaketa erraztuko du aprobetxamendu agronomikorako, jardueraren ingurumen-bideragarritasuna erraztuz.

Eremu hurbilenean, planteatutako ustiapena Lagunazos inguruko gatz-lurretik (9. poligonoko 371. lursailean) eta Samarroyoko urmaelarekin lotzen den ur-azaleratzetik (9. poligonoko 375. lursailean) gertu dago. Gune horietatik bananduta geratzen da lursail-kontzentrazioak ezarritako bide-sarearen bidez, eta, horri esker, errazagoa da balioak babestea.

Ingurumen eraginaren azterketa eta txosten hau aztertuta, ikusi dugu, baliabideen kontsumoaz eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolaz gain –Ingurumen baimen integratuaren espedientean zehazten eta baloratzen diren ondorioak–, hauek direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, gizakien erabileretan, pertzepzio ingurunean, azaleko uretan, faunako espezieetan eta habitatetan eraginak sortzen ahal dituztelako: "El Salobre" hezegunea babestea (Natura 2000 Sarearen barruan dago), sistema endorreikoko amildegiei lotutako habitat naturalak babestea, faunaren gaineko eraginak (hegaztien gainekoak batez ere), estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuarekin lotutako nekazaritza-sistemaren babesa, paisaiaren eraldaketa eta gaueko zerurantz argia igortzea.

Katalogatutako espezieen babesa indartzeko, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzetan neurri espezifikoak sartu dira, eta eraginak dute "El Salobre" hezegunearen inguruko abere-gorozkien banaketan eta hura hornitzen duten ibilgu-sarean. Jardueraren kudeaketan, halaber, hainbat jarraibide jaso dira: inguruko basa-espezieen gainean aurreikus daitekeen fauna oportunista aurreikusteko jarraibideak, habitat naturalak babesteko neurriak, eta instalazioa "El Salobre" espazioarekin paisaian integratzea errazteko neurriak.

Espedientearen ingurumen inpaktuaren analisi teknikoaren ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen ondorioak), Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen inpaktuaren ebaluaziorako prozedura zuzen gauzatu dela eta obrek ez dutela inpaktu esanguratsurik sortuko ingurumenean edo katalogatutako espezieetan, behin ingurumen inpaktuaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluaziotik eratortzen diren neurri osagarriak aplikatu ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Sesmako udal-mugarteko Somarroyo parajean 2.496 plazako zerri gizendegi bat instalatzeko proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena ematea. Proiektuaren sustatzailea María Morrás Bea da.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, baita honako baldintza hauek betez ere:

–Ustiapena maneiatzeko eta abere hilak kudeatzeko sisteman, aukeren bila dabiltzan animaliak eta animalia sarraskijaleak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzea saihestuko da. Abere hilak gorpuentzako edukiontzi espezifikoetan biltegiratuko dira, eraikin itxietan edo teilapeetan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta horiek animalien hondarretara iristea saihesteko.

–Jardueraren lurralde-planaren eragin-eremuan biodibertsitatea behar bezala babesten dela ziurtatzeko, mindak nekazaritza-lurzatietan ongarri gisa balorizatzea, simaurrak kudeatzeko plana eta horren etorkizuneko berrikuspenak aurreikusten dira. Horretarako, honako baldintza hauek bete beharko dira:

  • Minden banaketatik kanpo utziko da 50 metroko babes-zerrenda bat, "Salobre de Sesma" ibaiaren ertzean eta bertan dauden ibilguen mugan (naturalak edo artifizialak, iraunkorrak edo urtarokoak).
  • Estellerriko Erriberako Igeltsuen Kontserbazio Bereziko Eremu osoan, edo urtaro- edo gazitasun-ibilguei lotutako habitatak dauden lekuetan, mindak, digestatoa eta/edo abeltzaintza-ustiategietako simaurra behar bezala kudeatzeko protokoloaren irizpideak aplikatu beharko dira. Agiri hori ebazpen honen IV. eranskinean dago.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

  • Argi puntuek igorritako goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak %1 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi emisioen mugak).
  • Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestu behar dira (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio-lurrunezko lanparak edo LED-anbarra (argi zuri-horia) erabiliko dira. Lanpara horiek erabiltzea ezinezkoa denean, 440 nm-tik beherako uhin-luzeren irradiazioa iragaziko da" (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.2. atala.–Argi-iturriak).

Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

–Hornidura-bidea izan ezik, instalazioak okupatzeko eremura mugatuko dira instalazioak ezartzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak. Materialen pilaketa eta makinen zirkulazioa zelaigunearen barruan eginen dira, baita jardueraren elementu osagarriak ere (siloak, kargategiak, hornidura-lerroa eta ur-biltegirako sarbidea), lurzatiaren kanpoko landaredi-esparruek eraginik izan ez dezaten.

–Ur-hornidurako bidea egiteko, Cárcar bidearekin paraleloan eginen da proiektatutako trazadura, mendebaldera lotzen den puntutik, eta haren ondotik joanen da, landaredi naturaleko esparruei eragin gabe.

–Obretan aurreikusitako neurriak jardueraren funtzionamendura ere hedatuko dira, gazitzean eta landu ezin diren esparruetan eraginik izan ez dezan. Esparru horiek ustiapena mugatzen duten bideen ondoko lurzatian ureztatzean babestuta egonen dira, habitat naturalez eta habitat istiltsuak egoteko baldintza egokiez hornituta, eta bertan urlehortarrak daudela egiaztatu da.

–Aurreikusitakoaren arabera, gordailu garai bat instalatuko da ur-hornidurako biltegi nagusi gisa. Haren ezaugarriak direla-eta, ez da neurri gehigarririk hartu behar fauna ustekabean itotzea saihesteko, eta proiektuaren gordailua putzu baten bidez aldatzen bada, Biodibertsitate Zerbitzuak aldeko txostena egin beharko du berariaz.

–Obrak ingurumenean integratzeko, landare-lurra zabalduko da zoru edo zoladurarik gabeko gainazal amaituen gainean, eta belar-ereintza landatarra emanen zaie. Pantaila-sail gisa erabiliko dira baltsarako: tamariza (Tamarix canariensis), proiektatutako espezie den Cupressus Leylandiiren ordez, eta lursailaren hegoaldean dagoen ur-biltegi nagusirako: olibondoak edo zumarrak (Populus alba).

Landaketa horiei ureztatzea eta beharrezko zaintzak emanen zaizkie, jardueraren bizitza osoan zehar hazkuntza eta helburua bermatzeko.

–Lanen hasieran, landare-lurra atera eta metatuko da (lurzoruaren azaleko horizonte emankorra), indusketako gainerako lurretatik bereizita. Lurzatiaren beraren nekazaritza eremuan betelanetarako erabiltzen ez diren soberako lurrak eta obra-hondakinak baimendutako zabortegira eraman beharko dira, eta ez dira biltzen edo uzten ahalko obren ingurunean.

–Lanak hasi baino lehen, gutxienez 48 ordu lehenago, Lizarra hegoaldeko demarkazioko basozainari jakinarazi beharko zaio (ogfoeste11@navarra.es), hark deklarazioaren baldintzak betetzen direla egiazta dezan.

Jardueraren gaineko ingurumen zaintza:

–Instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:

  • Fauna nekrofagoa hildako animalien gorpuak biltegiratzen eta kudeatzen diren eremura ez sartzeko hartu den konponbidea azaltzen duen dokumentazio grafikoa.
  • Baimen honetan aurreikusitako paisaia-integrazioko landaketak egin direla egiaztatzen duen aipamena, memoriarekin eta dokumentazioarekin. Baldin eta, behar bezala justifikatuta, obrak gauzatzeko epean landaketa horietarako aldeko eperik egon ez delako, obrak egiteko eta eskatutako dokumentazioa bidaltzeko aurreikusitako konpromisoa eta data adieraziko dira.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraztea (Lizarra hegoaldea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

2.496 plazako edukiera izanen duen zerri gizendegi bat ezartzea proiektatu da, Sesmako 3. poligonoko egungo 171 eta 172 lursailak berriz mugatzearen ondoriozko Nafarroako Ubidearen lehen fasearen handitzearen XXVI-Ega 3 sektorearen gaineko ureztatze-deklarazioaren katastroko 72 poligonoko 240 lursaila okupatuz.

Horretarako, bi nabe eraikitzea aurreikusi da, bakoitzak 1.248 plaza izanen dituela; minda-putzu bat jartzea; jarduerari laguntzeko elementu osagarriak ezartzea; eta instalazioa metalezko sarezko itxitura batez mugatzea. Instalatuko diren bi nabeak berdinak izanen dira: 69,9 x 15,5 metroko oinplanoa eta 6 metroko altuera gailurreraino. Estalkia bi isurkikoa izanen da eta tximiniak izanen ditu.

Nabeak partzelaren mendebaldean kokatuko dira, 1.250 m²-ko zabor-zelaigune baten bidez lotuta, eta ekialdeko sarbidera irekita. Instalazioak mindak dituen putzu bat izanen du kanpoan, iparraldean, eta metalezko xaflazko biltegi zirkular bat hegoaldean. Habeartearekin batera, elikadura-siloak jarriko dira. Lokal tekniko horrek sorgailu bat izanen du nabeen artean, eta beste bat bulego, komun eta aldageletarako, ustiategiaren sarreran dagoen barruko bidearen ondoan. Animaliak lurzoruaren gainean goratutako hormigoizko zuloetan kokatuko dira, eta zulo horiek mindaren kanpoko andelari lotuta egonen dira.

Mindaren baltsa, aurreikuspenen arabera 2.000 m³-ko edukiera gordinekoa, lurpean egonen da, xafla malguko estalki batekin eta xafla plastiko bidez irazgaiztua. Ihesak detektatzeko eta kontrolatzeko sistema bat ere izanen du. Mindaren baltsaren ondoan, andel zirkular bat jarriko da Ø10 x 3,3 m-ko ura biltegiratzeko, 250 m3-ko edukierarekin, eta, nabeen artean, beste ur-andel altu bat, 30 m²-ko edukierarekin. Bide nagusiaren oinean hilotzen edukiontzi bat egitea aurreikusten da.

Instalazioa Montejurrako Ur Mankomunitateko ur-hartune batetik hornitzea aurreikusi da, 1.350 metroko lurpeko hodi baten bidez. Lotunea Sesmako bidearen ondoan dago, mendebaldean. Eroanbide horren trazadurak bidearen iparraldetik paraleloan doan korridore bati jarraituko dio, lursailaren sarrerako bidegurutzeraino. Hornidura elektrikorako, ekipo elektrogeno bat erabiliko da.

20 kg eta 110 kg arteko zerriak gizentzeko jarduera, abereak aldi berean sartuz eta ateraz hiltzeko, eta gizentze zikloen artean huste sanitarioa eginez. Urtean 2,5 ziklo izanen dira. 3.171 m3 mindaren balorizazio materiala banatzea aurreikusi da, nekazaritza-aprobetxamendurako 93 ha produktibo ingurutan, batez ere ureztapenerako bihurtu diren azaleretan. Hildako animalien gorpuak baimendutako kudeatzaile bati emanen zaizkio. Jardueraren kudeaketak lehengaien, uraren eta gasolioaren baliabideen kontsumoa ekarriko du, eta berotegi-efektuko gasak isuriko ditu atmosferara, hala nola amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa.

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen tramite horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:

–Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:

Ingurumen Inpaktuaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Sesmako Udala

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan - Landazuria

Ekologistak Martxan

Sustrai Erakuntza Fundazioa

SEO/BirdLife

Gurelur

Greenpeace Espainia

Ingurumen Inpaktuaren eta Paisaiaren Atalak eremu horretako ingurumen-balioak azaldu ditu, "El Salobre" hezegunetik gertu dagoen kokalekuan zentratuta. Eremu hori "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" Kontserbatzeko Eremu Bereziaren barruan dago (ES 2200031 KBE), eta, haren ondoan (Lagunazos parajea) gatz-lur bat eta Samarroyoko urmaelarekin lotutako ur-masa bat daude, iparraldean.

Txostenak azpimarratzen du beharrezkoa dela "El Salobre" hezegune endorreikoan uren eutrofizazioaren ondoriozko eragina prebenitzea, bertan drainatzen diren ibilgu naturalak eta artifizialak babesteko, gune horrekin hidraulikoki konektatutako eremuetako minden bidezko ongarritzetik kanpo utzita. Era berean, jakinarazten du proiektua Nafarroako ubideko ureztapenaren XXVI-Ega 3 sektorean kokatuta dagoela, eta aldaketak eginen direla aurreikusten dela, eremuaren errealitate fisikoari eta haren balio naturalen ingurumen-babeserako baldintzei eraginen dietenak, eta informazio-esteka bat jarriko dela jarduketak definitzen dituen dokumentazioan.

Landareztatzeko eta paisaian integratzeko, lursaila urbanizatzeko aurreikusitako formula proiektuan zehazteko eskatzen du, bai nibelazioei dagokienez, bai amaierako azalerei dagokienez; era berean, instalazioa eta alboko gazitzea bereizten dituen sarbidea erabiltzeko aurreikuspena zehaztu behar da. Era berean, komenigarritzat jotzen du ondorioen ebaluazioa jarduera osagarrietara zabaltzea, ur-hornidurarako hoditeriara barne.

Berariaz adierazten du ezen, "El Salobre" hezegunearen gaineko eragina saihesteko, simaurrak kudeatzeko planean mindak aplikatzetik kanpo uzten direla drainatze-sarearen edo topografiaren bidez hezegunearekin lotzen diren edo haren ondoan dauden azalerak, eta protokolo bat ematen duela minden banaketari aplika dakizkiokeen baldintzekin, horiek kontserbatzeko intereseko habitaten edo espezieen presentziak adierazitako eremuetan.

Aurreko guztia kontuan hartuta, dokumentazioak bete behar dituen baldintzak zerrendatzen ditu txostenak, aukerako kokalekuen azterketa bat egiteko beharra barne. Azterketa horrek ingurumen-organoaren txostenean adierazitako alderdiak jaso beharko ditu, besteak beste: paisaia-eraginaren azterketa, usainak isurtzeak duen eraginaren azterketa (batez ere inguruko populazioei eragindako eragozpenei dagokienez) eta KBEan bizi diren espezieetan ondorio kaltegarriak ekar ditzaketen lehengaiak maneiatzeko, gorpuak garbitzeko eta kudeatzeko jarraibideen berrikuspena.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen-baldintzak (148/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan abeltzaintzako instalazioen ingurumen-baldintza teknikoak ezartzen dituena), bai eta otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuarekin (zerri-haztegi intentsiboak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena) bat etorriz aplikatu beharreko baldintzak ere. Gainera, zerri-azienda estentsiboko ustiategiak antolatzeko oinarrizko araudia aldatu da kokapenari dagokionez (10. artikuluko 1. puntua eta V. eranskina).

Ezartzen du 306/2020 Errege Dekretuaren 10. artikuluaren 1. puntuan jasotako betebeharren artean, titularrak nutrizio-estrategia bat eta pentsu egokituen formulazio bat ezarri beharko dituela, pentsuek izan beharko duten proteina gordinaren eta fosforoaren konposizioa emanez; halaber, amoniakoa gutxienez %60 eta %80 murriztea ahalbidetuko duten teknikak aplikatzea aurreikusi beharko du, ostatuetako erreferentzia-tekniken eta minden kanpoko biltegiratzearen aldean.

Era berean, adierazten du metano-murrizketa baltsa estaltzearen ondorioz ezartzen bada eta estaldura horrek metano-gasa metatzea ekar badezake, gas hori kudeatzeko sistema bat ezarri beharko dela, metatzearen edo atmosferara isurtzearen ondoriozko arriskuak ezabatzeko, eta metatzearen ondoriozko arriskuak ezabatzeko ezinbestekoa den gutxieneko haizatzea eginen dela, aurreikusitako murrizketari eutsiz.

Azkenik, amoniako-isuriak kontrolatzeko erreferentziazko dokumentu teknikoei bibliografia erantsi zaie.

Estrategia eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde eta hirigintza planeamenduari buruzko zenbait ohar plazaratu ditu, informazio modura, "Ebroko Ardatza" 5. LAPk (Lurralde Antolamenduko Plana) –hor kokatuta baitago udalerria– horiei buruzko muga edo debekuak ezartzen ahal dituelako.

Lurzoruaren sailkapenaren arabera, babes bereziko eremuak eta arrisku naturalengatik babestu beharreko lurzoruak dira horiek, eta faunarentzako interes bereziko eremuen kategoria dute. Estepako eremuak, bai eta lurraldearen konektagarritasunarekin, paisaiarekin edo bide historikoekin lotutako beste zenbait figura ere. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea. Txostenak dio, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialekin bat egiten duela.

Sesmako udaleko hirigintza-plangintzari dagokionez, adierazten da partzela nekazaritza-lurra produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, eta horretarako jarduera-mota baimendu daiteke. Hala ere, proposamena Udal Planeko Eraikuntza Ordenantza Orokorreko okupazio- eta eraikuntza-baldintzetara egokitu beharko da.

Halaber, udal-plangintzara egokitzeko muga eta baldintzetara dauden distantziei buruzko beste betekizun batzuk ere aipatzen dira, eta, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari lotuta, ingurumenera egokitzeko betebeharra zuzenean aplikatzeko araua, instalazioen paisaia-integrazioari eta harmonizazio arkitektonikoari buruzkoak.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta adierazten da titularrak egoki diren txostenak eskatu beharko dituela ukipen sektorialak direla eta.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari, eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak jarduketaren aldeko txostena eman du, ez dagoelako aztarnategi arkeologiko katalogaturik handitzea proiektatzen den eremuko lurzatietan.

III. ERANSKINA

Ingurumen inpaktuaren azterketaren laburpena eta zaintza plana

Tramitazio prozesuan, ingurumen inpaktuaren azterketa bat egin da, ingurumen baimen bateratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa, non ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko tramitean aurkeztutako informazioa biltzen baita.

Azterketan, alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak instalazioaren ezarpenean eta funtzionamenduan izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen dira. Horrez gainera, ingurumen integrazioa bermatzeko behar diren neurriak proposatzen dira. Proiektuan, alde batetik, obrek proiektuaren esparruan izanen duten ukipena mugatzeko prebentzio neurriak jaso dira, eta bestetik, funtzionamenduan egon bitartean ingurumenean izanen duten eragina murriztekoak.

Ingurumen eraginaren azterketak simaurrak banatzeko lurralde plan bat barne hartzen du. Plan horrek azaleraren %40 betetzen du lehorreko laborantzan. Simaurra estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuetan banatzeari dagokionez, aurreikusita dago Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako protokoloa aplikatzea. Era berean, banaketan sortutako hurbileko populazio sentikorren gainean usainek sortutako eragozpenak kontrolatzeko neurriak eta jarduera kontrolatzeko sistemaren barruan ingurumena kudeatzeko plan bat jasotzen ditu.

Azterketan, halaber, ingurumena zaintzeko plan bat bildu da, eta bertan sartzen dira proiekturako eta jarduerarako aurreikusitako inpaktu nagusien jarraipen eta kontrol betebeharrak.

IV. ERANSKINA

Abeltzaintzako ustiategietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.

–Minda banatzeari dagokionez, leku horietan banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiak dituzten tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.

–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak). Gainera, alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein hortik kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz-hezegune eta erreka-zuloen arro hidrografikoan kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

Iragarkiaren kodea: F2303832