64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

52/2023 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, aurretiazko administrazio baimena ematen duena Nafarroako Foru Komunitateko zenbait udalerri eta hirigunetan gas natural kanalizatuaren sareak hedatzeko 2023an.

2022ko azaroaren 21ean, Nedgia Navarra SA enpresak, Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoaren ITC-ICG 01eko 2. puntuan ezarritakoa betez (erregelamendu hori uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), urteko baimen bateratua eskatu zuen ondoko udalerri eta hiriguneetan gas natural kanalizatuaren banaketa instalazioetarako, 2023. urtean:

Ablitas, Oibar, Allo, Altsasu, Andosilla, Antsoain, Agoitz, Arakil, Aranguren (Mutiloa eta Taxoare), Arbizu, Arguedas, Arroitz, Artaxoa, Aiegi, Azagra, Bakaiku, Barañain, Barillas, Baztan, Bera, Berbintzana, Beriain, Berriobeiti (Aitzoain), Berriozar, Bertizarana, Buñuel, Burlata, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Cárcar, Zarrakaztelu, Cascante, Kaseda, Castejón, Oltza Zendea (Arazuri eta Ororbia), Cintruénigo, Zizur (Zizur Txikia eta Gazolatz), Corella, Cortes, Doneztebe, Elgorriaga, Lizarra, Esteribar, Etxarri Aranatz, Ezkabarte (Arre), Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Fustiñana, Galar (Cordovilla), Uharte, Igantzi, Irurtzun, Ituren, Iturmendi, Itza (Zuasti), Lakuntza, Larraga, Leitza, Lekunberri, Lerín, Lesaka, Ledea, Lodosa, Longida, Los Arcos, Irunberri, Martzilla, Mélida, Mendabia, Milagro, Miranda Arga, Monteagudo, Murchante, Murillo el Cuende (Errada) Murillo el Fruto, Noain (Elortzibar) (Elortz, Noain, Dorre, Imarkoain eta Zulueta), Obanos, Olazti, Erriberri, Orkoien, Oteitza, Iruña, Azkoien, Gares, Ribaforada, San Adrián, Zangoza, Santakara, Sartaguda, Sesma, Sunbilla, Tafalla, Tebas-Muru Artederreta, Tutera, Tulebras, Uharte Arakil, Urdiain, Eguesibar (Gorraitz eta Olatz), Valtierra, Viana, Alesbes, Villatuerta, Atarrabia, Ziordia, Zizur Nagusia.

Instalazioei dagokienez, eskaera horretan aurreikusten da egungo gas naturalaren sareak hedatzea eta aldatzea. Sare horien jardueraren gehieneko presioa 5 bar edo gutxiagokoa da eta ez dira sartu berariazko proiektua izan duten edo izanen duten sareak. Sare horiek 5.560 metroko luzera izanen dute guztira, eta 375 hargune izanen dira. Aurrekontua 381.959,13 eurokoa da.

Nedgia Navarra SA enpresaren eskaera jendaurrean jartzeko tramitea egin da, iragarkia paratu baitzen 2023ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 17koan, eta Diario de Navarra nahiz Diario de Noticias egunkarietan, 2023ko urtarrilaren 18an.

Jendaurreko aldi horretan, Artaxoako eta Martzillako udalek jarritako alegazioak jaso dira. Alegazio horietan, bi udalek adierazi dute obra-lizentzia eskatu behar zaiola kasuan kasuko udalari gas naturalaren sareak hedatzeko, eta aditzera eman, halaber, udalerri bakoitzean indarrean dagoen udal planeko baldintzak bete behar direla, baita udal ordenantzetan xedatutakoa ere, eta bereziki nabarmentzen dituzte zoladurak haustea eta berriz jartzea eragiten duten azpiegiturek bete beharreko baldintzak.

Alegazio horiek Nedgia Navarra SAri helarazi ondoren, enpresa banatzaileak adierazi du ezen, obrak hasi aurretik, nahitaezko udal lizentzia eskatuko duela eta, hala badagokio, udalerri horretako ordenantzek xedatutakoaren arabera egin beharreko birjartzeak eginen dituela.

Aipatu beharra dago gas erregaiak kanalizazio bidez banatzea ahalbidetzen duen baimen honek ez duela ordezten udalaren obra-lizentziaren eskaera egin beharra obrak gauzatzea aurreikusia dagoen udaletan; izan ere, udal horiek, beren udal ordenantzetan xedatutakoari jarraituz, beren baldintza propioak ezar ditzakete aipatu obra-lizentzian.

Adierazitakoarekin bat, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa) erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betetzeko,

EBAZTEN DUT:

1. Nedgia Navarra SA enpresari baimena ematea aipatu diren udalerri eta hiriguneetan gas natural kanalizatuaren sareak hedatzeko instalazioak egiteko 2023. urtean.

2. Meatzeetako ingeniari Carlos Alvaro Pereirak sinatutako agiria onestea, eta hamabi hilabete ematea obrak burutzeko.

3. Partez baiestea Artaxoako eta Martzillako udalek aurkeztutako alegazioak.

4. Baimen hau ematen da beharrezkoak diren emakidak eta baimenak galarazi gabe, aplikatzekoak diren bestelako xedapenen, sektoreko legeriaren eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera, ukitutako ondasun eta zerbitzuen jabe diren erakunde guztienak barne.

5. Bi hilabeteko gehieneko epean, eta betiere instalazioen exekuzioa hasi baino lehen, aurkeztutako aurrekontuaren ehuneko bi adinako bermea jarri beharko du Nedgia Navarra SAk. Berme hori Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan jarri beharko da, eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

6. Instalazio berriak eta horien muntaketa, bai eta egungo instalazioen itxiera ere, indarreko araudian ezarritakoaren arabera eginen da.

7. Nedgia Navarra SAk urriaren 7ko 34/1998 Legearen 74. artikuluan ezarritako betebeharrak beteko ditu, zehazki, artikulu horren 1.d) apartatuan ezarritakoa.

8. Behin proiektua eginik, instalazioak zerbitzuan jarri eta hogeita hamar egun igaro baino lehen, Nedgia Navarra SAk uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren 5.7 artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan.

9. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

10. Ebazpen hau Nedgia Navarra SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

11. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

12. Ebazpen hau Artaxoako Udalari, Martzillako Udalari eta ukitutako gainerako udalei jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko otsailaren 28an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2303676