64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

30/2023 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baita energia elektrikoa ekoizteko "Joluga" haize-parkea jartzeko Eslaba, Ezporogi, Zare, Leatxe, Oibar eta Irunberriko udal mugarteetan.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

2020ko azaroaren 6an, Nafarroan haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua aplikatuz, Green Capital Power SLk aurretiazko administrazio baimenaren eskaera aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, energia elektrikoa ekoizteko "Joluga" haize-parkea jartzeko Eslabako eta Ezporogiko udal mugarteetan (3,465 MW-eko 10 haize-sorgailu, guztira 34,65 MW), bai eta transformazio eta ebakuazio azpiegitura hauek ere:

–30/66 kV-eko "Joluga" transformazio azpiestazio elektrikoa (TAE), Eslabako udal mugartean.

–Energia ateratzeko 66 kV-eko goi tentsioko linea mistoa, airekoa eta lurpekoa, "Joluga" TAEtik "Joluga" ebakitze-zentrora, Eslaba, Ezporogi, Zare, Leatxe, Oibar eta Irunberriko udal mugarteetan zehar.

–"Joluga" ebakitze-zentroa (EZ), eta 66 kV-eko goi tentsioko linea, konexioa egiteko egungo "Cordovilla-Zangoza" linea elektrikoarekin, Irunberriko udal mugartean. Linea horren jabea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2.–Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea eta kontsultak egitea.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluari jarraikiz, Green Capital Power SLren eskaera jendaurrean egon zen 30 egun baliodunez, iragarkia argitara emanda honako hauetan: 2021eko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 11koan; 2021eko otsailaren 12ko Diario de Navarra egunkarian, eta Eslaba, Ezporogi, Zare, Leatxe, Oibar eta Irunberriko udalen ediktu-oholetan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.

Ezarritako epearen barruan alegazio hauek jaso ziren (aurkeztu ziren egunaren araberako hurrenkeran daude):

–1. alegazioa.–Asier Arsuaga Ugalde jaunarena, 2021eko martxoaren 9koa.

–2. alegazioa.–Ana Gurbindo Cizur andrearena, 2021eko martxoaren 15ekoa.

–3. alegazioa.–Sustrai Erakuntza fundazioarena, 2021eko martxoaren 24koa.

–4. alegazioa.–María Luz Zaratiegui Ayape andrearena, 2021eko martxoaren 25ekoa.

–5. alegazioa.–Roberto Pascual Orcajo jaunarena, 2021eko martxoaren 26koa.

–6. alegazioa.–Gurelur elkartearena, 2021eko martxoaren 26koa.

–7. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko martxoaren 26koa.

–8. alegazioa.–Zangoza aldeko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko martxoaren 26koa.

–9. alegazioa.–Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartearena, 2021eko martxoaren 26koa.

Jasotako alegazioen edukia eta azterketa ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen dira.

Horrekin batera, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, kontsulta egin zitzaien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:

ERAKUNDEA

Zk.

DATA

Ingurumen Eraginaren Atala

15

2021/05/17

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

7

2021/03/12

Ondare Arkitektonikoaren Atala

2

2021/02/11

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Basoak Kudeatzeko Atala

14

2021/04/19

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

3

2021/02/11

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (EKH)

Enagas Transporte SAU

10

2021/03/25

Edistribución Redes Digitales SLU

4

2021/02/17

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

5

2021/03/02

Retevisión I SA

9

2021/03/23

Telefónica de España SAU

1

2021/02/09

Eslabako Udala

11

2021/03/26

Ezporogiko Udala

Zareko Udala

8

2021/03/23

Leatxeko Udala

13

2021/03/29

Oibarko Udala

6

2021/03/08

Irunberriko Udala

12

2021/03/29

Agezako Kontzejua

Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Green Capital Power SLri igorri zizkion aipatutako alegazioak eta txostenak.

3.–Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko bigarren prozedura.

Aurreproiektua jasotako txostenei eta, batez ere, ingurumen baldintzei egokitzeko xedez, 2021eko abuztuaren 20an Green Capital Power SLk dokumentazioa aurkeztu zuen, zenbait aldaketa eginda, 2020ko azaroan erregistratutako dokumentazioaren aldean. Zehazki, "Joluga" transformazio azpiestazio elektrikoa "Joluga" ebakitze-zentroarekin lotzen duen linearen trazadura aldatu eta zati batzuk lurperatu zituen eta pixka bat doitu zituen ebakitze-zentroaren kokalekua eta banaketa sarearekiko konexio gunearena, baina ukitutako udal mugarteei zegokienez inolako aldaketarik egin gabe.

Ingurumen Eraginaren Atalak hau adierazi zuen 2021eko maiatzaren 17ko txostenean (15. txostena): "beharrezkotzat jotzen da jendaurrean jartzeko eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko beste izapide bat egitea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluen arabera, behin sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan aldaketak eta zuzenketak egin ondoren".

Aurrekoa ikusirik, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak espedientea 30 egun baliodunez jendaurrean jartzeko bigarren prozedurari ekin zion, iragarkia argitara emanda honako hauetan: 2021eko 239. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 14koan; 2021eko urriaren 15eko Diario de Navarra egunkarian, eta Eslaba, Ezporogi, Zare, Leatxe, Oibar eta Irunberriko udalen ediktu-oholetan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.

Ezarritako epearen barruan alegazio hauek jaso ziren (aurkeztu ziren egunaren araberako hurrenkeran daude):

–10. alegazioa.–Javiera Pérez Esandi andrearena (2), 2021eko azaroaren 5ekoa eta 22koa.

–4. bis alegazioa.–María Luz Zaratiegui Ayape andrearena, 2021eko azaroaren 22koa.

–3. bis alegazioa.–Sustrai Erakuntza fundazioarena, 2021eko azaroaren 23koa.

–6. bis alegazioa.–Gurelur elkartearena, 2021eko azaroaren 25ekoa.

–11. alegazioa.–Andrés Javier Salinas Suescun jaunarena, 2021eko azaroaren 26koa.

–8. bis alegazioa.–Zangoza aldeko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko azaroaren 26koa.

Jasotako alegazioen edukia eta azterketa ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen dira.

Horrekin batera, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, kontsulta egin zitzaien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:

ERAKUNDEA

Zk.

DATA

Ingurumen Eraginaren Atala

15 bis

2022/02/11

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Ondare Arkitektonikoaren Atala

2 bis

2021/10/15

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

17

2021/11/18

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

18

2021/11/22

Basoak Kudeatzeko Atala

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

20

2021/03/11

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

3 bis

2021/10/21

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (EKH)

19

2021/12/15

Enagas Transporte SAU

10 bis

2021/10/14

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

5 bis

2021/10/20

Nedgia Navarra SA

16

2021/10/29

Eslabako Udala

11 bis

2021/10/20

Ezporogiko Udala

Zareko Udala

8 bis

2021/11/23

Leatxeko Udala

Oibarko Udala

6 bis

2022/05/12

Irunberriko Udala

12 bis

2021/12/29

Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Green Capital Power SLri igorri zizkion alegazioak eta txostenak.

4.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzeko eskaera.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, 2022ko apirilaren 13an Green Capital Power SLk dokumentazioa aurkeztu zuen. Beraren bidez, ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eta lurzoru urbanizaezineko jarduerak eta erabilerak baimentzeko eskatu zuen, eta erantzun egin zien jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteek iraun zuten bitartean jasotako alegazioei eta txostenei.

Aurreproiektua jasotako txostenei eta, batez ere, ingurumen baldintzei egokitzeko xedez, Green Capital Power SLk erregistratutako dokumentazioak zenbait egokitzapen zekartzan 2021eko abuztuan erregistratutako dokumentazioaren aldean:

–Kokaguneen kopurua murriztu zen, jatorrizko 10 haize-sorgailuetatik 4,8 MW-eko potentziako 5 haize-sorgailura pasatuz. Horrenbestez haize-parkearen guztizko potentzia 36,45 MW-etik 24 MW-era jaitsi zen. Hauek dira haize-sorgailuen koordenatuak:

"JOLUGA" HAIZE-PARKEA

UTM WGS84 koordenatuak, 30 N Eremua (EPSG:25830)

Izena

x

y

JOL–01

627.869

4.715.526

JOL–02

627.368

4.715.596

JOL–03

626.965

4.715.742

JOL–04

626.357

4.716.008

JOL–05

625.583

4.716.678

–Energia ateratzeko lineari dagokionez, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak (2. bis txostena) eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak (17. txostena) eskatutakoarekin bat etorriz, bi euskarriren kokalekuak doitu ziren, eta, inguruko hegaztien gaineko eragina eta oro har ingurumen inpaktua gutxitzeko, azken tartea egokitu zen, eta gainera lurperatu egin zen. Horrenbestez, lineak bi tarte zituen: lehenbizikoa, 9,20 km-koa, airekoa, 26 euskarrirekin; eta bigarrena, 2,86 km-koa, lurpekoa. Ukitutako udal mugarteei zegokienez, ez zegoen aldaketarik.

Aipatu artikuluan ezarritakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalera igorri zuen.

5.–Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 939E/2022 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen "Joluga" haize-parkearen eta horri lotutako energia ateratzeko azpiegituren proiekturako. Jarduera ingurumen ebazpenean bertan jasotako baldintzen arabera gauzatu behar zela adierazi zen. Baldintza horien artean bi nabarmentzen dira: "JOL-05 izeneko haize-sorgailuaren posizioa (x: 625.583, y: 4.716.678) ingurumen inpaktuaren azterketa bateratuaren 1. aukeran JOL-04 deritzon posizioaren ingurura lekualdatuko da; izan ere, posizio hori izan zen abifaunak espazioaz egiten duen erabilerari buruzko urteko azterketan arrisku egoera gutxien bildu zituena"; eta "Aireko eta lurpeko bihurketa linearen amaierako euskarria, 26.a, Oibarko 3. poligonoko 447. lurzatira lekualdatuko da, Aragoiko Donejakue bideak eta Zaraitzuko errege altxonbideak bat egiten duten lekuan dagoen pausalekutik paisaia eragina saihesteko. Lurpeko lineak bidearen trazadurari jarraituko dio, errege altxonbidearekin bat datorrena."

Ingurumen inpaktuaren adierazpenaren arabera, proiektuak ingurumenean izanen dituen ondorio nagusiak honako hauek dira: solidoak eta gasak aireratzea; lurzoruaren okupazioa eta hura higatu, trinkotu eta eraldatzeko arriskua; hidrologiaren, floraren, landarediaren eta faunaren gaineko eragina; eta paisaia inpaktua.

6.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzea.

2022ko maiatzaren 4an eta ekainaren 8an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak informazio errekerimenduak igorri zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, eta hark sustatzaileari helarazi zizkion. Sustatzaileak epean eman zituen erantzunak. Errekerimenduak betetzeko, sustatzaileak doitu egin zituen "JOL–01" eta "JOL–03" haize-sorgailuen kokaguneak eta energia ateratzeko linearen trazadura.

Bestalde, ingurumen inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak betetze aldera, 2022ko urriaren 6an sustatzaileak egokitu egin zituen "JOL–05" haize-sorgailuaren kokagunea eta energia ateratzeko linearen trazadura 25. eta 26. euskarrien inguruan.

Horrenbestez, hauek dira haize-sorgailuen amaierako koordenatuak:

"JOLUGA" HAIZE-PARKEA

UTM WGS84 koordenatuak, 30 N eremua (EPSG:25830)

Izena

x

y

JOL–01

627.864

4.715.531

JOL–02

627.368

4.715.596

JOL–03

626.952

4.715.747

JOL–04

626.357

4.716.008

JOL–05

625.924

4.716.260

Azkenik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 18ko 393E/2022 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduteko eta hura erabiltzeko baimena eman zitzaion "Joluga" haize-parkearen eta energia ateratzeko azpiegituren proiektuari, hirigintza ebazpenean berean zehazten diren zehaztapenak betetzeko baldintza jarrita.

7.–Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.

2023ko martxoaren 1ean, sustatzaileak eskaera egin du instalazioaren titulartasuna Joluga Energy SLUri lagatzeko, Green Capital Power SLk % 100eko partaidetza duen sozietatea bera, energia iturri berriztagarriak ustiatuz energia elektrikoa ekoizten jarduten duena.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluak xedatzen duen bezala, espedientean Joluga Energy SLUren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria dago.

Era berean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Joluga Energy SLUk banaketa sarearen kudeatzailearen baimena du sarbidea eta konexioa egiteko, proiektuan jasotzen den puntuan. "Joluga" haize-parkearen sarbide- eta konexio-ahalmena 20 MW-ekoa da. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluaren arabera, energia ekoizteko instalazioen administrazio baimenetan onartutako potentzia instalatua sarbide-baimenean ageri den sarbide-ahalmena baino handiagoa izan daiteke.

Horregatik guztiagatik, aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, eta Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak, prozedura behar bezala egin dela iritzita, proposatzen du Joluga Energy SLUri aurretiazko administrazio baimena ematea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Joluga Energy SLUri aurretiazko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko 24 MW-eko "Joluga" izeneko haize-parkea eta haren energia ateratzeko azpiegiturak instalatzeko Eslaba, Ezporogi, Zare, Leatxe, Oibar eta Irunberriko udal mugarteetan. Baimen hau ematen da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 939E/2022 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 18ko 393E/2022 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzearen menpe.

2. Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Basoak Kudeatzeko Atalera, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera, Ondare Arkitektonikoaren Atalera, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Joluga Energy SLUri, Green Capital Power SLri, Enagás Transporte SAUri, Edistribución Redes Digitales SLUri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUko Sarean Sartzeko Departamentuari, Retevisión I SAri, Telefónica de España SAUri, Nedgia Navarra SAri, Sustrai Erakuntza fundazioari, María Luz Zaratiegui Ayape andreari, Gurelur elkarteari, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteari, Zangoza aldeko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkarteari, Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkarteari (SECEMU), Javiera Pérez Esandi andreari eta Andrés Javier Salinas Suescun jaunari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzenduta eta espediente zenbakia adieraziz.

6. Ebazpen hau Eslaba, Ezporogi, Zare, Leatxe, Oibar eta Irunberriko udalei, Agezako Kontzejuari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, eta ohartaraztea zilegi dela haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 10ean.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

Jaso diren alegazioen eta txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. alegazioa.–Asier Arsuaga Ugalde jaunarena.

Asier Arsuaga Ugalde jaunak 2021eko martxoaren 9an aurkeztutako alegazioan adierazten du ez dela azterketarik egin Nafarroako energia egoerari buruz. Arrazoi hori eta beste batzuk tarteko (CO2isurketa, lur mugimenduak, eremu naturalen gaineko eragina), proiektua gauzatzea "kaltegarria litzateke Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat", eta horregatik eskatzen du hura deuseztatzeko eta "bidean diren mota honetako proiektu guztiak ere geldiarazteko, eta Nafarroan behar dugun eredu energetikoari buruzko gogoeta eta plangintza prozesu egoki bat abian jartzeko". Gainera, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatzen du.

Erantzuna:

Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin.

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen arlokoak dira eta ingurumen inpaktuaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

Interesdun gisa onartzeko eskaerari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, esan beharra dago alegatzaileak ez duela frogatu zer eskubide edo interesetan eragin diezaiokeen ebazpen honek.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da aurkeztutako alegazioa ezestea.

2. alegazioa.–Ana Gurbindo Cizur andrearena.

2021eko martxoaren 15ean Ana Gurbindo Cizur andreak alegazio idazkia aurkeztu zuen, Asier Arsuaga Ugalde jaunaren 1. alegazioaren berdin-berdina.

Erantzuna:

Bidezkoa da Asier Arsuaga Ugalde jaunaren 1. alegazioari bezala erantzutea.

3. eta 3. bis alegazioa.–Sustrai Erakuntza fundazioarena.

2021eko martxoaren 24an eta azaroaren 23an, Sustrai Erakuntza fundazioak alegazio idazkia aurkeztu zuen, Asier Arsuaga Ugalde jaunaren 1. alegazioaren antzekoa, ingurumen arloko zenbait kontu gehituta (landare komunitateen eta faunaren gaineko ukipenak, inpaktuen ebaluazio egokirik eza, neurri zuzentzailerik ezarri ez izana, ingurumen inpaktuaren azterketaren hutsuneak), eta hirigintza arloko beste batzuk (Eslabako udalerriko hirigintza araudia urratzea).

Erantzuna:

Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin.

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen eta hirigintza arloetakoak dira eta ingurumen inpaktuaren adierazpenean eta lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da aurkeztutako alegazioa ezestea.

Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, interes ekonomiko eta sozialen ordezkari diren elkarte eta erakundeak interes kolektibo legitimoen titular izanen dira legeak onartzen dituen baldintzetan.

4. eta 4. bis alegazioa.–María Luz Zaratiegui Ayape andrearena.

2021eko martxoaren 25ean eta azaroaren 22an aurkeztutako idazki berdin-berdinetan, María Luz Zaratiegui Ayape andreak, Eslabako 1. poligonoko 517. katastro-lurzatiaren jabeak, adierazten du aurreproiektuan dagoen bide berri batek bi azpilurzatitan banatuko diola finka. Horietako bat "hain txikia denez ez da nekazaritzarako erabiltzen ahalko, eta horrek kalte nabarmena eraginen dit". Beraz, egungo bidearen trazadura aldatu beharra baldin badago, hau eskatzen du: "Finkaren okupazioa aldi baterakoa izatea eta ez behin betikoa, eta instalazioa amaitu ondoren alorraren mugak lehengoratzea".

Erantzuna:

Sustatzaileak frogatu duenez, sarbideen diseinuak zehaztapen tekniko batzuk bete behar ditu, haize-sorgailuaren osagaien garraioa segurua eta bideragarria izan dadin, eta parkearen mantentze fasean ere horrela iraun behar du.

Edonola ere, eraikitzeko administrazio baimena eskatzeari begira, sustatzailea ukipena gutxitzen ahaleginduko da eta alegatzailearen lurzatia aldi baterako ukitzeko aukera aztertuko du, betiere baldintza teknikoak kontuan harturik.

5. alegazioa.–Roberto Pascual Orcajo jaunarena.

2021eko martxoaren 26an Roberto Pascual Orcajo jaunak alegazio idazkia aurkeztu zuen, Sustrai Erakuntza fundazioaren lehenengo idazkiaren (3. alegazioa) berdin-berdina.

Erantzuna:

Bidezkoa da Asier Arsuaga Ugalde jaunaren 1. alegazioari bezala erantzutea.

6. eta 6. bis alegazioak.–Gurelur elkartea.

2021eko martxoaren 26ko idazkian, Gurelur elkarteak adierazten du haize-parkea ez litzatekeela baimendu behar, arrazoi hauek direla-eta:

1. Ezinezkoa da proiektuak aztertu eta alegazioak egitea, espediente asko jarri direlako jendaurrean aldi berean.

2. Ez da azterketa sakonik egin proiektuak hegazti-faunan izanen duen inpaktuaz.

3. Abifaunak espazioaz egiten duen erabileraren urteko zikloaren azterketak akatsak ditu.

4. Kiropteroen gaineko inpaktuaren ebaluazioak akatsak ditu.

5. Paisaiaren eta geomorfologiaren gaineko inpaktua, eta lur mugimenduen deskribapenik eza.

Geroago, 2021eko azaroaren 25ean, Gurelur elkarteak adierazi zuen ezin zituela eskuratu jendaurreko bigarren tramitean argitaratutako ingurumen inpaktuaren azterketaren eranskinak.

Erantzuna:

Jendaurrean jarritako proiektuen kopuruari dagokionez, esan behar da maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluak hau ezartzen duela: "Aurkeztutako aurreproiektuak jendaurrean jarriko dira ingurumen eraginaren azterketarekin batera, gutxienez ere hogeita hamar egunez". Hogeita hamar eguneko epe horrek hamar egun gehiago ditu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluak arau orokor gisa aurreikusten duenak baino. Izan ere, artikulu horrek dioenez, jendaurreko informaziorako iragarkiek alegazioak egiteko epea zehaztu behar dute, "inoiz ez hogei egun baino gutxiagokoa". Bestalde, hogeita hamar eguneko epea da instalazio elektrikoen tramitazioan aplikatu beharreko ohiko epea, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluaren arabera.

Horrela, espediente honi dagozkion iragarkietan jendaurreko informaziorako ezarritako epea egokia da energia elektrikoa ekoizteko instalazioei aurretiazko administrazio baimena emateko prozeduren konplexutasunerako eta berezitasunetarako, oro har, eta "Joluga" haize-parkearen proiekturako, zehazki. Gainera, azpimarratu behar da espedienteak bi aldiz bete duela jendaurreko informazioaren prozedura.

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen arlokoak dira eta ingurumen inpaktuaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

Azkenik, jendaurreko informaziorako bigarren tramitean aurkeztutako alegazioa dela-eta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak berretsi egin du ingurumen inpaktuaren azterketaren eranskinak ikusi eta deskargatu ahal direla Nafarroako Gobernu Irekiko web fitxan, zeina eskuragarri baitago Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkian dagoen estekaren bitartez.

7. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena.

2021eko martxoaren 26an, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak alegazio idazkia aurkeztu zuen. Bertan biltzen dira Nafarroako energia egoerari buruzko azterketa orokorra, honelako proiektuen inpaktuaren azalpena eta proposatutako aukerak edo konponbideak: energia gutxiago kontsumitzea, energia-efizientzia, autokontsumoa, erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea, egungo parkeen potentzia handitzea, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzea.

Gainera, alegazioaren puntu batean "Joluga" haize-parkearen inguruneko ingurumen balioak eta parkearen ingurumen inpaktua aztertu, eta ondorio gisa adierazten da hura "Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat kaltegarria" litzatekeela. Horregatik eskatzen du hura deuseztatzeko eta "bidean diren mota honetako proiektu guztiak ere geldiarazteko, eta Nafarroan behar dugun eredu energetikoari buruzko gogoeta eta plangintza prozesu egoki bat abian jartzeko".

Azkenik, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatzen du.

Erantzuna:

Bidezkoa da Sustrai Erakuntza fundazioaren 3. eta 3. bis alegazioari bezala erantzutea.

8. eta 8. bis alegazioa.–Zangoza aldeko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartearena.

2021eko martxoaren 26an eta azaroaren 26an, Zangoza aldeko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkarteak alegazio idazkiak aurkeztu zituen, Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearen 7. alegazioaren antzekoak.

Erantzuna:

Bidezkoa da Sustrai Erakuntza fundazioaren 3. eta 3. bis alegazioari bezala erantzutea.

9. alegazioa.–Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartearena.

2021eko martxoaren 26an, Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkarteak (SECEMU) alegazio idazkia aurkeztu zuen. Bertan, haize-parkeetako saguzarren hilkortasunari buruzko azalpen orokor batzuk ematen ditu eta ingurumen inpaktuaren azterketetan saguzarrei dagokienez kontuan hartu behar diren helburuak eta protokoloak zehazten ditu.

Proiektuari berari dagokionez, haren iritziz ingurumen inpaktuaren azterketan "informazio osatugabea dago kiropteroei buruz, nahiz eta proiektu osoaren inpaktu larriena jasanen duten animalia taldeetako bat izan", eta "ez da inolako prebentzio edo zuzenketa neurririk aipatzen kiropteroek ustez izanen duten hilkortasuna saihesteko edo behintzat arintzeko". Gero zehatz azaltzen ditu ingurumen agiriari arlo horretan atzeman dizkion akatsak.

Erantzuna:

Sustatzaileak 2021eko abuztuaren 20an erregistratutako dokumentazio teknikoa, ingurumen inpaktuaren azterketa aldatua barne, jendaurrean jarri zen, jendaurreko informaziorako bigarren tramite batean, eta ez zen alegaziorik jaso honako alegazio hau egin duen elkartearen aldetik.

Nolanahi ere, ingurumenaren arloko kontuak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen inpaktuaren adierazpenean.

10. alegazioa.–Javiera Pérez Esandi andrearena.

2021eko azaroaren 5ean eta 22an, Javiera Pérez Esandi andreak, Leatxeko udal mugarteko zenbait lurzatiren jabeak, energia ateratzeko linearen 10. euskarria lekuz aldatzeko eskatu zuen, bere jabetzako "zereal alor baten erdian" zegoelako. Halaber, galdetu zuen ea 10. eta 11. euskarrietarako sarbideak "iraunkorrak diren edo euskarriak jartzeko lanetan bakarrik erabiliko diren", eta, iraunkorrak badira, "inolako kalte-ordainik emanen zaien finken jabeei."

Erantzuna:

Sustatzaileak frogatu duenez, sarbideen diseinuak zehaztapen tekniko batzuk bete behar ditu, haize-sorgailuaren osagaien garraioa segurua eta bideragarria izan dadin, eta parkearen mantentze fasean ere horrela iraun behar du.

Edonola ere, eraikitzeko administrazio baimena eskatzeari begira, sustatzailea ukipenak gutxitzen ahaleginduko da eta alegatzaileak proposatu dituen ordezko aukerak aztertuko ditu, betiere baldintza teknikoak kontuan harturik. Azkenean lurzatiak ukitzen badira, sustatzailea alegatzailearekin harremanetan jarriko da okupazioaren eta/edo zortasunaren baldintzak negoziatzeko.

11. alegazioa.–Andrés Javier Salinas Suescun jaunarena.

2021eko azaroaren 26ko eskabidean, Andrés Javier Salinas Suescun jaunak adierazi zuen energia ateratzeko linearen 10. euskarrirako sarbidea Leatxeko 2. poligonoko 396. lurzatiaren erditik pasatzen zela eta lurzati hori gaur egun zereal alorra dela. Horregatik eskatu zuen "sarbide laburragoa egitea Zare aldera jaisten den bidetik, ekialdean, nire alorra zatitu gabe". Halaber, galdetu zuen ea "sarbidea iraunkorra den edo zutoina jartzeko bakarrik erabiliko den", eta, iraunkorra bada, "kalte-ordainik aurreikusten den".

Erantzuna:

Bidezkoa da Javiera Pérez Esandi andrearen 10. alegazioari bezala erantzutea.

II. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena–Telefónica de España SAU.

2021eko otsailaren 9an emandako txostenean, Telefónica de España SAUk adierazten du ez diola "eragozpenik jarriko proiektua gauzatzeari, baldin eta telekomunikazioetako lineak gurutzatzeari eta horien parean joateari buruz indarrean dagoen araudia betetzen bada".

2. eta 2. bis txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.

2021eko otsailaren 11n Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena eman zuen; haren arabera proiektuak "ez dauka ukipenik" atal horri dagokionez.

Geroago, 2021eko urriaren 15ean, beste txosten bat eman zuen; hark dioenez, energia ateratzeko linearako proposatutako trazadurak lurpeko zati bat dauka "Aragoitik datorren Donejakue bidea gurutzatzen duen lekuan, eta ez dago horretarako eragozpenik". Eskatzen du, hala ere, linea lurperatzen den lekuan bidearen ertzetik 26. euskarriaren alboraino tarte handiagoa uzteko, gutxienez ere euskarriaren garaiera halako hiru, metalezko dorreak ikusizko ukipen txikiagoa izan dezan.

Erantzuna:

Sustatzailea lehen txostenarekin ados agertu da, eta, bigarrenari dagokionez, 26. euskarriaren kokagunea doitu du, eta adierazi du ezen, eraikitzeko administrazio baimena eskatzeko garaian, exekuzio proiektu bat aurkeztuko duela, eta bertan justifikatuko duela nola betetzen den Ondare Arkitektonikoaren Atalak ezarritako baldintza.

3. eta 3. bis txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

2021eko otsailaren 11n eta urriaren 21ean emandako txostenetan, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuko Ustiapen Atalak zehaztu zituen ukitutako errepideen gaineko gurutzaguneei buruz kontuan hartu beharko diren baldintzatzaileak, eta sustatzaileari gogorarazi zion ezen, lanak egin aurretik, aipatu zuzendaritza nagusiaren baimena behar duela.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ezen, eraikitzeko administrazio baimena eskatzeko garaian, exekuzio proiektu bat aurkeztuko duela, eta bertan justifikatuko duela nola betetzen diren Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak ezarritako baldintzak.

4. txostena. Edistribución Redes Digitales SLU

2021eko otsailaren 17an aurkeztutako txostenean Edistribución Redes Digitales SLUk hau dio: "Ez dago Edistribuciónen sareen gaineko ukipenik, ez daukagulako linea elektrikorik proiektuak ukitzen duen eremuan".

5. eta 5. bis txostena.–I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU.

2021eko martxoaren 2an eta urriaren 20an aurkeztutako txostenetan, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk, bere jabetzako azpiegituren gaineko ukipenak zehatz aztertu ondoren, "baimena" ematen du proiektatutako lanak egiteko, horrek ezertan galarazi gabe lana amaitutakoan lineari buruzko txostena eskatu ahal izatea, erregelamenduzko zenbait distantzia betetzen direla egiaztatzeko.

Erantzuna:

Sustatzailea ados agertu da eta eskatu bezala lineari buruzko txostena emanen duela adierazi du. Nolanahi ere, eraikitzeko administrazio baimena eskatzeko garaian exekuzio proiektu bat aurkeztuko duela esan du, eta bertan justifikatuko duela nola betetzen diren I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk ezarritako baldintzak.

6. eta 6. bis txostena.–Oibarko Udala.

2021eko martxoaren 8an Oibarko Udalak txostena aurkeztu zuen. Bertan proiektuaren aurka agertzen da, udal mugartean sortuko lituzkeen ondorio ekonomikoak eta ingurumen kalteak direla-eta. Ohartarazten du, gainera, sustatzailea aldi berean "Templarios" haize-parkearen proiektua izapidetzen ari dela, eta horregatik eskatzen du, kasua bada, "bi haize-parkeetatik energia ateratzeko linea bakarra" ezar dadila, "lehentasunez udalerriko behealdean, bertan alorrak soilik ukituko lituzkeelako eta lehendik badaudelako beste linea elektriko batzuk".

Geroago, 2022ko maiatzaren 12an, Oibarko Udalak beste txosten bat aurkeztu zuen. Txosten horretan eskatzen du linea elektrikoa lurpean jar dadila 17. eta 18. euskarrien artean, "hor Camino del Monte parajea zeharkatzen duelako, naturan ibilaldiak egiteko zona, turismo eta paisaia interesekoa".

Erantzuna:

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren maiatzaren 2ko 46/2022 Ebazpenaren bidez aurretiazko administrazio baimena ukatu zitzaion energia elektrikoa ekoizteko "Templarios" haize-parkearen instalazioari. Ebazpen hori 2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 24koan.

Linea elektrikoaren zati bat lurperatzeko eskaerari dagokionez, hona sustatzailearen argudioak: "17. eta 18. euskarrien arteko linea elektrikoa bidearen sestratik 25 metro gorago egonen da, ez da oztopo izanen inguruaren natura eta paisaia balioez gozatzeko, eta ingurunean guztiz mimetizaturik geldituko da"; eta tarte hori lurperatu ahal izateko "aldatu egin beharko litzateke egungo trazadura, maldak direla-eta". Hala ere, adierazi du bere proiektuak kokatzen diren udalerrien kezkei erantzun nahi diela, eta horretarako "alderdien artean adosturiko konpentsazio neurriak" aztertuko direla.

Nolanahi ere, ingurumenaren arloko kontuak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen inpaktuaren adierazpenean.

7. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren Atala.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko martxoaren 12an txostena eman zuen 0003-OT12-2021-000030 espedienterako.

8. eta 8. bis txostena.–Zareko Udala.

2021eko martxoaren 23an eta azaroaren 23an, Zareko Udalak "espedienteari buruz ezezko txostena" eman zuen, honako hau alegatuz, laburbildurik:

–2030erako Nafarroako Energia Planaren kontrako ez-betetzeak.

–Proiektuko haize-sorgailuen potentzia ez dator bat azkenean instalatuko direnekin.

–Ekoitzitako energia elektrikoa ateratzeko behar diren akordioak falta dira.

–Ingurumen alderdiak: ez dago zaratari buruzko azterketarik; abifaunak espazioaz egiten duen erabileraren urteko zikloaren azterketak akatsak ditu; energia ateratzeko linea errege altxonbideari gainjartzen zaio...

–Hirigintza kontuak: energia ateratzeko lineatik Zareko herrigunera dagoen distantzia, aerofaroekiko distantzia.

–Bestelako arrazoiak: kapitalak zuritzea eta sustatzailea burtsaratzea, eragindako udalei % 1,5eko tasa ordaintzea.

Erantzuna:

2030erako Nafarroako Energia Planari buruzko aipuei dagokienez, bidezkoa da adieraztea plan horrek aurreikuspen orientagarri batzuk biltzen dituela, eta, Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendua.

Haize-sorgailuen potentziaz den bezainbatean, esan behar da aurreproiektuak 4,8 MW-eko 5 makina instalatzea aurreikusten duela. Egun ez dago exekuzio proiekturik. Haize-sorgailuen potentzia unitarioaren balizko aldaketa baten ondorioak eraikitzeko administrazio baimena izapidetzen denean ebaluatuko dira.

Beste alde batetik, energia elektrikoa ateratzeari buruzko aipamenei erantzunez, esan behar da sustatzaileak banaketa sarearen kudeatzailearen baimena duela sarrera izateko eta konexioa egiteko egungo "Cordovilla-Zangoza" lineako 66 kV-eko konexio gunean.

Sustatzaileak Udalari egin beharreko ordainketak direla-eta, aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eutsiko zaio. Edonola ere, esan behar da Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikokoak deklaratzen dituela, besteak beste, energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazio elektrikoak.

Proiektua etorkizunean agian hirugarren baten esku jartzeko kontuari dagokionez, aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eutsiko zaio.

Azkenik, aerofaroekiko distantzia dela-eta, Zortasun Aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuaren 30. artikuluan ezarritakoari eutsiko zaio. Sustatzaileak jakinarazi du baduela Aire Segurtasuneko Estatu Agentziaren baimena, 2021eko martxoaren 8koa.

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen inpaktuaren adierazpenean eta lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabileretarako baimenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

9. txostena.–Retevisión I SA.

2021eko martxoaren 23ko txostenean, Retevisión I SAk hau dio: "Alderdi honek ematen dituen zerbitzuak ez dira ukituko, eta, beraz ez zaio aurka egin nahi aipatu proiektuari". Eskatu dute, betiere, haize-sorgailuen koordenatuen edozein aldaketa jakinaraz diezaietela, "aldaketen ondorioz gerta litekeelako lehengo konfigurazio geografikoan detektatu gabeko afektazioak agertzea".

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

10. eta 10. bis txostena.–Enagás Transporte SAU.

2021eko martxoaren 25ean eta urriaren 14an aurkeztutako txostenetan, Enagás Transporte SAUk adierazten du ezen, haize-parketik energia ateratzeko lineak "Larrau-Villar de Arnedo" gasbidean izan dezakeen eraginari dagokionez, txostenean bertan deskribatzen den informazio gehigarriaren beharra duela "gure instalazioen gaineko eragin horien maila eta norainokoa baloratzeko eta zer neurri zuzentzaile jarri behar diren zehazteko".

Gogorarazten du, gainera, aipatu gasbidearen gaineko eskumen administratiboa Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloari dagokiola, berak baimendu beharko dituela obrak eta sustatzaileak erakunde horren bitartez eskatu beharko duela baimena. Bestalde, aintzat hartu beharko diren baldintza tekniko orokorrak eta partikularrak azaltzen ditu.

Erantzuna:

Sustatzailea txostenarekin ados agertu da, eta adierazi du ezen, eraikitzeko administrazio baimena eskatzeko garaian, exekuzio proiektu bat aurkeztuko duela, eta bertan justifikatuko duela nola betetzen diren ezarritako baldintzak. Esan du, halaber, lanak egin aurretik baimena eskatuko diela dagokien erakundeei.

11. eta 11. bis txostena.–Eslabako Udala.

2021eko martxoaren 26an eta 2021eko urriaren 20an aurkeztutako txostenetan, Eslabako Udalak dio "proiektua garatu eta eraikitzearen alde" dagoela, eta, horregatik, hura izapidetzen jarrai dadila eskatzen du.

12. eta 12. bis txostena.–Irunberriko Udala.

2021eko martxoaren 29ko eta abenduaren 29ko txostenetan, Irunberriko Udalak jakinarazten du ezen, haize-parkea proiektatu den lurzatien babes araubidearekin bat, hura ezartzea jarduera baimengarritzat jotzen dela. Ohartarazten du lurpeko lineak errespetatu egin behar duela errege altxonbiderako bide zortasuna, gutxienez 3 metrokoa.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenekin.

13. txostena.–Leatxeko Udala.

2021eko martxoaren 29an emandako txostenean Leatxeko Udalak adierazten du "Templarios" haize-parkearen proiektua izapidetzen ari direla aldi berean, eta horregatik eskatzen du goi tentsioko linea bakarra instala dadila bi parkeetarako, biak ezartzen badira. Txostenak gehitzen du Udalak kezka handia duela "linea elektriko hauek etorkizunean ekar ditzaketen kalteengatik", eta horregatik "proposatutako okupazioaren aurka dago erabat".

Erantzuna:

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren maiatzaren 2ko 46/2022 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena ukatu zitzaion energia elektrikoa ekoizteko "Templarios" haize-parkearen instalazioari. Ebazpen hori 2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 24koan.

Bestalde, sustatzaileak 2021eko abuztuaren 20an erregistratutako dokumentazioa, zeinak txosten honetan aipatzen den dokumentazioaren aldean zenbait egokitzapen biltzen baititu, jendaurrean jarri zen, jendaurreko bigarren izapidea eginez, eta beste txosten bat eskatu zitzaion Leatxeko Udalari, baina ez zen erantzunik jaso.

14. txostena.–Basoak Kudeatzeko Atala.

2021eko apirilaren 19ko txostenean, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalak baso ondareari eta onura publikoko mendiei (OPM) buruz zein arau hartu behar diren kontuan zehazten du, eta proiektuak 76., 77., 103., 105. eta 165. OPMak ukitzen dituela adierazten du. Hortaz, "nahiz eta proposamen honen kasu zehatzean jarduketak a priori bateragarritzat jotzen diren (...), onura publikoko mendiak okupatzeko eta zortasuna onesteko administrazio prozedura egokia izapidetu beharko da". Azkenik, ingurumen inpaktuaren azterketan jaso behar diren zenbait kontu aipatzen ditu.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du onura publikoko mendiak okupatzeko eta zortasuna onesteko administrazio prozedura izapidetuko duela eta 2021eko abuztuaren 20an aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketan jaso zituela basoen kudeaketaz arduratzen den organoak aipatutako gaiak.

Aipatu egunean sustatzaileak erregistratutako dokumentazio teknikoa, ingurumen inpaktuaren azterketa aldatua tartean, jendaurrean jarri zen, jendaurreko informaziorako bigarren tramite batean, eta berriz ere txostena eskatu zitzaion Basoak Kudeatzeko Atalari, baina ez zen erantzunik jaso.

15. eta 15. bis txostena.–Ingurumen Eraginaren Atala.

Ingurumen Eraginaren Atalak txostenak eman zituen 2021eko maiatzaren 17an eta 2022ko otsailaren 11n, hurrenez hurren 0003-0226-2021-000006 espedienterako eta 0003-0226-2021-000074 espedienterako.

16. txostena.–Nedgia Navarra SA.

2021eko urriaren 29an emandako txostenean, Nedgia Navarra SAk adierazten du ezen, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez dagoela bere jabetzako gas instalaziorik proiektuaren eremuan, eta, beraz, adostasuna agertzen duela.

17. txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

2021eko azaroaren 18an, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jakinarazi zuen proiektuak katalogatutako lau aztarnategi arkeologiko ukitzen dituela, eta, hortaz, aldeko txostena eman zuen, zenbait neurri betetzea baldintza gisa jarrita.

Erantzuna:

Sustatzaileak 11. euskarriaren kokagunea doitu du, aztarnategi baten gaineko ukipena gutxitzeko, eta hau adierazi du: "Txostenean ezarritako neurri guztiak hartuko dira ondare historikoaren gaineko edozein ukipen saihesteko".

18. txostena.–Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala.

2021eko azaroaren 22ko txostenean, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak honako hau adierazten du: "Proiektuak ez ditu ukitzen ez egungo ureztalurrak ez Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Plana".

19. txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

2021eko abenduaren 15ean emandako txostenean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloa proiektuaren alde agertzen da, "txosten honetan azaldutako oharrak errespetatzen badira, betiere". Halaber, hau gogorarazten du: "Jarduketak hasi baino lehen, sustatzaileak nahitaezko administrazio baimena eskuratu beharko du erakunde honetan".

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du txostenarekin ados dagoela eta bertan azaldutako oharrak errespetatuko dituela, eta, eraikitzeko administrazio baimena eskatzen duenean separata batean jarriko dituela gurutzaguneei buruzko xehetasunak.

20. txostena.–Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala.

2022ko martxoaren 11n emandako txostenean, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak, abelbideei dagokienez, "linea elektrikoa lurperatzearen aldeko" iritzia agertzen du, eta baldintzak ezartzen ditu.

Iragarkiaren kodea: F2304280