64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

29/2023 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira Corellako udal mugartean energia elektrikoa ekoizteko 2,806 MW-eko potentzia instalatuko "Hibridación PV Corral del Molino I" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoa ezartzeko.

1.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatzea.

2021eko irailaren 24an, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatuta, Renovables del Cierzo SLUk aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen Corellako udal mugartean energia elektrikoa ekoizteko "Hibridación PV Corral del Molino I" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoa ezartzeko. Instalazio hori "Corral del Molino I" haize-parkearen hibridazioa da, eta elementu hauek ditu:

  • 540 Wp-ko 6.272 modulu, 224 string-etan banatuak. String bakoitzean 28 modulu daude seriean konektatuta. Ekialde-mendebalde ardatz bakarreko jarraitzaile horizontalarekiko egituraren gainean instalatuko dira 0º-ko orientazioarekin (hegora begira).
  • 14 string kutxa (DC Box): 18 string-eko 10 kutxa + 12 string-eko 4 kutxa.
  • 2 inbertsore, bakoitza 1.403 kVA-koa, guztira 2,806 MW-eko potentzia instalatua.
  • Transformazio eta inbertsio zentro bat.

Sortutako energia elektrikoa 33 kV-eko lurpeko linea batetik aterako da instalazio fotovoltaikoko transformazio zentroko gelaxketatik "Corral del Molino I" 33/66 kV-eko transformazio azpiestazio elektrikoko gelaxketaraino. Azpiestazio hori Corellan dago, eta hura eraikitzeko baimena Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ekainaren 24ko 73/2022 Ebazpenaren bidez eman zen.

2.–Proiektua jendaurrean jartzea eta kontsultak egitea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan xedatutakoa betez, Renovables del Cierzo SLUren eskaera jendaurrean izan zen 30 egun baliodunez, iragarki bat jarri baitzen 2021eko 286. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 22koan, eta Corellako Udalaren ediktu-oholean; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxa egokian argitaratu zen.

Horrekin batera, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, kontsulta egin zitzaien Corellako Udalari eta Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

Ezarritako epearen barruan, "Paisajes y Viñedos de Navarra" elkartearen alegazioa eta Corellako Udalaren txostena jaso ziren. Biak sustatzaileari igorri zitzaizkion 2022ko martxoaren 7an.

"Paisajes y Viñedos de Navarra" elkartearen alegazioa

2022ko otsailaren 3an, "Paisajes y Viñedos de Navarra" elkarteak idazki bat aurkeztu zuen sei alegazio hauek egiteko:

–1. alegazioa.–Interesdun izatea.

–2. alegazioa.–Espedientea eskuratzea.

–3. alegazioa.–1170-CE espedientea jendaurrean jartzeko eta administrazioei kontsulta egiteko izapidearen iraungitzea.

–4. alegazioa.–Jendaurrean jartzeko iragarkia ez da nahikoa.

–5. alegazioa.–Lehendik baden espediente baten funtsezko aldaketa.

–6. alegazioa.–Ezin da hibridazio espedientetzat jo araudi elektrikoan oinarrituta.

Alegazioei erantzuna:

–1. alegazioa.–2022ko otsailaren 10ean bidalitako jakinarazpenean, alegatzaileari eskatu zitzaion froga zezala zer interes eta helburutan eragiten dion zuzeneko kaltea espedienteak, eta ez da erantzunik jaso. Nolanahi ere, ebazpen hau jakinarazi eginen zaio.

–2. alegazioa.–Espedienteko agiriak jendaurrean jarri ziren eta oztoporik gabe eskuratzen ahal dira, dela Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura bila joanda, dela modu telematikoan Nafarroako Gobernu Irekiko web fitxaren bitartez.

–3. alegazioa.–Alegazio hau ez dagokio izapidetzen ari den espedienteari (1170-2-CE).

–4. alegazioa.–Iragarkiak argi adierazten du hibridazio proiektu bat dela, eta aplikatu beharreko araudia betetzen du (abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren VIII. kapitulua).

–5. alegazioa.–Izapidetzen ari den eskaera ez da egungo instalazio bat aldatzeko, hibridazio proiektu baterako baino, eta aplikatu beharreko araudiari jarraikiz izapidetu da.

–6. alegazioa.–Hibridazio proiektu bat da, eta badu halakotzat sareratzeko eta sarera konektatzeko baimena, Red Eléctrica de España SAUk emana (erref.: DDS.DAR.23–0787).

Corellako Udalaren txostena:

2022ko otsailaren 9an, Corellako Udalak txosten bat erregistratu zuen, udal arkitektoak egina. Horren bitartez adierazten da badagoela hirigintza-bateragarritasuna eguzki instalaziorako, "deusetan galarazi gabe ukitutako lurzatiak Corellako herri-lurretakoak izateagatik tramitazioa egin behar izatea". Azkenik, sustatzaileak bete beharko dituen baldintza teknikoak azaltzen dira. Leku berean proiektatutako haize-parkearen baldintzen antzekoak dira.

Txostenari erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu du, eta berretsi du han ezarritako baldintzak beteko dituela.

3.–Ingurumen ukipena zehazteko txostena eta energia berriztagarrien proiektuetarako baimena emateko prozedura erraztua.

2022ko maiatzaren 12an, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak ezartzen dituen apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren xedapen iragankor bakarrarekin bat etorriz, Renovables del Cierzo SLUk ingurumen ukipena zehazteko txostena eskatu zion Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari. Eskaerarekin batera proiektuaren laburpen exekutiboa aurkeztu zuen.

Horrenbestez, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak ekainaren 21ean emandako 200E/2022 Ebazpenaren bidez ingurumen ukipena zehazteko aldeko txostena eman zen proiekturako, ingurumen ebazpenean berean jasotzen diren neurriak aplikatzeko baldintza ezarrita.

Geroago, 2022ko ekainaren 29an, apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 3. artikuluari jarraikiz, Renovables del Cierzo SLUk energia berriztagarrien proiektuak baimentzeko prozedura erraztua eskatu zuen.

4.–Lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena.

2022ko maiatzaren 9an, Renovables del Cierzo SLUk lurzoru urbanizaezineko jardueretarako baimena izapidetzen hasteko eskatu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 118.c) artikuluan ezarritakoarekin, zerbitzu honek Lurraldearen Antolamenduaren Atalari helarazi zizkion eskaera eta espedienteko dokumentazioa.

Horrenbestez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 28ko 403E/2022 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduteko eta hura erabiltzeko baimena eman zitzaion "Hibridación PV Corral del Molino I" eguzki instalazio fotovoltaikoari, hirigintza-ebazpenean berean azaltzen diren zehaztapenak betetzeko baldintza jarrita.

5.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emateko proposamena.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin bat etorriz, espedientean Renovables del Cierzo SLU enpresaren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria dago.

Era berean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Renovables del Cierzo SLUk garraio sarearen kudeatzailearen baimena du sarbidea eta konexioa egiteko proiektuan jasotzen den puntuan (2023ko otsailaren 21ean eguneratua; erref.: DDS.DAR.23–0787).

Horregatik, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian burutu dela, eta proposatu du Renovables del Cierzo SLUri aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea aipatu instalaziorako.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea Renovables del Cierzo SLUri, energia elektrikoa ekoizteko 2,806 MW-eko potentzia instalatuko "Hibridación PV Corral del Molino I" eguzki instalazio fotovoltaikoa ezartzeko Corellako udal mugartean, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 21eko 200E/2022 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 28ko 403E/2022 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzearen menpe.

2. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3. Obrak egiteko hogeita hamasei hilabeteko epea ematea.

4. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri obra-bukaerako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari fakultatibo eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian ezarritako gainerako dokumentazioa ere.

6. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Ondare Historikoaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Renovables del Cierzo SLUri, Red Eléctrica de España SAUri eta "Paisajes y Viñedos de Navarra" elkarteari, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi behar da.

9. Ebazpen hau Corellako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 10ean.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2304274