64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko martxoaren 15ean hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela Iruñeko ARS-1 eta ARS-3 banaketa-areetan (Magdalena) GSA-S sistema orokor atxikia (parkea) eta S-1 unitatea urbanizatzeko obrak egikaritzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2022ko uztailaren 1ean, Iruñeko Udalaren osoko bilkuraren erabakiaren bidez, Iruñeko Katastroko 6. poligonoko 1795. lurzatiko 822,22 metro koadro desjabetzeko espedienteari hasiera ematea onetsi zen, ARS-1 eta ARS-3 banaketa-areetan (Magdalena) GSA-S sistema orokor atxikia (parkea) eta S-1 unitatea urbanizatzeko obrak gauzatzeko. Horrekin batera, hasiera batez onetsi zen ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza eta, orobat, presako deklarazioa eskatu zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.

Erabaki hori 2022ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 21ekoan, jendaurrean jartzearen ondorioetarako. Epe horretan, alegazioak aurkeztu ziren, eta ezetsi egin ziren, osoko bilkuraren 2022ko urriaren 6ko erabakiaren bidez.

Udalak 2022ko abenduaren 1ean egindako osoko bilkuran erabaki zuen behin betiko onestea Iruñeko ARS-1 eta ARS-3 banaketa-areetan (Magdalena) GSA-S sistema orokor atxikia (parkea) eta S-1 unitatea urbanizatzeko obrak egikaritzeak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, zeina 2022ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, abenduaren 15ekoan.

Urbanizazio-obrak egikaritzeak ukitutako ondasun eta eskubideak presaz okupatu behar dira ebakuazio-bide bat ireki beharra dagoelako desjabetu beharreko lurzatian sor daitezkeen uholdeetarako, eta, bestalde, kanalizazio elektriko bat egin behar delako lurzati horretan berean. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren babesean, arrazoi hori lurrak presaz okupatzeko kasuetako bat da.

Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Iruñeko ARS-1 eta ARS-3 banaketa-areetan (Magdalena) GSA-S sistema orokor atxikia (parkea) eta S-1 unitatea urbanizatzeko obrak egikaritzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik beretik ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari eta Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304398