64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

155/2023 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira abeltzaintzaren sektoreari laguntzak eman dakizkion 2023-2029 aldian liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko, eta 2023ko laguntzen deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 683128.

Liburu genealogikoen kudeaketak, errendimendua kontrolatzeko programek eta genetikarekin, ugalketarekin, kalitatearen hobekuntzarekin eta ustiapenaren kudeaketarekin lotutako beste alderdi batzuek abeltzainen profesionalizazioan laguntzen dute eta abeltzaintzaren produktibitatea eta errentagarritasuna handitzea ahalbidetzen dute. Jarduera horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak babestu ditu duela urte batzuetatik hona, Nafarroako arraza ez-autoktonoetako abere hazleen elkarteen bitartez, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen araubide bat ezarriz.

Abeltzaintzaren sektorearentzako laguntza horiek, arraza ez-autoktonoetako liburu genealogikoak mantentzeko eta abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko direnak, bat datoz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluaren 2. puntuaren a) eta b) apartatuetan xedatutakoarekin (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria aitortzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2022ko abenduaren 21ekoa).

Kontuan hartuta Europar Batasunaren aurrekontuak 2021-2027 aldia hartzen duela, eta laguntzaren araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoek iraupen bera izan ohi dutela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aurreikusten du zenbait laguntza kategoria sortzea, 2029ko abenduaren 31ra artekoak.

Bestalde, Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita. Beraz, bidezkoa da oinarri batzuk ezartzea, arautzeko nola eman abeltzaintzaren sektoreari 2023-2029 aldian liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzak, eta 2023ko laguntzen deialdia onestea.

Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena eta aurrekontu-baliabideak ikusita.

Ikusita ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaiola.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea abeltzaintzaren sektoreari laguntzak eman dakizkion 2023-2029 aldian, arraza ez-autoktonoetako liburu genealogikoak mantentzeko eta abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko, eta erreferentziako kostuak onestea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasotako moduan, hurrenez hurren.

2. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta erakundearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta hamahirugarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

4. Deialdi bat onestea abeltzaintzaren sektoreari laguntza bat eman dakion 2023an liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko.

Hilabeteko epea dago 2023an laguntza eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

5. Deialdien honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 250.000 gastua baimentzen da, 2023ko gastu-aurrekontuen "Abeltzainen elkarteentzako laguntzak, arraza ez-autoktonoak" izeneko 710004 71300 4819 412202 partidaren kargura.

6. Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua igortzea Batzordeari, jakinarazpen elektronikoa egiteko duen sistemaren bidez, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 21ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, abeltzaintzaren sektoreari laguntzak eman dakizkion 2023-2029 aldian liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko

Lehenbiziko oinarria.–Xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1. Ebazpen honen xedea da abeltzaintzaren sektoreari laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko 2023-2029 aldirako.

2. Helburua da laguntza ekonomikoa ematea nekazaritzako ekoizpen primarioan aritzen diren enpresa txiki eta ertainei, Nafarroan egiten duten lan hauetarako: liburu genealogikoak kudeatzea, errendimendua kontrolatzeko programen garapena, kontserbazio planak, arrazen hobekuntza eta aholkularitza genetikoa, balorazio genetikoa eta hobekuntza zabaltzeko plana.

3. Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2022ko abenduaren 21ekoa).

4. Laguntza araubide honek indarra hartzen duenetik 2029ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta laguntzak jasotzeko betebeharrak.

1. Laguntza hauek men eginen diete Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako betekizunei; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

2. Laguntza hauek eskatu eta jasotzen ahalko dituzte Nafarroako arraza ez-autoktonoetako abere hautatuen hazleen elkarteek; horretarako, sartuta egon behar dute Espainiako abere arrazen katalogo ofizialean, eta behar bezala baimenduta, otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren I. eranskinaren arabera; orobat, errege dekretu horren 11. artikuluan aurreikusitako betebeharra konplitu behar dituzte (haren bidez, abeltzaintzako arrazak kontserbatzeko, hobetzeko eta sustatzeko programa nazionala eguneratzen da), eta ETEak izan, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

3. Nafarroako Foru Komunitateak ofizialki onartutako arraza ez-autoktonoetako abere hautatuen hazleen elkarte batean sartuta dauden eta nekazaritzako ekoizpen primarioan aritzen diren abeltzaintzako ustiategi txiki eta ertainak dira laguntza hauen azkeneko onuradunak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.

b) Abeltzaintzako ustiategiak jardunean egotea eta ETEak izatea, Batzordearen 2022ko abenduaren 21eko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea aurreko ekitaldiko abenduaren 31n.

c) Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta izatea, horrela baitago arautua Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan.

d) Ustiategiak ez daudela betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barneko merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

e) Krisian dagoen enpresa ez izatea, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan zehazten den bezala.

4. Ezin dute laguntza hauek lortu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.

5. Aurreko puntuan aurreikusitako egoeran dauden entitate eta enpresek laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo kondena bete, eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legedian xedaturiko baldintzekin, halako plana eskatzen ahal zaien kasuetan.

Hirugarren oinarria.–Abere hazleen elkarteen betebeharrak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiazta dezan abere hazleen elkarteek egindako lanak behar bezala egin direla eta operazioa eraginkorra izan dadin, laguntza ekonomikoa jasotzeko, liburu genealogikoak kudeatzeko abeltzain elkarteek ondoko konpromiso hauek bete behar dituzte:

a) Liburu genealogikoaren kudeaketa egitea, otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, eta arraza hobetu edo kontserbatzeko plana onetsita izatea.

b) Eskatzen duten guztiei erantzutea bere lanean, inolako diskriminaziorik egin gabe.

c) Objektibotasun osoz jardutea abere hazleen elkarteko eginkizunetan.

d) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

e) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk jaso izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

f) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren esku uztea bere eginkizunak egiteko behar dituen argibide guztiak, bai dirulaguntzaren kudeaketa eta kontrolari loturikoak, bai dirulaguntzaren xedeko elkartearen jarduerei loturikoak.

g) Elkarte bakoitzaren barrenean Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategien titularrak onartzea, hala eskatzen badute eta kasuan-kasuan indarra duen arautegiak ezartzen dituen beharkizunak betetzen badituzte. Eskaerak unean uneko langile kopuruaren arabera ihardetsiko dira.

h) Esnearen kontrol ofiziala egiten duten elkarteen kasuan, Esnea Kontrolatzeko Nafarroako Zentroari hautaketaren eskema bat ematea, bai eta bukatutako esnealdi baliozkotuen kopurua ere, Behi, ardi eta ahuntz azienden espezieetan ebaluazio genetikorako esne errendimenduaren kontrol ofiziala arautzen duen apirilaren 8ko 368/2005 Errege Dekretuaren 2. artikuluan zehazten diren bezala.

i) Bigarren mailako elkarte batek ofizialki onetsitako liburu genealogikoak kudeatzen baditu, beharturik egonen da kontserbazioa, errendimenduen kontrola eta arrazaren hobekuntza egiteko liburu genealogikoak kudeatzen dituen elkarteak ezarri eta ofizialki onetsitako programan parte hartzera.

j) Elkarteak erreferentziako urtean egindako jardueren memoria bat aurkeztea eta, besteak beste, ondokoa zehaztea: liburu genealogikoan egindako inskripzio kopurua, haren bukaerako egoera, egindako errendimenduen kontrolen edo kontrol morfologikoen kopurua eta horiek zenbat animaliari egin zaizkien, bai eta intseminazioen edo estalduren kopurua ere.

Laugarren oinarria.–Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

1. Laguntzaren eskabideak aurkezteko epea 2024-2029 aldiko urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta hilabeteko epean amaituko, urteko laguntzaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura zuzenduko dira, eta, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayuda-a-las-asociaciones-de-criadores-de-ganado-de-razas-no-autoctonas (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Eskabideekin batera, I. eranskin honen zazpigarren oinarrian zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4. Abere hazleen elkarteak laguntza lehen aldiz eskatzen duenean edo laguntzaren abonu-kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidezko ordainketa-inprimakia aurkeztu beharko du dirulaguntzaren eskabidean, behar bezala beteta: transferentzia bidezko ordainketa-eskabidea (http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/F41AF884-329B-4035-B577-8AF83F3A2713/469034/Solicitudabonotransferenciacastellano.dot).

Bosgarren oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Laguntza honen esparruan, diruz laguntzen ahalko dira abere hazleen elkarteen jarduerak antolatzeko eta egiteko kostuak, ebazpen honen II. eranskinean deskribatzen den moduan.

2. Kostu diruz lagungarriak honako kontzeptu hauen batura gisa kalkulatuko dira:

1.–Langileriaren gastu zuzenak, ondoko kontzeptuak batuz kalkulatuko direnak:

–Soldaten kostua.

–Enpresaren kargurako Gizarte Segurantza.

–Gastu orokorrak.

–Jarduera behar bezala gauzatzeko egin beharreko bidaia eta joan-etorrien gastuak.

2.–Beste gastu zuzen batzuk, liburuaren mantentze-lanei eta arrazaren hobekuntza genetikoari eta hedapenari egotz dakizkiekeenak:

–Zerbitzuak hirugarrenei kontratatzea.

–Hirugarrenen lanbide zerbitzuak eta laguntza teknikoa.

–Berariazko materialak erostea.

–Berariazko ekipoen konponketak eta mantentze-lanak.

–Material didaktikoen kostua.

–Animalia identifikatzeko materiala, nahitaezko identifikazioa izan ezik. Animaliak gobernatzeko materiala, laginak hartzea eta laborategietako analisiak, liburu genealogikoen ondorioetarako (inskripzioa, sailkapena eta filiazioen kontrola).

–Azterketa genetikoak egitea arrazaz, edo hazitarako animalien eta eme ugaltzaileen liburu genealogikoak eta katalogoak editatu eta argitaratzea.

–Ugalketarako abereen edo etorkizunean ugalketarako direnen balorazio genetikoekin lotura duten gastuak.

–Azterketa egiteko zentroetara garraiatzearen gastuak.

3. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz lagunduko, salbu eta onuradunak ezin badu berreskuratu.

4. Laguntzek eragin pizgarria izan beharko dute, eta, beraz, onuradunak laguntzaren eskaera agintaritza eskudunari idatziz aurkeztu ondoko jardueretarako baino ez dira emanen.

Seigarren oinarria.–Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, jardueraren, espeziearen eta orientazioaren arabera.

1. Hautatu daitekeen gehieneko gastua kalkulatzeko, laguntza eskaeraren aurreko urtean abenduaren 31rako benetan egindako jardueren adierazleak erabiliko dira, puntu honetan zehazten diren adierazleen zerrendaren arabera, bai eta erantsitako taularen zenbatekoen arabera ere. Eman beharreko laguntzen zenbateko osoak aurrekontuan dagoen dirua gainditzen badu, eman beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

2. Baldintzak betetzen dituen elkarte berri baten kasuan, adierazleak zehaztuko dira taula horietan arraza motaren, zentsuen eta egin beharreko kudeaketa motaren eta kontrolen arabera horren antza handiena duen elkartearen adierazleak aplikatuz.

3. Operazio horretan aurreikusitako laguntza ondoko adierazleen arabera modulatzen da, eman beharreko gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Liburua eta balorazio genetikoa mantentzea. Eskaria zer urtetako laguntza deialdirako aurkezten den, haren aurreko urteko abenduaren 31n Nafarroako ustiategietan bizirik eta liburuko ataletan inskribatuta dauden animalien kopuru osoa zenbatuko da. Informazio hori ARCAn grabaturik egonen da, hori baita Espainiako abere arrazen katalogo ofizialean sartutako arrazei buruzko informazioa zabaltzeko funtsezko tresna, eta Informazio Sistema Nazionala herritarren eskura mantentzen du. Bertan, hainbat espezierekin, abere-arrazarekin eta horien arautegiarekin lotutako alderdi guztiak kontsulta daitezke.

b) Ugalketarako abereak behin betiko liburuan inskribatzea. Eskaera zer urtetako laguntza deialdirako aurkezten den, haren aurreko urtean baloratu eta behin betiko liburuan ugalketarako gai gisa inskribatu diren jaiotza liburuko animaliak zenbatuko dira.

c) Errendimendu kontrola duten animaliak Eskaera zer urtetako laguntza deialdirako aurkezten den, haren aurreko urtean arraza hobetzeko edo kontserbatzeko planaren barrenean errendimenduak kontrolatzeko programa baten menpe dauden animaliak zenbatuko dira arraza bakoitzean, eta Administrazioak beharko du baliozkotu.

d) Filiazioaren kontrol genetikoak. Eskaera zer urtetako laguntza deialdirako aurkezten den, haren aurreko urtean egindako kontrol genetikoak zenbatuko dira, jaiotza liburuko inskripzioak egiaztatzeko. Horren barrenean egonen da material genetikoa ateratzea, aztertzea eta ustezko aita-amekiko bateragarritasuna egiaztatzea.

e) Analisi genomikoak. Liburuan inskribatutako animalien analisi genomikoak zenbatuko dira haren balio genetikoa zehazteko.

f) Arrazaren hedapena, abeltzaintzako lehiaketetan parte hartuz (erakusketa, lehiaketa, enkantea). Eskaera zer urtetako laguntza deialdirako aurkezten den, haren aurreko urtean egindako lehiaketetan parte hartu duten animaliak, dagokien liburu genealogikoan inskribatuta daudenak, zenbatuko dira; gehienez ere lehiaketa bat hartuko aintzat arraza eta urte bakoitzeko.

4. Elkarte baten kontrol eskema funtsean aldatuz gero, bai eta adierazleetako bat gauzatzeko kostuak ere, laguntzaren urteko deialdian zenbateko berriak alda daitezke, adierazlea kostu berrira egokitu dadin.

LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA, JARDUERAREN, ESPEZIEAREN ETA ORIENTAZIOAREN ARABERA

(euro abelburuko)

Espeziea
eta orientazioa

Liburu genealogikoa mantentzea eta balorazio genetikoa

Balorazio
morfologikoa

Errendimendu kontrola duten animaliak

Filiazioaren kontrol genetikoak

Analisi
genomikoak

Arrazaren hedapena

Esnetarako behiak

3,00

5,00

12,00

10,00

20,00

15,00

Haragitarako behiak

2,40

8,00

8,00

8,00

20

24,00

Haragitako ardiak

0,30

0,75

0,75

10,00

15

3,00

Esnetarako ardiak

0,30

0,75

3,00

10,00

15

3,00

Zazpigarren oinarria.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntzak eskuratzeko beharrezko baldintzak egiaztatzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Elkartearen estatutuen kopia, laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada. Era berean, hura aurkeztu beharko da aldaketarik egin bada aurreko urteetan aurkeztutako dokumentazioan.

b) Eskaera egin aurreko urtean elkarteak egin dituen jardueren memoria, besteak beste datu hauek zehaztuta: liburu genealogikoan egindako inskripzioen kopurua, haien bukaerako egoera, egindako errendimendu kontrolen edo kontrol morfologikoen kopurua eta zenbat animaliari egin zaizkion, eta intseminazioen edo estalduren kopurua, egindako filiazio kontrolen kopurua, zenbat semen dosi igorri diren germoplasmaren bankura eta arraza hedatzeko egindako jarduerak, parte hartu duten animalien kopurua adierazita, kasua bada.

c) Memoria ekonomiko laburtua. Horretan diruz laguntzen ahal diren jarduerak egiteko behar diren gastuen egoera adierazgarria sartuko da, alde-aldera, eta bereziko dira liburu genealogikoak sortu eta mantentzeko gastuak eta abereen errendimendua zehazteko proben gastuak eta abereen kalitate genetikoa zehazteko proben gastuak, erreferentziako urtean. Gainera, diruz ezin lagundu diren jarduerek eragindako gastuen laburpena ere sartuko da.

d) Eskaera egiten den unean elkartean dauden abeltzaintzako ustiategien zerrenda, ustiategi bakoitzeko titularrak edo ordezkariak eta elkartearen ordezkariak sinatua. Bertan, baldintza hauek betetzen dituztela adieraziko dute:

a) Zerga betebeharrik eta Gizarte Segurantzarekikorik ez dutela, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako gainerako baldintzak betetzen dituztela.

b) Jardueran ari diren abeltzaintzako ekoizleen ustiategiak direla eta ustiategi horiek ETEak direla, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera.

c) Ustiategia Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

d) Ustiategiak ez daudela betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barneko merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

e) Krisiak jotako enpresa ez izatea, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan.

Abeltegiak bete beharreko baldintzak egiaztatu ondoren, deialdi honetan parte hartzen duen abere hazleen elkarteari dagokion ustiategien zerrendan sartuko da abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko kide gisa.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioen adierazpena; laguntzaren eskabidean jasotzen den moduan.

d) Baimena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen diona, egiazta dezan egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak, ekitaldi honetako laguntzen deialdiaren tramitazio prozeduraren barruan; laguntzaren eskabidean jasotzen den moduan.

e) Goiko d) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo erakundeak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adierazita zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

g) Erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

Zortzigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

Bederatzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Eskaera hartuta, eranskin honetako bigarren arauan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Zazpigarren oinarriaren araberako dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskabideak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen-proposamena igorriko du, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren.

4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

5. Ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi egin dela ulertuko da.

Hamargarren oinarria.–Ordaintzeko modua, epeak eta laguntzaren intentsitatea.

1. Lehenik, laguntza emateko baldintzak betetzen direla egiaztatuko da, elkarte bakoitzari dagokiona pagatu baino lehen. Abeltzain elkarteek liburu genealogikoak kudeatzeko beharrezko jarduera eta arraza hobetu eta kontserbatzeko planak egin dituztela frogatu ondoren emanen zaie laguntza elkarteei kudeaketa gastuak partez estaltzeko. Jardueraren adierazle batzuen arabera neurtuko da eta bi ordainketa eginen dira:

–Lehen ordainketa, egindako gastuagatik, ekainaren 30ean hautagarria den diru kopuruaren adinakoa, ordainketaren eskaera aurkeztu ondoren, gastuak eta ordainketak egiaztatzen dituen dokumentazioarekin batera.

–Azken ordainketa bat, hautagarria den diru kopuruaren adinakoa, eginen dena azaroaren 15a baino lehen honako hauek aurkeztu ondoren: ordainketa eskaera, kasuan kasuko gastu eta ordainketak justifikatzen dituen dokumentazioa, genero-ikuspegiaren arloko egoerari buruzko diagnostiko bat eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen esparruan erakundea hobetzeko helburuak. (2019ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 11koa).

2. Entitate eskatzaileari egokia iruditzen bazaio, ordainketa bakar bat egitea aukeratzen ahalko du ematen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzeko; horretarako, urtero, azaroaren 15a baino lehen, ordainketaren eskaera aurkeztu beharko du, erreferentziako epealdian diruz laguntzen ahal diren jarduerak garatzeko beharrezkoak diren gastuen fakturekin batera, eta, aurretik, egindako jardueren ondoriozko gastu eta ordainketa guztiak frogatzen dituen dokumentazioa, bai eta eskatzen ahal zaion gainerako dokumentazioa eta gastu eta ordainketa horien frogagiriak ere. Faktura elektronikoen bidez frogatzen ahalko dira gastuak, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

3. Diruz lagundu daitezkeen kostuak I. eranskin honen bosgarren oinarrian zehaztutakoak izanen dira.

4. Laguntza horiek men eginen diete Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako intentsitate-mugei. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluko 5. puntuko a) eta c) ataletan adierazitako portzentajeak aplikatuko dira; hortaz, liburu genealogikoak sortu eta mantentzeko administrazio gastuen %100 bitarte onartuko da eta hirugarrenek edo haien izenean abereen kalitate genetikoa edo errendimendua zehazteko egindako proben kostuen %70 bitarte. Kanpoan geratuko dira abeltzainak egindako kontrolak eta esnearen kalitatearen ohiko kontrolak.

5. Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du laguntzaren onuradunak bete egin dituela bai dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak, bai gardentasun betebeharra.

6. Laguntza gauzatan ordainduko da, eta ezin izanen da onuradunei zuzenean ordaindu.

Hamaikagarren oinarria.-Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzak metatzen ahalko dira, bat etorriz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin.

2. Zehazki, estatuko beste edozein laguntzarekin metatzen ahalko dira, baldin eta laguntza neurri horiek kostu diruz lagungarri eta identifikagarri desberdinetarako badira.

3. Estatuko beste edozein laguntzarekin ere metatzen ahalko dira, zati batean edo osorik kostu diruz lagungarri berberei badagokie, baldin eta metatze horrek ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo laguntza horri aplikatu beharreko laguntzaren zenbateko handiena, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren arabera.

4. Laguntza hauek ez dira metatuko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 145. artikuluko 2. apartatuan eta 146. artikuluan jasotako ordainketekin, diruz lagungarriak izan daitezkeen kostu berei dagozkienak, baldin eta metaketa horrek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.

5. Laguntza horiek ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien "de minimis" motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) III. kapituluan ezarritako laguntza-intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

Hamabigarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzea.

1. Bigarren oinarrian aipatutako betebeharretako edozein ez betetzeak edo hirugarren oinarriko b), c), f) eta g) letretako konpromisoei ez eusteak laguntzaren ordainketa ezestea ekarriko du.

2. Laguntza %25 murriztuko da hirugarren oinarriko d), e), h), i) eta j) letretako betebeharrak betetzen ez badira.

3. Hirugarren oinarriko a) letrako betebeharra ez betetzeak ekarriko du laguntza %10 murriztea, liburuko erregistroen gorabeherak animalia inskribatuen %10etik beherakoak direnean; %40 murriztuko da liburuko erregistroen gorabeherak animalia inskribatuen %10etik %20era bitartekoak direnean, eta %100 murriztuko da liburuko erregistroen gorabeherak animalia inskribatuen %20tik gorakoak direnean.

Hamahirugarren oinarria.–Laguntza jasotzen dutenen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf/

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan ageri dena.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamalaugarren oinarria.–Jarraipena.

Ebaluazio-organoak justifikazio informazioaren eta dokumentazioaren erregistro zehatzak gordeko ditu, erregelamendu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko. Erregistro horiek hamar urtez gordeko dira, laguntzaren araubide honen araberako azken laguntza ematen den egunetik aurrera. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hogei egun balioduneko epean edo eskabidean ezar daitekeen epe luzeagoan emanen dio Batzordeari erregelamendu honen aplikazioa kontrolatzeko erakunde horrek beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia.

Hamabosgarren oinarria.–Argitalpena eta informazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak informazio hau argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean:

a) Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.

b) Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean aipatzen den informazioa, nekazaritza ekoizpen primarioaren sektorean aritzen diren onuradunentzat emandako 10.000 eurotik gorako banakako laguntza bakoitzari buruz.

2. Aurreko 1.b) apartatuan aipatzen den informazioa sei hilabeteko epean argitaratuko da, eta gutxienez hamar urtez mantenduko da. Bi kasuetan, laguntza ematen den egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea.

3. Laguntza araubidearen testu osoak, bereziki, erregelamendu honen berariazko aipamen bat jasoko du, izenburua eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zeneko erreferentziak adierazita, bai eta egintza hori ukitzen duten III. kapituluko xedapen espezifikoak ere, edo, hala badagokio, erregelamendu honetako xedapen egokiak betetzen direla bermatzen duen legeria nazionala. Laguntza araubidearekin batera, aplikatu beharreko xedapenak eta horien aldaketak azalduko dira.

II. ERANSKINA

Erreferentziako kostuak

Ebazpen honen bosgarren oinarrian deskribatutako gastu diruz lagungarrietarako, ezin izanen da erreferentziako zenbatekotik gorako laguntzarik eman.

1.–Langileriaren gastu zuzenak, ondoko kontzeptuak batuz kalkulatuko direnak:

Soldaten kostua

Idazkari exekutiboa

40.000 euro diruz laguntzen ahal den ekitaldi bakoitzeko

Kontrolatzailea, kalifikatzailea edo baliokidea

24.000 euro, pertsonako eta diruz laguntzen ahal den ekitaldi bakoitzeko

Administraria

20.000 euro, pertsonako eta diruz laguntzen ahal den ekitaldi bakoitzeko

Enpresaren kargurako Gizarte Segurantza

Benetako ordainketa

Gastu orokorrak

Telefonoa

150 euro langileko

Posta eta paketeak bidaltzea

1000 euro urtean

Lokalak amortizatzea edo alokatzea

10.000 euro urtean

Jarduera behar bezala gauzatzeko egin beharreko bidaia eta joan-etorrien gastuak

Kilometrajea

0,30 euro/km

Ibilgailuen rentinga eta alokairua

10.000 euro ibilgailu/urte

Ostatu gastuak

66 euro egun bakoitzeko

Eguneko dieta (bazkaria eta afaria)

38 euro

Dieta erdia

19 euro

Bidaiatzeko txartela

Turista tarifa

2.–Beste gastu zuzen batzuk, liburuaren mantentze-lanei eta arrazaren hobekuntza genetikoari eta hedapenari egotz dakizkiekeenak:

Zerbitzuak hirugarrenei kontratatzea

Teknikaria

30 euro orduko

Kontrolatzailea

20 euro orduko

Administraria

15 euro orduko

Hirugarrenen lanbide zerbitzuak eta laguntza teknikoa

Teknikaria

30 euro orduko

Kontrolatzailea

20 euro orduko

Berariazko materialak erostea

Gehienez 5.000 euro urtean, edo 3 aurrekontu aurkeztea

Berariazko ekipoen konponketak eta mantentze-lanak

Irakurgailuak konpontzea

200 euro

Informatika ekipo eta programen konponketak eta materiala

Gehienez laguntzaren %10

Material didaktikoen kostuak

Gehienez 1.000 euro urtean

Animalia identifikatzeko materiala, nahitaezko identifikazioa izan ezik. Animaliak gobernatzeko materiala, laginak hartzea eta laborategietako analisiak, liburu genealogikoen ondorioetarako (inskripzioa, sailkapena eta filiazioen kontrola)

Genotipatuaren azterketa

10 euro

Esnearen azterketa

1 euro

Laginak hartzeko materiala

1 euro

Belarritakoak

0,5 euro

Azterketa genetikoak egitea arrazaz, edo hazitarako animalien eta eme ugaltzaileen liburu genealogikoak eta katalogoak editatu eta argitaratzea

Asoziazio genetikoaren azterketak

3.000 euro

Hazitarakoen katalogoaren argitalpena

2.000 euro

Ugalketarako abereen edo etorkizunean ugalketarako direnen balorazio genetikoekin lotura duten gastuak

Balorazio morfologikoa (kanpoko epaileak)

20 euro behi eta zaldientzat, 5 euro ardi, ahuntz eta txerrientzat

Genomika

50 euro

Azterketa egiteko zentroetara garraiatzearen gastuak

Kilometrajea

0,80 euro/km

Iragarkiaren kodea: F2304690