64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

135/2023 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2023ko uzta heldugaberako laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitatean, bat etorriz azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren II. kapituluko 5. atalean xedatutakoarekin.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduak, zeinak nekazaritza produktuen merkatuetako antolaketa komuna sortzen baitu eta 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) Erregelamenduak indargabetzen baititu, 47. artikuluan biltzen ditu uzta heldugaberako laguntzaren jarduketetan oinarrizkoak diren erreferentziak.

Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren II. kapituluko 5. atalak ezartzen du uzta heldugabeari aplikatu beharreko oinarrizko araudia (errege dekretu hori apirilaren 20ko 283/2021 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen). Haren 76. artikuluan ezartzen da erkidego autonomoren batek uzta heldugabea aktibatzeko eskatuz gero, Nekazaritzako Merkatu eta Produkzioen Zuzendaritza Nagusiak aurrekontuko diru-kopuru bat esleituko duela uzta heldugabearen neurrirako, eta horren xedea izanen da merkatuaren oreka berreskuratzeko bidea emanen duen ardo bolumen jakin bat erretiratzea. Ebazpen baten bidez finkatuko du diru-kopuru hori, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Hainbat autonomia erkidegok uzta heldugabearen neurria abiatu dadin eskatu dutenez, Nekazaritzako Merkatu eta Produkzioen Zuzendaritza Nagusiak neurriari finantzabidea emateko ebazpen bat eman zuen 2023ko otsailaren 10ean; zehazki, 2023ko finantza-ekitaldirako, 15 milioi euro esleitu zaizkio Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako laguntza programaren barruan dagoen neurri horri.

Uzta heldugaberako neurria abiatzeko, autonomia erkidegoek honako alderdi hauek ezarri behar dituzte: laguntza eskaerak aurkezteko epea, aplikatuko diren lehentasun irizpideak, onartutako eskaerei uko egiteko epeak, laguntza ordaintzeko metodoa eta mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzeko zuzeneko kostuei dagokien kostu unitarioen balioa (hektareako), bai eta galdutako diru-sarrerak kalkulatzeko aplikatu behar den mahatsaren batez besteko balioa ere.

Bat etorriz martxoaren 1eko 147/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrarekin, diru-sarreren galeragatiko konpentsazioa kalkulatzeko, kalkulutik at uzten ahalko dira ez-ohiko inguruabar justifikatuek ukitutako kanpainak, eta haien ordez aurre-aurrekoak sartu. 2020. eta 2021. urteetan, COVID-19aren pandemiaren gorabeherak direla-eta, bai eta 2022. urtean ere, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz, ardogintzako sektorearen merkatua nabarmen asaldatu zen, eta horrek eragin zuzena izan zuen urte horietako mahats-biltzeetan mahatsari ezarritako salmenta prezioetan. Horrenbestez, kanpaina horiek 2017, 2018 eta 2019. urteetako mahats-biltzeekin ordeztu dira. Nafarroako Foru Komunitateak, 2021eko maiatzaren 1ean, Nekazaritzako Merkatu eta Produkzioen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zion, batetik, aplikatuko den ordainketa metodoa kostu unitarioen baremo estandar batzuen araberakoa dela eta kostu unitario horien balioa, eta bestetik, zein diren hautatutako lehentasun irizpideak eta horien puntuazioak eskaeren hautapen prozesurako, Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako laguntza programan sar daitezen.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2023ko uzta heldugaberako laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitatean, bat etorriz azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren II. kapituluko 5. atalean xedatutakoarekin.

2. Eskaerak aurkezteko epea 2023ko apirilaren 15etik 28ra bitartekoa izanen da.

Uzta heldugaberako laguntza hartu nahi duten eskatzaileek horretarako eskaera aurkeztu beharko dute erregistro orokor elektronikoaren bitartez, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako beste edozein erregistro edo baliabide elektronikoren bidez. Eskaera Merkatuen Erregulaziorako Atalari zuzenduko diote, ezarritako ereduarekin bat, zeina eskuragarri baitago Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Pertsona fisikoek aukera dute eskaerak elektronikoki nahiz modu presentzialean (erregistro orokorraren bitartez) aurkezteko.

3. Laguntza eskaeretan sartutako lurzatiak hautatzeko prozeduran honako lehentasun irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.–Lurzatiari lotutako lehentasun irizpideak:

a) Kalitate bereziko figura batean (JDB/AGB) inskribatutako lurzatiak, baldin eta horietako produkzioa JDB edo AGB horretako ardoa egiteko bideratu bada uzta heldugabea aplikatzeko kanpainaren aurre-aurreko bi kanpainetan gutxienez. 2,5 puntu emanen zaizkie JDBan inskribatutako lurzatiei, eta 0,5 puntu AGBan inskribatutako lurzatiei.

b) Mahats mota: beltza edo zuria. 3,5 puntu emanen zaizkie mahats beltzeko lurzatiei, eta 0,5 puntu mahats zuriko lurzatiei. Lurzati berean mahats beltza eta zuria badaude, lurzati bakoitzean azalera handiena hartzen duen mahats motari dagokion puntuazioa emanen da.

c) Ardotarako mahatsaren barietatea. 5 puntu emanen zaizkie Tempranillo barietateko lurzatiei, 0,5 puntu Garnatxa barietateko lurzatiei, eta 0,5 puntu Cabernet Sauvignon barietateko lurzatiei. Lurzati berean mahats barietate bat baino gehiago badaude, lurzatian azalera handiena hartzen duen mahats barietateari dagokion puntuazioa emanen da.

d) Lurzatiaren azalera. 2 puntu emanen zaizkie Nafarroako Mahastien Erregistroko lurzatien azaleraren batez besteko baliotik gorako azalera dutenei; 0,8654 hektareakoa da balio hori.

e) Deuseztatze metodoa. 5 puntu emanen dira deuseztatzea eskuz egiten bada, 0,5 puntu deuseztatze metodo mekaniko bat erabiltzen bada, eta 0,5 puntu metodo kimiko bat erabiltzen bada. Lurzati batean deuseztatze metodo bat baino gehiago erabiltzen badira, lurzati horretan azalera handienean erabili den deuseztatze metodoari dagokion puntuazioa lortuko da.

f) Gidamodua. 2 puntu emanen zaizkie besorako gidamodua duten lurzatiei.

2.–Lurzati bakoitzerako lehentasun irizpideak, eskatzaileei loturikoak. Lehentasun irizpide hauek laguntza eskatzeko epea hasten denean bete beharko dira.

a) Mahastizain gazteak; halakotzat hartuko dira laguntza eskaera aurkezten den urtean gehienez ere 40 urte dituzten eskatzaileak. 4 puntu emanen dira.

Eskatzailea pertsona juridikoa bada, dagokion dokumentazioaren bidez frogatu beharko da ezen, pertsona juridiko horren barruan erabaki-ahalmena duten pertsona fisikoen %50ek, gutxienez, baldintza hori betetzen dutela. Horrek esan nahi du mahastizain gazteen partaidetza pertsona juridikoaren kapital sozialean guztizko kapital sozialaren erdia baino gehiagokoa izan behar dela edo boto eskubideen erdia baino gehiago eduki behar dutela.

b) Titulartasun partekatuko erregistroan inskribatutako ustiategiak, urriaren 4ko 35/2011 Legearen arabera: 3 puntu emanen dira.

c) Ogibide nagusia nekazaritza duten eskatzaileak (pertsona fisikoen kasuan) edo lehentasunezko nekazaritza ustiategi bateko titularra (pertsona juridikoen kasuan). 2 puntu emanen dira.

4. 1363/2018 Errege Dekretuaren 81.2 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, onartutako eskaerei uko egiteko epe bat ezartzen da, 5 egun baliodunekoa, laguntza onartzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aitzina.

5. Uzta heldugaberako laguntza kalkulatzeko bi konpentsazio hauek batuko dira: mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzeko zuzeneko kostuena eta mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzearen ondoriozko diru galerarena.

Deuseztatzeko zuzeneko kostuen konpentsazioa izanen da kostu unitarioen baremo estandarren %50; I. eranskinean daude jasota kostu unitarioen zenbatekoak, ekintza diruz lagungarri bakoitzeko.

Diru galeragatiko konpentsazioa, laguntzaren xedeko lurzati bakoitzeko, hau izanen da: mahatsaren batez besteko balioaren %50 bider lurzati bakoitzaren batez besteko errendimendua (amaitutako azken hiru kanpainen batezbestekoa izanen da). Kasua bada, errendimendu horrek muga bat izanen du; zehazki, dagokion kalitate figuraren pleguetan ezarritako gehieneko errendimendua.

Martxoaren 1eko 147/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra aplikatuz, diru-sarreren galeragatiko konpentsazioa kalkulatzeko, 2020, 2021 eta 2022ko kanpainak ordeztuko dira aurre-aurreko kanpainekin, hots, 2017., 2018. eta 2019. urtekoekin.

Kontuan hartuko diren mahatsaren batez besteko balioak honako hauek dira, mahastien kokapenaren arabera:

–Nafarroa jatorri-deiturako lurzatiak, Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietan aitortutako adierazpen geografiko babestuetakoak, lur-eremuko ardoetarakoak eta beste: 0,48 euro/kg.

–Errioxa jatorri-deitura kalifikatuko lurzatiak: 0,96 euro/kg.

1308/2013 Erregelamenduaren 47.3 artikuluarekin bat, uzta heldugaberako laguntzak honako muga hau izanen du: mahats-mordoak ezerezteko edo deuseztatzeko zuzeneko kostuen eta mahats-mordoak ezerezteko edo deuseztatzearen ondoriozko diru-galeraren baturaren %50 izanen da gehienez.

6. Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 84.1 artikuluarekin bat, laguntza ordaintzeko eskaeratzat hartuko da uzta heldugabearen gauzatze-dataren jakinarazpena, aipatu errege dekretuaren 82.2 artikuluaren ezarritakoarekin bat.

7. 38/2003 Legearen 13.3 bis artikulua betez, horrek eragina baitu 30.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten eskatzaileengan, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da laguntza eskaera aurkezterakoan, kasuan kasukoa:

a) Kontabilitateko arauekin bat galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, Kontu auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditoreak emandako ziurtagiria, frogatzen duena entitate eskatzaileak ordainketa epeak betetzen dituela, hornitzailearen aldez aurretiko ordainketarako edozein finantzabide gorabehera. Ondorio horietarako, auditoreak azkeneko urteko kontuen gainean egindako txostenean ondorioztatzen bada entitate eskatzaileak %100ean bete dituela hornitzaileei egin beharreko ordainketen epeak, nahikoa izanen da auditoreak egindako ziurtagiri bat, non adierazi beharko duen kontuak ikuskatzerakoan beharrezko prozedurak egin dituela frogatzeko urteko kontuen memoriaren edukia zuzena dela; horrek ziurtatuko du 13.3 bis artikuluko baldintza betetzen dela. Ezin bada ziurtagiri hori eman (ikuskatutako urteko konturik ez dagoelako edo urteko kontuek hornitzaileei ordaintzeko epeen betetzea %100etik beherakoa dela islatzen dutelako) "Adostutako prozeduren gaineko txosten" batean oinarritutako ziurtagiria aurkeztuko da, frogatzen duena entitate eskatzaileak ez duela, laguntza eskaera aurkezten duenean, ordaintzeko legezko epeak gaindituta dituen fakturarik ordaintzeke. Ziurtagiri horrek eskaera aurkezten den egunaren aurreko hilabetean egina beharko du izan, ez lehenagokoa.

b) Gainerako kasuetan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 26.artikuluan aurreikusitakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpena, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko kasuetako bakar batean ere ez egoteari buruzkoa.

8. Deialdi honetan aurreikusi gabeko orotan, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 76. artikulutik 86.era xedatutakoa aplikatuko da.

9. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

Iruñean, 2023ko martxoaren 14an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Baremo estandarrak, deuseztatzeko zuzeneko kostuengatiko kostu unitarioenak

DEUSEZTATZE METODOA (*)

ZENBATEKOA (euro/ha)

Kimikoa (eskuzko errepasoa barne)

400,00

Mekanikoa (eskuzko errepasoa barne)

500,00

Eskuzkoa

700,00

(*) 1363/2018 Errege Dekretuaren 76.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko, metodo kimikoa eta mekanikoa erabiltzen badira mahats-mordoak guztiz kentzeko, beharrezkoa izanen da eskuzko errepasoa egitea.

Iragarkiaren kodea: F2304362