64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

445E/2023 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2023rako gastua baimentzen baita toki entitateei eta haien menpeko edo haiei loturiko entitateei dirulaguntzak emateko deialdirako, enpleguko eta toki garapeneko agenteak kontratatzeko, ekintzailetza bultzatzeko zerbitzuak eman ditzaten. DDBN identifikazioa: 673968.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enplegurako prestakuntza; lanbide orientazioa; enpresekin bitartekari eta aholkulari lanak egitea; lana aurkitzea; enplegua sustatzea; nork bere lana sortzeko eta ekintzailetzarako aholku ematea; lan sustapena; aukera berdintasuna eta laneratzea; eta enpleguaren egoeraren eta enplegu politiken azterketa Nafarroan; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko. Dirulaguntza horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da gastua baimentzea 2023. urtean toki entitateei dirulaguntzak emateko, ekintzailetza bultzatzeko zerbitzuak eman ditzaten.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 400.000,00 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko "Toki garapena sustatzeko laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4819 241105 partidaren kargura, toki entitateei eta haien menpeko edo haiei loturiko entitateei dirulaguntzak emateko deialdirako, ekintzailetza bultzatzeko zerbitzuak eman ditzaten. Deialdiaren oinarri arautzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 9ko 691/2014 Ebazpenaren bidez onetsi ziren. DDBN zenbakia: 673968.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura igortzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 21ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2303598