64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

15/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan helduentzako Batxilergoko irakaskuntzen ordenamendua, antolaketa, ezarpena eta ordutegia arautzen dituena araubide presentzialean eta urrutiko araubidean.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauaren testuan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

2/2006 Lege Organikoak 67.2 artikuluan ezartzen du helduentzako irakaskuntzak irakaskuntza presentzialaren bidez garatzen ahal direla, eta bai urrutiko hezkuntzaren bidez ere. Halaber, 69. artikuluan hezkuntza-administrazioak premiatzen ditu pertsona guztiei Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasketak egiteko aukera eskain diezaieten eta helduei ikasketa horien berariazko eskaintza (helduen beraien ezaugarrietara egokitua) egiteko bidezkoak diren neurriak har ditzaten. Eskumen hori ezartzen da halaber Batxilergoaren antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian.

Nafarroako Gobernuak, lege organikoak berak zein aipatutako errege dekretuak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko etapako irakaskuntzen curriculuma ezarri zuen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren bidez.

Foru dekretu horren laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, eta haren arauzko garapen gisa, Hezkuntza Departamentuari dagokio Batxilergoko irakaskuntzen eskaintza antolatzea helduentzat, hala Batxilergo presentzialean nola urrutiko Batxilergoan.

Ikasle horien ezaugarri bereziak direla-eta, komeni da zenbait aldaketa egitea, araubide arruntean baino antolaketa malguagoa izan dezaten, curriculuma haien inguruabar berezietara egokituta. Batxilergoa zenbait modalitateren bidez antolatzen da, modu malguan, ikasleei prestakuntza espezializatua eskaintzeko, dituzten asmo eta interesen arabera. Hura osatzen duten irakasgaiak bi ikasmailatan emanen dira; posible izanen da ikasmaila oso batean matrikulatzea edo, bestela, ikasmaila bateko edo bietako irakasgai batzuetan bakarrik matrikulatzea. Nolanahi ere, eguneko araubideko Batxilergoko maila berberak eskatuko dira eta kalitatezko Batxilergoa izanen dela bermatuko da.

Hori guztia kontuan hartuta, bidezkoa da, hortaz, garatzea ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan erregelamendu bidez ezarritakoa, eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan arautzea, foru agindu honen bidez, helduentzako Batxilergoko irakaskuntzen ordenamendua, antolaketa, ezarpena eta ordutegia, araubide presentzialean eta urrutiko araubidean.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan helduentzako Batxilergoko irakaskuntzen ordenamendua, antolaketa, ezarpena eta ordutegia arautzea, araubide presentzialean eta urrutiko araubidean, bat etorriz Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan xedatutakoarekin (foru dekretu horrek Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen du Nafarroako Foru Komunitatean).

2. Foru agindu hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta badaude eta Batxilergoko irakaskuntzak ematen badituzte araubide presentzialean nahiz urrutiko araubidean.

2. artikulua. Batxilergoa hezkuntza sistemaren esparruan.

1. Batxilergoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko irakaskuntzetako bat da, beste hauekin batera: erdi mailako Lanbide Heziketa; Arteetako Lanbide Irakaskuntzak, bai Musika eta Dantzakoak bai erdi mailako Arte Plastikoak eta Diseinukoak; eta erdi mailako Kirol Irakaskuntzak.

2. Bi ikasmaila ditu, zenbait modalitatetan garatzen da, eta irakasgai komunen, modalitateko irakasgaien eta aukerako irakasgaien arabera antolatuta dago.

3. artikulua. Ezarpena.

1. 2022-2023 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta dauden ikastetxe guztietan ezarriko dira helduentzako Batxilergoko lehen ikasmailako irakaskuntzak, ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuak ezarritako curriculumaren arabera (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen du).

2. 2023-2024 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta dauden ikastetxe guztietan ezarriko dira Batxilergoko bigarren ikasmailako irakaskuntzak, ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuak ezarritako curriculumaren arabera (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen du).

4. artikulua. Helduentzako Batxilergoko ikasketetan sartzea eta etapan jarraitzea.

1. Helduentzako Batxilergoko irakaskuntzetan sartzen ahalko dira baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Adinari buruzko betekizunak. Egoera hauetatik edozeinetan dauden pertsonak:

–Hemezortzi urte baino gehiago eduki edo ikasturtea hasten den urtean adin hori betetzen dutenak.

–Salbuespenez, hamasei urtetik gorakoak, baldin eta eskatzen badute eta ikastetxeetako araubide arruntean joaterik ez badute lan kontratu bat dutelako edo goi-errendimenduko kirolariak direlako.

–Horrez gain, Hezkuntza Departamentuak salbuespenez irakaskuntza hauetan sartzeko baimena ematen ahalko die hamasei urtetik gora eduki edo ikasturtea hasten den urtean adin hori betetzen dutenei, bai eta, adinaren baldintza hori betetzen dutelarik, Espainiako hezkuntza sisteman eskolatu gabe daudenei ere. Bi kasuetan behar bezala egiaztatu behar dira ikastetxe arruntetara joatea eragozten dieten inguruabarrak.

b) Betekizun akademikoak. Honako titulu hauetarikoren bat duten pertsonak:

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.

–Lanbide Heziketako teknikari titulua edo goi mailako teknikari titulua.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua edo goi mailako teknikari titulua.

–Kirol teknikari titulua edo goi mailako kirol teknikari titulua.

2. Helduentzako Batxilergoan matrikulatutako ikasleek ez dute izanen ikasketa horietan irauteko mugarik, araubide arruntean gertatzen den bezala, non gehienez ere lau urtez egon daitezkeen.

5. artikulua. Matrikula.

1. Ikasmaila osorako matrikula egin daiteke edo, bestela, ikasmaila bateko edo bietako irakasgai batzuetarako bakarrik. Era berean, bigarren ikasmailako matrikula egiteko lehenengo ikasmailako bi irakasgai uzten ahalko dira, gehienez, gainditu gabe. Betiere, foru agindu honen zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari eutsiko zaio.

2. Helduentzako Batxilergoko irakaskuntzetako matrikula bateraezina izanen da ikasturte berean araubide arrunteko Batxilergoan matrikulatzearekin.

6. artikulua. Etaparen antolaketa.

1. Helduentzako Batxilergoa honako modalitate hauetan garatuko da eta ikastetxeek haiexek eskaintzen ahalko dituzte, aurrez Hezkuntza Departamentuak baimendurik:

–Zientziak eta Teknologia.

–Giza eta Gizarte Zientziak.

–Orokorra.

2. Helduentzako Batxilergoaren Zientzien eta Teknologiaren modalitatean, araubide presentzialeko nahiz urrutiko araubideko irakaskuntzen egitura eta araubide presentzialean irakasgai bakoitzari eskaini beharreko asteko eskolaldien kopurua foru agindu honen I. eranskinean xedatutakoari egokituko zaizkio.

3. Helduentzako Batxilergoaren Giza eta Gizarte Zientzien modalitatean, araubide presentzialeko nahiz urrutiko araubideko irakaskuntzen egitura eta araubide presentzialean irakasgai bakoitzari eskaini beharreko asteko eskolaldien kopurua foru agindu honen II. eranskinean xedatutakoari egokituko zaizkio.

4. Helduentzako Batxilergoaren modalitate Orokorrean, araubide presentzialeko nahiz urrutiko araubideko irakaskuntzen egitura eta araubide presentzialean irakasgai bakoitzari eskaini beharreko asteko eskolaldien kopurua foru agindu honen III. eranskinean xedatutakoari egokituko zaizkio.

5. Ikasleek, matrikulatuta dauden ikasmailaren eta modalitatearen barruan, aukeratzen ahalko dute, alde batetik, aukeratzen ahal diren modalitateko irakasgai espezifiko guztien artean, eta, bestetik, aukerako irakasgai guztien artean. Horretarako, ikastetxeek modalitateetako irakasgai espezifiko guztiak eskainiko dituzte, bai eta aukerako irakasgai guztiak ere, foru agindu honen I., II. eta III. eranskinetan xedatutako egituren arabera. Irakasgaiak irakastea mugatzen ahalko da, baldin eta horiek aukeratu dituzten ikasleak nahiko ez badira.

6. Horretarako, oro har, ikasleentzat aukerako gisa eskainitako irakasgaiak –modalitateko irakasgai espezifikoen barruan edo aukerako irakasgaien barruan– bakarrik irakatsiko dira gutxienez hogei ikaslek aukeratzen badituzte. Nolanahi ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egoera jakin batzuk baloratzen ahal ditu, eta nahiz eta modu orokorrean ezarritako gutxieneko ikasle kopurua baino gutxiago izan, baimentzen ahal du irakasgai horiek ematea.

7. artikulua. Aukerako irakasgaiak.

1. Lehen ikasmailako aukerako irakasgaiak bi bloketan antolatuta egonen dira, eta honako irakasgai hauek osatuko dituzte:

–1. blokea: Kultura Zientifikoa, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, Kultura Klasikoa eta ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak.

–2. blokea: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Nafarroako Geografia eta Historia, aukeratutako modalitateko lehen ikasmailako irakasgai espezifiko bat gutxienez, eta ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak.

Oro har, ikasleek bloke bakoitzetik aukerako irakasgai bat hartuko dute. Hala ere, urrutiko araubideko Batxilergoan ikasleek bloke bereko aukerako bi irakasgai ikasten ahalko dituzte.

2. Bigarren ikasmailako aukerako irakasgaiak bloke bakar batean ordenatuta egonen dira, eta honako irakasgai hauek osatuko dute bloke hori: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Nafarroako Geografia eta Historia, aukeratutako modalitateko bigarren mailako irakasgai espezifiko bat gutxienez, eta ikastetxeak diseinatutako irakasgaiak.

3. Ikasleek Nafarroako Geografia eta Historia irakasgaia bi ikasmailetako batean bakarrik ikasten ahalko dute, eta ikasleek ez dute bigarren ikasmailan irakasgai hori aukeratzen ahalko aurrez gainditua badute.

4. Foru agindu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren babesean lehenengo ikasmailan erlijioa ikastea aukeratu duten ikasleek hura 1. blokean ikasiko dute.

8. artikulua. Atzerriko Bigarren Hizkuntza.

1. Oro har, Atzerriko Bigarren Hizkuntza ikasten duten ikasleek etapa osoan izanen dute irakasgaia, eta etapa osoan irakatsiko dela bermatuko zaie. Irakasgaiaren programazioak bermatuko du bi ikasmailetan koherentzia izanen duela.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Atzerriko Bigarren Hizkuntza izan ez duten ikasleek edo Batxilergoko lehenbiziko ikasmailan izan ez dutenek aukera izanen dute Atzerriko Bigarren Hizkuntzako irakaskuntzetan sartzeko, lehenbiziko edo bigarren ikasmailan hurrenez hurren. Aldez aurretik departamentu didaktikoak egindako proba bat gainditu behar da, eta horrek bermatuko du ikasleak badituela ezagupen egokiak irakasgai horretan eskatutako mailara sartzeko.

3. Salbuespen gisa, ikasleak Atzerriko Bigarren Hizkuntza ikasteari uzten ahalko dio edozein ikasturte bukatutakoan, ikasleak berak eskaera idatziz aurkeztu eta gero. Eskaera ikastetxeko zuzendariari bidaliko zaio, arrazoiak adierazita. Zuzendariak, dagokion koordinazio didaktikoko departamentuari kontsulta egin ondoren eta alegatutako arrazoiak kontuan hartuta, eskaeraren inguruan ebatziko du.

9. artikulua. Ikastetxeak diseinatutako irakasgaiak.

1. Beren autonomia baliatuz, ikastetxeek beren kabuz diseinatutako irakasgaiak antolatzen ahalko dituzte, eta halakoak aukerako irakasgaien artean eskainiko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

–Eskaintza ikastetxearen ezaugarrien eta ikasleen behar eta espektatiba orokorren araberakoa izanen da.

–Beren irakasgaiak diseinatzea aukeratzen duten ikastetxeek inguruabar hori jaso beharko dute beren hezkuntza proiektuan eta Urteko Programazio Orokorraren urteko zehaztapenetan.

–Eskaintzen ahal diren irakasgaien kopuruari dagokionez, ikastetxeek diseinu propioko irakasgaiak eskaintzeak ez du inolako mugarik izanen.

2. Irakasgai bakoitzaren diseinuak honako alderdi hauek jaso beharko ditu:

–Irakasgaiaren justifikazioa, ikastetxeko hezkuntza proiektuari dagokionez.

–Irakasgaiaren curriculuma: gaitasun espezifikoak eta, horietako bakoitzerako, funtsezko gaitasunen deskriptoreekiko lotura eta dagozkien ebaluazio irizpideak, bai eta oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukiak ere.

–Hura garatzeko eskuragarri dauden materialak eta baliabide didaktikoak.

–Zer departamentu arduratuko den koordinazio didaktikoaz edo, halakorik izan ezean, zer espezialitatetakoak diren hura emateaz arduratuko diren irakasleak.

3. Ikastetxeek diseinu propioko irakasgaiak eskaintzea erabakitzen badute, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko diote, ikasturte bakoitzerako ezarritako epeen eta baldintzen arabera.

10. artikulua. Araubide presentzialeko helduentzako Batxilergoko irakaskuntzen ordutegia.

Araubide presentzialeko helduentzako Batxilergoko ordutegia honako irizpide hauen arabera antolatu beharko da:

a) Oro har, ordutegia antolatzeko, kontuan hartuko dira Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunak kasuan kasuko ebazpenean ezartzen ahal dituen baldintzak: urtero Batxilergoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetako egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak xedatzen dituen ebazpena, hain zuzen ere.

b) Oro har, Batxilergo mota honetako ikasmaila bakoitzean ikasleek astelehenetik ostiralera izanen dituzte eskola orduak, eta egunean sei ikas saio izan ditzakete gehienez. Ikas saio bakoitzak 45 minutuko iraupena izanen du.

c) Ikastetxeek eskola ordutegi zabalagoa eskatzen ahal dute: astean bi ikas saio gehiago, gehienez. Ordutegi zabalagoak ez du inola ere ekarriko ikasleei edo familiei ekarpenik eskatzea edo Hezkuntza Departamentuari ohiz kanpoko baliabiderik eskatzea.

d) Bigarren ikasmailako irakasgaietan eta lehen ikasmailako irakasgaietan batera matrikulaturik dagoen ikasleren batek ezin badu irakasgairen baten eskoletara joan ordutegiak bateraezinak izateagatik, koordinazio didaktikoko departamentuak arduratuko dira hari laguntzeaz eta hura ebaluatzeaz. Ikasle horiei arreta emateko lan plan bat jasoko da programazio didaktikoetan.

11. artikulua. Urrutiko araubideko helduentzako Batxilergoko irakaskuntzen antolaketa espezifikoa.

1. Ikasleak tutore bat izanen du matrikulatu den irakasgai bakoitzeko.

2. Ikasleari irakasgai bakoitzean arreta emateko, taldeka zuzeneko tutoretzak izanen dira eta banaka orientaziorako tutoretzak eskainiko dira.

3. Urrutiko Batxilergoan dauden ikasleen kasua berezia denez, ikasle hauek nahi izanez gero joaten ahalko dira tutoretzetara. Taldeko tutoretza saioetara joan ezin diren ikasleek ikasturte hasieran eman behar izanen diote horren berri tutoreari, eta orduan zehaztuko da zein den haien beharrizanetara egokitzen den banakako tutoretza mota.

4. Taldeka egiten diren tutoretza saio presentzialetan irakasgaiaren funtsezko alderdiak jorratuko dira ikasleekin, ikasturte hasieran tutoreak jakinaraziko dien jarduera programari jarraikiz.

5. Banakako tutoretza saioak telefono bidezkoak, telematikoak edo presentzialak izan daitezke. Horien bidez, tutoreak ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuaren banakako jarraipena eginen du, orientazioa emanen dio eta zalantzak argituko dizkio.

6. Oro har, irakasgai bakoitzak astean ordu kopuru jakin bat izanen du taldeko tutoretzarako, eta beste ordu kopuru bat banakako tutoretzarako. Dena den, irakasgai batzuetan (matrikulatu den pertsona kopurua eta helduen beharrak eta interesak kontuan hartuta), astean tutoretzarako ezarri den ordu kopurua aldatzen ahalko da, aurretik hala adosten badute ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak.

7. Ahal dela, ordutegia prestatzerakoan, talde eta modalitate bakoitzeko asteko tutoretza saioak (taldekoak eta banakakoak) ahalik eta astegun gutxienetan bilduko dira, ikasleak haietara joan daitezen errazteko.

8. Ikastetxeetan irakasleen eta ikasleen arteko komunikazioa errazteko gela birtual bat izanen dute. Gela horretan, gainera, ikasleak orientatzeko eta haien ikaskuntza prozesuari laguntzeko beharrezkoak diren hezkuntza baliabideak egonen dira.

9. Urrutiko Batxilergoko ikasleek ikasmailako gida bat izanen dute, beren lan autonomoa bideratuko duena. Gida hori ikasketaburuaren ardura izanen da, eta informazio orokorra bilduko du ikastetxeari, ordutegiei, egutegiei eta abarri buruz. Gainera, ikasleak irakasgaietako bakoitzaren lan-agenda bat edukiko du, ikaskuntza errazteko jakingarritzat jotzen den informazioarekin: curriculumaren osagaiak, denbora banaketa, material didaktikoak, jarduerak, ikasteko orientabideak etab.

10. Koordinazio didaktikorako departamentuen ardura izanen da lan-agenda prestatzea, eta ikasketaburuak lan hori zuzenduko du.

11. Zuzendaritza taldeak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek, ikasturte hasieran, agenda hori jaso dezaten edo bide telematikoz eskuratzeko aukera izan dezaten.

12. artikulua. Batxilergoko araubide arruntaren eta helduentzako Batxilergoaren arteko mugikortasuna.

1. Araubide arrunteko Batxilergoan dabilen ikaslea helduentzako Batxilergoko irakaskuntzak egiten has daiteke, baldin eta araubide arrunteko irakasle taldeak mailaz igotzeari eta, kasua bada, titulazioari buruz hartutako azken erabakia errespetatzen badu.

2. Hogei urtetik gorako ikasleak edo ikasturtea hasten den urtean adin hori betetzen dutenak ez ditu lotetsiko aurreko apartatuan aipatutako erabakiak, eta araubide arrunteko Batxilergoan gainditutako irakasgaiak ez dituzte berriro ikasi beharko.

3. Araubide arrunteko Batxilergotik helduentzako Batxilergoko irakaskuntzetara sartzen diren ikasleen matrikulazioari dagokion guztian, foru agindu honen 5.1 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Helduentzako Batxilergoan ikasten ari den ikaslea araubide arrunteko Batxilergora alda daiteke, baldin eta oraindik ez badu amaitu lau urteko egonaldia. Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren 6.2 artikuluan ezartzen da lau urteko egonaldi hori. Ikasle horiek ez dituzte berriro ikasi beharko helduentzako Batxilergoan gainditu dituzten irakasgaiak. Haien matrikulan sartu beharko da lehen ikasmailako Gorputz Hezkuntza irakasgaia.

5. Ebaluazio agirietan jasoko da ikasleak irakaskuntza araubidea aldatu duela, foru agindu honetan ezarritakoa betez.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Erlijio irakaskuntza Batxilergoan.

1. Erlijio irakaskuntza Batxilergoan sartuko da, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.

2. Batxilergoaren etapan, erlijio irakaskuntzaren eskaintza derrigorrezkoa izanen da ikastetxeentzat eta borondatezkoa ikasleentzat.

Bigarren xedapen gehigarria.–Baimena ikastetxeei.

1. Iruñeko Bigarren Hezkuntzako "Plaza de la Cruz" eta "Navarro Villoslada" institutuei eta Tuterako Bigarren Hezkuntzako "Benjamín de Tudela" institutuari baimena ematen zaie helduentzako Batxilergo presentzialeko irakaskuntzak emateko; bestalde, "Félix Urabayen" Nafarroako Helduen Bigarren Hezkuntzako institutuari baimena ematen zaio helduentzako urrutiko Batxilergoko irakaskuntzak emateko.

2. Aurreko apartatuan aipatutako ikastetxeek Zientzien eta Teknologiaren eta Giza eta Gizarte Zientzien modalitateetako Batxilergoa eskainiko dute, bai eta modalitate Orokorrekoa ere. Ikastetxe horietakoren batek bestelako eskaintza egin nahi badu, Hezkuntza Departamentuak berariaz emandako baimena eskuratu beharko du.

3. Gainera, helduentzako Batxilergoa ematen ahalko dute Hezkuntza Departamentuak horretarako berariaz baimena ematen dien Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Helduentzako Batxilergoko matrikularen bateragarritasuna beste irakaskuntza batzuekin.

Helduentzako Batxilergoko matrikularen eta beste irakaskuntza batzuen bateragarritasuna Hezkuntza Departamentuak ezarriko du, oro har, Nafarroako Foru Komunitatean irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko urteko jarraibideetan.

Laugarren xedapen gehigarria.–Irakasgaiak irakasleei esleitzea.

1. Ikastetxe batean irakasten diren irakasgaiak ez badaude arauz koordinazio didaktikoko departamentu bati esleituta, edo koordinazio didaktikoko hainbat departamentutako irakasleek irakasten ahal badituzte, eta indarreko araudian ez badago ezarrita irakasgaiak emateko lehentasuna, ikastetxeko zuzendariak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak proposatuta, ikastetxeko koordinazio didaktikoko departamentu bati edo irakasleen espezialitate bati atxikiko dizkio irakaskuntza horiek.

2. Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendariak Kultura Zientifikoa, Kultura Klasikoa, Nafarroako Geografia eta Historia eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak irakasgaiak esleitzeko, honako hauek bete behar dira:

a) Kultura zientifikoa: Kultura Zientifikoa irakasgaia, ikastetxeko zuzendariak erabakitzen duenaren arabera, Biologia eta Geologia edo Fisika eta Kimika espezialitateetako irakasleei esleitu behar zaie.

b) Kultura Klasikoa: Kultura Klasikoa irakasgaia, ikastetxeko zuzendariaren irizpidearen arabera, Latina edo Grekoa espezialitateetako irakasleei esleitu behar zaie.

c) Nafarroako Geografia eta Historia: Nafarroako Geografia eta Historia irakasgaia Geografia eta Historia espezialitateko irakasleei esleitu behar zaie.

d) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak irakasgaia, ikastetxeko zuzendariak erabakitzen duenaren arabera, Informatika edo Teknologia espezialitateetako irakasleei esleitu behar zaie. Ikastetxeak ez badu espezialitate horietako irakaslerik, ikastetxeko zuzendariak esleitu beharko dizkio irakaskuntza horiek ikastetxeko koordinazio didaktikoko departamentuetako bati edo irakasleen espezialitateren bati.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Antolatzeko autonomia.

Foru agindu honetan azaldutakoak ez beste ordutegi antolaketa batzuk esperimentatu gogo dituzten ikastetxe publikoek horretarako baimena eskatu beharko diote, arrazoiak azalduta, Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunari.

Seigarren xedapen gehigarria.–Ikastetxe pribatuen eta pribatu itunduen titularren eskumenak.

Foru agindu honetan xedatutakoa ikastetxe pribatuei eta pribatu itunduei aplikatuko zaie, ikastetxe horien titularrek dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Irakasgaien arteko lehentasun baldintzak.

Ekainaren 29ko 72/2022 Errege Dekretuaren IV. eranskinean adierazten diren bigarren ikasmailako irakasgaiak gainditzeko, eranskin horretan adierazitako lehen ikasmailako irakasgaiak gainditu beharko dira, jarraitutasuna dakartelako. Halere, eta Hezkuntza Departamentuak gai horretan ezartzen duenarekin bat, modalitate berean ikasleak bigarren ikasmailako irakasgaian matrikulatzen ahalko dira lehen ikasmailako kasuan kasuko irakasgaia ikasi ez badute ere.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.–Araudiaren indarraldia.

2022-2023 ikasturtean, Batxilergoko bigarren ikasmaila Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 7ko 72/2015 Foru Aginduan xedatutakoaren bidez arautuko da. Foru agindu horrek helduentzako Batxilergoko irakaskuntzak araubide presentzialean eta urrutiko araubidean ematea arautzen eta antolatzen du Nafarroako Foru Komunitatean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

1. Indarrik gabe gelditzen da Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 7ko 72/2015 Foru Agindua, helduentzako Batxilergoko irakaskuntzak araubide presentzialean eta urrutiko araubidean ematea arautzen eta antolatzen duena Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Maila bereko edo apalagoko xedapenetan, indargabeturik dago foru agindu honetan ezarritakoaren aurka doan oro.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

I. ERANSKINA

Batxilergoko Zientzien eta Teknologiaren modalitateko egitura eta ordutegien antolaketa

Batxilergoko lehen ikasmaila.

IRAKASGAI

ORDU
BANAKETA

KOMUNAK

Filosofia

3

Gaztelania eta Literatura I

4

Atzerriko Hizkuntza I

3

MODALITATEA

Matematika I

4

(2 irakasgai)

Biologia, Geologia eta Ingurumen Zientziak / Marrazketa Teknikoa I / Fisika eta Kimika / Teknologia eta Ingeniaritza I

8

AUKERA

Erlijioa

2

AUKERAKO IRAKASGAIAK

B1

Kultura Zientifikoa / Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak / Kultura Klasikoa / Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak

B2

Atzerriko Bigarren Hizkuntza / Nafarroako Geografia eta Historia / Gutxienez irakasgai espezifiko bat, 1. ikasmailakoa, modalitatekoa / Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak

4

28

Batxilergoko bigarren ikasmaila.

IRAKASGAI

ORDU
BANAKETA

KOMUNAK

Espainiako Historia

3

Gaztelania eta Literatura II

4

Atzerriko Hizkuntza II

4

Filosofiaren Historia

3

MODALITATEA

Matematika II / Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II

4

(2 irakasgai)

Biologia, Geologia eta Ingurumen Zientziak / Marrazketa Teknikoa II / Fisika / Kimika / Teknologia eta Ingeniaritza II

8

AUKERAKO IRAKASGAIAK

Atzerriko Bigarren Hizkuntza / Nafarroako Geografia eta Historia / Gutxienez irakasgai espezifiko bat, 2. ikasmailakoa, modalitatekoa / Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak

4

30

II. ERANSKINA

Batxilergoko Giza eta Gizarte Zientzien modalitateko egitura eta ordutegien antolaketa

Batxilergoko lehen ikasmaila.

IRAKASGAI

ORDU
BANAKETA

KOMUNAK

Filosofia

3

Gaztelania eta Literatura I

4

Atzerriko Hizkuntza I

3

MODALITATEA

Latina I / Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika I

4

(2 irakasgai)

Ekonomia / Grekoa I / Mundu Garaikidearen Historia / Latina I / Literatura Unibertsala / Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika I

8

AUKERA

Erlijioa

2

AUKERAKO IRAKASGAIAK

B1

Kultura Zientifikoa / Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak / Kultura Klasikoa / Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak

B2

Atzerriko Bigarren Hizkuntza / Nafarroako Geografia eta Historia / Gutxienez irakasgai espezifiko bat, 1. ikasmailakoa, modalitatekoa / Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak

4

28

Batxilergoko bigarren ikasmaila.

IRAKASGAI

ORDU
BANAKETA

KOMUNAK

Espainiako Historia

3

Gaztelania eta Literatura II

4

Atzerriko Hizkuntza II

4

Filosofiaren Historia

3

MODALITATEA

Latina II / Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II

4

(2 irakasgai)

Enpresa eta Negozio Ereduen Diseinua / Geografia / Grekoa II / Artearen Historia / Latina II / Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II

8

AUKERAKO IRAKASGAIAK

Atzerriko Bigarren Hizkuntza / Nafarroako Geografia eta Historia / Gutxienez irakasgai espezifiko bat, 2. ikasmailakoa, modalitatekoa / Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak

4

30

III. ERANSKINA

Batxilergoko modalitate Orokorreko egitura eta ordutegien antolaketa

Batxilergoko lehen ikasmaila.

IRAKASGAI

ORDU
BANAKETA

KOMUNAK

Filosofia

3

Gaztelania eta Literatura I

4

Atzerriko Hizkuntza I

3

MODALITATEA

Matematika Orokorra

4

(2 irakasgai)

Ikastetxeko modalitateko irakasgaiak, 1. ikasmailakoak / Ekonomia, Ekintzailetza eta Enpresa Jarduera

8

AUKERA

Erlijioa

2

AUKERAKO IRAKASGAIAK

B1

Kultura Zientifikoa / Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak / Kultura Klasikoa / Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak

B2

Atzerriko Bigarren Hizkuntza / Nafarroako Geografia eta Historia / Gutxienez irakasgai espezifiko bat, 1. ikasmailakoa, modalitatekoa / Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak

4

28

Batxilergoko bigarren ikasmaila.

IRAKASGAI

ORDU
BANAKETA

KOMUNAK

Espainiako Historia

3

Gaztelania eta Literatura II

4

Atzerriko Hizkuntza II

4

Filosofiaren Historia

3

MODALITATEA

Zientzia Orokorrak

4

(2 irakasgai)

Ikastetxeko modalitateko irakasgaiak, 2. ikasmailakoak / Mugimendu Kultural eta Artistikoak

8

AUKERAKO IRAKASGAIAK

Atzerriko Bigarren Hizkuntza / Nafarroako Geografia eta Historia / Gutxienez irakasgai espezifiko bat, 2. ikasmailakoa, modalitatekoa / Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak

4

30

Iragarkiaren kodea: F2304237