64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

30/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 15ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Foru dekretu hori maiatzaren 26ko 40/2021 Foru Dekretuaren eta uztailaren 5eko 73/2022 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen.

Hezkuntza Departamentuan nabarmen handitzen ari da lan-bolumena, enplegu publikoko behin-behinekotasuna murrizteko irakasleen egonkortze prozesuak kudeatzeagatik, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea dela eta (foru lege horren bidez neurriak hartu ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz), bai eta aldian-aldian eman behar izateagatik ere prozesu horien egoerari buruzko informazioa foru, estatu eta Europako instantziei.

Prozesu berri horiek eta haiek ekarritako betebeharrek egundoko eragina dute horien euskarri diren aplikazio informatikoetan, eta, beraz, nabarmen handitzen dute Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuaren lan-karga. Horregatik, beharrezkoa da aipatutako zerbitzuaren egitura organikoa aldatzea, hura osatzeko eta errealitate horretara egokitzeko.

Hori dela eta, foru dekretu honen xedea da urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretua aldatzea, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena.

Horiek horrela, Hezkuntza kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren hamabostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretua aldatzea.

Aldatzen da urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–II. kapituluko 6. ataleko 28., 29. eta 30. artikuluak aldatzen dira (Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuari buruzkoa da atal hori). Aurrerantzean, honela egonen dira idatzita:

"28. artikulua. Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuaren egitura.

1. Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Informazio Sistemen Kudeaketaren Atala.

b) Ikastetxeetako Informazio Sistemen Garapenaren Atala.

c) Informazio Sistemen Eboluzio Proiektuen eta Administrazio Elektronikoaren Atala.

d) Software Arkitekturaren Atala eta Datuen Ingenieritzaren Atala.

2. Informazio Sistemen Kudeaketaren Ataleko burutza prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko da."

"29. artikulua. Informazio Sistemen Kudeaketaren Atalaren eginkizunak.

Informazio Sistemen Kudeaketaren Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Informazio sistemen mantentze-lanak kudeaketa, garapena eta etengabeko eragiketa egitea, Hezkuntza Departamentuaren beharrei erantzuteko eta bertan inplikatutako eragile guztiei komunikazio elektronikoa errazteko pixkanaka-pixkanaka.

–Ikasturte hasieran irakasleen lanpostuak betetzeko finkatutako egutegia konplitzeko beharrezkoak diren kudeaketa-prozesuak kudeatzea eta koordinatzea.

–Jarduerak planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea datuen kalitatea kudeatzearren Hezkuntza Departamentuaren kudeaketako informazio sistemetan.

–Datuak babesteko kultura sustatzea eta informazioaren segurtasunerako mekanismoak ezartzea Hezkuntza Departamentuaren informazio sistemen eraikuntzan eta eragiketan.

–Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuak garapen informatikoa estandarizatzeko ezartzen dituen ildoen jarraipena egitea, informazio sistema elkarreragingarriak, mantengarriak eta denboran iraunkorrak lortzeko asmoz.

–Jarraipena egitea Hezkuntza Departamentuko informazio sistemak modernizatzeko eta hobetzeko ezarritako estrategiari eta lehentasunei.

–Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuko gainerako unitateekin batera lan egitea kudeatutako proiektu eta produktu guztiak ezagutzeko, eta, horrela, euskarri homogeneoa eman ahal izateko eragile guztiei eta informazio sistema irekiak eta elkarri laguntzekoak sortzeko Hezkuntza Departamentu osorako.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan."

"30. artikulua. Ikastetxeetako Informazio Sistemen Garapenaren Atalaren eginkizunak.

Ikastetxeetako Informazio Sistemen Garapenaren Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Ikastetxeetako informazio sistemak sortu eta garatzeko proiektu informatikoak aztertu, definitu, garatu eta abian jartzea, oinarri harturik Hezkuntza Departamentuak eta, zehazki, eskola informazioa kudeatzeko eskumena duen unitateak ezartzen dituzten beharrak eta lehentasunak.

–Ikastetxeetako informazio sistemak etengabe mantentzea, kudeatzea, garatzea eta erabiltzea, ikastetxeen beharrei erantzuteko eta Hezkuntza Departamentuarekin eta hezkuntza komunitatearekin komunikazio elektronikoa errazteko.

–Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuak garapen informatikoa estandarizatzeko ezartzen dituen ildoen jarraipena egitea, informazio sistema elkarreragingarriak, mantengarriak eta denboran iraunkorrak lortzeko asmoz.

–Jarraipena egitea Hezkuntza Departamentuko informazio sistemak modernizatzeko eta hobetzeko ezarritako estrategiari eta lehentasunei.

–Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuko gainerako unitateekin batera lan egitea kudeatutako proiektu eta produktu guztiak ezagutzeko, eta, horrela, euskarri homogeneoa eman ahal izateko eragile guztiei eta informazio sistema irekiak eta elkarri laguntzekoak sortzeko Hezkuntza Departamentu osorako.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan."

Bi.–30 bis artikulua gehitu da, eta honela idatzita agertuko da:

"30 bis artikulua. Informazio Sistemen Eboluzio Proiektuen eta Administrazio Elektronikoaren Atalaren eginkizunak.

Informazio Sistemen Eboluzio Proiektuen eta Administrazio Elektronikoaren Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Proiektuak aztertu, definitu gauzatu eta abian paratzea, bai informazio sistema berriak sortzekoak, bai daudenak garatzekoak, Hezkuntza Departamentuak ezarritako premia eta lehentasunen ondoriozkoak.

–Informazio sistemen eboluzio proiektuak koordinatzea Hezkuntza Departamentuko unitate baten baino gehiagoren kudeaketa aldi berean ukitzen dutenean.

–Lankidetzan aritzea Hezkuntza Departamentuko informazio sistemak garatu, kudeatu, haien mantentze-lanak egin, eboluzionatu eta etengabe koordinatzeko, beharrei erantzuteko eta bertan inplikatutako eragile guztiei komunikazio elektronikoa errazteko pixkanaka-pixkanaka.

–Datuak egiaztatzeko eta kontsultatzeko zerbitzuen baimen-eskaerak kudeatzea Hezkuntza Departamenturako.

–Hezkuntza Departamentuko administrazio elektronikoko soluzioak definitzea eta ezartzea, estandar teknologikoen jarraipena eta elementu berrerabilgarriak lehenetsiz eta arloan eskumena duen unitate korporatiboarekin koordinatuta.

–Aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea Hezkuntza Departamentuko unitateen kudeaketa antolatu eta administrazioa modernizatzen duten proiektuak martxan jartzeko.

–Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuak garapen informatikoa estandarizatzeko ezartzen dituen ildoen jarraipena egitea, informazio sistema elkarreragingarriak, mantengarriak eta denboran iraunkorrak lortzeko asmoz.

–Jarraipena egitea Hezkuntza Departamentuko informazio sistemak modernizatzeko eta hobetzeko ezarritako estrategiari eta lehentasunei.

–Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuko gainerako unitateekin batera lan egitea kudeatutako proiektu eta produktu guztiak ezagutzeko, eta, horrela, euskarri homogeneoa eman ahal izateko eragile guztiei eta informazio sistema irekiak eta elkarri laguntzekoak sortzeko Hezkuntza Departamentu osorako.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan."

Hiru.–30 ter artikulua gehitu da, eta honela idatzita agertuko da:

"30. ter artikulua. Software Arkitekturaren Atala eta Datuen Ingenieritzaren Atalaren eginkizunak.

Software Arkitekturaren Atala eta Datuen Ingenieritzaren Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Hezkuntza Departamentuaren informazio sistema guztiak estaltzen eta osatzen dituzten arkitektura teknikoa, haren osagaiak eta softwarea garatzeko inguruneak definitzea, eguneratzea, mantentzea eta sostengatzea.

–Aholkularitza teknikoa ematea informazio sistema guztiak estaltzen eta osatzen dituzten arkitektura teknikoa, haren osagaiak eta garapen-inguruneak erabiltzeko eta hedatzeko.

–Informazio sistema guztietarako berrerabil daitezkeen elementu nagusiak definitzea, sortzea eta mantentzea.

–Beharrezko egiturazko eta arkitektura teknikoko erreformak proposatu, definitu eta bultzatzea, informazio sistema elkarreragingarriak, mantengarriak eta denboran iraunkorrak lortzeko asmoz.

–Zerbitzuko zuzendaritzarekin batera, Hezkuntza Departamentuko unitateen kudeaketa prozedurak edo informazio sistemak hobetzeko eskaerak koordinatzea, aztertzea, lehenestea eta esleitzea.

–Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean, datu ingeniaritzako plataforma eta datu-biltegiak definitzea, garatzea eta kudeatzea, arloan eskumena duen unitate korporatiboarekin koordinatuta.

–Informazio sistemetako datuak ateratzeko, eraldatzeko, integratzeko eta datu-biltegietara kargatzeko prozesuak inplementatzea, Hezkuntza Departamentuko unitateek ustiatu eta azter ditzaten.

–Hezkuntza Departamentuaren datuen kudeaketa koordinatzea, baita metadatuak eta gobernua ere.

–Devops kultura bultzatu eta sustatzea garapen ekipoen barruan.

–Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuko gainerako unitateekin batera lan egitea kudeatutako proiektu eta produktu guztiak ezagutzeko, eta, horrela, euskarri homogeneoa eman ahal izateko eragile guztiei eta informazio sistema irekiak eta elkarri laguntzekoak sortzeko Hezkuntza Departamentu osorako.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan."

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.

Foru dekretu honen bidez, honako unitate hauek kentzen dira:

a) Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atala.

b) Ikastetxeetako Informazio Sistemen Arkitekturaren eta Garapenaren Atala.

Bigarren xedapen gehigarria.–Unitateak sortzea.

Foru dekretu honetan unitate hauek sortzen dira:

a) Informazio Sistemen Kudeaketaren Atala.

b) Ikastetxeetako Informazio Sistemen Garapenaren Atala.

c) Informazio Sistemen Eboluzio Proiektuen eta Administrazio Elektronikoaren Atala.

d) Software Arkitekturaren Atala eta Datuen Ingenieritzaren Atala.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Burutza berriak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko baldintzak.

Sorrera berriko burutzak merezimendu lehiaketa bidez hornitzeko eskatuko diren baldintzak zehazten dira jarraian:

–Informazio Sistemen Kudeaketaren Atala: ez da berariazko betebeharrik eskatzen.

–Ikastetxeetako Informazio Sistemen Garapenaren Atala: ez da berariazko betebeharrik eskatzen.

–Informazio Sistemen Eboluzio Proiektuen eta Administrazio Elektronikoaren Atala: ez da berariazko betebeharrik eskatzen.

–Software Arkitekturaren Atala eta Datuen Ingenieritzaren Atala: ez da berariazko betebeharrik eskatzen.

Laugarren xedapen gehigarria.–Izenak aldatzea.

"Informazio Sistemen Kudeaketaren Atala" eta "Ikastetxeetako Informazio Sistemen Garapenaren Atala" izenek ordeztuko dituzte, hurrenez hurren, "Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atala" eta "Ikastetxeetako Informazio Sistemen Arkitekturaren eta Garapenaren Atala" izenak, foru dekretu honen maila bereko edo beheragoko xedapenetan jasotzen direnean, eta bereziki Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuan.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko martxoaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2304401