57. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

106E/2023 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten baita, 2023. urtean "Zainketen aldeko Tokiko Itunak" programan sartutako proiektuak garatzeko. DDBN identifikazioa: 677106.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita eta uztailaren 28ko 68/2021 Foru Dekretuaren bidez aldaturik dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki erakundeek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, baieztatzen du, foru lege honek esleitzen dizkien funtzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak osatuko duela toki erakundeen nahikotasun finantzarioa.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki erakundeek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, zainketaren arloan erantzunkidetasunaren aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta laguntzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki erakundeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Bestalde, 17/2019 Foru Legeak, apirilaren 4koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, administrazio publikoei eskatzen die pertsona guztien bizitzaren jasangarritasuna errazten duten baliabideak eskaintzeko, eta etxeko lanaren eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zainketen funtzio sozial eta ekonomikoa aintzatesteko, baita ordainsaririk edo aintzatespen profesionalik gabeko jarduera feminizatuak ere.

Horren harira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bizitzaren jasangarritasunean eta zainketen balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko, "Zainketen aldeko Itunak Nafarroan" programa garatzen du Nafarroako Gobernuaren departamentuekin eta tokiko erakundeekin lankidetzan.

Toki erakundeen errealitateen behar eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau onesten du, zuzenduta dagoena Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programan parte hartzen duten eta Zainketen aldeko Tokiko Itunen bidez emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzera eta bultzatzera bideratutako proiektuak gauzatzen dituzten toki erakundeetara. Ebazpenak deialdi honetan aurreikusten du Zainketen aldeko Tokiko Itunak programaren barneko ekintzak garatuko dituztela eskaera egiteko unean Zainketen aldeko Tokiko Itun bat sinatuta duten toki erakundeek edo, 2022ko abenduaren 31 baino lehen programan parte hartuta, 2023an sinatzeko dutenek.

Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkidate Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onestea, 2023an dirulaguntzak emateko Zainketen aldeko Tokiko Itunak programan parte hartzen duten Nafarroako toki erakundeei.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001-08100-4609-232200: Toki erakundeei transferentziak egitea berdintasun arloko politikak bultzatzeko

2023

100.000 euro.

4. Ebazpen hau, oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio irizpideak (II. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 17n.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 10era bitartean Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko. Erakunde horiek Zainketen aldeko Tokiko Itun bat sinatuta izan beharko dute eskaera egiten den unean, edo, 2022ko abenduaren 31 baino lehen programan parte hartu badute, 2023an sinatzeko eduki beharko dute. Helburua da itun horiek bultzatu eta sustatzea, toki erakundeek zainketen arloan planifikatzen eta egiten dituzten ekintza zehatz eta neurgarrien bidez.

2. oinarria. Erakunde onuradunak.

Toki erakundeak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

Nafarroako toki erakundeek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte:

1. Eskaera egiten den unean Zainketen aldeko Tokiko Itun bat sinatuta izatea edo, programan 2022ko abenduaren 31 baino lehen parte hartuz gero, 2023an sinatzeko izatea, bat etorriz erreferentziako araudiarekin: Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programa onesten duen urriaren 28ko 63/2022 Ebazpena (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/234/16).

2. Berdintasun teknikaririk ez duten toki erakundeen kasuan, ez izatea dirulaguntza hau bera eskatu duen edo eska dezakeen udalaz gaindiko beste toki erakunde, mankomunitate edo tokiko ekintzako talde bateko kide, bat etorriz Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programa onesten duen urriaren 28ko 63/2022 Ebazpenarekin.

4. oinarria. Exekuzio epea eta dirulaguntza izan dezaketen proiektuak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 10era bitartean egin beharko dira.

4.2. Dirulaguntzen xede diren proiektuek oinarri honetan zehazten diren ekintzak jasotzen ahalko dituzte, eta horien garapena eta kudeaketa egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.

4.3. Ekintza diruz lagungarri hauek ezartzen dira:

Ekintza zehatz eta neurgarriak, xede dutenak zainketen arloko erronkei eta premiei aurre egiteko konponbide partekatuak bilatzea, Nafarroako toki erakundeek egindakoak, baldin eta eskaeraren unean Zainketen aldeko Tokiko Itun bat sinatuta badute edo, 2022ko abenduaren 31 baino lehen programan parte hartuta, 2023an sinatzeko badute.

Prozesu hori gauzatzeko, jarraian zehazten diren bost esku-hartze ardatzetako batekin lotutako ekintzak eginen dira:

a) Sentsibilizazioa zainketen arloan, balioak aldatzeko eta orokortzeko.

Zainketari eta horri eskaintzen zaion denborari ikusgarritasuna eta garrantzia emateko ekintzak: gure burua zaintzea/zaintza pertsonala, beste pertsona batzuk zaintzea eta gure ingurua zaintzea (fisikoa, soziala eta naturala).

Apartatu honetako ekintza diruz lagungarritzat joko dira laguntza teknikoaren kontratazioa barne hartzen dutenak, helburuak hauek direnean:

–Dinamizazio-saioak eta lan-bilerak, erakundeek Zainketen aldeko Tokiko Itunarekin bat egin dezaten.

–Dinamizazio-saioak, erakundeek eta udal-arloek Zainketen aldeko Tokiko Itunean parte hartzeko eta sendotzeko.

–Zainketaren arloan udaletan dagoen errealitatea ezagutzeko azterlanak, ikerlanak eta diagnostikoak. Ekintza horien artean, ezin izanen dira diruz lagundu langileen barneko berdintasun planak eta plan horien aurreko diagnostikoak.

–Zainketei buruzko sentsibilizazio kanpainak. Kanpaina horien helburua izanen da zuzenean eragitea herritarrengan, administrazio publikoetan eta udalerrietako erakunde sozial, publiko eta pribatuetan, zainketei dagokienez.

b) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko prestakuntza/gaikuntza.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta zainketari lotutako beste ezagutzak, metodoak, jarrerak eta balioak ikasteko eta jasotzeko jarduketak, pertsonen eta ingurukoen bizitzaren eta ongizatearen hainbat alderditan eragina dutenak. Prestakuntza horren helburua da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea eta zainketaren banaketari buruzko esperientziak ezagutzea, zabaltzea eta elkarrekin partekatzea.

Prestakuntzaren baldintzak:

PRESTAKUNTZA PROGRAMA,
ZAINKETARI ETA EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNARI BURUZKOA

Norentzat:

Zainketen aldeko Tokiko Itunak sinatu dituzten erakundeetako pertsona guztiak, parte hartu nahi duten teknikariak eta politikariak eta herritarrak.

Prestakuntzaren edukiak:

"Zainketaren oinarriak" dokumentuaren esparru teorikoa eta kontzeptuala eta zainketaren esparruan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun errealaren eraikuntzaren esparruan kontziliazioari eta erantzunkidetasunari buruz beharrezkoak eta argitzaileak direnak.

Txertatuz joanen dira Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programa osatuko duten prozedura, metodo eta tresna guztiak.

Prestakuntza proposamenak egiten dituzten tokiko itun guztiek izanen dute NABIko teknikarien aholkularitza.

–Edukiak prestakuntzan parte hartzen dutenen ezagutzen eta esperientzien arabera diseinatu edo egokituko dira. Horrela lortuko da tokiko itunaren benetako beharretara egokitzea.

Noiz

2023ko azaroaren 10era arte.

c) Barne neurriak zainketak administrazioko eta erakunde sozial, publiko eta pribatuetako langileen artean banatzeko.

–Kontziliazioa, erantzukidetasuna eta zainketa-lanen banaketa ekitatiboa bultzatzeko neurriak administrazioko eta erakunde sozial, publiko eta pribatuetako langileentzat, eta pertsona horien ongizatearen eta osasunaren aldeko neurriak.

–Zainketaren arloko langileen lan, gizarte eta osasun arloko baldintzak hobetzeko neurriak eta zainketa-lan hori balioestekoak.

d) Zainketei buruzko politika publikoak edo herritarrei zuzendutako ekintzak, administrazioak eta erakunde publiko eta pribatuek bultzatutakoak.

Pertsonak zaintzea bultzatzen duten eta herritar guztiei arreta eta zaintza errazten laguntzen duten neurriak, arreta berezia eskainiz haurrei, adinekoei eta/edo mendekoei eta kolektibo bereziki kalteberei.

e) Zainketak banatzearren herritarrei zuzendutako neurriak eta ekintzak, gizarte erakundeek proposatu eta bultzatutakoak, Tokiko Itunerako.

Pertsonak zaintzea bultzatzen duten eta herritar guztiei arreta eta zaintza errazten laguntzen duten neurriak, arreta berezia eskainiz haurrei, adinekoei eta/edo mendekoei eta kolektibo bereziki kalteberei.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

4.4.1. Proiektuari loturiko zuzeneko gastuak:

Dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik; gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 10era arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira.

a) Laguntza teknikoa. Atal honetan dirulaguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, organismo publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek emana.

Pertsona edo entitate kontratatuaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da generoaren arloko prestakuntza (X. eranskina). 5.2 oinarrian adierazitako gehieneko zenbatekoaren %40ko edo hortik gorako balioan kanporatzen diren ekintzetan egiaztatu beharko da prestakuntza.

Toki erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera osoa azpikontratatzen ahalko du, salbu eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan ezarritakoa.

Toki erakundeak laguntza teknikoa kontratatzen ahalko du 4.3 apartatuan jasotako bost esku-hartze ardatzetako batekin lotutako proiektuak egiteko.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean soilik, beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Toki erakundearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, konparazio batera, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.1.e) atalean xedatutakoa salbu.

b) Diseinuan, edukian, abian jartzean eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.

c) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

d) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetan eginkizunak bateratzeko agertzen diren azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

e) Zainketei buruzko aisialdi edo josteta jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia jaso ez badute.

f) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasleak, familiak eta ikastetxeetako langileak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

g) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki erakundeek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.4.1. ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.

b) Toki erakundearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak, 4.4.2 oinarrian jasotakoak izan ezik.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.

d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).

5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez, zein den ere aurkezten den proiektuaren guztirako kostua:

Gehienez ere, 4.000 euro, dirulaguntza eskaera egin duen toki erakundeak sinatuta baldin badu Zainketen aldeko Tokiko Itun bat eskaera egiteko unean edo, 2022ko abenduaren 31 baino lehen programan parte hartuta, 2023an sinatzeko badauka.

Dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:

–Emanen den dirulaguntza ez da 4.000 eurotik gorakoa izanen.

–Aurkeztutako proiektuaren aurrekontuak ezin izanen du eman daitekeen gehieneko zenbatekoa gainditu.

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza, honako hau aplikatuta:

a) 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak gaitzat joko dira, eta aurkeztutako eta onartutako zenbatekoaren %100 jasoko dute, baldin eta aurkeztutako eta onartutako aurrekontua (NABIk onartutako proiektu aurrekontua) eman beharreko gehienekoa adinakoa edo hura baino txikiagoa bada.

b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua (NABIk onartutako proiektu aurrekontua) handiagoa baldin bada eman beharreko gehienekoa baino, eman beharreko gehieneko zenbatekoarekin bakarrik baloratuko da.

Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatu egingo dira.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen dute toki erakundeek jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira, eta horien esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):

a) Eskaera. Nahitaez aurkeztu beharko da eskaera ereduaren arabera (III. eranskina). Bertan, deialdiaren proiektua eta aurrekontu osoa deskribatuko dituen memoria jasoko da. Aurkeztutako proiektuaren aurrekontuak ezin izanen du eman daitekeen gehieneko zenbatekoa gainditu. Aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko da, garatu nahi diren jarduera guztiak banaka azaldurik; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Eskaeraren eredu hori dokumentu bakar batean aurkeztu behar da, dokumentu desberdinetan banandu gabe.

Mankomunitateen kasuan, lehendakariak sinatu beharko du eskaera.

b) Toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria (IV. eranskin gisa ageri den ereduan), 3. eta 12. oinarrietako baldintza guztiak eta 13. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duena.

c) Gardentasun betebeharren adierazpena (V. eranskina), egiaztatzen duena Gardentasunari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikulua betetzen dela, 9.3 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

d) VI. eranskina: bankuko datuak: eranskin hori bete behar da Nafarroako Gobernuaren eskura jarritako bankuko kontua aldatzen bada, edo lehenengo aldiz eragiketak egiten badira aurrekoarekin.

6.2. Agiri hauek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako justifikazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, bost egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxako "Tramiteak" aukeratik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskaeretan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki erakunde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da zuzenketaren eguna dela aurkezpen eguna.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko. Horren arabera zehaztuko da gero ebazpen proposamena.

8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzean, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" hartuko da kontuan. Kontzesioaren zenbatekoa kalkulatzeko, NABI proiektu onartuaren zenbatekoari "kontzesioaren ehunekoa" aplikatuko zaio.

Kontzeptuak argitzea:

–"NABIk onartutako proiektu aurrekontua": III. eranskinean NABIri eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa, "Guztizko aurrekontua" izenarekin, hala badagokio, deialdi honetan diruz lagundu ezin diren proiektuko jardueren zenbatekoa kenduta.

–"Kontzesioaren ehunekoa": deialdiko 5. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza.

Deialdi honetan emanen den zenbatekoa izanen da aurkeztutako proiektuaren 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 10era bitarteko jarduerak gauzatzeko aldiari dagokiona.

8.4. Proiektuari dagozkion irizpideetan gutxienez 60 puntura iristen ez diren proiektuak desegokitzat hartuko dira, eta ez dira diruz lagunduko.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: elkarte eskatzaileen zerrenda, "Aurrekontua"-ren zenbatekoa III. eranskinaren arabera, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua"-ren zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emandako guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua"-ren zenbatekoarekin bat etorriko dena.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Toki erakunde onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritakoa, dirulaguntzak jasotzen dituztenean horien araudian jasotako baldintzetan, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura. Betebehar hori bete dela frogatzeko nahikoa izanen da 5. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Deialdi honetan emandako zenbatekoak ordainketa bakarrean pagatuko dira, gehienez ere 3 hilabeteko epean, 11.2 puntuaren arabera aurkeztutako justifikazioaren mugaegunetik aurrera.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Arestiko 11.1 puntuan ezarritako ordainketetarako, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki eta/edo laguntzen fitxaren bidez, bertan eskuragarri dauden ereduetara egokituta:

Aurkezteko azken eguna 2023ko azaroaren 10a: proiektuaren justifikazio osoa egiteko, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da, 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 10era egindako gastua bilduko duena. Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 apartatuan xedatutakoa.

11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, erakunde onuradunek "NABIk onartutako proiektu aurrekontua"-ren zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute 2023ko azaroaren 10a baino lehenago, honako atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira, eta horien esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):

–VII. eranskina: justifikazio memoria.

–VIII. eranskina: toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa jasoko du. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" (8.3 oinarria).

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–IX. eranskina: gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.

–Toki erakundearen izenean behar bezala jaulkitako fakturen kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak. Faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak. Zeharkako gastuak justifikatzeko, aski izanen da zeharkako gastuaren kontabilitateko kontu-laburpena, eta dirulaguntza honi egotzi beharreko ehunekoaren justifikazioa.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Agiri horiek frogatu beharko dute bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartzen dutela adierazi beharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da. Logotipo hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jaso ziren; dekretu hori ondoren partzialki aldatu zen urtarrilaren 12ko 4/2016 Foru Dekretuaren bitartez.

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ikur grafikoa ere sartuko da, "Subvenciona / Diruz laguntzen du" testuarekin eta Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programaren logotipoarekin. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoa eta Zainketen aldeko Itunak programaren logotipoa eskuragarri egonen dira, halaber, deialdiaren fitxan, zeinaren esteka oinarri hauen testuaren amaieran baitago. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoak eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoak eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

–X. eranskina: Generoaren arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena: Laguntza teknikoa kontratatu bada, kontratupeko laguntza enpresek generoan prestakuntza dutela frogatu beharko da, 4.4.1. puntuaren a) apartatuan ezartzen denaren arabera.

11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen erakundeari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, bost egun balioduneko epean.

11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztizko kostua gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada ("NABIk onartutako proiektu aurrekontua" (8.3 oinarria), Emakidaren ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da (emakidaren ehunekoa aplikatuz NABIk justifikatu eta onartutako zenbatekoari), betiere asmoa guztiz betetzera nabarmen hurbiltzen bada, eta argi eta garbi egiaztatu bada bere konpromisoak betetzeko asmoz aritu dela onuraduna; proiektuaren balorazioari bere horretan eutsiko zaio.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasoa.

13. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki erakundeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakinarazpen horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

d) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate, idatzizko edo ahozko zabalkunde motatan, bai eta diruz lagundutako proiektuko jardueretan egindako dokumentazio guztian ere, eta testu hau adieraztea: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Lagunduta".

g) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoan, xedaturikoa betetzea.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

14.2 Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

17. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Eskaerak baloratzeko irizpideak

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A.–Proiektuaren kalitate teknikoa

60

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2.–Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B.–Lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek edo toki erakundeko beste arlo batzuek proiektuan parte hartzea

20

Emakumeen elkarteak

5

Tokiko kolektiboak

5

Toki erakundearen eskumeneko beste arlo batzuk

5

Beste instituzio batzuk (osasuna, hezkuntza eta abar)

5

C.–Proiektua nola egokitzen den toki erakundearen edo haren eskumeneko lurraldearen premia eta errealitate espezifikoetara

10

D.–Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak

10

Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki erakundetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Webguneetan, sare sozialetan, tokiko aldizkarietan, prentsan, eta abarrean argitaratzea (komunikabide aniztasuna)

5

Balorazioa, osotara

100

DEIALDIAREN FITXA. FITXA HORRETAN ESKURAGARRI DAUDE OINARRI HAUETAN AIPATUTAKO ERANSKINAK, ETA BERTATIK TRAMITATZEN AHAL DA DIRULAGUNTZAREN ESKAERA ETA, ONDOREN, JUSTIFIKAZIOA

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17323/Subvencion-dirigida-a-entidades-locales-de-Navarra-para-desarrollar-en-2023-proyectos-incluidos-en-el-programa-Pactos-Locales-por-los-Cuidados-

Iragarkiaren kodea: F2302876