49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Deialdia, 2023an ekintzaileei laguntzak emateko, lokalak alokatu eta eros ditzaten. Laburpena

DDBN (identifikazioa): 677858.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz ezarritakoarekin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan; haren testu osoa kontsultatzen ahal da Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/677858).

Helburua eta xedea:

1.1. Oinarri hauen xedea da arauak ezartzea 2023. urtean laguntza ekonomikoak emateko lokalak alokatu eta eros daitezen, Eguesibarren ekonomia-jarduera berriak ezartzeko.

1.2. Oinarri hauetan jasotzen diren laguntza ekonomikoetan sartuko dira erosteko aukera dakarten alokairuak ere, ezertan ukatu gabe aurrerago ezarritako bateraezintasunen araubidea.

1.3. Betiere, lokalen errentamendua edo jabetza eskritura publiko bidez formalizatu beharko da, edo, alokairuaren kasuan, agiri pribatu bidez.

1.4. Oinarri hauen ondorio guztietarako, errenta ez denean ezartzen hilabeteka, hilabeteari dagokion hainbanaketa edo proportzioa aterako da.

Eskatzaileen betebeharrak:

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, ez beste inor, izan daitezke laguntzen onuradun.

–Kasuan kasuko jarduera garatzeko legez eskatutako gaitasun baldintzak bete behar dituzte pertsona fisikoek. Pertsona fisiko batek baino gehiagok elkarrekin eskatzen ahalko dituzte laguntzak, nahiz eta haien arteko lotura juridikoari ez aitortu kide bakoitzarekiko independente den nortasun juridikoa.

–Pertsona juridikoak erantzukizun mugatuko kapitaleko sozietateak izan daitezke, baita lan elkartuko mikrokooperatibak, lan elkartuko kooperatibak, lan sozietateak, sozietate komanditarioak, zibilak eta, orobat, legeak aitortutako nortasun juridikoa duten bestelako sozietateak ere.

Betiere, bai pertsona fisikoek, banaka zein taldean, bai juridikoek, egunean izanen dituzte udal ordainarazpenak.

Eskabideak aurkezteko epea:

Eskabidea aurkeztu beharko da bi hilabeteko epean, lokalean jarduera hasten den egunetik zenbatzen hasita. Jarduerari hasiera emateko, beharrezkoa izango da irekiera-lizentziaren ebazpena edo jarduerari hasiera emateko adierazpena aurkeztu izanaren egiaztagiria izatea.

Deialdi honen kargura erantzunen zaie 2022ko urriaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean egindako jarduera-hasierei dagozkien eskaerei.

Deialdiaren onespenaren data dela-eta, aurkezteko epearen baldintza betetzen ez duten eskabideak ere onartuko dira, baldin eta deialdiaren gainerako baldintzak betetzen badituzte. Kasu horietan, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasiko da kontatzen eskabideak aurkezteko bi hilabeteko epea.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2023ko otsailaren 21ean.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2303177