49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2022ko irailaren 6an egindako osoko bilkuran, Eguesibarko merkataritza ez egonkorra arautzen duen Ordenantza hasiera batean onestea erabaki zuen. Aldaketen eta arauzko azalpenaren hasierako onespen hori 2022ko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 29an, eta udaletxeko iragarki-taulan jarri zen.

Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera.

Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

Sarrigurenen, 2023ko urtarrilaren 27an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

UDAL ORDENANTZA, EGUESIBARREN MERKATARITZA EZ EGONKORRA ARAUTZEN DUENA

Txikizkako merkataritzaren (xehekako merkataritza ere esaten zaio) ezaugarria azken kontsumitzaileari ondasunak eta zerbitzuak saltzea da. Merkataritza-establezimendu baten barruan edo kanpoan egin daiteke.

Testu honek merkataritza-establezimendutik kanpo egiten den salmenta ordenatu nahi du, eta ez modu konstante eta finkoan, baizik eta leku jakin batzuetan, noizbehinka eta postu edo instalazio desmuntagarrietan. Praktika horri "kaleko salmenta" izena ematen zaio, eta teknikoki merkataritza ez egonkorra deitzen zaio.

Gure asmoa da salmenta mota ez egonkor edo kaleko hori esparru egoki batean kokatzea, merkatarien eta kontsumitzaileen eskubideak eta jarduera hori garatzen den eremu publikoaren gainerako erabilerak bermatuko dituzten prozedura eta baldintzak arautzeko.

Ordenantza honen xedapen-testuaren helburua da araudia lege eta gizarte egoera berrietara egokitzea. Horretarako, gaur egun dagoen azoka txikia jasotzen da, eta ibarrean gerta daitezkeen merkataritza ez egonkorreko beste modalitate batzuk sartzen dira.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da kaleko salmentaren arauketa administratiboa egitea, zehazten diren toki eta egunetan, eta aplikazio-eremu gisa Eguesibarko udalerri osoa markatzea, Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean. Aplikatzekoa den osasun-araudiak eskatzen dituen osasun-baldintzak bete beharko ditu.

2. artikulua. Kaleko salmentaren kontzeptua.

Kaleko salmentak dira ohiko edo noizbehinkako saltzaileek saltoki batetik kanpo, postu edo instalazio desmuntagarrietan eta ibilgailuetan egiten dituztenak.

Ez dira inola ere kaleko salmentatzat hartuko etxez etxeko salmenta, noizbehinkako salmenta eta horretarako prestatutako makinen bidez egindako salmenta automatikoa, instalazio finkoak direnean.

3. artikulua. Eremu publikoan saltzeko debeku orokorra.

Oro har, debekatuta dago eremu publikoan eta saltokitik kanpo egiten den merkataritza-, salmenta- edo publizitate-jarduera oro, ordenantza honetan, Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako legeetan araututako kasuetatik kanpo.

Kaleko salmenta ez da inoiz eskean ibiltzeko aitzakia gisa erabiltzen ahalko, ezta diru-eskeak edo ausazko jokoak egiteko ere.

4. artikulua. Kaleko salmenta indarreko araudira egokitzeko beharra.

Kaleko salmentaren jarduera, funtzionamenduari eta administrazio-araubideari dagokienez, merkataritza-jardueraren arloan indarrean dauden lege-xedapenetara, ordenantza honetara eta, hala badagokio, azoka edo salmenta-modalitate bakoitzeko baimenen funtzionamendua, kudeaketa eta esleipena arautzen duten udal arauetara egokituko da. Hori guztia, garatzen diren jarduera espezifikoetan aplikatzekoak diren lege- eta erregelamendu-xedapenen arabera.

5. artikulua. Aldez aurretiko baimena.

Ordenantza honetan araututako jarduera guztiek aldez aurretik Udalaren baimena beharko dute. Baimen hori emateko, jarduera bakoitza erregulatzen duen araudi espezifikoan aurreikusitako betekizunak eta baldintzak bete beharko dira, eta haren edukian zehaztuko da baimendutakoaren hedadura.

Kaleko salmentarako eskabideekin batera, aurreko baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

6. artikulua. Eskaeren ebazpena.

Kaleko salmentarako baimen-eskaerak Eguesibarko Udaleko Alkatetzak ebatziko ditu, non ez duen norbait horretarako eskuordetzen. Dokumentazio guztia aurkezten denetik hasita bi hilabeteko epean ebatziko ditu, betiere interes publikoa kontuan hartuta.

Espedientea ebatzi gabe bi hilabete igarotzen badira, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

Administrazioak beti jakinaraziko die ebazpena interesdunei. Kaleko salmentarako udal baimenak araudi bakoitzean zehaztutako gehieneko indarraldia izanen du.

Baimen horrek zehatz adierazi beharko du salmenta non egin daitekeen, noiz egiten ahalko den eta baimendutako produktuak zein diren.

Identifikazio-txartel bat emanez gauzatuko da, eta txartel hori uneoro egonen da ikusgai salmentarako postuan edo ibilgailuan.

Baimenaren titularra hiltzen bada, lehen mailako senideek lehentasunezko eskubidea izanen dute beste lizentzia bat lortzeko.

Justifikatutako arrazoiengatik, baimen horiek ezeztatzen ahalko dira, interes orokorreko arrazoiak direla-eta hala komeni bada edota indarrean dagoen legeria aplikagarrian ezarritakoa betetzen ez bada. Ez da eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsaziorik jasotzeko.

7. artikulua. Baimena emateko prozedura.

Indarrean dauden udal arauetan ezarritakoaren arabera eginen da, gardentasuna, inpartzialtasuna eta diskriminaziorik eza bermatuta. Era berean, gizarte-politikako helburuak, ingurumenaren babesa eta interes orokorreko premiazko beste edozein arrazoi kontuan hartzen ahalko ditu baimenak emateko.

8. artikulua. Baimena emateko baldintzak.

Kaleko salmentarako lizentzia lortu ahal izateko, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Dagokion eremuan jarduera ekonomikoen gaineko zergako epigrafe egokietan alta emanda egotea eta ordainketa egunean izatea.

–Ogasun Publikoarekiko betebeharrak beteak izatea.

–Gizarte Segurantzako erregimen egokian alta emanda egotea eta ordainketa egunean izatea.

–Merkaturatutako produktuei eta salmenta-instalazioei buruzko berariazko erregelamenduetan ezarritako baldintza higieniko-sanitarioak eta kontsumitzaileak babestekoak betetzea.

–Udal ordenantza fiskalek ezartzen duten tasa edo kanona eta ezartzen diren berme ekonomikoak ordaintzea.

–Txartel horretan adierazita egonen da, orobat, kontsumitzaileek zein tokitan aurkezten ahalko dituzten erreklamazioak.

–Europar Batasunetik kanpoko herritarren kasuan, atzerritartasun arloan indarrean den legediak eskatutako egoitza- eta lan-baimena izatea.

–Eguesibarko Udalarekin ordaintzeke inolako zenbatekorik ez izatea.

–Azoka bakoitzerako, salgaien arabera, arautzen diren berariazko baldintzak.

–Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, jarduera ekonomiko horren arriskuak estaltzeko.

–Behar adinako dokumentazioa izatea, frogatzen dituena salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria.

–Elikagaien higieneari buruzko prestakuntzaren ziurtagiria.

Aurreko baldintzak bete ondoren ematen diren lizentziak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira, eta debekatuta egonen da lizentzia horiek eskualdatzea.

9. artikulua. Baimena azkentzea.

Salmenta baimenak amaituko dira arrazoi hauengatik:

–Haien epealdia amaitu delako.

–Titularrak uko egin diolako edo hil delako, ezertan eragotzi gabe 6. artikuluan adierazitakoa.

–Baimena izateko eskatutako baldintza guztiak edo batzuk galdu direlako.

–Behar diren tasak edo kanonak ez direlako ordaindu.

–6. artikuluan ezarritako baldintzak baliogabetu direlako.

–Baimenaren galera dakarren zehapena ezarri delako.

II. KAPITULUA

Kaleko salmenta moduak

10. artikulua. Modalitateak

Kaleko salmenta honako modu hauetako batean egin ahalko da:

10.1. Aldizkako azokak.

Izen hori hartzen dute Udal Administrazioak zehaztutako guneetan egiten diren kaleko merkatarien kontzentrazioek. Azoka horiek aldian behin eginen dira, indarrean dagoen legeriak horretarako ezarritako mugen barruan, eta, gaur egun, gehienez ere, astean egun batean, larunbatetan, Sarrigurenen.

Azoka berriak sortzeko edo dagoena lekuz aldatzeko erabakiak honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu gutxienez: kokapena, kudeatzeko modua, egiteko eguna eta ordutegia, merkaturatu beharreko produktuen eta baimenen gehieneko kopurua, eta organo eskudunak bere garaian zehazten dituen baldintzak.

10.2. Noizbehinkako azokak.

Noizbehinkako edo noizean behingo merkataritza da hiriko leku jakin batzuetan modu berezian egiten den merkataritza-jarduera, herriko jaiak edo bestelako azoka, festa, edo kultura-, kirol- edo antzeko ekitaldiak direla-eta. Jarduera horiek organo eskudunak berariaz baimentzen dituen gune eta egunetan egiten dira.

Herriko jaiak direla-eta, azoka-esparruetan edo jendea biltzen den beste leku batzuetan egiten diren salmentak berariaz onartzen dira noizbehinkako azokatzat.

Udal organo eskudunak baimendu beharko du azoka horiek egitea, eta hari dagokio ebaztea azoka horiek non dauden, noiz eginen diren, baimendutako salmenta-produktuak, zenbat merkatarik parte hartuko duten, kudeaketa-modalitatea eta salmenta-baimenak esleitzeko prozedura eta baldintzak.

10.3. Salmenta, eremu publikoan ezarritako postuetan.

Kokaleku finkoko eta aldi baterako postuetan egiten den salmenta da. Barne hartzen ditu aldizkakotasun finkoko urtaroko salmentak (txurro-dendak, izozki-postuak, gaztaina-postuak...).

10.4. Denda-ibilgailuetan edo gastrofurgoetan saltzea.

Saltzeko ibilgailua erabiltzen da, hartarako egokitua dagoena, garraioari buruz eta baimendutako produktuen salmentari buruz aplikatzekoa den araudiari jarraituz.

Eguesibarko udalerrian salmenta ez egonkorreko modalitateak bakarrik baimenduko dira ordenantza honetan jasotako baldintzetan, eta debekatuta egonen da bestelako kaleko salmentarik egitea.

Salbuespen gisa, ordenantza honetan jasotzen ez diren kaleko salmentako egoeretan, udal organo eskudunak jarduera hori antolatzeko behar den araudia ematen ahalko du, ordenantza honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoaren arabera.

III. KAPITULUA

Produktuak eta instalazioak

11. artikulua. Saltzeko produktuak.

Ez da produktuak saltzeko inolako baimenik ematen ahalko aplikatzekoak diren lege- eta erregelamendu-xedapenen aurka.

Merkaturatu beharreko produktuen baimena mugatzen ahalko da, eta, hala badagokio, osasun-agintaritza eskudunek produktu jakin batzuk saltzeko debekua ezarriko dute, higienearekin, osasun publikoarekin eta kontsumitzaileen edo erabiltzaileen segurtasunarekin lotutako arrazoiengatik.

Udalaren baimenetan berariaz baimendutakoak ez diren produktuak ez dira saltzen ahalko.

Udal organo eskudunak gehieneko baimen-kopuru bat ezartzen ahalko du hiri-ingurunea babesteko, azoka bakoitza arautzen duen dekretu edo ebazpenaren bidez.

Berariaz debekatzen da gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aurkako produktuak saltzea.

12. artikulua. Instalazioak.

Eremu publikoan saltzeko, instalazio desmuntagarriak soilik erabil daitezke, finkoak ez direnak, bai eta horretarako baimena duten ibilgailuak ere.

Inoiz ere ez dira salgaiak lurrean utziko, loreak eta espresuki baimentzen diren bestelako produktuak salbuetsita. Gainerako salgaiak postuetan kokatuko dira, eta gutxienez 80 cm-ko altuera izanen dute lurretik. Instalazio horiek kasu bakoitzeko preskripzio partikularrak bete beharko dituzte, eta baimena emateko unean bertan finkatzen ahalko dira, itxura homogeneoa eta estetikoa bermatzeko. Arreta berezia jarriko da baldintza higieniko eta sanitarioei dagokienez dituzten ezaugarrietan.

13. artikulua. Kokatzea.

Postuak zehazten diren lekuetan jarriko dira, eta ez dira inola ere paratzen ahalko oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa oztopatzen duten lekuetan, ezta erabilera publikoko eraikinetarako, merkataritza-establezimenduetarako eta erakusleihoetarako sarbideetan, etxebizitzetarako erreserbatutako sarreretan edo trafiko-seinaleak edo bestelako seinaleak ikustea eragozten duen beste edozein lekutan ere.

IV. KAPITULUA

Kaleko salmentako merkatarien eskubideak eta betebeharrak

14. artikulua. Eskubideak.

Udal baimenen titularrek eskubide hauek izanen dituzte kaleko salmentan aritzerakoan:

–Baimendutako salmenta postuak okupatzea.

–Publikoki eta baketsuki, baimenean adierazitako ordutegian eta baldintzetan, Udalak baimendutako salmentan aritzea.

–Tokiko agintarien eta udaltzaingoaren babesa izatea, baimendutako jardueran aritzeko.

–Bere eskubide eta interesen alde eta bere merkataritza-jarduerak hobeki funtziona dezan egokitzat jotzen dituen erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztea.

–Udalak identifikazio-txartela ematea, honako hauek jasoko dituena:

  • Pertsona titularraren identifikazioa.
  • Salmentarako baimenaren indarraldia.
  • Salgai baimenduak.
  • Salmenta postuen kopurua (beharrezkoa bada).
  • Izan daitezkeen erreklamazioak jasotzeko helbidea.
  • Argazkia, beharrezkotzat jotzen bada.

–Salmenta-postua non kokatuko den jakiteko eskubidea.

15. artikulua. Betebeharrak.

Kaleko salmentan aritzen diren merkatarien betebeharrak honako hauek dira:

–Salmenta postu eta instalazio desmuntagarrietan eta erraz garraiatzeko modukoetan egin beharko da, edo aplikatzekoak diren legezko eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten kamioietan/dendetan, bai eta Udal Administrazioak eska ditzakeenetan ere. Nolanahi ere, segurtasun-, osasungarritasun- eta apaindura-baldintza egokiak beteko dira. Salgai guztiak behar bezala babestuta eta lurretik gutxienez 80 cm-ko altueran jarri beharko dira jendaurrean, altueragatik, pisuagatik edo ezaugarriengatik arazoren bat sortzen dutenak izan ezik, Udalaren aldez aurreko baimenarekin. Merkatariek berariaz esleitutako espazioa soilik betetzen ahalko dute beren postuarekin eta salgaiekin.

–Postuen titularrek ikusteko moduan jarri beharko dute Udalaren baimena. –Salmentan aritzen bada Udalaren baimenik gabe edo hartan jaso gabeko produktuak saltzen badira, salmenta postua kautelaz jasoko da eta, kasua bada, salgaiak kautelaz atzeman edo konfiskatuko; hori guztia, ezertan ukatu gabe dagokion zehapen espedientea irekitzea.

–Kontsumitzaileen defentsa eraginkorra bermatze aldera, saltzaileak erosketaren faktura edo frogagiria emanen du, saltzailearen izena eta helbide iraunkorra, erositako salgaia eta salerosketaren zenbatekoa jasota, erositako ondasunarengatik erreklamazioa egiteko aukera ematen duten datuekin. Hori guztia, kontsumitzaileen erreklamazioei zein helbidetan erantzunen zaien erakusten duen kartel ikusgarri baten bidez informatzeko betebeharrari kalterik egin gabe.

–Merkataritza-jarduera garatzean, merkatariek indarrean dagoen araudian xedatutakoa bete beharko dute, batez ere osasun publikoaren babesari, merkataritza jarduerari, azokaren diziplinari, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari eta zerga-araubideari eta Gizarte Segurantzari dagokienez.

–Salmenta postuen titularrak edo lehen eta bigarren graduko ahaideak postuan egonen dira funtzionamendu orduetan. Pertsona juridikoen kasuan, baimendutako pertsona edo pertsonak nor diren zehaztu beharko dute pertsona juridikoek, eta pertsona horiek erakundeko bazkideak edo erakundearen konturako langileak izanen dira. Debekatuta dago salmenta postuan baimenik gabeko pertsonak egotea.

–Merkatariak behartuta daude udal langileek edo agintariek eskatutako dokumentazioa ematera eta edozein unetan haiei postu edo instalazioetan sartzen uztera, ikuskatu eta kontrola ditzaten.

–Debekatuta dago kaleko salmentan megafonia edo gailu akustikoak erabiltzea.

–Merkatariak beren produktuen kalitatearen erantzuleak izanen dira uneoro: ez dute kontsumitzaileen osasunean edo segurtasunean arriskurik eraginen, ez dute haien kalitate edo kantitateari dagokionez iruzurrik eginen, ez dira faltsutuak izanen edo identifikatu gabeak, eta merkaturatzeko gutxieneko baldintzak beteko dituzte.

–Pisatu edo neurtu beharreko salgaiak dituzten postuetan erregelamenduaren araberako baskula edo bestelako neurgailuak izanen dituzte, behar bezala homologatuak. Era berean, elementu metrologiko horiek arauzko egiaztapenak behar bezala igaro beharko dituzte, dagozkien etiketekin berretsita.

–Merkataritzako jarduera bukatutakoan, kaleko merkatariek behar bezain garbi utziko dituzte haien postuak okupatutako tokia eta haren inguruak.

–Salmenta postuen titularrek zoladuran, zuhaitzetan edo jabari publikoko ondasunetan oro har egiten dituzten kalteak lehengoratzeko ardura izanen dute; hori guztia ezertan ukatu gabe hirugarrenei eragiten ahal dizkieten kalte edo lesioen aurrean duten erantzukizuna.

–Merkatariek haien baimenaren indarraldi osoan zehar bete beharko dituzte baimena emateko erabakigarri izan diren baldintzak eta betebeharrak, bai eta, orobat, ordenantza honetako xedapenak eta, kasua bada, hura garatzen dutenak, eta udal agintari eskudunek ematen dituzten jarraibideak.

–Postuen titularrek langile guztiak izan beharko dituzte Gizarte Segurantzako araubide komunean edo autonomoen erregimen komunean edo Erkidegoko araubide baliokidean alta emanda, eta langile horien zerrenda entregatu beharko dute baimena eskatzeko unean.

–Baimen bakoitzean zehaztuko da produktuak kargatzeko eta deskargatzeko zer ibilgailu sartuko diren azokaren esparruan. Salmenta-ordutegian debekatuta dago ibilgailuak azoka barruan ibiltzea.

–Ematen diren lizentziak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira, eta debekatuta egonen da horiek eskualdatzea.

–Aurreko lerroaldean adierazitako pertsonek kaleko azoketara joateko betebeharra dute; joaterik izan ezean, behar bezala justifikatu beharko dute.

–Publizitate- edo komunikazio-metodoak erabiliz gero, ez-sexista izan beharko du, eta ez du genero-estereotipoetan sakondu beharko.

V. KAPITULUA

Azoka bakoitzaren baldintzak

16. artikulua. Aldizkako azokak.

Asteko azoka: postu kopurua, kokapena eta azoka egunak asteko azokaren funtzionamenduari buruzko araudi espezifikoan zehaztuko dira.

Gaur egun, baimendutako asteko azoka bakarra larunbat goizetan Sarrigurenen egiten dena da.

Aldizkako azoka berrietarako baimena Alkatetzaren dekretu baten bidez gauzatuko da, zeinak ordenantza hau izanen baitu gidari arau gehigarri gisa.

Dekretuan zehaztuko dira postuen kopurua eta haiek esleitzeko irizpideak.

Baimen horren aurretik, Eguesibarko Merkataritza eta Ostalaritzako Mahaiaren iritzia jasoko da.

17. artikulua. Noizbehinkako azokak.

Organo eskudunak artisau-, arte-, nekazaritza- edo azoka-izaerako noizbehinkako azokak baimentzen ahalko ditu, bere artikulu propioak merkaturatzeko helburuarekin.

Noizbehinkako azokak esporadikoak edo erregularrak izan ahalko dira.

Azokak baimentzeko erabakian zehaztuko dira haien kokalekua, baimendutako postuen gehieneko kopurua, haien eraikuntza eta estetikako ezaugarriak, salgaiak, feriak egiteko egunak, saltzaileek bete beharreko baldintzak eta gainerako inguruabarrak, azoka-diziplina arrazoiengatik ezarri beharrekoak.

Nekazaritzako produktuen feriak soilik eginen dira denboraldiko produktuak saltzeko eta ordenantza honetako arau orokorretan jasotakoari lotuko zaizkio eta, bereziki zorrozki, aplikatzekoa den araudi higieniko-sanitarioari.

Salmenta postuen ereduak ezarri ahalko dira, nahitaez erabili beharrekoak, postuak bateratu eta estetikoki haien inguruarekin bateragarri egiteko.

Salmenta postuen kokalekuak ez du lokaletara, atarietara edo beste higiezinetara sartzea eragotziko, oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorria erraztuko du eta, edozein kasutan, Udaleko zerbitzu teknikoek zehaztuko dute haien kokaleku zehatza.

Noizbehinkako azokak baimentzeko, Udaleko zerbitzu teknikoek informazioa emanen dute, kokapenari eta eremu publikoaren okupazioari, trafikoari, osasunari, inguruko merkataritzan duen eraginari eta eragina duten gainerako sektoreei dagokienez, eta Alkatetzaren dekretu bidez ebatziko da.

Elikagaien salmenta osasun arloko legeria indardunean, ordenantza honetan eta bera baimentzen duen ebazpenean ezarritakoaren arabera eginen da.

Gainerako produktuei dagokienez, ordenantzaren artikuluetan oro har ezarritakoari jarraituko zaio, bai eta salmenta hori baimentzen duen ebazpenean ezarritakoari ere.

18. artikulua. Salmenta, eremu publikoan ezarritako postuetan.

Establezimenduan bertan kontsumitzen ez diren sasoiko produktuen edo bestelakoen salmenta-postuak, finkoak edo mugigarriak, hala nola gaztaina-, txurro-, izozki- edo lore-postuak, edo ostalaritzako postuak, aldez aurretik ezartzen diren lekuetan baimenduko dira, enkante publikoaren bidez dagokion lizitazio-prozedura eginda.

Baimena ematea jabari publikoaren erabilera berezikoa izanen da, eta, horregatik, okupazio hori behin-behinekoa izanen da, horretarako deitzen den prozeduran arautzen den denborarako.

Ordenantza fiskalean ezarritako fidantzak eta tasak ordainduko dira, eta, gainera, esleipendunaren kontura izanen da jarduera garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak ematea, hala nola argiak, ura...

Postuek bete beharreko azalera berariazko araudian zehaztutakoa izanen da, eta, nolanahi ere, udal zerbitzu teknikoek zehaztuko dute horien kokapen zehatza.

Postuen esleipen-hartzaileek egoera onean eta garbi mantendu beharko dute jabari publikotik baimendutako puska eta fidantzarekin erantzunen dute bertan eragin ditzaketen kalteen aurrean.

Udalak, hiri-altzariekin bateragarriak diren irizpide estetikoak ezartze aldera, salmenta-mota hori gauzatzeko postu-eredu jakin batzuk erabiltzea nahitaezkoa dela erabakitzen ahalko du.

Nolanahi ere, postu horiek eremu publikoan jartzeak eragindako merkataritza-sektoreari edo -sektoreei kontsulta eginen zaie, Merkataritza eta Ostalaritzako Mahaiaren bidez, postu-kopurua eta kokapena zehazterakoan.

19. artikulua. Denda-ibilgailuetan edo gastrofurgoetan saltzea.

Salmenta mota honetan ibilgailua erabiltzen da, hartarako egokitua dagoena, garraioari buruz eta baimendutako produktuen salmentari buruz aplikatzekoa den araudiari jarraituz.

Denda-ibilgailuen edo gastrofurgoen salmenta soilik larunbatetako azoka txikian egiten ahalko da, edo Udalak salbuespen gisa eta unean-unean ezar daitezkeela berariaz adierazten duen noizbehinkako azoka, ekitaldi, azoka edo jaietan.

Berariaz debekatuta dago Eguesibarko udalerrian horrelako ibilgailuak modu iraunkorrean eta finkoan instalatzea.

Unean uneko edo noizbehinkako instalaziorako, organo eskudunak zehaztuko du zer ekitalditan baimentzen ahalko den food truck edo gastrofurgoak instalatzea, kontuan hartuta kokapena, bertaratutakoen kopurua, inguruan dauden ostalaritza-negozioak, etab.

Bi kasuetan, elikagaiak salduz gero, horietako bakoitzari aplikatu beharreko araudi tekniko-sanitarioak beteko dira.

VI. KAPITULUA

Zehapen araubidea

20. artikulua. Udalaren eginkizuna.

Udalak, bere eskumenak erabiliz, ordenantza honetako xedapenak eta une bakoitzean merkaturatzearen arloan indarrean dauden higiene-, osasun-, segurtasun- eta babes-arauak behar bezala betetzen direla zaindu eta bermatuko du.

21. artikulua. Udalaren ahalmenak.

Udal agintariek, zaintza eta kontrol eginkizunetan ari direnean, produktuak, jarduerak eta instalazioak ikuskatu ahalko dituzte eta saltzaileei eskatu ahalko diete eginkizun horiek betetzeko beharrezkoa duten behar beste informazio eta agiri.

22. artikulua. Kautelazko atzematearen arrazoia.

Saltzeko jarritako produktuek kontsumitzaileen edo erabiltzaileen osasunerako edo segurtasunerako arriskurik sor badezakete, edo haien kalitatean edo kantitatean iruzurra egiten bada, faltsutzen badira, identifikatu gabeak badira edo merkaturatzeko gutxieneko baldintzak betetzen ez badituzte, udal agintaritzak kautelaz atzeman edo konfiskatzea erabaki ahalko du, aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraituz.

23. artikulua. Zehapenak ezartzeko prozedura.

Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko prozedura izanen da prozedura administratiboari buruz indarra duen araudian ezarritakoa.

24. artikulua. Arau-hausteak.

Aplikatzekoak diren xedapen sektorialetan ezarritakoa deusetan ukatu gabe, ordenantza honen artikuluen aurkako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan ahalko dira.

–Arau-hauste arina da:

Baimenean, ordenantza honetan edo 13/1989 Foru Legean jasotako xedapenak ez betetzea, izaera ekonomikoko zuzeneko eraginik gabe eta kontsumitzaileei kalterik eragin gabe, betiere astun edo oso astun gisa sailkatuta ez badaude.

–Arau-hauste astuntzat joko da:

Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea, hau da, berrerortzea, urtebeteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu denean.

Zuzeneko garrantzi ekonomikoa dutenak edo kontsumitzaileei kalteak eragiten dizkietenak.

Osasun-arloko arau-hauste astunekin batera gertatzen direnak.

Agintariek eta beren agenteek zaintza- eta kontrol-eginkizunak betetzeko eskatutako datuak emateari edo informazioa emateari behin eta berriz uko egitea, edo ukatzearekin batera agintarienganako edo agenteekiko hertsapenak, mehatxuak edo beste edozein presio mota egitea.

Jarduera arau-hausleak bertan behera uzteari buruzko errekerimendua ez betetzea.

–Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

Arau-hauste astunak behin eta berriz egitea, hau da, urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu denean.

Saltzeko baimenik ez izatea.

Osasun-arloko arau-hauste oso astunak edo pertsonen osasunerako eta segurtasunerako arrisku larria dakartenak.

Kontsumitzaileei kalte larriak eragiten dizkietenak.

Neurriz kanpoko onura ekonomikoa dakarten edo ordena ekonomikoa larriki aldatzen duten arau-hausteak.

25. artikulua. Zehapenak.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari buruzko legeria orokorrean eta Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean aurreikusitakoa aplikatzea ezertan galarazi gabe, Udalari dagokio arau-hauste arinengatik eta astunengatik zehatzea, taula honen arabera:

–Arau-hauste arinek 300 eurotik 1.000 eurora arteko isuna izanen dute.

–Arau-hauste astunek 1.001 eurotik 3.000 eurora arteko isuna izanen dute.

–Arau-hauste oso astunek 3.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko isuna izanen dute, eta salmenta-baimena ezeztatuko da.

Aurreneurri gisa, salgaiak kautelaz atzematen ahalko dira, baldin eta, egindako eginbideetan, uste bada ez direla betetzen merkaturatzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak, eta konfiskatu eginen dira, agintari eskudunaren iritziz osasun-arriskua eskaintzen bada, edo ibilgailua saltzeko baimenik ez badu.

26. artikulua. Zehapenen mailaketa.

Zehapenak mailakatzerakoan, kontuan hartuko da zein motatako produktua saltzen den, eragindako kalteak, intentzionalitatea, berrerortzea eta arau-hausteak gizartean izan duen eragina.

27. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpen batek abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, kautelazko neurri gisa, arau-hauste astun edo oso astunak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instrukzio organoak karguen agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark hamabost eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instrukzio organoak egindako kargu-agirian honako hauek jasoko dira:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Alkatetzari igorriko dio. Alkateak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du edo, bestela, aginduko du behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian jasotakoak baino astunagoak badira, instrukzio organoak interesdunari helaraziko dio karguen beste agiri bat, dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen prozedura bukatzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari bukaera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahalko da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

28. artikulua. Administrazioaren bestelako jarduketak.

1. Ordenantza honetan agindutakoa zaindu eta kontrolatzeko ardura duten agintariek edo haien eragileek, eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna hobetze aldera, eta kautelazko neurri gisa, arau-haustea eragin duten gauzak atzeman ahalko dituzte eta Udalaren lokaletan utzi, prozedura ebazten den bitartean eta aplika daitekeen zehapena ordainduko dela segurtatzeko neurri gisa.

Produktuak atzematen badira, hala jasoko da dagokion aktan eta horretarako arrazoiak justifikatuko dira. Akta horren kopia bat emanen zaio interesdunari, eta dokumentuan bertan entzutea emanen zaio.

2. Espedientea ebazteko eskumena duen agintaritzak, zehapen osagarri gisa, erabaki ahalko du konfiskatzea salgai faltsutuak, iruzurrezkoak edo merkaturatzeko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenak. Zehapenaren osagarri gisa egindako konfiskatze hori zehapenaren arauen araberakoa izanen da.

3. Atzemandako salgaia ontziratuta ez dauden edo epe laburrean galkorrak diren elikagaiena bada, ongintzako zentroren batera eramaten ahalko dira, osasun-ikuskapena egin ondoren. Gauza bera gertatuko zaie konfiskatutako elikagaiei.

29. artikulua. Preskripzioa.

1. Ordenantza honetan ezarritako arau-hauste eta zehapenak preskribatuko dira: urtebetera, arinak badira; bi urtera, astunak badira, eta hiru urtera, oso astunak badira.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Interesduna jakinaren gainean egonik zehapen prozedura hasteak preskripzioa etenen du, eta berriz ere preskripzio epea iragaten hasiko da, zehapen espedientea hilabetetik gora gelditua badago, ustezko erantzuleari egotzi ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

3. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmotu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenaren preskripzio epea. Interesduna jakinaren gainean egonik zehapen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iragaten hasiko da, prozedura hilabetetik gora gelditua badago, arau-hausleari egotzi ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera debekatuta egonen dira bertan jasota ez dauden kaleko salmentako jarduera guztiak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira orain onesten den testuari kontra egiten dioten, harekin kontraesanean dauden edo bateraezinak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2301575