49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Eremu publikoan terrazak, mahai hankabakarrak eta ostalaritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Lizarrako Udalak, 2022ko abenduaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eremu publikoan terrazak, mahai hankabakarrak eta ostalaritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2022ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako araua behin betiko onetsi eta argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lizarran, 2023ko otsailaren 7an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

UDAL ORDENANTZA, ESPAZIO PUBLIKOAN TERRAZAK, MAHAI HANKABAKARRAK ETA OSTALARITZARI LOTURIKO BESTELAKO ELEMENTUAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Lizarrako hirian ohikoa da ostalaritzako negozioek terrazak eta antzeko guneak ezartzea eremu publikoan, beren ohiko negozioaren hedapen gisa. Gune ekonomiko horiek uda garaian instalatu ohi ziren, eguraldi onak bezeroak haietan kontsumitzera bultzatzen zituenean.

Gure hirian, azken urteotan, oso garapen handia izan du terrazen instalazioak. Terrazak aisiako produktu bilakatu dira eta dagoeneko dinamismoaren eta bizitza sozialaren osagai garrantzitsuak dira. Horrenbestez, eremu publiko gero eta zabalagoak erabiltzen dira eta denboraldia ahalik gehien luzatzen da, zenbait kasutan urte osoa hartzeraino.

Azken urteetan ez dira ostalaritzako enpresak negozio modalitate hori baliatu duten bakarrak. Gero eta maizago, okindegi, kafetegi eta gozotegiak gehitzen zaizkie, eta bestelako negozioek ere udal honi baimena eskatu izan diote ostalaritzako terraza baten pareko elementuak jartzeko.

Ildo horretan, gure hiriak eremu publiko mugatua duenez, ezinbestekoa da udal arau bat izatea gero eta gehiago zabaltzen ari den modalitate horren xehetasunak arautzeko. Administrazioak bi eskubide hauek bateratu behar ditu: batetik, jendeak zerbitzu pribatu jakin batzuk karriketan egiteko daukan eskubidea eta, bestetik, herritar guztiek espazio publiko horiek osorik eta erabilera pribatiboak aprobetxamendua eragotzi gabe baliatzeko daukaten eskubide saihestezina.

Zalantzarik gabe, ostalaritzako terrazak, etengabeko erabilera horrengatik, hiriaren irudiaren gako nagusietakoak dira. Horregatik, Udal Administrazioak jarduera pribatu horren alderdi estetikoa ere zaindu eta arautu behar du, hiriaren irudi ahalik eta txukunena eman diezaiegun bisitari eta bizilagunei.

Horregatik guztiagatik, eta legegintzaldiz legegintzaldi landutako baina inoiz amaitu gabeko toki araudi hori beharrezkoa dela ikusita, Lizarrako Udalak horrelako instalazioak egoki antolatzen dituen arau esparrua ezartzen du ordenantza honetan; sektoreari aukera eta modalitate gehiago eskaintzen dizkio urtean zehar, baina irmo babesten du inguruko bizilagunek atsedenerako eta lasaitasunerako duten eskubidea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak indarra hartzean berrikuntza garrantzitsua ekarri du ordenantzen esparrura, lehen aldiz ezarri baitira erregelamendu-ahalak bete beharreko printzipioak eta organo eskudunek nahitaez bete beharreko hainbat gai.

Hala, erregelamenduak egitean ohiko mugak (legezkotasun printzipioa, arau-hierarkiaren printzipioa, publizitate printzipioa) ezartzeaz gainera, legegintza berriak "erregulazio onaren printzipioak" izenekoak ezartzen ditu, eta izen horren azpian biltzen dira "premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia" printzipioak, eta horiek bete beharra –Legearen 129. artikuluaren arabera– xedapen orokorraren hitzaurrean justifikatua egon behar da.

Aurreko paragrafoen bidez justifikatzen da betetzen direla premiaren, eraginkortasunaren eta gardentasunaren printzipioak, eta haietan argi frogatzen da ekimena arrazoitzen duen interes orokorra justifikatua dagoela, lortu nahi den helburua zalantzarik gabe identifikatua dagoela, eta hori lortzeko hautatu den tresna egokia dela.

Espedientean jaso diren aurrekarietan ikusten denez, arau honen xede diren pertsonek modu aktiboan parte hartu dute arauaren prestakuntzan, aise bete da herritarrei parte hartzera deitzeko izapidea, ukitutako sektoreek ekarpenak egin dituzte, eta arazoa aztertzeko bilerak eta abar egin dira.

Proportzionaltasun printzipioari dagokionez, ordenantza honetan jasotzen den erregulazioa da haren xedeari erantzuteko beharrezkoa dena, ez besterik –bateragarri egitea, batetik, ostalaritza sektoreak bere jarduera gauzatzeko duen eskubidea; eta bestetik, herritarrek eremu publikoa erabiltzeko eta atseden hartzeko duten eskubidea–. Ezin da jardun modu eraginkorragoan, ez eta eskubideak gutxiago murriztuz edo erabiltzaileei betebehar gutxiago ezarriz ere.

Segurtasun juridikoa berez dagokio honelako xedapen bat aplikatzeari, erregulazio-esparru egonkorra ezartzen baitu, aurreikus daitekeena, integratua, argia eta ziurtasunekoa eta, hartara, arauaren erabiltzaileek ez dute izanen nahieran sorturiko administrazio jarduera bat, ordenamendu juridikoak jabari publikoko ondasunei dagokienez toki entitateei ematen dieten ahalen neurriz kanpoko erabileraren ondoriozkoa.

Azkenik, baimena emateko araututako prozedura eta ostalaritzari lotutako elementuak erabiliz eremu publikoa kudeatzeko aplikatu beharreko araubidea, artikuluetan jasoak, erabat eraginkorrak dira, interesdunei ezartzen zaizkien zama administratiboen eta baliabide publikoen kudeaketaren ikuspuntutik.

Aurrekontuaren ikuspegitik, ordenantza hau indarrean jartzearen ondoriozko tasen aplikazioak begi bistako eragin ekonomikoa du udal aurrekontuan. Neurri horrek udal kutxetan eragiten duen gastu-gehikuntza, berriz, ez da nabaria, araudi berriaren eraginpeko espazioa kudeatzeko ez dagoelako nabarmen handitu beharrik hari atxikitako baliabide materialak, giza baliabideak edota baliabide ekonomikoak.

Azkenik, hiri-plangintzak kontuan hartu behar ditu espazio publikoaren erabilera bereiziak, eta, beste behin ere, balioetsi behar ditu gizarte-ongizatea sortzen duten eguneroko jarduera eta zeregin guztiak (zaintza-lanak barne). Hori dela eta, genero-ikuspegia txertatuko da espazio publikoaren azterketan, eta, zehazki, erabilera publikoko espazio publikoaren eta/edo pribatuaren erabileraren plangintzan eta arauketan, baliabideak ekitatez eskuratu ahal izatea bermatzeko; izan ere, espazio publikoaren erabilera horretan desberdintasunak daude.

Arrazoi horiek guztiak kontuan izanik, ordenantza hau 9 kapitulu eta 49 artikulutan egituratu da, eta horietan arautzen dira ostalaritzako eta gisako establezimenduetako terrazen garapenaren nondik norako guztiak Lizarrako udal mugartean.

I. KAPITULUA

Xedea, eremua eta definizioak

1.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da esparru tekniko eta juridikoa ezartzea, erabilera publikoko eremuetan –haien titulartasuna gorabehera– terrazak instalatzeko, itxiturarekin edo itxiturarik gabe, ostalaritzako establezimendu publikoen, kafe dastaleku, ardo dastaleku eta antzeko beste establezimendu batzuen aldi baterako osagarriak izan daitezen.

Arautzean, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa beteko da, genero-ikuspegitik berdinzaleagoa izanen den espazio baten eraketa errazteko.

2.–Eremua.

Ordenantza hau Lizarrako hiriko erabilera publikoko espazio guztiei aplikatuko zaie (karrika, plaza, barneko patio, espazio libre, berdegune eta abarrei), edozein dela ere haien titulartasuna. Indarra duen Plan Orokorrean ezarritakoaren arabera zehaztuko da noiz den espazio bat erabilera publikokoa.

3.–Baldintzak.

Halako instalazioak ezarri baino lehen udal lizentzia eskuratu beharko da, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

Gainera, bete beharko dituzte ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko foru araudia, ingurumena babestekoa, irisgarritasun arlokoa eta aplikatzekoa zaien beste edozein araudi sektorial. Bereziki, ostalaritzako establezimendu, kafe dastaleku, ardo dastaleku eta antzeko establezimenduen terraza guztiek irisgarriak izan beharko dute, eta pertsona guztiek erabili ahal izateko eran diseinatu eta kokatuko dira haien elementuak.

Terraza instalatu ahal izateko, lizentziaren edo komunikazioaren titularra izan beharko da, edo ostalaritzan nahiz parekatutako jarduera batean aritzeko araudi indardunak eskatzen duen beste edozein tituluren jabe.

Ostalaritzako edo pareko zein establezimenduren mende dauden, haren jarduera bera izanen dute terrazek, eta haren produktu berak salduko dituzte.

Terrazek erabilera publikoko espazioa okupatzen dutenez, pertsona guztiek erabiltzen ahal dituzten terrazak bakarrik baimenduko dira, establezimenduko bezeroa edo bazkidea izan beharrik edo horrelako mugarik jartzen ez dutenak.

II. KAPITULUA

Definizioak, baimena eta mugak

4.–Definizioak.

Hona zer diren terrazak: mahai, upel, aulki edota bestelako altzarien multzoa, baita haien instalazio osagarri finko nahiz mugigarriak ere, hala nola eguzkitakoak, eguzki-babesak, eguzki-oihalak, ainguratutako estalki egonkorrak, itxiturak, alboetako babesgarriak, argiak, berotzeko ekipamenduak etab., sarrera libreko edo erabilera publikoko eremu publiko edo pribatuetan egonik, ostalaritzako edo pareko establezimendu legeztatu baten osagarri direnean hala aldi baterako nola modu jarraituan, dagokien udal ordenantzaren arabera.

Beladore-terraza itxituradunak dira perimetroan itxita daudenak erraz desmuntatzen diren elementuekin eta estalkia dutenak, haien jarduera garatu ahal izan dadin ostalaritzako edo ostalaritzarekin parekatutako establezimendu baten osagarri gisa.

Ordenantza honen ondorioetarako, zenbait elementu bereizgarri hartzen dira aintzat:

–Mahaiak, aulkiak eta bankuak, upelak eta tabureteak: kontzeptu honetan sartzen dira establezimenduak, ostalaritzako jardueran diharduela, bezeroen esku uzten dituen elementu eramangarri guztiak, dela esertzeko dela kontsumizioak gainean jartzeko.

Haien arteko desberdintasunak funtzionalitatean egonen dira: eserlekuak izan daitezke pertsona bakarrak erabiltzekoak (aulkiak eta tabureteak) edo gehiagok baliatzekoak (bankuak), eta diseinatuak egon daitezke zutik erabiltzeko (upelak eta tabureteak) edo eserita baliatzeko (mahaiak, aulkiak eta bankuak).

–Oinarrizko beladore unitatea: ordenantza honen ondorioetarako, oinarrizko beladore unitatea da mahai batek eta haren albo banatan kokatutako lau aulkik osatzen duten multzoa.

–Elementu tolesgarriak: definizio honetan sartzen dira lokaleko fatxadan finkatuta dauden eta tolestu ahal diren elementu guztiak (mahai, apal, banku eta abarrekoak).

Eremu publikotik kendu ezin direnez, ixteko sistemak bermatu behar du ez direla manipulatzen ahalko ezarritako ordutegia amaitzen denean.

–Alboetako babes elementuak eta haize-babesak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazak hartutako eremua mugatzeko eta perimetroan kokaturiko mahaiak eta bestelako elementuak babesteko funtzioa duten elementuak, baldin eta establezimendukoek ekipamendu horiek beren kabuz eraman baditzakete eta ordenantza honetan haientzat ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Alboetako babes elementuak eta haize-babesak terrazaren lau alboetatik hirutan jarri ahalko dira gehienez.

Alboetako babes elementu eta haize-babes horiek 1,60 m-ko garaiera izanen dute gehienez.

–Estalki egonkorraren proiektua: estalki egonkorra deritzon egitura lurrean finkatuta dago, edo horman eta lurrean, eta muturretan zutabe gisakoak ditu, gaineko eguzki-oihal mugigarri bati eusten diotenak.

–Itxiturak: kontzeptu honetan sartzen dira itxiturako elementuei eusten dien egitura sostengatzaile batekin eratutako elementuak, zeinen funtzioa baita terrazak hartutako espazioaren bolumena mugatzea; elementu horiek erraz desmuntatzeko modukoak izan behar dira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak bete behar dituzte.

–Apaingarriak: erraz eraman daitezkeen elementuak dira, eremu publikoan ostalaritzako establezimendu baten ondoan ezar daitezkeenak, baldintza estetikoak hobetzeko edo establezimenduak eskaintzen dituen produktuak handik igarotzen diren pertsonei ikusarazteko; halakotzat joko dira loreontziak, dekorazioko irudiak etab., eta horien tankerako beste elementu batzuk, jatetxeetako menuak, produktuak erakusteko altzariak, etab.

–Eguzki-babesak edo eguzkitakoak: terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko elementu guztiak; batzuk eramangarriak dira (eguzkitakoak) eta beste batzuek egitura autosostengatzailea eta desmuntagarria dute (eguzki-babesak). Babes elementua bakarrik terrazaren eremua estaltzeko hedatzen ahalko da, eta ez ditu izanen alboetako babes elementuak; halakoak izanen balitu, itxituraren kategorian sartuko litzateke.

–Eguzki-oihalak: olanaz edo oihal sendoz estalitako edozein egitura, eremua eguzkitik eta egurats zabaletik babesten duena. Eraikineko fatxadan finkatuta egon daitezke edo jardineretan bermatuta terrazarako baimendutako gunearen barruan; betiere horizontalean zabaldu behar dira, eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

Eguzki-babesak eta eguzkitakoak ez bezalakoak dira, azken horiek ezin direlako inola ere eraikinaren fatxadan lotu.

–Berogailuak: terrazak hartzen duen eremua berotzeko erabiltzen diren elementu guztiak; bai berogailu eramangarri autonomoak bai fatxadari erantsita egonik hornidura elektrikoaren instalazio finkoa behar dutenak.

–Lainoztagailuak: lainoztatzeko edo ur tanta oso txikiak barreiatzeko gailuak dira, giroa freskatzeko erabili ohi direnak. Elementu eramangarriak dira, hodi sistemaz, zipriztingailuez eta abarrez osatuak, eta itxituren edo eguzki-oihalen egiturak baliatuz instalatzen dira, erabiltzaileen gainean zintzilikatuta.

5.–Terrazetarako baimena.

Aurreko artikuluan deskribatutako terrazak instalatu ahal izateko, aurretik udal baimena eskuratu behar da. Baimen hori kapitulu honetan ezarritako baldintzen arabera emanen da. Goian xedatutakoa galarazi gabe, halako instalazioak Lizarrako jaietan edo auzoetako jaietan egiten direnean, Alkatetzaren ebazpen bidez jaso ahalko dute instalatzeko baimena.

Herriko jaietan terraza instalatzeko baimena ematen denean, aldi batez –baimen horrek dirauen bitartean– etenda egonen da ordenantza honen arabera emandakoa, halakorik bada, eremu publikoa gehiegi ez erabiltzeko. Nolanahi ere, Udalak egokitzat jotzen duena erabakiko du, kontuan izanik ukitutako eremuaren baldintza fisikoak eta bi terraza batera jartzeak ekarriko lituzkeen ondorioak.

Ordenantza hau udal kontzesioen babesean egiten diren ostalaritzako jardueren osagarri diren terrazei ere aplikatuko zaie, eta horien baldintzek araudi hau errespetatu beharko dute, terraza jartzeko aukera kontzesioan berariaz aurreikusi edo ez.

Terrazak jartzeko baimenak behar bezala legeztaturik dauden ostalaritzako eta pareko establezimenduei bakarrik emanen zaizkie. Inoiz ez da pentsatuko establezimendu horiek berez eskubidea dutenik terraza jartzeko, jabari publikoa besterenezina eta preskribaezina delako eta baimen hauek guztiak iritziaren araberakoak eta behin-behinekoak direlako, hala jabari publikoko lurzoruetan nola titulartasun pribatuko eta erabilera publikoko espazioetan.

Ordenantza honen babesean ematen diren baimen guztiak behin-behinekoak izanen dira, hau da, eman zirenean aintzat hartu ziren inguruabarrek iraun bitartean eutsiko zaie, non eta inguruabar berriren batek ez duen eragozten haiek mantentzea erabilera komunari edo interes orokorrari kalterik egin gabe, ukitutako espazio publiko zehatzaren erabilerari dagokionez.

Horren ondorioz, lehentasunezko interes publikoa dela-eta terraza aldi baterako edo behin betiko eteteak ez du inolako kalte-ordainik ekarriko, bai ordea jabari publikoa erabiltzeagatik ordaindu diren tasen zati proportzionalaren itzulketarako eskubidea.

Ez da baimenik emanen estalki egonkorra duten terrazak instalatzeko jabetza pribatuko eta erabilera publikoko espazioetan, baldin eta instalazio horrek lurzatiko eraikigarritasuna eta irabazteko aprobetxamendua handitzea badakar. Aldez aurretik Udaleko zerbitzu teknikoek txostena eginen dute.

6.–Baimen eskaerak eta dokumentazio erantsia.

1.–Pertsona edo entitate interesdunak baimen eskaera aurkeztu beharko dio Udalari, udal egoitza elektronikoaren bitartez eta eredu ofizialaren arabera. Eskaeran datu hauek jarriko ditu:

a) Jarduera nagusiaren izen komertziala eta kokalekua, kale izendegiaren arabera.

b) Instalaziorako eskatzen den epea, 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Mahai eta aulkien kopurua.

d) Terrazaren egiturazko elementuak, halakorik jarri nahi bada.

2.–Eskaerak, oro har, aitzineko ekitaldiko urriaren 15etik abenduaren 10era bitarteko aldian aurkeztuko dira. Aldez aurretik Udalak deialdia eginen du. Urtebetetik beherako terraza denboraldia aukeratzen bada –hau da, denboraldi erdia edo herriko jaiak–, kasuko denboraldia hasi baino gutxienez hilabete lehenago aurkeztu beharko da eskaera.

Eskaera epe horietatik kanpora egiten bada, ez da tramitera onartuko, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Baimen litezkeen ostalaritzako establezimendu berriak.

b) Irekitzeko lizentziaren titulartasuna aldatzen duten establezimenduak.

c) Izatezko okupazio bat erregularizatzen den kasuak, haren titularrak egoera legeztatzeko interesa duelarik eta frogatzen duelarik, modu fede-emailean eta eskaerarekin batean, behar den isuna ordaindu duela jabari publikoa baimenik gabe okupatzeagatik.

d) Espazio publikoaren konfigurazioaren aldaketak terraza jartzeko bidea ematen duenean.

Kasu horietan eskaera edonoiz aurkeztu ahalko da, eta hilabeteko epean ebatziko da. Eskaera horiek, betiere, ordenantza honen bederatzigarren artikuluan aurreikusten diren terraza-denboraldietarako izanen dira.

Baimendutako terraza daukaten ostalaritzako establezimenduek deialdi edo epe orokor hori baliatu ahalko dute terrazaren denboraldia edo terrazaren konfigurazio fisikoa aldatzeko proposamenak egiteko. Epe horiek baliatu ezean, baimena luzatuko zaie uneko ekitaldiko denboraldian dituzten baldintza berberekin.

7.–Estalki egonkorraren proiektuak:

1.–Estalki egonkorra aurreikusten bada, dokumentazioari proiektu tekniko bat erantsiko zaio, 32. eta 34. artikuluetako baldintzak betetzen dituena. Proiektu horretan estalkiaren xehetasun-planoak aurkeztuko dira, 1:20 eskalan, oinplanoa eta altxaera definituta.

2.–Halaber proiektu horretan azalduko dira estalkiaren forma eta neurriak, materialak eta horien portaera suarekiko (gutxienez M-2 gradua), sekzioak, ainguratzeak, haizearekiko erresistentzia (jasan dezaketen abiadura handiena adierazita), eta abar. Gainera, teknikari eskudun batek sinatu beharko du, eta muntaketaren ziurtagiria eta eraikuntzaren edo erosketa eta muntaketaren aurrekontua aurkeztuko dira.

3.–Estalki egonkorraren proiektua baimen dadin, arau orokor gisa, estalkiak ostalaritzako establezimenduaren fatxadak adinako luzera izanen du gehienez, eta proiektuko oinplanoa 14 m²-koa izanen da gutxienez.

4-. Estalki egonkor bat paratzeko interesa duten ostalaritzako establezimenduek udal zerbitzu teknikoen iritzia eskatzen ahal dute, aitzinetik, beren terrazako estalkiaren proiektu zehatzari buruz; horretarako, muntadura deskribatzeko krokisa aurkeztuko dute; hartan, okupazioaren, oinplanoaren eta altxaeraren neurriak agertuko dira, eta ukituriko espazio publiko zehatzarekin eta zerbitzu eta inguruabarrekin duen harremana, baita paratu gogo den instalazioa deskribatzeko infografia edo argazki muntaketa ere.

Irizpidea pertsona edo entitate interesdunari igorriko zaio, behin betiko proiektua presta dezan Udalaren jarraibideekin bat, behar ez diren lan eta gasturik gabe.

8.–Baimena ematea.

1.–Eskaera aitzineko artikuluetan ezarritako baldintzetan aurkeztuta, ikustaldia eginen da edo eskatzailearekin harremanetan jarriko dira terrazaren kokaleku eta luze-zabal zehatzak finkatzeko. Horren ondotik, bidezko diren txosten tekniko eta juridikoak eginen dira eta gero, udal agintaritza eskudunak hilabeteko epean emanen du ebazpena.

2.–Baimena ematerakoan kontuan hartuko dira, betiere, ostalaritzako establezimenduaren azalera erabilgarria eta baimendutako gehieneko edukiera, oinezkoen pasabidea bermatzeko adinako azalera izatea eta beste inguruabar batzuk. Erreferente orokorra izanen da baimendu beharreko terrazaren luzera ez izatea establezimenduko fatxadaren luzera halako 1,5 baino gehiago, baina kasu bakoitzean aztertuko da. Halaber kontuan hartuko da ostalaritzako edo bestelako establezimendu gehiago izatea kasuan kasuko espazio publikoan; dauden zerbitzu publikoak; oinezkoen joan-etorriaren intentsitatea; kaleak daukan merkataritza ekipamendua, eta abar.

3.–Baimentzen den muntaduraren baldintza zehatzak (kokalekua, okupazioaren azalera, mahai eta aulki kopurua eta bestelakoak) grafikoki biltzen dituen agiri edo fitxara bilduko da txosten teknikoa.

4.–Baimenetan azalduko dira eskatu diren eta administrazio unitate eskudunaren ustez baimen daitezkeen beste elementu guztiak, bai eta eskatu ez diren baina nahitaez instalatu behar direnak ere (manparak eta abar).

9.–Funtzionamendurako aldiak eta aroak.

Ostalaritzako terrazak denboraldi hauetarako baimenduko dira:

–Urte osoko denboraldia (urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte).

–Denboraldi erdia (maiatzaren 1etik urriaren 31 arte).

–Herriko jaietarako baimena. Herriko jaietako asterako bakarrik.

Ez da denboraldi aldaketarik onartuko denboraldi bakoitzean zehar. Aldaketa eskatuz gero, hurrengo denboraldirako sortuko ditu ondorioak.

10.–Berritzea.

Zer denboralditarako ematen diren, horrexek irauten duen bezainbat izanen dute lizentziek indarra; alabaina, hurrengo ekitaldirako eta denboraldi mota bererako berrituko dira automatikoki, haien titularrak kontrakoa adierazten ez badu 6.2 artikuluan aipatu den epean, edo berariaz igorritako jakinarazpenean ezarritako epean. Nolanahi ere, uko egiten ahalko zaio, terraza paratzeko epe baimendua hasi baino 15 egun lehenago.

11.–Muga orokorrak.

1.–Debeku da terrazak instalatzea Udalarekin betearazpen edo premiamendu prozeduraren bidez ordainarazten ahal diren zorrak dituzten ostalaritzako establezimenduetan, eta lehendik dituzten baimenak indarrik gabe geldituko dira.

2.–Udalak edo beste administrazio publiko batzuek sustatu edo baimendutako jaiak edo kultura, gizarte nahiz kirol jarduerak egiten direnean, baimenak aldi baterako eteten ahalko dira, II. kapituluan azaldutako araubide juridikoarekin bat etorriz. Orobat, eten eginen dira herri lanak egiten direlarik, edo zerbitzuen hornitzaile diren enpresek nahiz partikularrek egiten dituzten obra pribatuak egiten direlarik, gauzatzeko baimendu den denboran, horietarako nahitaezkoa baldin bada espazio publiko bera erabiltzea.

3.–Halaber debekatuta dago instalazio horiek jartzea oinezkoen pasabideen, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuen, larrialdietako irteeren, autobus geralekuen, beira, kartoi edo zabor edukiontzien eta abarrekoen ondoan, eta libre utzi beharko dira, zerbitzu publikoek noiznahi erabili ahal ditzaten, ureztatze-ahoak, sute-ahoak eta estolderiako eta gainerako zerbitzu publikoetako erregistro eta kutxatilak. Beti 2 metroko tarte librea utzi beharko da, gutxienez, elementu horietara.

4.–Orobat debekatuta dago terrazak instalatzea garrantzi bereziko ondare elementuen ikuspegia nabarmen eragozten edo desitxuratzen duten kokalekuetan, elementuok interes kulturaleko ondasun gisa katalogaturik badaude, oso bereziki.

5.–Oro har, debekaturik dago ostalaritzak berezkoak ez dituen jarduerak egitea (ostalaritzako berezko jarduera da edariak eta janariak zerbitzatzea), hala nola era guztietako josteta eta merkataritza ekitaldiak. Horrelakoak egin ahal izateko baimen berezia eskatu beharko da 15 egun lehenago, gutxienez.

6.–Debekaturik dago era guztietako hots iturriak instalatzea baimendutako terrazetan (musika, girotze hotsa, etab.), bai eta zuzeneko musika eta irudi-erreproduzigailuak ere. Horrelako elementuak instalatzeko edo musika jarduerak egiteko, berariazko baimena eskatu eta eskuratu behar da aurretiaz. Baimenean ordutegi baldintzak, soinu igorpenaren gehieneko maila eta egokitzat jotzen diren beste baldintza guztiak ezarriko dira.

7.–Inola ere ez da terrazak instalatzeko baimenik emanen araudi sektorialak hori galarazten duenean. Baimenen bat eman bada era horretan, erabat deuseza izanen da.

12.–Berariazko mugak.

Arau orokor gisa, ezin da terrazarik jarri pertsonen segurtasunerako, mugikortasunerako eta irisgarritasunerako desegokiak izan daitezkeen tokietan, haien ezaugarri fisiko bereziak nahiz oinezkoen joan-etorriaren intentsitatea edo maila direla eta.

Baimenari buruz ebazterakoan kontuan hartu beharreko inguruabarrak izanen dira, bereziki, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren gaineko ukipena; ostalaritzako establezimenduaren inguruetan ibilgailuentzako pasagune baimenduak egotea, edo hiri altzariak eta beste zerbitzu batzuk, edo eraikin, establezimendu eta zerbitzu publikoetako sarrerak eta larrialdietako irteerak; eta haien elementu funtzionalak eta seinaleak ikusteko eragozpenak.

Erabileren bateraezintasun horiek zehazte aldera espazioak aztertzen dituenean, Udalak aintzat hartuko du genero ikuspegia.

III. KAPITULUA

Araubide juridikoa

13.–Udal baimena.

Terrazak, itxiturarekin nahiz itxiturarik gabe, eta haien elementu osagarriak instalatu ahal izateko, udal lizentzia eskuratu behar da aurretiaz. Erabilera publikoko espazioa okupatzeko baimen administratiboa da, berezia, iritziaren araberakoa, Administrazioak baldintza zehatz batzuen arabera ematen duena, lehendik dagoen interes publikoa baloratuz, segurtasunari, ingurumena ez kaltetzeari edo hiri estetikaren alderdiei dagokienez.

Interes publikoko inguruabarrak direla eta, hala nola obrak, ekitaldi publikoak, larrialdiak edo beste edozein, lurzorua ezin bada erabili baimendutako xederako, lizentzia etenda egonen da harik eta inguruabar horiek desagertu arte, eta ez da kalte-ordainerako eskubiderik izanen.

Edonoiz, arrazoiak azalduta, eta interes publikoaren alde, lizentziak ezeztatzen ahalko dira kalte-ordainerako eskubiderik gabe, aplikatu beharreko araudiarekin bateraezinak badira –nahiz eta araudi hori baimena eman eta gero onetsia izan–, jabari publikoan kaltea eragiten badute, jabari publikoa interes publiko handiagoko jardueretarako erabiltzea galarazten badute edo erabilera orokorraren kalterako badira.

Lizentziaren titularra izanen da erantzulea instalazioak eta haren funtzionamenduak kalte-galerak eragiten badizkie Administrazioari edo hirugarrenei.

14.–Eskualdagarritasuna.

Terrazarako lizentzia titular berriari eskualdatuko zaio, hark berariaz uko egin ezean, ostalaritzako establezimendua irekitzeko lizentziaren edo araudi indardunak jardueran aritzeko eskatutako beste edozein tituluren titulartasun aldaketa jakinarazten denean.

Terrazak instalatzeko eta funtzionatzeko lizentziak ez dira bereiz errentan ematen edo lagatzen ahalko.

15.–Baimenaren baldintzak.

Lizentzia emantzat joko da jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenik kaltetu gabe.

Baimenaren titularra behartua dago eremu publikoan instalazioaren elementuen ondorioz egiten diren kalteak konpontzera.

Lizentziaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua beharko du izan, eta haren estaldurak erabilera publikoko espazioan instalatutako terrazaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu. Poliza horiek 300.000 euroko kapitala aseguratuko dute gutxienez ere.

Terrazaren instalazioan aurreikusten bada baimendutako elementuren bat fatxadan edo zoladuran finkatzea, titularrak instalazioa egin aurretik bermea aurkeztu beharko du, kontratazioaren arloko araudian ezarritako bideetatik edozein erabiliz. Bermea 800 eurokoa izanen da, eta terrazaren instalazioa kentzen denean zulatuta dauden elementuak konpontzea estaliko du.

Terrazetako garbiketa orokorra establezimendua itxi eta gero eginen da. Hori gorabehera, une oro eutsi beharko zaie higiene baldintza egokiei.

Establezimenduaren titularrak altzari-elementu guztiak kendu beharko ditu erabilera publikoko eremuetatik, eguzki-oihala, alboetako babesgarriak eta lurrean finkatutako antzeko objektuak izan ezik. Udal agintaritzak adierazitako tokietan gordeko dira behar bezala metaturik, oinezkoen zirkulazio egokia eta Udaleko garbiketa zerbitzuen jarduna bermatzeko moduan.

Altzari-elementu horiek eremu publikoan metatzen ahalko dira udal agintaritzak hala adierazten duenean soilik, eta terrazaren baimena indarrean dagoen bitartean, betiere. Inola ere ez dira eremu publikoan uzten ahalko baimena indarrik gabe dagoenean edo terraza atxikita daukan establezimendu nagusiak hilabete baino gehiago itxita irauten duenean.

16.–Ordutegia eta funtzionamenduaren araubidea.

1.–Jarduera nagusiak baimenduta daukan ordutegia zein den ere, hari lotutako terrazako zerbitzuan jarraian ezartzen diren denbora mugak beteko dira:

–Mahai eta aulki baxuen terraza: maiatzaren 1etik irailaren 30era, 07:15ean hasi eta hurrengo eguneko 01:00ean bukatuko da ordutegia, eta ordubete luzatzen ahalko da larunbat, igande eta jaiegunetan. Urtearen gainerako aldian, 09:00etatik 24:00etara bitartekoa izanen da ordutegia, eta bi ordu luzatzen ahalko da larunbat, igande eta jaiegunetan.

Terraza muntatzeko ezinbesteko baldintza izanen da terrazari lotutako jarduera nagusirako baimena duen establezimendua jendearentzat zabalik egotea. Debekaturik dago establezimendu nagusia itxita dagoela terraza muntatzea.

Bizilagunen atsedena eragotzi gabe muntatu behar da, alferrikako zaratarik ez egiten ahaleginduz.

Herriko bestetan eta bestelako egun berezietan, funtzionamendurako bestelako ordutegi batzuk finkatzen ahalko ditu Udalak.

Aitzineko atalean xedatu dena gorabehera, Udalak ordutegia murrizten ahal du, inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintza mailakoak kontuan hartuta, edo asotsak inguruko bizilagunei traba egiten diela egiaztatzen denean.

Halakoetan, ordutegi murrizketa baimenean berean agertu beharko da ingurumenaren arloko nahitaezko baldintza gisa, hori gabe ez baita baimenik emanen.

2.–Terrazaren funtzionamendu ordutegia eta jendeak alde egiteko tartea amaituta, finkaturik ez dauden terrazako elementu guztiak eremu publikotik kendu eta behar bezala pilatu beharko dira horretarako seinalatutako tokietan. Jasotze lan horiek 30 minutu iraunen dute gehienez, eta zarata edo eragozpenik sortu gabe eginen dira.

Udal agintaritza eskudunak terrazaren titularrari agindu ahalko dio elementuok eremu publikotik kendu eta lokal pribatu batean gordetzeko.

3.–Baimenaren titularrak noiznahi frogatu beharko du, Udalak hala eskatuz gero, jardueraren arriskuengatiko erantzukizuna estaltzen duen aseguru egokia duela, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

17.–Okupatzen den azalera zedarritzea eta baimena ikusgai paratzea.

1.–Lizentzia erdietsirik, haren titularrak okupatzen den gehieneko azalera baimenduaren mugak bere bizkar seinalatu beharko ditu argi eta zehatz.

2.–Mugak zoruan markatuko dira, Udal Administrazioak horretarako adierazten dituen baliabide materialak erabiliz. Betiere, seinaleztapen horrek 90º-ko angeluak eginen ditu okupazio baimenduaren eremua markatzen duten lerroen elkarguneetan, eta inola ere ez da aldatzen edo kentzen ahalko baimenik gabe. Seinaleztapenik ezaren erantzule bakarra baimendutako pertsona izanen da.

3.–Terrazaren baimenaren titularrak ororen ikusgai paratu beharko du baimena frogatzen duen administrazio agiria, establezimenduaren fatxadan edo terraza baimenduaren barnean kokaturik; honako hauek agertuko dira agirian: instalazio baimenduaren krokisa, okupazio azalera, altzariak eta instalazio osagarri osoa, denboraldi baimendua, eta, baimendurik egonez gero, estalki finko edo ainguratua edo itxitura.

18.–Baimena emateko prozedura.

Ezertan eragotzi gabe 6. artikuluan xedatutakoa, terraza instalatzeko edo lehendik baimendutako terraza aldatzeko lizentzien eskaerekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

–Jardueraren titularraren izena, abizenak, sexua, eta NANa edo IFZ.

–Establezimenduaren kokalekua eta izen komertziala.

–Irekitzeko lizentzia, edo, hala denean, jakinarazpena, edo araudi indardunak jarduera gauzatu ahal izateko eskatzen duen titulua. Horiek izan badirela ofizioz egiaztatuko da.

–Eskatzailearen alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan. Hori izan badela ofizioz egiaztatuko da.

–Oinarrizko beladore unitateen kopurua, instalatu nahi diren elementu osagarrien zerrenda, eta arkupeetan mahai altuak edo upelak instalatzeko asmorik baduen, horiek baimen daitezkeen kasuetan, altzarien kopurua eta modeloa adierazita.

–Eguzki-oihalek okupatuko duten azalera, kokapen- eta xehetasun-plano kotatuan.

–Instalatuko diren elementuak eta haien antolaera.

–Erantzukizun zibileko aseguru polizaren kopia. Aseguruak terrazako jarduera eta hartatik etor daitezkeen kalteak estali behar ditu.

–Establezimenduaren erantzukizun zibileko eta suteetako aseguruaren primaren ordainketa egunean izatearen frogagiria.

–Jardueraren funtzionamendu aldia.

–Berogailuak edo lainoztagailuak instalatuz gero, 30. artikuluan eskatutako agiri guztiak.

Hala behar denean, udal zerbitzuek interesdunari eskatuko diote dokumentazioaren akatsak zuzendu edo falta diren agiriak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta ohartaraziko diote ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela eta artxibatu eginen dela beste izapiderik egin gabe, aurretik ebazpena emanda, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin.

Behin dokumentazioa osatu ondoren, txosten teknikoa emanen da eta bertan adieraziko da baimena ematen dela, zehazten diren baldintzekin, edo ukatzen dela, ezezkoaren arrazoiak azalduta.

Aldeko txosten teknikoa oinarri, udal agintaritzak terrazaren instalazioarekin eremu publikoa okupatzeko lizentziari buruz ebatziko du, eta proiektatutako instalazioak bete beharko dituen betekizunak edo neurri zuzentzaileak azalduko ditu, hala behar denean.

Hilabeteko epean berariazko ebazpenik ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Lizentzian honako hauek jaso behar dira: baimentzen den espazioaren neurriak, kokapena, funtzionamendu aldia, ingurumen arloko mugak, mahai eta aulkien guztizko kopurua, eta altzari osagarriak; haien kopurua eta ezaugarriak zehaztu behar dira.

Lizentzia agiria edo haren kopia jardueraren lokalean eduki beharko da, Udaleko ikuskapen zerbitzuaren eskura.

19.–Itxiturak dituzten terrazak instalatzeko baimenaren prozedura.

Itxiturak dituzten terrazetan, ostalaritzako edo pareko establezimenduaren titularrak instalazioaren proiektu teknikoa aurkeztu beharko du profesional eskudun batek sinatua. Honako hauek bilduko ditu:

Memoria teknikoa, hauek zehazten dituena:

–Okupatu beharreko azalera eta itxituraren barnean paratuko diren elementuen ezaugarriak.

–Jardueraren funtzionamendua; besteak beste, aurreikusitako instalazioen baldintza teknikoak, instalazio elektrikoa (halakorik bada), suteen prebentzioa, isolamendu akustikoa, nola betetzen diren Irisgarritasunari buruzko Legea eta Ikuskizun Publikoei buruzko Legea, eta abar.

–1:100 eskalako planoak, nahasteko biderik gabe luze-zabalak, sekzioak, oinplanoak eta alboetako, aurreko eta atzeko altxaerak zehazten dituztenak.

–Muntaketarako aurreikusitako obrak.

–Teknikari fakultatibo batel egindako ziurtagiria, non adieraziko baita egitura behar bezain egonkorra dela, suteen prebentziorako, sua itzaltzeko eta ebakuaziorako baldintza egokiak dituela eta suarekiko egonkortasun eta erreakzio egokiak dituela.

–Instalazioaren aurrekontua.

–Erantzukizun zibileko eta suteetako aseguru polizaren ordainketa egunean izatearen frogagiria. Aseguruak establezimenduko ostalaritza jardueraren ondoriozko mota guztietako arriskuak estali behar ditu.

–Jardueraren funtzionamendu aldia.

Behin dokumentazioa aurkeztutakoan, udal agintaritzak baimena emateari buruz ebatziko du. Aldez aurretik txosten tekniko bat eginen da non aztertuko baitira hiri ingurunerako egokitasuna eta beste alderdi batzuk, hala nola ostalaritzako establezimenduaren azalera erabilgarria, espazio publiko mugatuaren edukiera, dauden zerbitzu publikoak, oinezkoen zirkulazioaren intentsitatea eta kaleko merkataritza ekipamenduaren maila.

Proiektu teknikoa aurkeztu baino lehen, terraza instalatzeko aukerari buruzko kontsulta egin ahalko da. Horretarako, instalazioa deskribatzen duen krokisa aurkeztuko da, okupazioaren neurriak, oinplanoa eta altxaera, ukitutako eremu publikoarekiko erlazioa eta zerbitzuak erakutsiko dituena, eta egin nahi den instalazioa deskribatzen duen infografia edo argazki muntaketa ere erantsiko da. Instalazioa baimentzeko aukerari buruz Udalak emandako erantzuna ostalaritzako edo pareko establezimenduaren titularrari jakinaraziko zaio.

Artikulu honetan xedatutakoa gorabehera, Udalak ez du itxiturak dituen terrazarik baimenduko elementu horien instalazioak berak traba egiten badu hiri paisaiaren irakurketa egokia egiteko. Inoiz ez da halako itxiturarik baimenduko hiriaren ondare historikoko eraikin edo osagaien inguruetan.

20.–Indarraldia.

1.–Baimena zein urtetan eskatu hartarako emanen da, eta automatikoki luzatutzat joko da, non ez den gertatzen interes publikoko inguruabarren bat edo lizentziaren baldintzen aldaketaren bat eta Administrazioak ez duen jakinarazten baimena luzatzearen aurkako borondatea, luzapena hasi baino 15 egun lehenago, gutxienez.

Udalak luzatzearen aurkako borondatea agertuko du kasu hauetan:

–Prozeduraren bat hasi denean terrazako jarduera nagusiaren funtzionamenduak eragozpenak edo kalteak eragiten dituelako.

–Lizentziaren baldintzak edo ordenantza bera ez direla betetzen egiaztatzen denean.

–Tasa ordaintzen ez denean.

–Baimendutako aldian jarduketa publikoak egitea aurreikusten denean, eta aurreikusten denean jarduketok baimena ematen den uneko errealitate fisikoa aldatuko dutela.

21.–Baimena azkentzea.

Lizentzia kasu hauetan azkenduko da:

–Titularrak uko egiten dionean eremu publikoa okupatzeko lizentziari.

–Udalak lizentzia ezeztatzen duenean:

a) Interes publikoko arrazoiengatik, kalte-ordainerako eskubiderik gabe.

b) Ez direlako betetzen lizentziaren baldintzak edota ordenantza honetan eta aplikatu beharreko beste edozein arauditan ezarritako arauak.

c) Ez delako borondatezko epean ordaindu eremu publikoa okupatzeko tasa.

IV. KAPITULUA

Araubide fiskala

22.–Aplikatu beharreko zona fiskalak.

Hauek dira 1. zonako kaleak: Sorkunde Garbiaren pas., Antso Azkarra, Antso Jakituna, Karlos II.a Gaiztoa, Gartzia Berrezarlea, Coronación pl., San Andres, San Veremundo, Vianako Printzea, Gustavo de Maeztu (S. Frantzisko Xabierkoa kaletik Sorkunde Garbiaren plazara), S. Frantzisko Xabierkoa, Aralar Mendia pl., Huarte Donibanekoa, Deierri (Sorkunde Garbiaren plazatik Errekoletoetako biribilgunera), Santiago pl., Kale Nagusia, Calderería, Labearen kalexka, Anai Wenceslao Oñatikoa, Foruen pl., Nafarroa Beherea, S. Frantzisko Asiskoa pl., Gaiteroen kalexka, Rosas kalexka eta Antso Ramirez.

Hauek dira 2. zonako kaleak: Los Llanos pas., Teobaldo II.a, Gustavo de Maeztu (S. Frantzisko Xabierkoa kaletik Los Llanos pasealekura), Platerías kalexka, Carpintería, Tecendería, Puy, Izarra, Nabarreria, Allinibar, Zezenen kalexka, La Corte, Berrotza, Gesalatz, Lizarra, Herreros kalexka, Juan de Labrit, Bell-Viste, La Gallarda, Bakea pl., Bakea zeharkalea, Arroitz, Santa Beatriz de Silva, Zezen plazaren zeharkalea, Miguel Hernández, aita Hilario Olazaran, Zumalakarregi, San Jose pl., Navarro Villoslada, Deierri (Zaldutik Errekoletoetara), Valdelobos, Arieta, Andia, Odol Emaileak, Remontival, B Sektorea, Miguel de Eguia, Ioarko Haitzak, Monteskintza, Tafalla, Tutera, Gramatika Ikasgua, Cotarro, La Imprenta, Cuchillería, Chapitel, Zapatería, Julio Ruiz de Alda, Merkatu Zaharreko pl., Merkatu Zaharra, Harresiak, Cordeleros, Asteria, Erregeren kalexka, San Lorenzo kalexka, Espoz y Mina, San Agustin pl., Pelaires kalexka, Rua, Zalatambor, San Martin pl., Azucarero pl., San Nikolas, Anai Diego Lizarrakoa, Aben Seraq, Logroño Bidea, Karlos VII.a (etxebizitzetako alderaino), Rocamador, Iratxeko monasterioa, Irantzuko monasterioa, Gebala, Urederra ibaia pl., Atalaya (etxebizitzak amaitzen diren arte), Jurramendiko Gertaeren pl., Merkatondoa (etxebizitzak amaitzen diren arte), Merkatondoa zeharkalea (etxebizitzak), Done Jakue Bidea, Orreaga, Leireko monasterioa, Donibane Garazi, Eunate eta Amaiur plaza.

Hauek dira 3. zonako kaleak: gainerako kaleak.

23.–Eremu publikoa okupatzeko tasa.

1. Urte osoko denboraldiko tasa: urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte.

Kuota = Terrazako m² okupatuak * Zonako balioa * Finantza kostua.

–Terrazako m² okupatuak: eremu publikoan zenbat metro koadro hartzen diren.

–Zonako balioa: balioak ondokoak izanen dira: euroak/m²-ko/urteko.

–1. zona: 422,37 euro.

–2. zona: 298,69 euro.

–3. zona: 170,14 euro.

–Finantza kostua. % 5 aplikatuko da.

2. –Denboraldi erdiko tasa: maiatzaren 1etik urriaren 31 arte.

Tasa: urte osoko tarifaren % 70.

3. Herriko festetako tasa.

Tasa: 5 euro/m² herriko festetako egun guztietarako.

V. KAPITULUA

Terrazak eta haien altzariak paratzeko baldintza teknikoak

24.–Erabilera publikoko zein tokitan baimen daitekeen terrazak instalatzea.

1.–Terrazak instalatzea baimendu ahalko da kale, plaza eta pasealekuetan eta erabilera publikoko gainerako espazioetan, ordenantza honetan jasotako muga eta zehaztapenei loturik, betiere.

2.–Inola ere ez da terrazarik instalatzeko baimenik emanen toki hauetan:

–Oinezkoentzako pasabideen ertzetako espaloietan. Salbu eta oinezkoen zirkulaziorako zerrendatik oztoporik gabe iristen ahal denean oinezkoen pasabidera.

–Larrialdietako irteeren zabalera osoan.

–Garraiobide publikoen geralekuetan.

–Lorategietan, edo zuhaitzak arriskuan jar daitezkeen tokietan. Los Llanos parkeko administrazio-kontzesioetako terrazak salbuesten dira.

3.–Hiri-altzari, trafiko-seinale eta argiekiko behar adinako distantzia errespetatuko da haien funtzioa bermatzeko eta mantentze lanak egin ahal izateko.

4.–Ez da paratzen ahalko oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa oztopatzen duen edo eraikin nahiz establezimenduetarako sarbide librea trabatzen duen elementurik.

5.–Udalak debekatzen ahalko du terrazak eta haien elementu osagarriak instalatzea, kalte-ordainerako eskubiderik gabe, interes publikoagatik, zonaren izaera historiko-artistikoagatik edo bide segurtasunagatik, edo terrazek elementu funtzionalak eta obra publikoak ongi ikustea eragozten badute, edo interes publikoko beste edozein inguruabar tarteko.

25.–Erabilera publikoko espazioa okupatzeko baldintza teknikoak.

Instalazioak oinezkoen ibilbide irisgarria eta oztoporik gabekoa bermatu beharko du fatxadaren ondoan, oinezkoen segurtasuna babeste aldera, bat etorriz irisgarritasuna sustatzeari eta oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko araudiarekin.

Baldin eta, salbuespenezko eta behar bezala justifikatutako inguruabarrak tarteko, komeni bada terraza establezimenduko fatxadaren ondoan kokatzea, horretarako baimena eman ahalko da. Aurrez txosten teknikoa eginen da terrazaren diseinuari eta baldintzei buruz.

Oinezkoentzako ibilbide irisgarriak luzetara oztoporik gabeko 2,20 metroko altuera izan beharko du.

Ilarako aparkalekuetan bermatuko da espaloian oztoporik gabeko espazio horizontal bat izatea, gutxienez bi metro zabal, aparkatzeko leku irisgarrien ondoan.

Oinezkoentzako ibilbide bermatu zabalagoa ezartzen ahalko da, oinezkoen zirkulazioaren intentsitateak hala eskatzen duenean.

Ez da oztopatzen ahalko etxebizitzetako atarietatik galtzadarako pasabidea, ezta ibietan ibilgailuen sarrera-irteeretako maniobrak zailtzen ahalko ere.

Aurrean xedatutakoa gorabehera, terrazak gutxieneko tarte hauek errespetatuko ditu:

  • 2,00 m zerbitzu publikoko ibilgailuen geralekuetara.
  • 1,50 m oinezkoen pasabide eta minusbaliatuen beheraguneetara.
  • 1,50 m larrialdiko irteeren alboetara.
  • 1,50 m ibilgailuak higiezinetatik irteteko ibietara.
  • 1,50 m instalatutako salmenta gune finkoetara.
  • 1,50 m eraikinetako sarreretara.
  • 0,50 m bateriako aparkalekurik gabeko kaleetako espaloi ertzetara. 0,10 m arte gutxitzen ahal da, babes hesia bada.
  • 0,80 m bateriako aparkalekuak dituzten kaleetako espaloi ertzetara. 0,30 m arte gutxitzen ahal da, babes hesia bada.
  • 0,50 berdeguneetara, baldin eta berdeguneetako aldetik iristen bada mahaietara.

Terraza lokalaren fatxadari atxikitzen zaionean, 0,50 m-ko tartea utzi beharko da gutxienez ere haren ateen erroetatik.

Erabilera publikoko eremuetan terrazak instalatzeko muga hauek izanen dira:

a) Kaleetan:

Ez da baimentzen ahalko espaloietan inolako terraza-altzaririk instalatzea guztizko zabalera 2,40 metrotik beherakoa denean.

Espaloiak 2,40 metroko edo gehiagoko zabalera badu, mahai baxuak jartzen ahalko dira, edo altuera bikoitzeko mahai altuak, bi taburete edo aulkirekin, espaloiaren ertzean. Instalazioak oinezkoentzako ibilbidea bermatu beharko du fatxadaren alboan, gutxienez 2,00 metroko zabalerakoa.

Espaloiak 3,10 metroko edo gehiagoko zabalera badu, mahai baxuak jartzen ahalko dira, edo altuera bikoitzeko mahaiak, bi taburete edo aulkirekin, espaloiaren ertzetik 0,50 metrora. Aparkalekua espaloitik hesi edo langa fisiko baten bidez bereizita dagoenean, terrazako elementuen distantzia 0,10 metrora murriztu ahalko da. Instalazioak oinezkoentzako ibilbidea bermatu beharko du fatxadaren alboan, gutxienez 2,00 metroko zabalerakoa.

Espaloiaren ondoan ilaran edo baterian aparkatzeko lekuak badaude, terrazaren instalazioak 32.2 artikuluan jasotako mugak eta distantziak errespetatu beharko ditu. Hala ere, trafikoaren intentsitatea edo espaloiaren eta aparkatzeko lekuen taxuera bera ebaluatu ondoren, Udalak segurtasun hesia jartzeko eskatu ahalko du terraza baimentzeko aurretiazko baldintza gisa.

b) Oinezkoentzako eremuetan, plazetan eta espazio berezietan.

–Oinezkoentzako eremuak: terrazako elementuak halako moduan kokatuko dira non oinezkoek 4 metroko ibilbide irisgarria izanen baitute oztoporik gabe, eta Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren ibilgailu ofizialak, anbulantziak eta garbiketa zerbitzu publikoaren ibilgailuak igarotzen ahalko diren.

–Oinezkoentzako plazak: kasu bakoitzaren ezaugarriak eta ingurunea kontuan hartuz ebatziko dira eskaerak. Betiere, plazen berezko erabilera bermatuko da, kontuan harturik eskaeren kopurua, espazioaren ingurumen ezaugarriak eta lokal eta atarietarako irisgarritasun jarraitua.

Oinezkoentzako eremu eta plazetan nahiz espazio berezietan, zonako establezimenduek elementuen proposamen bakarra aurkeztuko dute, zona osoaren tratamendu orokor eta bateratua bermatuko duena.

c) Erdi Aroko hirigunean:

Terrazako elementuak halako moduan kokatuko dira non oinezkoek 3 metroko ibilbidea izanen baitute, oztoporik gabe bai oinplanoan bai altxaeran, kalearen erdiko ardatzarekiko, eta suhiltzaileen ibilgailuak, anbulantziak eta garbiketa zerbitzu publikoaren ibilgailuak igarotzen ahalko baitira. Altzariak alboetako zerrenda libreetan eta fatxadei atxikita jarri beharko dira.

26.–Terrazaren okupazio dentsitatea.

Zeinahi ere diren instalazioan erabiltzen diren elementuak, terrazatako erabilitako espazioaren okupazioak, oro har, honako dentsitatea izanen du gehienez ere: mahai 1 eta 4 aulki terrazaren 2 x 2 metroko modulu bakoitzeko (hau da, 4 lagun 4 m²-ko, pasabidea barne). Modulu hau ez zaie aplikatuko bezeroak esertzeko bankuak dituzten terrazei.

27.–Alboetako babesgarriak.

Alboetako babesgarri homogeneoek mugatu ahalko dute terrazak okupatzen duen gunea, hiru aldetatik, gehienez; babesgarri horiek esparrua zedarrituko dute eta bidea emanen diete itsuei oztopoa dagoela gaztigatzeko.

Terraza lokal nagusiaren fatxadaren ondo-ondoan dagoenean, bi albotan bakarrik baimentzen ahalko dira babesgarriak, fatxadarekiko perpendikularrak diren alboetan, inoiz ere ez paraleloetan.

Babesgarri horiek instalatzeko baimena emanen da baldin eta nahikoa azalera badago proposatutako tokian. Azalera horrek, babesgarria instalaturik dagoela, nahikoa izan behar du larrialdietako ibilgailuak handik igarotzeko eta maniobrak egiteko.

Alboetako babesgarriak mugigarriak eta erraz desmuntatzeko modukoak izanen dira.

Inguruneko baldintzekiko egokitzapena Udalaren aurretiazko baimenaren mende egonen da.

28.–Beladore-terrazak itxiturekin:

1.–Lizarrako Udalak baimena eman ahalko du erraz desmuntatzeko moduko itxiturak dituzten beladore-terrazak jartzeko, eta urte osoko funtzionamendu-aldia izan ahalko dute.

2.–Inoiz ez da halakorik baimenduko Erdi Aroko hiriguneko monumentu-eremuetan, ez eta udal jarduera edo jarduera pribatu jendetsuak egin ohi diren beste eremu batzuetan ere.

3.–Era berean ez da halakorik kokatuko oinezkoei eta larrialdietako edo zama-lanetako ibilgailuei eremu publikoa normaltasunez erabiltzea eragozten edo zailtzen zaien tokietan.

4.–Gainera, itxituren diseinuan lehentasuna izanen du begiak trabarik ez izatea; beraz, ez dira oztopo izanen hiria ikusteko. Egituraren elementuak lehentasunez altzairuzkoak izanen dira (altzairu herdoilgaitza, burdinurtua...), eta pinturazko akaberarik badago Oxiron motakoa izanen da, edo inguruetako hiri altzarietarako hautaturikoa bera.

5.–Itxituraren diseinuan material opakua erabili ahalko da 1 metroko altueraraino, gehienez, eta hortik gora itxitura gardena izanen da estalkiarekin bat egin arte.

6.–Aireztapen egokia eta irisgarritasuna bermatze aldera, itxiturak aldeetako batean ate gisako irekigune bertikal bat izanen du, gutxienez neurri hauek izanen dituena: 1,50 metroko zabalera eta 2,20 metroko altuera.

29.–Altzarien ezaugarriak.

Mahai eta aulki modeloek beren funtziorako ezaugarri egokiak izanen dituzte. Guztiak izanen dira pilagarriak, material gogorrekoak, erraz garbitzeko modukoak eta kalitate onekoak.

Mahai eta aulki hanken azpian gomazko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten.

Altzariek diseinu eta tratamendu kromatiko bateratua izan beharko dute, eta ingurunearekin bat datozen koloretakoak izanen dira. Udalak agindu ahalko du altzariek ezaugarri jakin batzuk izan ditzatela, ingurune arkitektonikoari egokituak, estetikari eta establezimenduen arteko uniformetasunari dagokienez.

Mahaiak, aulkiak, behin-behineko estalki espezifikoak eta baimentzen diren gainerako elementu osagarriak homologatzeko arauak ezarri ahalko dira.

Eguzkitakoak, eguzki-babesak eta behin-behineko estalkiak ez dira zoruan finkatzen ahalko. Arau orokor gisa, halakoak baimenduko dira baldin eta erraz desmuntatzen badira, beladoreek okupatzen duten eremutik irteten ez badira eta eusten dien oinarriak behar adina pisu badu, erabiltzaile eta oinezkoek arriskurik izan ez dezaten eta zoladura honda ez dadin.

Estetikagatik eta garbitasunagatik, ez da zilegi jardueran sortutako produktuak, materialak edo hondarrak terrazen ondoan bildu edo pilatzea.

Ez da onartuko terrazetan musika aparatuak, bozgorailuak, telebistak edo irudia eta soinua erreproduzitzeko bestelako gailuak jartzea.

30.–Berogailuak eta lainoztagailuak.

Ostalaritzako edo pareko establezimenduek, terraza jartzeko baimena badute, berogailuak jarri ahalko dituzte, baldintza hauen arabera:

Gasezko berogailuaren modeloak ekainaren 29ko 1990/396/EEE Zuzentaraua bete beharko du (gasezko aparatuei buruzko estatu kideetako legeriak elkarri hurbiltzekoa), edo, kasua bada, indarra duten arau-xedapenak, berogailuaren ezaugarriei, funtzionatzeko moduari eta jasangarritasun baldintzei dagokienez.

Ez da baimenduko berogailua instalatzea azpitik pasatzeko altuera librea 2,20 metrotik beherakoa izanda. Betiere, interesdunak itzalgailuak jarri beharko ditu berogailuetatik 15 metrora baino hurbilago eta eskura. Itzalgailuek gutxienez 21A 113B eraginkortasuna izanen dute. Berogailuak egunero kenduko dira, eremu publikoan jarritako altzariak bezala, ordutegi baimenduaren arabera.

Gasezko berogailuei dagokienez, erregai bonbona bereiz ateratzen ahal den modeloak bakarrik baimenduko dira.

Argindarrez elikatzen diren berogailuak instalatu nahi badira, soilik onartuko da eraikinaren fatxadan paratzea hori, edo integratua itxituren edo eguzki-babesen egituran, terraza elementu horiez hornituta badago. Kasu horietan, instalazio elektrikoa diseinatuta egonen da titularrak azkar eta aise desmuntatu ahal izateko, inolaz ere ez galarazteko ixteko elementuaren edo eguzki-babesaren desmuntaketa.

Fatxadaren ondoan oinezkoak oztoporik gabe igaro daitezen, paramentu honi finkatutako berogailuen osagai bat ere ez da egonen 2,20 metroko altueraren azpitik.

Ez da inolako kable elektrikorik paratzen ahalko bide publikoko zoruan.

Egituran txertaturik berogailu elektrikoak dauzkaten eguzki-babesak edo itxiturak jartzen badira, eguzki-babes edo itxitura horiek suaren kontra homologatutako materialez eginak izanen dira. Horrela, suak hartu edo erre daitezen saihestuko da.

Berogailuak jartzeko, titularrak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Berogailuaren ezaugarri fisiko, tekniko eta estetikoak.

–Aparatuaren modeloaren kopia koloretan.

–Terrazaren planoa, berogailuak non egonen diren erakusten duena.

–Berogailuaren kalitate bermea eta EEEren homologazioaren ziurtagiria.

–Aseguru enpresa batekin egindako kontratua, terrazan berogailuak jartzea aurreikusten duena.

–Teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria, elementuak egoera egokian daudela eta araudi indarduna betetzen dutela dioena.

–Funtzionamendu aldia.

Dokumentazioa egiaztatu ondoren, eta inguruneari edo eremu publikoan eragina izan dezaketen inguruabarrei erreparatuta, txosten teknikoa emanen da, eta bertan ezarriko dira berogailuak instalatzeko baimenaren baldintzak, edo adieraziko da baimena ukatu behar dela.

Lainoztagailuak: Lainoztatzeko edo lurruneztatzeko instalazioek arloan aplikatzekoa den araudia bete beharko dute, batez ere legionelosiaren prebentzioari eta kontrolari buruzkoa. Haiek hornitu eta elikatzeko, edateko uraren hornidura saretik datorren ura soilik erabiliko da.

Elementu horiek beladorean behar bezala integraturik gelditzeko moduan instalatuko dira. Haien eragina terrazaren esparrura mugatu beharko da hertsiki.

Haiek jartzeko, terrazaren titularrak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Instalazioaren ezaugarri fisiko, tekniko eta estetikoak.

–Aparatuaren modeloaren kopia koloretan.

–Terrazaren planoa, lainoztagailuak non egonen diren erakusten duena.

–Kalitatearen bermea eta EEEren homologazioaren ziurtagiria.

–Teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria, elementuak egoera egokian daudela eta araudi indarduna betetzen dutela dioena.

VI. KAPITULUA

Instalazioaren baldintzak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan

31.–Luzetarako gehieneko hedadura eta espaloiaren gutxieneko zabalera.

1.–Establezimendu bakoitzeko instalazioaren gehieneko hedadurak –alboetako babesgarriak barne, edozein direla ere–, eraikineko fatxada batean edo gehiagotan, ez du inoiz gaindituko hogei (20) metroko luzera.

2.–Ez da terrazarik paratzen ahalko bi koma berrogei metro (2,40 m) baino gutxiagoko zabalera duten espaloietan, ez eta zirkulazio azkarreko bideen alboan ere, galtzadan babesik ez badago.

32.–Okupazioa.

1.–Ezertan ukatu gabe 11. eta 12. artikuluetan jasotako mugak, terrazek eta haien elementuek okupazio baldintza hauek beteko dituzte:

a) Instalazioak beti bermatu beharko du oinezkoek oztoporik gabeko ibilbide iraunkor bat izatea gutxienez bi (2) metroko zabalera duena fatxadarekiko. Gutxieneko ibilbide hori espaloi-zabalera hauen arabera moldatuko da:

–2,90 - 4 metro bitarteko espaloi-zabalera: oinezkoentzako 2 m-ko ibilbide librea. Terrazaren zabalera 60 - 170 cm bitartekoa izanen da.

–4,01 - 5 metro bitarteko espaloi-zabalera: oinezkoentzako 2,50 m-ko ibilbide librea. Terrazaren zabalera 120 - 220 cm bitartekoa izanen da.

–5,01 - 6,30 metro bitarteko espaloi-zabalera: oinezkoentzako 3,00 m-ko ibilbide librea. Terrazaren zabalera 170 - 300 cm bitartekoa izanen da.

–6,30 m-tik gorako espaloi-zabalera: oinezkoentzako 3,00 m-ko ibilbide librea. Terrazaren zabalera 250 cm eta 4 m bitartekoa izanen da.

b) Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, oinezkoentzako ibilbide librea zabalagoa izan daiteke oinezkoen zirkulazioaren intentsitateak hala eskatzen duenean, administrazio unitate eskudunak egokitzat jotzen badu, arrazoiak azalduta.

2.–Luzetara jarriko dira eta espaloiaren ertzari jarraituz, oro har, harekiko tartea gutxienez berrogeita hamar (50) zentimetro izanik, aparkaturiko ibilgailuetako bidaiarien sarrera-irteerak ez oztopatzeko, non ez dagoen babes-hesiren bat, halakoetan gutxienez hamar (10) zentimetroko tartea gorde beharko baita hesiaren barnealdeko proiekzio bertikalarekiko. Ibilgailuak baterian aparkatzen badira, terrazatik espaloi-ertzerainoko tartea gutxienez laurogei (80) zentimetrokoa izanen da, non ez dagoen babes-hesiren bat, halakoetan gutxienez hogeita hamar (30) zentimetroko tartea gorde beharko baita hesiaren barnealdeko proiekzio bertikalarekiko.

3.–Baldin eta, salbuespenezko eta behar bezala arrazoitutako inguruabarrengatik, komeni bada terraza eta haren elementuak establezimenduko fatxadaren ondoan kokatzea, horretarako baimena eman ahalko da, administrazio unitateak proposatutako diseinuari eta baldintzei loturik. Halakoetan ere oinezkoentzako ibilbideen zabalera errespetatuko da, goian adierazitako espaloi-zabaleren arabera.

4.–Negozioaren titularrak eskatuz gero, Udalak aztertuko du ea establezimenduko terrazak aparkatzeko lekuren bat okupatu dezakeen; betiere, establezimendua terrazaren parean badago. Hori onartuz gero, terrazari segurtasun neurriak eskatuko zaizkio, alegia, behar bezala finkatutako babesgarri fisikoak, ibilgailu baten talka jasateko adinakoak.

Baimen hori Udaltzainen Burutzaren baimenaren mende egonen da, hark baloratu beharko baitu trafikoaren intentsitatea eta inguruetan aparkatzeko nahiko leku badagoen.

33.–Alboetako babesgarriak.

1.–Alboetako babesgarriek mugatu ahalko dute terrazak okupatzen duen aldea; horiek esparrua zedarrituko dute eta bidea emanen diete itsuei oztopoa dagoela gaztigatzeko.

2.–Alboetako babesgarri horiek mugigarriak izan beharko dira, gardenak edo opakuak, baina betiere ingurunearen baldintzei egokituak. Administrazio unitate eskudunak oniritzia eman beharko dio haien egokitasunari.

3.–Ez dira instalaziorako baimendu baino zabalagoak izanen eta, garaieraz, metro bat (1) izanen dira gutxienez eta metro bat koma hirurogei (1,60) metro gehienez.

4.–Babesgarri horiek material gardenekoak izanen dira metro bateko altueratik gora.

34.–Estalki egonkorrak.

1.–Kapitulu honetako aurreko artikuluen arabera zedarritutako espazioa behin-behineko elementuekin estaltzen ahalko da. Erraz desmuntatzeko modukoak izanen dira eta espaloian finkatuko dira. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Gehienez ere lau finkagune izanen dira itxituraren luzetarako garapeneko lau (4) metrotik.

b) Eskuin oinak, zeharka, ez dira bi (2) metro baino gehiago bereizten ahalko elkarrengandik, beren alde urrunenetik neurtura.

c) Edozein eskuin oinetatik espaloiaren ertzeko kanpo hegira tartea ez da inoiz hogeita hamar (30) zentimetro baino gutxiago izanen, salbu eta babesteko baranda dagoenean, halakoetan harengandik hamar (10) zentimetrora egoten ahalko baita.

d) Estalduraren muntaduran ateratzen den edozein elementuren beheko ertzak berrehun eta hogei (220) zentimetro baino garaiago egon beharko du.

e) Muntaduraren alboetako babesak irekiak izanen dira beren goiko aldeetan, eta haren garaiera ez da inoiz izanen bat koma hirurogei (1,60) metro baino handiagoa; ez da leiho irristatzailerik paratzen ahal.

2.–Gainera, estalkiek diseinu berezi irekia izanen dute, eta hartan lehentasuna izanen du begiak trabarik ez izatea; beraz, ez dira oztopo izanen hiria ikusteko eta ez dute itxura trinkorik izanen. Egituraren elementuak lehentasunez altzairuzkoak izanen dira (altzairu herdoilgaitza, burdinurtua...), eta pinturazko akaberarik badago Oxiron motakoa izanen da, edo inguruetako hiri altzarietarako hautaturikoa bera.

3.–Estalki egonkorrak finkagunerik gabe instalatzen ahalko dira, baldin eta behar bezala bermatzen bada egonkor eta mugigaitzak direla.

35.–Estalkiei dagozkien mugak.

Udal organo eskudunak estalkirako eskaera ezesten ahalko du kasu hauetatik edozeinetan:

–Bide segurtasunari nolabait kalte egiten zaionean (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea, etab.) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen denean.

–Eraikin eta lokal hurbiletako segurtasunari eragiten dionean (ebakuazioa, etab.).

–Formaz ingurunearekin egokia ez denean edo bat etortzen ez denean, edo hiri paisaiaren irakurketa zuzena zailtzen duenean.

–Haren luzetarako garapena establezimendu interesdunari dagokion fatxadaren luzera baino handiago denean.

36.–Beladore-terrazak itxiturekin.

Ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetan terrazak ezartzeko baldintzak arautzen dira kapitulu honetan, eta helburu nagusia da oinezkoentzako pasabide egokia eta nahikoa bermatzea. Hori dela eta, kale horietan itxiturarik baimentzekotan, toldo erako alboak eta estalkia dituztenak baimenduko dira soilik, ordutegi baimendua amaitzen denean tolestu eta espaloia libre uzteko.

Nolanahi ere, beti bermatu beharko da 32. artikuluan ezarritako pasabide librea, itxitura itxita dagoela eta erabiltzen ari dela.

Administrazioak haiek instalatzeko baimena ukatzen ahalko du, alboko eraikineko fatxadan dauden saltokiei kalte egiten badiete, bista oztopatzen dutelako.

VII. KAPITULUA

Instalazioaren baldintzak oinezkoentzako eremuetan, plazetan eta espazio libre berezietan

37.–Oinezkoentzako kaleak.

1.–Ordenantzaren aplikazioari dagokionez, oinezkoentzako kaletzat joko dira denbora guztian edo tarteka ibilgailuen zirkulaziorako itxita eta hala seinaleztatuta daudenak, haien taxuera fisikoa gorabehera. Instalazio bakoitzaren luzetarako hedadurak ez du inoiz gaindituko 20 metroko luzera fatxada batean edo gehiagotan.

2.–Luzetarako hedadurak bidearen ardatzari jarraitzen badio eta zenbait ostalaritza-establezimendu aurrez aurre badaude, elkarren artean banatuko dute terrazak instalatzeko zabalera erabilgarria.

3.–Gutxienez bost (5) metroko zabalera duten oinezkoentzako kaleetan soilik onartuko dira terrazak, eta halako moduan kokatuko dira non oinezkoentzako oztoporik gabeko ibilbide eta babes zibileko eta garbiketako ibilgailu, anbulantzia eta abarrentzako pasabide bat utziko baitute, gutxienez hiru (3) metro zabal. Bidearen zabaleraren % 40 okupatuko da gehienez ere.

4.–Hamar (10) metroko edo gehiagoko zabalera duten oinezkoentzako kaleetan inolako oztoporik gabeko ibilbide iraunkor bat bermatuko da oinezkoentzat, gutxienez lau (4) metro zabal, fatxada-lerrokadura bakoitzean, eta/edo erdiko ibilbide bat, hiri altzarien ezaugarrien arabera.

5.–Instalazioak alboetatik babestu eta zedarritzen ahalko dira 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6.–Onartuko da terrazak estaltzea lurrean finkatutako edo finkatu gabeko elementu egonkorrekin, inguruabarrek bidea ematen dutenean, berariaz egindako txosten teknikoaren arabera. Bestela, ohiko eguzkitakoak edo antzeko elementu mugigarriak erabiltzen ahalko dira. Estalki mugigarriak edo finkatuak izan, inoiz ez dute murriztuko hiru (3) metroko gutxieneko pasabide librea, eta gutxienez berrehun eta hogei (220) zentimetroko altuera izanen dute zorutik edozein elementu irtenen beheko ertzeraino.

38.–Plazak.

1.–Terrazak eta beladoreak plazetan paratzeko eskaerak kasu bakoitzeko ezaugarrien arabera ebatziko ditu Udal Administrazioak, muga orokor hauek betetzen dituztela:

a) Instalazioak inoiz ez du izanen hogeita bost (25) metrotik gorako luzera jarraitua.

b) Oinezkoentzat oztoporik gabeko ibilbide iraunkor bat bermatuko da, gutxienez lau (4) metro zabal, fatxada-lerrokadura bakoitzean, eta/edo erdiko ibilbide bat, lehendik dauden hiri-altzarien ezaugarrien arabera. Larrialdietako eta babes zibileko ibilgailuak igaro ahal izatea bermatuko da.

c) Lokal, atari eta abarretako irisgarritasuna bermatuko da une oro.

2.–Baldin eta, gehieneko muga hori gorabehera, proiektatutako instalazioak, jarduera nagusiaren lokaleko fatxadaren luzera gaindituta, harago luzatzen bada ostalaritzako establezimendua kokatuta dagoen eraikineko fatxadaren ondotik, frogatu beharko da instalazioa aurrean edukiko duten lokalen titularrek adostasuna adierazi dutela. Lokala arkupeen barnealdean eta terraza kanpoaldean egonez gero, ez da adostasuna frogatu beharrik izanen.

3. Ez da onartuko arkupeen barnealdean oinarrizko beladore unitateak jartzea (mahai baxuak eta aulkiak).

4. Terraza duten eta bertan otordu zerbitzua ematen duten lokalei baimena eman ahalko zaie zerbitzuko baxerarako eta mahai-zapietarako altzari txiki bat terrazan jartzeko. Altzari hori gehienez ere metro bateko altuera eta zabalera izanen du eta terrazako txoko diskretu batean kokatuko da. Gurpilak izanen ditu, bazkari eta afarietako zerbitzu bakoitza bukatutakoan terrazatik errazago kentzeko.

5. Onartuko da upelak edo mahai altuak jartzea lokalen pareko zutabeen ondoan, baldin eta atarietako sarreretan traba egiten ez badute. 41.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Ez da onartuko sustapen elementuak jartzea –hala nola kartak, menuak, jakien irudiak, logotipoak, merkataritzako markak eta horrelakoak– plazetako arkupeetako zutabeetan, hiriko paisaia kultural gisa ondare-balioa duten guneak direlako.

39.–Espazio libre bereziak.

Espazio libre berezietan terrazak eta beladoreak jartzeko lizentzien eskaerak modu justifikatuan ebatziko ditu administrazio unitate eskudunak, kontuan hartuz ingurunearen ezaugarriak, begi-inpaktua, pertsona eta ibilgailuen joan-etorria eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako inguruabarrak. Ahal dela araudi orokorra aplikatzen saiatuko da.

Ordenantza honen ondorioetarako, espazio libre bereziak dira hiriko ondare historikoa osatzen duten eraikinen inguruak (San Martin plaza, Rua kalea, San Nikolas kalea eta elizen inguruak) eta interes kulturaleko ondasun izendatu diren gainerakoak.

Hori gorabehera, ez da itxiturak dituen terrazarik baimenduko ondare historikotik hurbileko espazio libre berezietan. Instalatutako elementu guztiak mugigarriak eta desmuntatzeko errazak izanen dira.

Udal agintaritzak erabaki ahalko du eremu publikoan jarritako elementu guztiak egunero ken daitezela funtzionamendu ordutegia amaitutakoan, estetikarako egokitzat jotzen badu.

Inoiz ez da terrazak instalatzeko baimenik emanen garrantzi bereziko ondare elementuen ikusmira nabarmen eragotzi edo desitxuratuko luketen tokietan, are gutxiago elementuok interes kulturaleko ondasun gisa katalogaturik badaude.

VIII. KAPITULUA

Irizpide estetikoak

40.–Irizpide orokorrak.

Arau orokor gisa eta udalerri osorako, publizitatea debeku da terraza osatzen duten elementu guztietan, baita elementu lagungarrietan ere, salbu eta ostalaritzako lokalaren beraren publizitatea, hau da, haren izena eta logoa, terrazako altzarietan inprimatu ahalko baita, gehieneko azalera hauek hartuta:

–Eguzki-oihal eta bestelako estalkietan, gehienez ere 60 cm x 20 cm-ko azalera hegaletako bakoitzean.

–Eguzkitakoen hegaletan, aulki, mahai eta manparetan, gehienez ere 20 cm x 20 cm-ko azalera.

Salbuespen gisa, terrazetako mahai eta aulkietan serigrafiatutako publizitatea baimentzen da. Mahaiaren gama kromatiko bereko kolorea izanen du, eta inoiz ez du hartuko mahaiaren azaleraren % 10 baino gehiago.

Bai lehenbiziko eskaeretan, bai berritzeko eskaeretan, jarri nahi diren altzarien ezaugarriak adierazi beharko dira eta udal zerbitzu teknikoen oniritzia lortu beharko dute. Erabili nahi diren aulki, mahai eta eguzkitako moten eta gainerako elementu osagarrien irudiak erantsiko dira.

Arau orokor moduan, terrazako osagai nagusiek (eguzki-oihal, eguzki-babes eta altzariek) RAL CLASSIC gamako koloreak izanen dituzte, neutroak edo pastelak, inola ere ez kolore deigarriak.

Aldez aurretik eskaeran arrazoiak azalduta, Udalak salbuespenak baimendu ahalko ditu, betiere begi-inpaktua zainduz eraikin historikoetan, turismo-baliabideetan eta babestu beharreko beste ondasun batzuetan.

41.–Irizpide partikularrak.

Alde Zaharrean, oro har, eta Foruen plazan, Santiago plazan, Coronación plazan eta San Andres plazan, terrazen instalazioak arau hauek bete behar ditu:

1.–Horrelako instalazioetarako lizentzien titularrek inola ere ez dute plastikozko altzaririk erabiltzen ahalko.

2.–Terraza bat baino gehiago dauden tokietan, eguzki-oihalek, eguzkitakoek edo eguzki-babesek, terrazetako elementu nabarmenenak direnez, diseinu eta tratamendu kromatiko bateratua izan beharko dute, eta inoiz ez dira izanen deigarriak edo bitxiak. Diseinatutako oina izanen dute, eta debekaturik daude hormigoizko oinarriak.

3.–Goian esandako lekuetan dauden ostalaritzako establezimenduek elkarren arteko proposamen orokor bat prestatuko dute. Bertan jasoko dira terrazetako altzarien eta egiturazko elementuen diseinua, materialak eta kolorea. Behin Udal Administrazioak onetsi eta gero, hura izanen da aurrerantzean aplikatu beharreko oinarria. Proposamenik egin ezean, Udalak ezarriko ditu irizpideak.

4.–Foruen plazan eta Santiago plazan onartuko da arkupeetan upelak edo mahai altuak jartzea. Elementu horiek arkupearen barrualdean kokatuko dira, zutabeen kontra jarrita. Debeku da lokaleko fatxadaren kontra kokatzea. Elementu horiek ere ezaugarri bateratuak izanen dituzte aipatu bi plazetan. Aurreko apartatuan aipatutako berariazko proposamenean jasoko dira, eta beste elementuen gisara tratatuko dira.

42.–Instalazioen garbitasuna eta apaindura.

1.–Lizentziaren titularraren betebeharra da okupatzeko baimendutako lurzorua, instalazioa bera eta haren elementu osagarriak garbitasun, segurtasun eta apaindura egoera onean edukitzea, behar diren bitarteko guztiak erabiliz, hala nola zakarrontziak, hautsontziak, eta zorua eskobatzeko eta mahai eta aulkiak garbitzeko etengabeko zerbitzuak.

2.–Establezimenduak zakarrontziak edukiko ditu edo ontzi itxiak mahaietan, haizeak ez ditzan eraman ezpainzapi, zigarro mutur, paper zati eta bestelako hondakin arinak.

3.–Zikinkeria-foku garrantzitsuren bat atzematen bada instalazioren batean, Udalak garbiketa egin ahalko du, eta kostua ordainaraziko dio zikinkeria izan duen negozioari.

4.–Bermatuko da jardueran sortutako hondakinak birziklatzeko bereizi eta edukiontzi egokietara botako direla, Jurramendiko Mankomunitateak adierazitakoari jarraikiz.

IX. KAPITULUA

Legezkotasunaren berrezarpena eta zehapen araubidea

43.–Udalaren esku-hartzea.

Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko ikuskapen eta kontrola Udaleko ikuskapen zerbitzuari dagokio.

44.–Legezkotasuna berrezartzea.

Zehapen prozeduraren ondoriozko erantzukizun administratiboez gainera, arau-hausleari eskatzen ahalko zaio bestelakotutako egoera lehengoratzeko, baita ordaina pagatzeko ere egindako kalte-galerengatik.

Terraza bat lizentziarik gabe edo lizentziaren baldintzak bete gabe jarri dela ikusten denean, titularrari edo establezimenduan arduradun dagoenari eskatuko zaio berehala kendu edo egokitu dezala terraza hori.

Eskatutakoa bete ezean, Udaleko ikuskapen zerbitzuak laguntza eskatuko du terraza berehala kentzeko.

Terraza kentzeak sortutako gastuak arau-hauslearen kontura likidatuko dira.

Lizentziak babesten duen aldia bukatu ondoan terrazak bertan segitzea udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da.

45.–Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan xedatuaren aurka doazen ekintzak eta omisioak.

Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Hasteko edo ixteko ordutegia ordu erdi baino gutxiagoz ez betetzea.

b) Oinarrizko beladore unitate bat baimenik gabe jartzea.

c) Instalazioa edo horren ingurunea garbi edo apaindurik ez edukitzea.

d) Produktu, ontzi edo hondarrak terrazan edo eremu publikoaren beste edozein tokitan bildu edo pilatzea.

e) Lizentziaren agiria eta xehetasun-planoa ez jartzea ikusteko moduko tokian.

f) Mahaiak, aulkiak edo osagarriak baimenduriko kokalekutik kanpo paratzea.

g) Ordenantza honetan zehazten den beste edozein betebehar ez betetzea, arau-hauste astuna edo oso astuna ez delarik.

Arau-hauste astunak hauek dira:

a) Ixteko ordutegia ordu erdi baino gehiagoz eta ordubete baino gutxiagoz ez betetzea.

b) Oinarrizko bi beladore unitate jartzea baimenik gabe, edo mugaketaren beste baldintza batzuk ez betetzea.

c) Terraza jartzean edo kentzean bizilagunak gogaitzen dituen zarata egitea.

d) Okupazioa %10 baino gehiago eta % 25 baino gutxiago gainditzea, espaloiaren zabalera librea edo oinezkoen pasabidea hartuta.

e) Mugaketaren beste baldintza batzuk ez betetzea, sartu edo irteteko traba egiten delarik eraikinetako atarietan, merkataritzako lokaletan, ibilgailuentzako pasagune edo sarreretan, zerbitzu publikoetako ibilgailuen geralekuetan, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuetan, sute-ahoetan eta bestelako hiri-elementuetan, edo beste edonola ez betetzea ordenantza honetan irisgarritasunari buruz ezarritako baldintzak.

f) Onartzen ez diren edo baimenik ez duten jarduerak egitea terrazan, hala nola irudi edota soinu anplifikadore edo erreproduzigailuak jartzea edo baimendu gabeko ikuskizun edo emanaldiak egitea, arau-hauste oso astuntzat jotzeko baldintzak betetzen ez direlarik.

g) Terrazan baimenduta dauden baino altzari gehiago erabiltzea edo baimendutako altzariez bestelakoak erabiltzea, eta publizitatea jartzea ordenantza honetan gai horri buruz xedatutakoa bete gabe.

h) Terrazetako altzariak kentzeko betebeharrari muzin egitea funtzionamenduko ordutegia bukatzean.

i) Ordenantza honetan agindutako erantzukizun zibileko eta suteetarako asegurua ez izatea.

j) Lizentziaren dokumentua edo kopia eta xehetasun-planoa Udaleko ikuskapen zerbitzuari aurkezteari uko egitea.

k) Urtebetean hiru arau-hauste arin baino gehiago egitea.

Hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Hasteko edo ixteko ordutegia ordubete baino gehiagoz ez betetzea.

b) Oinarrizko hiru beladore unitate edo gehiago baimenik gabe jartzea.

c) Terrazak baimenik gabe edo baimendutako alditik kanpora paratzea.

d) Okupazioa % 25etik gora gainditzea, espaloiaren zabalera librea edo oinezkoen pasabidea hartuta.

e) Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo beste jarduera batzuk araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez.

f) Zerbitzu publikoren baten erabilera edo funtzionamendua eragozten edo trabatzen duten egintzak, edo haren ekipamendu, azpiegitura edo instalazioetan kalte larria eragiten dutenak.

g) Urtebetean bi arau-hauste astun baino gehiago egitea.

46.–Zaratarengatiko arau-hausteak.

Terraza jartzeko lizentzia duen establezimendu baten inguruko bizilagunek Udaltzaingoan kexak edo erreklamazioak aurkezten badituzte terrazako zaratak gaueko atsedena modu larrian eragozten dielako eta Udaltzaingoak berak behar bezala egiaztatzen badu, Udalak, bizilagunei atsedenerako eskubidea bermatzeko neurri zuzentzaile gisa, ordubetez laburtzen ahalko du terraza instalatzeko baimendutako ordutegia, eta titularrak 16. artikuluan ezarritako ordua baino ordubete lehenago kendu beharko ditu terrazako altzariak.

Horri dagokionez, inguruko bizilaguntzat joko dira terraza aurrean instalatzen zaien eraikinetako etxebizitza eta lokaletakoak –kalearen bi aldeetakoak–, bai eta horien mugakide diren bi eraikinetakoak ere.

Ordutegia murrizten denetik urtebete igarota, zaratagatiko kexa edo erreklamazio gehiago jarri ez bada, lizentziaren titularrak eskatzen ahalko du ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako ordutegia baimendu diezaiotela instalaziorako.

47.–Zehapenak.

Ordenantza honetan jasotako arau-hausteak egiteak berarekin ekarriko du honako zehapen hauek ezartzea:

–Arau-hauste arinek 750 eurora arteko isuna izanen dute zehapen.

–Arau-hauste astunek 751 eta 1.500 euro bitarteko isuna izanen dute zehapen.

–Arau-hauste oso astunek 1.501etik 3.000 eurora arteko isuna izanen dute zehapen.

48.–Zehapenen mailaketa.

Zehapenak mailakatzeko honako irizpide hauei jarraikiko zaie:

–Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

–Kalteak nolakoak diren.

–Izaera bereko beste arau-hauste bat eginez berrerori den, ebazpen irmo batez hala deklaratu denean.

–Arau-haustea eginda bidegabeko irabazirik eskuratu ote den.

49.–Subjektu erantzuleak.

Arau-hausteen subjektu erantzuleak izanen dira terraza daukan ostalaritzako edo pareko establezimenduaren titularrak, pertsona fisiko nahiz juridikoak izan.

50.–Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean dauden xedapen aplikagarrietan ezarritakoa izanen da.

Isuna gorabehera, instalazioa legeztatzen ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira. Orobat, ikuskatzaileek egiaztatzen badute baimendutakoa baino aprobetxamendu handiagoa egiten ari dela.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartu aurretik baimenduta dauden instalazioek beren ezaugarriak ordenantza honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko dituzte terrazako elementuak berritzeko. Betiere, 5 urteko epean, gehienez.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Terrazei buruzko udal datu-basea eguneratu eta ordenantza honetan onartutako gidalerroei egokitze aldera, terraza jartzeko baimena duten ostalaritzako establezimendu guztiek 18. artikuluan aipatzen diren agiriak igorri beharko dituzte Udal Erregistroaren bitartez.

Dokumentazio hori aurkezteko lau hilabeteko epea izanen da ordenantza honek indarra hartzen duenetik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko da 15. Ordenantza Fiskalaren I.1 epigrafea (Mahaiak, aulkiak eta beladoreak). Ordenantza fiskal horrek eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen ditu.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2302021