49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, kirolaren arloko boluntariotza entitateei edo boluntariotza programak dituztenei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 674800.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak sustatzen duen kirol politikaren xedeen artean daude (3.c artikulua), besteak beste, kirol elkarteak sortzea eta, oro har, parte-hartze soziala eta kirol arloko boluntariotza bultzatzea eta kirol elkarteen egituren funtzionamendu demokratikoa eta parte-hartzailea zaintzea.

Horrela, kirol arloko foru arauak honakoa xedatzen du 11. artikuluan: "kirol administrazioak guztientzako kirol jarduera sustatuko du, eta jarduera fisiko libre eta bat-batekoa eta jarduera antolatua erraztuko ditu; halaber, prestakuntzako, sormeneko, parte-hartze sozialeko, oneratze fisikoko eta mantentzeko jarduera ahalik eta gehien eskainiko ditu, Nafarroako herritar guztiek bizi-kalitate hobea izan dezaten".

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak ezartzen duenez, erakunde autonomo horri dagokio Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere Kultura eta Kirol Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren menpe.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion funtzioak dira, besteak beste, kirol jarduera sustatzea laguntzak eta dirulaguntzak emanez, eta bultzada ematea, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzarekin elkarlanean, boluntario jardunari eta horren erregularizazioari, bai eta boluntarioen prestakuntza eta lankidetzari ere, kirolak berezko dituen jardueretan.

Era berean, Kirola Sustatzeko Atalaren eginkizunetako bat da boluntarioen parte-hartzea sustatzea eta jarduera fisikoak eta kirol jarduerak antolatzen laguntzea. Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Kirol arloko boluntariotza entitateei edo boluntariotza programak dituztenei dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak foru agindu honen eranskinean jaso baitira.

3. Dirulaguntza horiek eskuratzeko aurkeztutako eskaeren baloraziorako baremoa eta irizpideak (foru agindu honen 2.a eranskina) onestea, baita gainerako eranskinak ere.

4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4819-336104: kirol arloko boluntariotza entitateentzako edo boluntariotza programak dituztenentzako dirulaguntza

2023

8.000,00

5. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatutako agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orrietan.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 7an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da norgehiagokako araubidean laguntzak emateko prozedura ezartzea, Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribaturik dauden boluntariotza entitateek eta boluntariotza programak dituztenek ekintzak eta jarduerak egin ditzaten kirol arloan, boluntariotza proiektu baten barnean, 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarte, bi egun horiek barne.

Boluntariotza proiektu hori osatzen duten jarduerak askotarikoak izan daitezke: jostetakoak eta aisiakoak, lehiakoak, prestakuntzakoak eta abar, eta lehentasuna emanen zaie gizonen eta emakumeen partaidetza ekitatiboa dutenei.

2. Laguntzen helburua.

Laguntzak 1. oinarrian jasotako ekintzak gauzatzean sortutako defizitak ordaintzeko erabiliko dira, baldin eta horien titularra boluntariotza entitate edo boluntariotza programak dituen entitate eskatzailea bada.

Deialdi honen bidez, interes sozialeko xede eta helburu hauek erdietsi nahi dira:

–Jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak edo kirol jarduerak egitea sustatzea, parte-hartze soziala eta jarduera fisikoaren ohiturak bultzatzen dituztenak, bai eta bizimodu osasuntsua ere.

–Boluntarioen parte-hartzea ikusaraztea eta bultzatzea jarduera fisikoen eta kirol jardueren antolakuntzan.

–Jarduera fisikoen eta kirol jardueren praktika erraztea biztanleriaren sektore guztietan.

–Kirola eta jarduera fisikoa gizarte ongizaterako eta integraziorako tresna bihurtzea; eta, horrela, biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzen laguntzea.

–Jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez kirolaren balioak sustatzea, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.

–Genero-ikuspegia duten jarduerak eskaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita gizon eta emakumeentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala ekartzen dutenak bai eta onurak ere osasunaren eta ongizatearen aldetik.

3. Entitate onuradunak.

1. Dirulaguntza hauen onuradun izaten ahalko dira boluntariotza entitateak eta boluntariotza programak dituzten entitateak, boluntariotza proiektu baten barnean eta 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarte, bi egun horiek barne, jarduera fisikoak eta kirol jarduerak antolatzen dituztenak edo jarduera horiek antolatzen laguntzen dutenak.

2. Onuraduna izateko, entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribatuta egotea.

b) Entitatearen boluntariotza ekintzak inskribatzea Boluntariotzaren 2018-2020 Ekintza Planean, Nafarroa Orotan Lagun baliabidean (ekintzak inskribatuta egon beharko dira deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik). Honen bidez inskribatuko dira: https://navarramasvoluntaria.navarra.es/eu/erakundeak.

c) Tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

d) Laguntza eskatzen denean ez egotea administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik. Era berean, ez dira onuradun izaten ahal laguntza eskatzen denean arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena epai irmo bat bete zain dauden entitateak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarri diren gainerako debeku egoeretan ez izatea. Aurrekoa frogatzeko, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpena baliatzen ahalko da eskaeran, galarazi gabe Administrazioak aitorpenen edo aurkeztutako frogagirien egia ikertzeko duen ahalmena.

3. Apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten entitateek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela boluntarioen jantzietan eta materialean.

4. Gastu diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagozkion gastuak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak eta, zehazki, honako hauek:

a) Boluntarioek jardueran aritzeko behar dituzten jantziak, boluntario izaeraren ikurra izan behar dutenak, modalitatearen araberakoa, gizonezkoena edo emakumezkoena.

b) Boluntarioek egiten dituzten joan-etorrien gastuak, soilik Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretara eta jarduera fisikoetara joateko. Gastu horiek diruz lagungarriak izan daitezen honako inguruabarrak justifikatu beharko dira: jarduerara bertaratu den boluntario kopurua, irteera mota, nondik abiatu diren eta egindako kilometroak. Kontzeptu hau moduluka ordainduko da, eta norbere autoa erabiltzen denean 0,25 euroan ordainduko da kilometroa, bidaia bakoitzeko eta lauko boluntario-talde bakoitzeko. Joan-etorria diruz lagunduko da gutxienez 30 kilometrokoa denean (joaneko eta itzulerako bidaia kontuan hartuta). Ez da kontzeptu honen kargura hartuko entitatearen egoitzan egiten den ezein gastu, ezta prestakuntza ikastaroetara joatekoak ere.

c) Boluntarioen mantenua jarduera fisikoetara eta kirol jardueretara joateko. Halako gastuak diruz lagungarriak izan daitezen jarduerara bertaratu diren boluntarioen kopurua justifikatu beharko da, eta dagokion faktura edo frogagiria aurkeztu. Otordu eta lagun bakoitzeko 12 euroko gehieneko balioa aplikatuko da. Ez da kontzeptu honen kargura hartuko bilera edo prestakuntza ikastaroen karietara entitatearen egoitzan egiten den ezein gastu, ezta prestakuntza ikastaroetara joatekoak ere.

d) Entitatean boluntariotzaren zabalkundea egiteak dakartzan gastuak (boluntariotza proiektuaren publizitatea egiteko web-orriaren diseinua eta mantentze-lana, eskuorri informatiboak, proiektuaren zabalkunderako hitzaldiak edo erakusmahaiak, sustapeneko materiala eta abar).

e) Boluntarioentzako prestakuntza ikastaroak antolatzeko gastuak. Kirol memorian jaso beharko dira ikastaroaren izena, parte hartu duten boluntarioen izen-abizenak eta emandako edukien laburpen edo aurkibidea.

f) Entitatean aritzen diren boluntarioen erantzukizun zibileko eta istripuetako aseguruak.

g) Oro har, boluntarioen jardunerako beharrezkoa eta ezinbestekoa den beste edozein gastu.

2. Honako hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Dohaintzak eta eskuzabaltasunak.

b) Beste deialdi zehatzago batzuetan dirulaguntza jaso duten gastuak.

c) Entitate eskatzaileak kontratatutako langileak.

d) Entitatearen gastu arruntak (ura, gasa, argindarra eta telefonoa) eta kontabilitateko aholkularitza edo aholkularitza juridikoa.

e) Entitatearen zuzendaritza-batzordeak egindako bilerei dagozkien gastuak.

5. Deialdira bideratutako diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

1. Deialdiak, guztira, 8.000 euroko zenbatekoa izanen du, 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirolaren arloko boluntariotza entitateentzako edo programak dituztenentzako dirulaguntzak" izeneko A50002 A5110 4819 336104 partidaren kargura.

2. Nafarroako Kirolaren Institutuak proiektu bakoitza finantzatzen ahalko du, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Zenbateko osoaren muga hori kontuan harturik, Nafarroako Kirolaren Institutuaren 2023ko ekitaldiko aurrekontuan horretarako kreditu egokia eta behar adinakoa egoteak baldintzatuko ditu ematen diren dirulaguntzak.

3. Eskaera bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntuaren balioaz biderkatuko da. Puntuaren balioa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

4. Eskaera bakoitzari esleitzen zaion zenbatekoak ez du jardueraren defizita gaindituko. Soberazko diru kopuruak gainerako entitate eskatzaileen artean banatuko dira, esleitutako kopuruaren proportzioan.

5. Entitate onuradunak aurkezten dituen ziurtagiriak ikusita, ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da geroago, baldin eta egiaztatzen bada dirulaguntzen banaketan lortutako puntuak justifikazioaren arabera dagozkionak baino gehiago direla.

Ez da murrizketa aplikatuko, dena dela, birkalkulatu ondoren gertatuko balitz epigrafe batean galdutako puntuak konpentsatu ahal direla beste epigrafeekin.

6. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.

1. Eskaerak, zeinetan gastuen eta diru-sarreren aurrekontua adierazi beharko baita, Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orria ere baliatu daiteke horretarako: https://www.deportenavarra.es/eu/bolondres-eragile-bat-naiz.

Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez da aurkeztutzat joko telematika bidez aurkezten ez den eskaerarik. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Dirulaguntzaren eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, fitxategi bereizitan eskaneatuta eta behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin:

a) Boluntariotza proiektua: jarduera fisikoen eta kirol jardueren zerrenda agertu beharko du, eta horietara joanen diren boluntarioak; horretarako 3. eranskina beteko da.

b) Entitateko boluntarioen kopuruari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, 4. eranskina betez.

c) Entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Eskaera orrian adierazi beharko da NKIri baimena ematen zaion ala ez egiaztapen hori zuzenean egin dezan Nafarroako Zerga Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean. Baimenik eman ezean, entitate eskatzailea arduratuko da egiaztagiri horiek aurkezteaz.

d) Adierazpena, aditzera ematen duena laguntza eskatzen den unean entitate eskatzailea ez dagoela inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero bazterketatzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez dagoela arrazoi horiek direla-eta ezarritako kondena epai edo zehapen bat betetzeko zain.

e) Kasua bada, diruz lagunduko den jarduera funts berekiekin edo beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin finantzatua izan dela edo finantzatzea aurreikusten dela aditzera ematen duen adierazpena . Horretarako, 7. eranskina bete behar da.

f) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala nahi izanez gero (lehen aldia bada edo ordura arte ordainketa egiteko erabiltzen zen kontua aldatu bada bakarrik).

4. Dirulaguntza eman ondoren, onuradunak jardueraren justifikazioa aurkeztu beharko du telematikoki, betiere diruz laguntzen den proiektua bukatu denean, 12. oinarrian zehazten den bezala.

7. Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko (NKI) Kirol Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa osatzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NKIko Kirol Zuzendariordetzak entitate eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdi honetako betebeharrak betetzen ez badira, errekerimendua eginen da gaitutako helbide elektronikoaren bidez dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko, eta, halaber, ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9. Balorazioa.

NKIko Kirol Zuzendariordetzak eginen ditu dirulaguntzen espedienteak tramitatu eta ebazteko bidezkoak diren ebaluazioak eta egiaztapenak, 2. eranskinean horretarako ezarritako baremoari jarraikiz.

10. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1. Dirulaguntzarako eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

2. Laguntzak emateko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko da, gaitutako helbide elektronikoa erabiliz.

Hala ere, ebazpen horiek Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

4. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

5. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere, baldin eta laguntza horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, inola ere gainditzen ez badu garatu beharreko jardueraren kostua.

11. Laguntzen ordainketa.

1. NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren eta entitate onuradunak behin aurkeztu dituela 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen. Ordaintzeko, transferentzia eginen zaio entitate onuradunari, dagokion ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.

2. Gastu guztiak justifikatzen ez badira, emandako dirulaguntzaren ordainketa proportzionalki gutxituko da. Horretarako, kontuan hartuko da ea entitate onuraduna hurbildu den nabarmenki baldintza guztiak betetzera eta, orobat, ea bere konpromisoak betetzeko prest agertu den argi eta garbi.

12. Frogagiriak.

1. Justifikazio agiriak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 15ean amaituko da.

2. Justifikazio-kontuen bidez eginen dira justifikazioak, salbu eta joan-etorrien gastuen kasuan, horietarako moduluen prozedura erabiliko baita.

3. Frogagiriek ondoko atal hauek izanen dituzte:

A) Justifikazio-kontua (gastuak eta diru-sarrerak).

Entitate aitortzailearen erantzukizunpean, datu hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda xehea, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna (7. eranskina).

b) Jarduera finantzatu bada deialdi honekin ez ezik bestelako dirulaguntza edo baliabideekin ere, beste funts horien zerrenda zenbakitua eta xehea, zenbatekoa, jatorria eta zertan aplikatu den adierazita (7. eranskina).

c) Joan-etorrietako gastuen kasuan, egindako bidaien zerrenda aurkeztu beharko da, eta hartan zehaztu zein izan den xedeko jarduera, bertaratu den boluntario kopurua, nondik abiatu diren eta nora, eta kilometro kopurua (7. eranskina).

d) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko faktura/frogagiri eskaneatuak, aipatu zerrendan duten ordena berean. Fakturak jatorrizkoak izan beharko dira edo frogatarako balio bera duten agiriak.

e) Ordainagiriak; honako hauek izan daitezke, aukeran: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

e) Jantzien fakturak aurkezten badira, agiri grafikoak ere erantsi beharko dira, jantzietan boluntarioaren ikurra erakusten dutenak.

B) Kirol eta ebaluazio txostena.

Kirol memoria bat aurkeztu beharko da, proiektuan egindako jarduera guztiak azaltzeko; horretarako, 6. eranskina beteko da.

Prestakuntza ikastaroen gastuak daudenean, kirol memorian jaso beharko dira ikastaroaren izena, parte hartu duten boluntarioen izen-abizenak eta emandako edukien laburpen edo aurkibidea.

C) Beste agiri batzuk.

Entitate eskatzaileak edo/eta NKIk interesgarritzat jotzen duen beste edozein dokumentazio ere aurkeztuko da, gauzatutako jarduerekin zerikusia badu.

Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

13. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko langileen bitartez, diruz laguntzen diren proiektuen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, bisitak eginen ditu proiektua garatu bitartean, eta proiektuen koordinatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.

Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute proiektua ez dela garatzen ari proiektatutakoaren arabera, emandako dirulaguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, entitateari aldez aurretik jakinarazita.

14. Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren onuradun diren entitateek dirua dirulaguntzaren helburuetarako erabili beharko dute nahitaez, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

2. Entitate onuradunek gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, 15. oinarri arautzailean azaltzen den moduan, bestela ezin izanen baitzaie ordaindu aldez aurretik onartutako dirulaguntza.

3. Entitate onuradunek, kasua bada, 8. eranskinarekin bat frogatu beharko dute hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluen arabera.

4. Halaber, entitate onuradunak behartuak egonen dira diruz lagundutako jardueraren publizitate eta zabalkundean Nafarroako Gobernuak horretarako ezarriko duen marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzera, baita jardueraren ezaugarrien arabera erabilitako beste publizitate bideetan ere, hala badagokio, betiere Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 4/2016 Foru Dekretua betez. Zehazki, dirulaguntzaren entitate onuradunek "Nafarroa, orotan lagun" ekimenaren web-orrian ere sartu beharko dute beren proiektua.

5. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publikoek, entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek emanak. Alde horretatik, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, entitate onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. 7. eranskina erabiliko da horretarako.

6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren erakundeek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

15. Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, baldin eta 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

Adierazpenaren eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

16. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Deialdi honen 10. eranskinean, datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa eskaintzen da, web-orri honetan dagoena: https://www.deportenavarra.es/eu/bolondres-eragile-bat-naiz.

17. Ez-betetzeak.

1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, datuak faltsutzeak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

2. Nolanahi ere, erakunde onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jokabidea frogatzen denean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

3. Entitateren batek ezarri diren epeetan aurkeztutako programazioa betetzen ez badu, esleitzen zaion dirulaguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.

18. Baliabideak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

2. Era berean, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatuarekin bat.

19. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Baremoa

1. Xedea.

Eranskin honetan ezarritako baremoari jarraikiz baloratuko dira boluntariotza entitateek edo boluntariotza programak dituztenek laguntzen deialdi honen babesean jarduera fisikoen eta kirol jardueren arlorako aurkeztutako eskaerak.

Balorazio-irizpideak: 64 puntu gehienez.

Arau orokor gisa, proportzionaltasun printzipioa aplikatuz esleituko dira puntuak.

1.–Entitateko boluntarioen kopurua (gehienez ere 5 puntu).

BOLUNTARIO KOP.

25 ARTE

26tik 50era BITARTE

51tik 75era BITARTE

76tik 125era BITARTE

125 BAINO GEHIAGO

Puntuak

1

2

3

4

5

2.–Boluntariotza proiektuak zenbat kiroletan eragiten duen (gehienez ere 5 puntu).

BOLUNTARIOTZA PROIEKTUAK ZENBAT KIROLETAN ERAGITEN DUEN

KIROL BAT

2 KIROLETIK 5 KIROLERA BITARTE

5 KIROL BAINO GEHIAGO

Puntuak

1

3

5

3.–Zenbat entitaterekin lan egiten den boluntariotza proiektuan (gehienez ere 6 puntu).

ENTITATE KOPURUA

ENTITATE BAT

2 ENTITATETIK
4 ENTITATERA BITARTE

5 ENTITATETIK
7 ENTITATERA BITARTE

7 ENTITATE BAINO GEHIAGO

Puntuak

1

2

4

6

4.–Boluntariotza proiektuaren zabalkundea entitatearen web-orrian (gehienez ere 10 puntu).

PROIEKTUAREN ZABALKUNDEA

BOLUNTARIOTZAREN ATALA WEB-ORRIAN

PROIEKTUAREN EKINTZEN BERRI EMATEA WEB-ORRIAN ETA SARE SOZIALETAN

Puntuak

5

5

5.–Boluntarioak sortzea sustatzea (gehienez ere 8 puntu).

PROIEKTUAREN ZABALKUNDEA

WEB-ORRIAN AZALTZEA BOLUNTARIO IZATEKO PROZEDURA

WEB-ORRIAREN BIDEZ BOLUNTARIO EGITEKO AUKERA

Puntuak

3

5

6.–Boluntariotza proiektuaren berezitasuna eta garrantzia (gehienez ere 25 puntu).

–Entitateentzat:

A) Boluntariotzakoak (5 puntu).

B) Boluntariotza programak dituztenak (2 puntu).

–Inklusioa kontuan hartzea:

A) Dibertsitate funtzionala duten boluntarioen partaidetza duten proiektuak (5 puntu).

B) Dibertsitate funtzionala dutenei zuzendutako ekintzak jasotzen dituzten proiektuak (5 puntu).

–Berdintasun printzipioa:

A) Sexu bateko zein besteko boluntario kopurua berdina izatea (5 puntu gehienez):

SEXU BATEKOEN PARTAIDETZAREN %

%0

> 0 - < %20

%20 - < %40

%40 - < %48

%48 - < %52

Puntuak

0

1

2

4

5

–Bertako kirolak:

A) Bertako kirolei zuzendutako ekintzak jasotzen dituzten proiektuak: pilota edo herri kirolak (5 puntu).

–Proiektuak zenbat ekitaldi/jardueratan parte hartzen duen (zein den ere ekitaldi/ekintzaren egun kopurua):

A) 5 bitarte (puntu 1).

B) 6tik 10era bitarte (2 puntu).

C) 11tik 15era bitarte (3 puntu).

D) 16tik 20ra bitarte (4 puntu).

E) 20 ekitaldi baino gehiago (5 puntu).

7.–Boluntarioentzako prestakuntza ikastaroen kopurua (gehienez ere 5 puntu).

IKASTARO KOP.

1

2tik 4ra BITARTE

5etik 7ra BITARTE

8tik 10era BITARTE

10 BAINO GEHIAGO

Puntuak

1

2

3

4

5

Eskaera bakoitzari esleitzen zaion zenbatekoak ez du jardueraren defizita gaindituko. Eskaera bakoitzean soberan dauden diru kopuruak gainerako entitate onuradunen artean banatuko dira, esleitutako kopuruaren proportzioan.

Adibidez:

1. ENTITATEA

2. ENTITATEA

3. ENTITATEA

Lortutako puntuak

100

150

50

Puntuen arabera dagokion zenbatekoa

1.000 euro

1.500 euro

500 euro

Aurkeztutako defizita

200 euro

3.000 euro

1.500 euro

Hasieran esleitutako zenbatekoa

200 euro *

1.500 euro

500 euro

Soberakoa

800 euro

0 euro

0 euro

–Aurkeztutako defizita ematen zaio. Eta beraz 800 daude soberan, 2. eta 3. entitateen artean banatzeko.

Soberako kopurua banatzeko:

2. ENTITATEA

3. ENTITATEA

Puntuen arabera dagokion zenbatekoa

1.500 euro.

500 euro

Portzentajea

%75

%25

Soberako dirutik emandako zenbatekoa

600 euro

200 euro

Beraz, guztira emandako dirulaguntza hau litzateke:

1. ENTITATEA

2. ENTITATEA

3. ENTITATEA

Emandako zenbatekoa, guztira:

200 euro

2.100 euro

700 euro

Entitate onuradunak aurkezten dituen ziurtagiriak ikusita, ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da geroago, baldin eta egiaztatzen bada dirulaguntzen banaketan lortutako puntuak justifikazioaren arabera dagozkionak baino gehiago direla.

Adibidez:

1. ENTITATEA

2. ENTITATEA

3. ENTITATEA

Eskaera eginda lortutako puntuak

100

150

50

Eskaeran emandako zenbatekoa

200 euro

2.100 euro

700 euro

Justifikazioan lortutako puntuak

100

150

25

Puntuen arabera dagokion zenbatekoa

200 euro

2.100 euro

350 euro

Iragarkiaren kodea: F2302171