49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZIZUR NAGUSIA

Deialdia, buru den gizarte langilea izateko lanpostu huts bat merezimendu lehiaketa bidez betetzeko

Zizur Nagusiko Udalaren Gobernu Batzarrak, 2023ko otsailaren 17an egindako bilkuran, deialdi bat onetsi zuen, buru den gizarte langilea izateko lanpostu huts bat merezimendu lehiaketa bidez betetzeko.

Lanpostua betetzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta bete beharrez lanpostuak betetzearen gainean emandako Erregelamendua, eta gainerako aplikazio arauak eta deialdiaren oinarriak.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da buru den gizarte langilea izateko lanpostu huts bat merezimendu lehiaketa bidez betetzea Zizur Nagusiko Udalean.

1.2. Lanpostua betetzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta bete beharrez lanpostuak betetzearen gainean emandako Erregelamendua, eta gainerako aplikazio arauak eta deialdiaren oinarriak.

1.3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

1.4. Egin beharreko lan eta eginkizunak izanen dira buru den gizarte langilea izateko lanpostuaren eginkizunei buruzko eginkizunen liburuxkan ezarritakoak.

1.5. Lortu nahi den lanpostu zehatzerako ezarritakoa izanen da lan ordutegia; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko da.

1.6. Buru den gizarte langilea izateko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan B mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu. Horretaz gain, onesten diren osagarriak eta/edo, halakorik ez badago, Zizur Nagusiko Udalaren plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarrita daudenak.

1.7. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aitzin lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

2.–Betekizunak.

2.1. Indarrean dagoen araudian xedatuaren arabera, merezimendu lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko bete behar dira ondoko betebeharrak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Zizur Nagusiko Udaleko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, gizarte langilearen lanpostuan.

b) B1 gidabaimena edo horren baliokidea edukitzea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta izendapenaren unean.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztuko dira 15 egun naturaleko epean, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu behar dira egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.zizurmayor.es/eu/), eta deialdi honetako I. eranskineko ereduari egokituta.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

b) 2.1.a) oinarriko baldintzak egiaztatzen dituen ziurtagiria.

c) Gidabaimenaren kopia, 2.1.b) oinarrietako betekizunari dagokiona.

d) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduak frogatzen dituen kopia.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Zizur Nagusiko Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpena emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (https://sedeelectronica.zizurmayor.es/eu/).

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazio epea iragan ondoren eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Zizur Nagusiko Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.zizurmayor.es/eu/).

4.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

4.5. Onespen ebazpen berean zehaztuko da lehiaketaren xede den burutzari buruzko txosten-lana aurkezteko epea.

4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Piluka García Castellano, Zizur Nagusiko Udaleko zinegotzia. Ordezkoa: Jon Gondán Cabrera, Zizur Nagusiko Udaleko alkatea.

–Epaimahaikidea: Francisco Jesús Cemborain Luquin, Zizur Nagusiko Udaleko kudeatzailea.

Ordezkoa: Yolanda Azanza Ilzarbe, Zizur Nagusiko Udaleko kontu-hartzailea.

–Epaimahaikidea: María Isabel Abadía Sanz, Zizur Nagusiko Udaleko Giza Baliabideen administrazio publikoko eta giza baliabideetako teknikaria.

–Ordezkoa: Margarita Hernández Baigorri, Zizur Nagusiko Udaleko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: Armando Liaño de Sola, Zizur Nagusiko Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezkoa: María Idoia Urdánoz Ortigosa, Zizur Nagusiko Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

–Idazkaria: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Dolors Blazquez Miret, Zizur Nagusiko Udaleko administrari-ofiziala.

5.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean osatu beharko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa. Merezimendu-lehiaketa.

6.1. Honako hauek dira baloratu beharreko elementuak (eskabideak aurkezteko epean eman beharko dira):

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

6.1.2. Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak alegatutako eta frogatutako merezimenduak (aurreko bi atalekin loturik), bai eta euskararen ezagutzari dagokion puntuazioa ere.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

6.1.3. Merezimenduen behin-behineko balorazio horren kontra erreklamazioak jartzen ahal dira 3 egun balioduneko epean, iragarki-taulan eta udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita (https://sedeelectronica.zizurmayor.es/eu/).

6.2. Txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko buru edo zuzendari izateko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

6.3. Lehiaketaren xede den burutzari buruzko memoria-lana: 25 puntu gehienez.

6.3.1. Lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendan ezarriko den epearen barrenean, izangaiek lan-memoria bat aurkeztu beharko dute, honako hauek aztertuko dituena: buru edo zuzendari izateko lanpostuari dagozkion eginkizunak, burutzan lan egiteko betebeharrak, baldintzak eta baliabideak, eta unitate organikoaren antolaketa tekniko-administratiboa.

6.3.2. Izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du bere lan-memoria, epaimahaiaren aitzinean. Ekitaldi horretan, epaimahaiak, egoki iruditzen bazaio, izangaiak aurkeztutako merezimenduei buruzko galderak egin ditzake, bai, halaber, lehiaketaren xedeko buru izateko lanpostuaren ezaugarrietara nola moldatzen den ikusteko galderak.

6.3.3. Izangairen bat ez bada aurkezten lan-memoriaren ahozko azalpen eta defentsara, lehiaketatik besterik gabe baztertuko da.

6.3.4. Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

6.3.5. Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketaren gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa ateratzeko.

Proba egin ondoren, iragarki-taulan eta Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.zizurmayor.es/eu/) argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak (izen-abizenak, NANa eta puntuazioa adieraziko dira).

Proba honetako emaitzen kontra erreklamazioak jartzen ahal dira 3 egun balioduneko epean, iragarki-taulan eta Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.zizurmayor.es/eu/) argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.4. Lehiatzaileek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

6.5. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.6. Euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko probarako deia eginen zaie eskabidearen I. eranskinean proba hori egitea eskatu duten izangaiei, deialdiaren II. eranskinean ezarritako merezimendua barematzeko.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

Proba hauek egin ondoren, epaimahai kalifikatzaileak izangai gaindituen zerrenda argitaratuko du, lortutako kalifikazioekin batera, Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.zizurmayor.es/eu/).

Gainditu duten izangaien zerrendan, izangaien ordena erabakiko da hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.

8.–Epaimahaiaren proposamena.

Era berean, epaimahaiak Zizur Nagusiko Udaleko buru den gizarte langile izendatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen udalari, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde.

9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariaren ebazpenaren bidez, Zizur Nagusiko Udaleko buru den gizarte langile izendatuko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Jabetza hartzea.

Izendatutako izangaiak izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturalean jabetu beharko du dagokion lanpostuez.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu.

10.–Datuen babesa.

Identitatea: Zizurko Udala.

Posta helbidea: Erreniega parkea, z.g., 31180 Zizur Nagusia.

Telefonoa: 948 181896.

Datuak babesteko ordezkaria: delegadaprotecciondatos@zizurnagusia.eus

Xedea: enplegu deialdiak kudeatzea botere publikoen jardunean.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

Halaber, erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, deialdia onesten duen Udalaren organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, epaimahaia izendatu duen udal organo dei-egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Izen-deiturak

NANa/Nortasun agiria

Jaioteguna [urtea/hila/eguna]

Jaioterria

Nazionalitatea

Egungo helbidea [kalea, zenbakia, eskailera, solairua]

Posta kodea

Herria

1. telefono zenbakia

2. telefono zenbakia

Helbide elektronikoa

AZALTZEN DUT:

Zizur Nagusiko Udaleko langile finkoa naizela, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, gizarte langilearen lanpostuan.

B1 gidabaimena edo horren baliokidea dudala.

Eskabideari agiri hauen fotokopiak erantsi dizkiodala:

Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

2.1. a) oinarriko baldintzak egiaztatzen dituen ziurtagiria.

Gidabaimenaren kopia, 2.1.b) oinarrietako betekizunari dagokiona.

Merezimenduen frogagirien kopia.

Betiere, Zizur Nagusiko Udalak beretzat gordetzen du argibideak edo dokumentazioa eskatzeko aukera, kontsulta materialki ezinezkoa bada.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea Zizur Nagusiko Udalean buru den gizarte langilea izateko lanpostu huts bat merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdian.

Euskararen jakite-maila egiaztatzeko proba egin nahi dut.

(Sinadura)

Datuen babesa: Zizur Nagusiko Udala da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna; zer administrazio prozeduratarako aurkeztu edo eskatu diren, haren tramitazioa kudeatzeko erabiliko dira. Hirugarrenei ez zaie daturik lagako, salbu legezko betebeharrik badago. Baduzu eskubidea datuetan sartzeko eta haiek zuzentzeko eta ezerezteko, udal bulegoetara joz horretarako. Datu-tratamenduaren zerrenda kontsulta dezakezu, bai eta datuen babesari buruzko beste argibide zehatz batzuk ere, gure webgunean: www.zizurmayor.es.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak. 35 puntu.

1. Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, deialdian eskatzen den maila/talde eta titulazioko lanpostuan: urte bakoitzeko 2 puntu.

2. Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan: urte bakoitzeko 0,5 puntu.

Oharrak.

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Funtzionarioa egon bada zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, edo aritu bada unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

6. Gehienez 35 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk. 25 puntu.

Prestakuntzaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren apartatuen balorazioa proportzionala izan beharko da, kontuan harturik nola egokitzen zaien deialdiko xede diren lanpostuen izaerara eta ezaugarrietara.

1. Parte hartzea erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta 10 puntu gehienez.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei emanen zaie kreditu bateko balorazioa.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean berariaz sartzen dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

2. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: 3 puntu gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

3. Titulu eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 2 puntu.

4. Euskaraz jakitea: 10 puntu.

Euskara jakiteagatik 10 puntu gehituko dira, gehienez, honela banatuak:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 titulua (edo goragoko mailak: C2) edo C1 mailaren baliokide diren beste titulazio ofizial batzuk (edo goragoko mailak) edukitzeak jasoko du gehienezko balorazioa.

2. Titulazio hori eduki ezean, 8 puntu emanen dira B2 maila izateagatik, 4 puntu A2 maila izateagatik, 2 puntu A1 maila izateagatik, edo titulazio ofizial baliokideak izateagatik.

Oharrak b) atal guztirako:

1. Atal honetan, merezimenduak baloratuko dira soilik baldin zuzeneko zerikusirik badute deialdiko lanpostuarekin.

2. Gehienez ere 25 puntu emanen dira b) atal honetan.

Zizur Nagusian, 2023ko otsailaren 21ean.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

Iragarkiaren kodea: L2302967